☉ Hego Uribe
Galdakao-Usansolo Ospitaleko aparkalekuak doakoak izaten jarraitzeko eskaera egin dio FACUAk Osakidetzari
Ospitalea birmoldatzeko planak 600 eta 650 plaza dituen parkina aurreikusten du. FACUAren arabera, “ordainpenko zerbitzua izatera pasatu daiteke”

Galdakao-Usansolo ospitaleko aparkalekua doakoa izaten jarraitzeko eskaera luzatu dio FACUA Euskadik Osakidetzari. Zentroa handitzeko Osasun Sailak prestatu duen planean, parking berria eraikitzeko asmoa biltzen dute. Eta aparkaleku horiek ordainpekoak izan ez daitezen eskatzeko idazkia luzatu dio kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko elkarteak Osasun Sailari.
Ospitalea birmoldatzeko planak 600 eta 650 plaza dituen parkina aurreikusten du, FACUAren arabera, “ordainpenko zerbitzua izatera pasatu daitekeena”. Elkarteak salatu duenez, aparkaleku horiek zerbitzu publikoa eskaintzen dutenez, “administrazioak ez luke baimendu beharko enpresa pribatu batek herritarren beharrizanen kontura etekina ateratzea”.
Elkartetik gogoratu dute ospitalera doazen erabiltzaileek ez dutela zentroa “aisialdirako” erabiltzen, arta medikoa jasotzeko edo gaixorik dauden familiako kideak edo lagunak bisitatzeko baizik. Bestalde, osasun zentrora heltzeko pazienteen eskura jartzen duten garraio publikoa mugatua dela esan dute, Bizkaibus zerbitzua baino ez baita heltzen ospitalera. Erabiltzaile askorentzat, gainera, “linea hau erabiltzea ez da beti posiblea ezta egokia ere”.
Legeak dioena
Gauzak horrela, erantzukizuna eskatu diote Osakidetzari, eta EAEko Osasun Administrazioari dagozkion eskumenak bete ditzala eskatu diote. Ekainaren 26ko 8/1997 legearen hirugarren artikuluan zehazten den bezala, haiei dagokie “osasun publikoaren babes orokorra bermatzea” eta “bitarteko egokiak bermatzea izaera publikoarekin aseguratutako prestazioak hornitzeko, batez ere titulartasun publikoko bitartekoen horniduraren, mantenuaren eta hobekuntzaren bitartez”.
12 agente aukeratu dituzte Galdakao-Usansolo ospitalean aparkaleku arazoak arintzeko
☉ Hego Uribe
Bideoa | Urte berri on!

🤪 Esamoldea zertxobait moldatu dugu, baina uste dugu ondo baino hobeto ulertzen dela: dabilen harria… GEURIAri goroldiorik ez!
🥳 Urte berri on GEURIAko lantalde guztiaren partez!
☉ Hego Uribe
‘Gau Jaia’ tren zerbitzua berrezarriko dute 2026an, berritasun deigarriekin

