☉ Galdakao
Aritz Guinea Paños: «Ekintzailetzan maila handia dago Euskal Herrian, bai berrikuntzak hemen sortzeko eta bai talentua erakartzeko»
Ginea ikasketaz ingeniaria den arren, kirolarekin lotura estua izan du beti, eta bi arloen baturatik dator sortu duten Wellk teknologia

Gaztea, ekintzailea eta WELLK enpresaren sortzaileetariko bat da Aritz Guinea galdakoztarra (1998). Helburu argi batekin ari dira lanean bai bera eta bai bere ikaskide izandakoak ere: kirola, ariketa fisikoa eta teknologia berriak uztartuko dituen tresna herritarren eta erakundeen esku jartzea, gizartean oro har, eta edadetuengan bereziki, bizimodu osasuntsua sustatzeko asmoz. Pasioz bizi dute egiten ari direna, eta horren erakusgarri da euren enpresak izan duen babes eta hazkunde azkarra. Ginea ikasketaz ingeniaria den arren, kirolarekin lotura estua izan du beti, eta bi arloen baturatik dator Wellk. Hasierak ez ziren errazak izan, pandemia betean hasi baitziren ideiari bueltak ematen, non eta Vienan, zer eta Erasmus betean. Itxialdiak, baina, on egin zien, denbora eta patxada izan baitzituzten orduan amets besterik ez zenari eta gaur egun errealitatea sendoa den proiektuari mila eta bat buelta emateko.
Zer da Wellk? Nondik sortu zen ideia? Nortzuk osatzen duzue taldea? Wellk-ek jaiotzatik izan duen misioa honakoa izan da: jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko teknologia berritzailea sortzea. Honela, 2020ko ideia hark bere garapena izan du, gaur egungo produktu bilakatu arte. Hiru produktu bereizten ditugu: Wellk App-a: Mugikorretarako doako aplikazioa da, jarduera fisikoa modu sozial eta dibertigarrian lantzea ahalbidetzen duena. Kirola egiteko planak sortu eta lagunak bilatzea, erronka eta ligetan parte hartzea edo egunerokotasunean jardueren kontrola mantentzea.
WellkSpace: Lurraldeak ulertzeko modu berritzailea ahalbidetzen du. Mugikortasunaren eta espazioen erabileraren inguruko galdera eta analisi desberdinei erantzuna ematea errazten du: Zeintzuk dira seguruak ez diren kaleak nire udalerrian? Zergatik 18:00tatik aurrera ez da kirolik egiten kale batzuetan? Zeintzuk dira gehien erabiltzen diren bideak? Egokiak dira? Etab.
MediFit: Jarduera fisikoaren preskripzio pertsonalizatua ahalbidetzen du. Pertsona bakoitzaren behar eta patologietara egokituz, jarduera plan pertsonalizatu egokiena diseinatzea ahalbidetzen du, profesionalen jarraipenarekin.
Wellk-ek denboran zehar eboluzio bat jasan du, baina hasieran ondorengo hausnarketatik sortu zen: “Zergatik ordaintzen dugu gimnasioagatik gero ez bagoaz”. Hortik, merkatu mota desberdinetan ahaleginak eginez, genituen ideietatik gaur egun denera iristea lortu dugu.
Wellk, hiru bazkidek osatzen dugu: Euken Ertzilak, Joseba Martinek eta nik neuk (Aritz Ginea). Unibertsitatean elkar ezagutu genuen, hirurak ingeniariak baina gradu desberdinetakoak. Hirurak kirolariak baita ere, bakoitza bere kirolean. Pixkanaka hasi ginen eta orain 5 gara taldean. Lehenengo bilera “ofiziala” Vienan egin genuen COVID-a hasi baino asteburu bat lehenago, Erasmusean geunden Europan zehar eta bertan biltzea erabaki genuen. Etxean egoteak genituen ideia guztiak lantzea ahalbidetu zigun.
Zein helburu dituzue? Helburu nagusia gure teknologiaren bitartez gizartean inpaktu positiboa lortzea da. Horretarako erreferentziazkoak diren bezero eta kolaboratzaileekin lan egiteko aukera dugu, egunero gure tresnetatik igarotzen diren pertsonen kopurua handituz.
Honela, inpaktua handiagoa izateko, datozen hilabeteetan gure taldearen hazkuntza dugu helburu, bai bezero eta erabiltzaileetan hazteko eta bai merkatu berrietan hazi ahal izateko ere. Horretarako datozen hilabeteetan finantzazio erronda bat zabaltzeko asmoa dugu.
Zein da ariketa fisikoaren garrantzia egungo gizartean? Eta nagusiekin? Eta emakumeekin? Jarduera fisikoa pilula batean sartu ahal izango bagenu, medikamenturik hoberena izango litzateke, gehien preskribatzen dena.
