☉ Hego Uribe
Upo mendira igoera antolatu du Sarek Hego Uribetik, euskal presoen alde
‘Izan bidea, ibiltarien sarea’ dinamikaren baitan, Sare Herriatarra plataformak Upora igoera antolatu du uztailaren 18an Arrigorriagatik, Galdakaotik eta Ugaotik.

Sare Herriatarra plataformak Upora igoera antolatu du uztailaren 18an, larunbatez. Igoera Hego Uribe eskualdeko hiru udalerrietatik antolatu dute: Arrigorriagatik, Galdakaotik eta Ugaotik, alegia. Hiruretan hitzordua 09:30ean da eta asmoa da 12:00etan Upoko gailurrean denak elkartzea.
Argala plazatik irtengo dira Arrigorriagan eta Basauriko herritarrak bertara joatea animatu ditu Sarek. Galdakaon, udaletxeko plazatik irtengo dira, eta Ugaoko herriko plazatik abiatuko dira Ugao, Zeberio eta Arrankudiaga-Zolloko herritarrak.
Jarduera hau Sareak abian jarritako ‘Izan bidea, ibiltarien sarea’ dinamikaren baitan da. Helburua da, “preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko urratsak ematea, jendarte aktibazioan sakontzea eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea”, diote Saretik: “Finean, bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbidea, guztion artean gauzatu beharreko ibilbide gisa gauzatzea da gure asmoa”.
☉ Hego Uribe
Metroaren 5. Linea 2 milioi garestitu da, arrazoi teknikoengatik eta toxiko bat agertzeagatik
Ibaizabal ibaiaren azpitik igarotzeko zailtasunak dituzte, eta tunelaren indusketan silize kristalinoko hauts-maila altuak aurkitu dituzte

Metroaren 5. Lineako obrek gainkostu berri bat izango dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago bideratuko ditu Galdakao eta Galdakao-Usansolo ospitalaren arteko tartea egiteko (hirugarren tartea).
Horrela, 69,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute. Hirugarren tartea 2023ko ekainean esleitu zuten, 58,7 milioiko hasierako zenbatekoarekin, eta azken urteetan 9,3 milioiko igoera izan du.
Oraingoan aurrekontua handitzea bi arrazoiengatik izan da. Alde batetik, arrazoi teknikoengatik, eta bestetik, obretan toxiko bat agertzeagatik.
Arrazoi teknikoei dagokienez, Ibaizabal ibaiaren azpitik igarotzeko zailtasunekin du zerikusia. Hainbat analisi egin ondoren, mikropilotez eta hormigoiz indartu behar dute puntu hori, ur-ibilguaren hurbiltasunagatik. Eta, diseinu berriak 1,3 milioi euro beharko ditu.
Gainera, tunelaren indusketan silize kristalinoko hauts-maila altuak aurkitu dituzte teknikoek, “egungo araudiak ezartzen dituen gehienekoak” gainditzen dituztenak. Material hori oso ohikoa da lurpean egiten diren obretan, baina osasunerako kaltegarria da: duela gutxi, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) minbizia eragin dezaketen substantzien taldean gehitu du.
“Ustekabe horrek eragin du langileak babesteko neurri gehiago hartu behar izana, baita aireztapena areagotzea ere”, diote Jaurlaritzako ordezkariek. Horrek guztiak 231.000 euroko inbertsio gehigarria ekarriko du.
Kontratu hau aldatzeak ez du esan nahi lanak egiteko epea luzatuko dutenik. Hori esanda, metroaren adar berria ez litzateke prest egongo 2029 edo 2030 baino lehen, Eusko Jaurlaritzako arduradunen arabera.
Hasiera batean 2027an eta 2028an amaitzea aurreikusi zuten bai Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak. Erdibana, bi erakundeek 380 milioi euro bideratuko dituzte 5. Linea eraikitzeko.
☉ Hego Uribe
Hego Uribe eskualdeko lau udalerrik Kirolur erronkan parte hartuko dute
Arrigorriagak, Basaurik, Etxebarrik eta Usansolok osatuko dituzte euren taldeak, eta Wellk app-ren bidez, herritarrek oinez, korrika edo bizikletan ahalik eta kilometro gehien egin beharko dituzte

Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur erronka jarri du abian, lurraldeko udalerrien arteko kirol-liga.
Erronkaren helburua da udalerri bakoitzak talde birtual bat osatzea Wellk mugikorrentzako aplikazioan (Aritz Guinea galdakoztarra app-aren garapeneko arduraduna da) eta udalerri bakoitzean izena emango duten erabiltzaileen artean ahalik eta kilometro gehien egitea oinez, korrika edo bizikletan.
Dagoeneko Bizkaiko 39 udalerrik eman dute izena kirol-erronkan, tartean, Hego Uribeko lauk: Arrigorriagak, Basaurik, Etxebarrik eta Usansolok. Hala ere, oraindik Udalerri gehiagok izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi du Leixuri Agirrezabala kirol diputatuak.
Erronka urtean zehar hiru alditan burutuko da: lehena, apirilaren 15etik maiatzaren 17ra; bigarrena, ekainaren 15etik uztailaren 15era; eta hirugarrena, irailaren 23tik urriaren 23ra.
Udaberriko, udako eta udazkeneko aldi horietan erregistratutako kilometro bakoitza puntu bihurtuko da, egindako jarduera motaren araberako balorazio doituarekin.
Udalerriak inskribatu ondoren parte-hartzaileak izango dira inskribatu eta Wellk app-a deskargatu beharko dutenak, haien kilometro aktiboak zenbatu eta udalerrirako puntuak batu ahal izateko.
Datozen egunetan Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzua udalerri bakoitzarekin harremanetan jarriko da banakako bilera bat hitzartzeko. Bilera horretan zehatz-mehatz azalduko dute ekimenaren funtzionamendua eta sarien sistema, zalantzak argituko dituzte eta era egokian hedatzeko beharrezkoak diren komunikazio-materialak emango dituzte.
☉ Hego Uribe
Etxebarriko eta Ugaoko udalek Ertzaintzaren esku utziko dute atxilotuen jatorria publikatzea
Etxebarrin eta Ugaon ez daukate ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi udalerrietan

Ertzaintzak delitugileen jatorria jakinarazteko erabakiak polemika piztu du gizartean.
Iazko urrian erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atxilotuen jatorriaren berri ematea.
Irizpide hori, ordea, ez dute udal guztiek beteko: batzuek informazio hori publikatuko dute eta beste batzuek ez.
Esate baterako, Hego Uribe eskualdean, Basauriko Udalak esan du jatorria emango duela eta Galdakaok eta Arrigorriagak, aldiz, kontrako erabakia hartu dute: ez publikatzea.
Etxebarri eta Ugaoko udalei dagokienez, adierazi dute Ertzaintzaren esku utziko dutela atxilotuen jatorria publikatzea edo ez.
Ez Etxebarrin ez Ugaon ez dago ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi kasuetan.
“Etxebarrin ez dugu inoiz horren berririk eman. Batez ere guk ez dugulako jendea atxilotzen. Hori egin behar denean Ertzaintza deitu eta eurek egiten dute. Beraz, gure datuak Ertzaintzaren datuen barruan egongo liratezke”, adierazi dio Iker Lopez alkateak GEURIAri.
Ugaon “atxiloketa gutxi” daudela eta zuzenean Ertzaintzara deitzen dutela zehaztu dute. “Orain arte ez da Udaltzaingotik daturik eman. Eta printzipioz ez da ezer aldatuko, egoera berdin mantenduko da Udaltzaingoari dagokionez behintzat. Ertzaintzaren esku uzten dira datuak eta hauek erabakiko dute argitaratu ala ez”, argitu dute Ugaoko udal ordezkariek.
☉ Hego Uribe
Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean
Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.
Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.
☉ Hego Uribe
Hezur muina ematea ikusarazteko mezua Andaluzian zabaldu dute Ugaoko eta Basauriko txirrindulariek
Arkaitz eta Beñat Santamaria ugaotarrek eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak Leyenda de Tartessos lasterketa gogorrean hartu dute parte, Huelvan

Arkaitz eta Beñat Santamaria anai ugaotarrak, Jose Manuel Rodrigo basauriarrak eta Joseba Urrutikoetxea arrigorriagak pedalkadak ematen jarraitzen dute hezur muina ematearen garrantziaz ohartarazteko.
‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin txirrindulari taldea sortu dute eskualdeko lau herritar horiek, eta iazko urrian Almeriako Titan Desert proban parte hartu ostean, duela egun gutxi Leyenda de Tartessos lasterketa egin dute Santamaria anaiek eta Rodrigo basauriarrak
—Rafa Yurrebaso galdakoztarrak ere egin zuen lasterketa—.
“Proba oso gogorra izan da, gainera, Andaluzian izan diren ekaitzek are gogorrago egin dute”, diote. Hala ere, pozik daude hezur muina ematearen garrantzia ikusarazi dutelako beste behin ere.
Taldearentzat urteko lehen proba izan da Tartessosekoa, baina ez da bakarra izango: hurrengo erronka Leongo Itzulia BTT izango da, maiatzean. Bertan, laurek hartuko dute parte.