[Inuzenteen eguneko albistea] Berri pozgarria Hego Uribeko gautxorientzat. Renfek ohar bidez jakinarazi duenaren arabera, ‘Gau Jaia’ tren-zerbitzua berrezarriko dute 2026tik aurrera.
Pandemian kendu zuten Basauriko, San Migelgo, Arrigorriagako eta Ugaoko parrandazaleei ostiral eta larunbat goizaldean zerbitzua ematen zien trena, eta ordutik hona asko izan dira erabaki honekin kexu agertu diren herritar eta arduradun politikoak.
2023an, kasurako, manifestazioa antolatu zuten Bilbon, baina orduko hartan antolatzaileek GEURIAri adierazitakoaren arabera ez zen inor agertu: “Manifestaziora aldirietako trenean joateko deia luzatu genien herritarrei, eta tamalez denak berandu heldu ziren, atzerapenak direla eta. Manifestaziora zihoan terraplanista, konspiraziozale eta cryptobro baten arabera, Renfek nahita egin zuen, protestak ekidin nahian; baina goizeroko atzerapenak ikusita, nork sinetsi behar du halakorik?”
Zerbitzu honen garrantziaz jabetze aldera, OkerIker taldeak inkesta egin zuen iaz Hego Uribeko 3.000 herritarren artean, eta emaitzak argigarriak izan ziren: Hego Uriben 50 urtetik beherako bikoteen % 45ek Gau Jaia trenean ezagutu zuten elkar, eta horietatik % 100 bananduta dago dagoeneko, baina hori ezin zaio Renferen zerbitzu kaskarrari egotzi, “balio kristauei eta familia tradizionalari uko egin dion gizarte hedonista eta indibidualistari baizik”, Ugaon etxez etxe dabiltzan Zazpigarren Zeruko Adbentisten arabera, betiere.
Berritasun ugari
Albiste pozgarri hau ezagututa, GEURIAk Adif-Renfeko arduradunarengana jo du. Oskar Zubiak indarrean sartuko diren berritasun guztietaz hitz egin digu: “Egia esan aurrekontu itzela dago proiektu honen atzean, eta herritarren zerbitzua zein errentagarritasun ekonomikoa uztartu nahi izan ditugu”.
Elkarlan publiko-pribatuan oinarritu dute proiektua, “badakizu, guk inbertsioa egiten dugu eta enpresek irabaziak pilatzen dituzte”. Horregatik, “bidaiariei ahaztuko ez duten esperientzia eskainiko zaie: DJak izango dituzte, food truckak, kuadrillen arteko olinpiadak, ardi txakurren lehiaketak…”.
Ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa beste lehentasunetako bat izango da, eta horregatik gonbitoekin konposta egitea aurreikusten dute: “Den dena pentsatuta dago, eta hasteko irrikitan gaude”.
Hiru txartel mota jarriko dituzte salgai, “ez dugu txartel hitza erabiliko, esperientzietaz hitz egitea nahiago dugu”, merkeena 300 eurotan bidaia bakoitzeko, eta garestiena 600 eurotan: “Merkatuari egokitutako prezioak dira” borobildu du Zubiak.
☉ Hego Uribe
Gabonetako Loteriak aurten ez du saririk utzi Hego Uribe eskualdean

Abenduak 22 ditu gaur eta urtero bezala, Gabonetako Loteria izan da. Aurten, ordea, ez du sari nagusirik banatu Hego Uribe eskualdean.
Aurreko urteetan, baina, dirua utzi du zozketa handiak: duela lau urte, 2021ean 154 milioi euro utzi zituen Basaurin Gabonetako Loteriaren bigarren sariak; 2022an Galdakaon 11 milioi euro banatu zituen bosgarren sari batek; 2023an Gabonetako Loteriaren lehen sariaren dezimo bat banatu zuten Etxebarriko San Antonio auzoan eta 400.000 euro banatu zituzten; eta 2024an laugarren sari baten lau dezimo (80.000 euro) saldu zituzten Basaurin.
☉ Hego Uribe
Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dituzte Bidebideta eta Adiskide klubetako pilotariek

Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dira abenduaren 20an, larunbatez, Abadiñon, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatuko dira: emakumeak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Eta kategoria horietatik bitan Hego Uribe eskualdeko pilotariak arituko dira.
Emakumezkoetan, txapela Basauriko Bidebieta klubeko pilotari batek jantziko du bai ala bai; izan ere, partida Bidebietako bi pilotariren artekoa izango da: Amaia Zarrabeitia eta Eva Martinez.
Bestetik, nagusien 2. mailako kategorian Galdakaoko Adiskide klubeko Jon Gorostiagak jokatuko du finala, eta aurkari izango du Mungiako Danak Bat taldeko Eder Urresti.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko saltokietan polizia-zaintza indartuko dute Udaltzaingoek eta Ertzaintzak Gabonetan
Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan

Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko Udaltzaingoek udalerri horietako saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan.
Helburua da ebasketak eta lapurretak prebenitzea. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “poliziaren presentzia areagotuko da leku jendetsuetan”.
Zaintzak “modu koordinatuan” egingo dituztela jakinarazi dute, “baliabideak optimizatzeko eta, horrela, segurtasuna areagotzeko Gabonetan”.