Ez osasunean zein patologia eta gaixotasunen prebentzioan duen eraginagatik bakarrik, baita duen inpaktu transbertsalagatik ere, euskararen sustapenerako, integrazio eta sozializaziorako, hazkuntza bezala, ikuspegi desberdinetatik ikusi daiteke, baina beti modu positiboan. Datu esanguratsu bat aipatzearren, jarduera fisikoan inbertitutako euro bakoitzak osasungintzako gastuetan 15€ aurreztuko lituzke.
Emakumeei bideratutako hainbat proiektu eta ekintzen parte gara. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan programan, mugikorrerako gure aplikazioa erabiltzen ari dira emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko, adibidez. Hala ere, proiektu oso interesgarri bat lantzen ari gara gure WellkSpace teknologiaren bitartez identifikatu dugun eta gizartean nabaria den arazo bati aurre egiteko ahalegina eginez: segurtasuna kaleetan.
Presentzia eta datuak ditugun udalerri eta hirietan bi gauza aipagarri ikusi ditugu: Emakumezkoek ez dituzte kale batzuk erabiltzen aire zabaleko jarduera fisikoa egiterakoan.
Emakumeen kasuan, zentrotik irteten diren bide/bidegorrietan jarduera fisikoa asko jaisten da 18:30tatik aurrera. Ondo argiztatuak daude? Seguruak dira? Egokiak dira? Zer egin dezakegu hori konpontzeko?
“Jarduera fisikoa pilula batean sartzerik balego, medikuek gehien errezetatuko luketen sendagaia litzateke, ezbairik gabe “
Non ari zarete orain lanean? Zein da zuen lan egiteko modua? Wellk eskuen artean hartuko banu zer aurkituko nuke? Oraintxe administrazioarekin zein enpresa pribatuekin ari gara lanean. Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eibarko Udala, Durangaldeko Mankomunitatea, Getxo Kirolak eta enpresa pribatuetan LKSrekin, esate baterako.
Lan egiteko bi modu ditugu: Alde batetik, gure teknologiaren lizentzien erosketaren bitartez. Produktu guztiak pertsonalizagarriak dira, bezeroaren beharretara. Bestetik, udalerri eta enpresa aktibo eta osasuntsuen programak sortuz eta dinamizatuz. Gure teknologiaz baliatuz, bezeroaren beharretara egokitzen diren programak sortu eta dinamizatzen ditugu (erronkak, planak, jarduera fisikoaren preskripzioa, prebentzioa…) Wellk aplikazioa eskuartean hartzen duen pertsona batek euskara eta gaztelaniaz dagoen app-a ezagutuko du, eta bertan sortzen diren planetara batu edo hauek sortzeko aukera izango du, horrela jarduera fisikorako jende berria ezagutuz.
Erronka eta liga desberdinak aldiro antolatzen dira sari desberdinak lortzeko aukera izanik. Gure inguruan ditugun kirola egiteko hainbat ibilbide, espazio eta aukera jarduera fisikoaren erregistroa hobekuntza pertsonalak aztertzeko. Strava, Fitbit, Apple Health eta Google Fit-ekin sinkronizatu daiteke.

Wellk aplikazioa, mugikorrean // Geuria
Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen erronkak? Erronka nagusiak bi dira: erabiltzaile eta bezeroen hazkuntza eta taldearen hazkuntza eta sendotzea. Horretarako hurrengo hilabeteetan finantzazio erronda bati ekingo diogu.
Zelan ikusten duzue ekintzailetzaren egoera gaur egun? Teknologiaren izugarrizko bilakaera azkarrak hainbat eta hainbat berrikuntza ekarri ditu oso epe laburrean eta hori, zati handi batean, ekintzailetzatik abiatutako proiektuek ekarri dute.
Honela, Euskal Herrira ekarrita, sendoa den eta hazkuntza prozesuan dagoen ekosistema ikusten dut. Enpresa berri asko, berrikuntza handiekin, eta garrantzitsuena, hemen, Euskal Herrian, bai berrikuntza hemen sortuz eta bai talentua hona erakarriz. Horretan eragin handia izaten ari dira administrazio publikoak, eskertzekoak dira urtero martxan jartzen diren proiektuak bultzatzeko, sorkuntzarako eta ikerketarako dauden programa ezberdinak.
Erabiltzaile moduan, zuen aplikazioa zabalduz gero, zer aurkituko dut? WELLK aplikaziora sartzerakoan ondorengo funtzionalitateak aurkituko dituzu:
Kirol Planak edo “quedada”-k sortu edo beste erabiltzaileek sortzen dituztenetara batzeko aukera. Adibidez: “Arratsaldean paseoa Pagasarrira” planera batu naiteke, bertaratuko diren pertsonen profila ikusi eta hauekin hitz egiteko aukera izanik.
Kirol erronkak: Modu kolektiboan, taldeka edo indibidualki helburu zehatz batzuengatik lehiatzeko aukera izango dugu. Egiten dugun mugimendu orok balioa du eta horregatik, sari desberdinak zozketatzen ditugu. Adibidez, erronka kolektibo bat dugu orain martxan, parte-hartzaile guztien artean kilometroak pilatzea dugu helburu, sari desberdinak ezkutatzen dituzten maila desberdinak desblokeatuz. Kirol jardueren erregistroa bai aplikazioaren GPS-aren bitartez, gailu elektronikoen bitartez edo beste kirol aplikazio batzuen sinkronizazioa eginez.
Administrazio ezberdinekin ari zarete lanean, esleipen publikoetan… .erraza da gurpil horretan sartzea? Burokrazia handia dago? Hasiera guztietan bezala, edozein negozio mota edo sektoretan denak gehiago kostatzen du. Gu oso pozik gaude egindako lan eta kolaborazioengatik. Elkarlanak bai Euskal Herri mailako administrazioekin bai administrazio internazionalekin lortuz. Administrazio publikoek gizartean izan dezaketen eragin positiboa itzela da, eta are gehiago guk lantzen dugun osasun eta jarduera fisikoaren arloan. Horregatik beti egongo gara prest instituzio publikoekin lanean jarraitzeko.
Baloratu duzue inteligentzia artifizialak zuen sektorean izan dezakeen eragina? Onerako izango dela uste duzu? Kirola beti izan da garapen teknologikorako operazio-eremu bikaina. Garai bakoitzeko aurrerapen zientifiko eta tekniko asko kirolean aplikatu dira: kirolarien errendimenduan, parte-hartzaileen segurtasunean, ekipamenduen kalitatean, neurketen zehaztasunean edo ikusleen entretenimenduan. Kirola teknologiaz baliatzen da, hau estimulatu eta erronka berriei aurre egiten laguntzen baitio. Beste teknologia horiek bezala, Inteligentzia artifiziala gure garaiko aurrerapen zientifiko eta teknologikoaren emaitza da, eta aurretik izan ditugun hobekuntza guztiak bezala eragin positiboa izango du eta dagoeneko izaten ari da. Aukerak askotarikoak dira: kirolarien errendimendua aurreikustea, osasunaren gestioa, lesioen prebentzioa eta tratamendua, kirol baliabide eta tresnen diseinua. Hau da, milaka datu jasotze eta prozesatzearen ondorioz sortutako jakintzaren erabileraz baliatzea. Hori da garatzen ari garen teknologia desberdinek erabiltzen dutena, adituen ezagutza, erabiltzaileek emandako ezagutza eta milaka datu jaso eta aztertzea.
Teknologia berriekin lan egiten duzue, eta egun ohikoa da sareetan gomendioak, entrenamenduak etabar lantzen dituzten pertsonak aurkitzea. Zein da zure iritzia honen inguruan? Formazio edo ezagutzarik jaso ez duen mediku baten ebakuntza jasotzera ausartuko ez ginateken bezala, sareetan aurkitzen ditugun gomendioen iturria zein den ezagutzeko ere ahalegina egin beharko genuke, oinarri zientifikorik ez duen edozein moda, tendentzia edo gomendio ez jarraitzeko.
☉ Galdakao
Argazkiak telefono mugikorrarekin ateratzen ikasteko tailerra antolatu du Clic eta Click elkarteak Galdakaon
Dagoeneko talde bat osatu dute, baina oraindik ere izena emateko aukera dute herritarrek. Bestetik, haurrei zuzendutako doako ikastaroa ere antolatu dute

Click eta Click elkarteak argazkigintza herritar guztiei zabaltzeko ikastaroak antolatu ditu ekainera bitartean.
Hain zuzen ere, bi dira antolatu dituzten tailerrak: telefono mugikorrarekin argazkiak ateratzen ikastekoa eta haurrei zuzendutakoa.
Telefono mugikorrarekin argazkiak egiten ikasteko ikastaroari atzo, urtarrilak 12, ekin zioten. Talde bat osatu dute eta astelehenero bilduko dira 17:00etatik 19:00etara Zamakoa kaleko 21 zenbakian duten lokalean.
Hala ere, oraindik interesa dutenek izena eman dezakete tailerrean: “Talde berriak sortzeko aukera dago!”, diote.
Haurrentzako ikastaroari dagokionez, 8 eta 12 urte bitartekoei dago zuzenduta eta doakoa izango da. Larunbat arratsaldetan izango da ikastaroa, eta taldea osatu bezain laster hasiko da.
Izena eman nahi dutenek Click eta Clicken lokalean bertan egin dezakete, asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, edo clicketaclikc@gmail.com helbide elektronikora idatziz.
☉ Galdakao
Torrezabalek zuzeneko 22 ikuskizun tauratuko ditu urtarriletik ekainera bitartean
Eneko Sagardoy, Iraia Elias, Klara Badiola, Ramon Agirre, Pepe Viyuela, Pako Revueltas eta Depedro igoko dira, besteak beste, Torrezabaleko eszenatokira

Urtarriletik ekainera bitarteko programazioa aurkeztu du Torrezabal Kultur Etxeak. Guztira 22 ikuskizun izango dira: euskarazko zazpi, gaztelerazko bost, testu barik lau dira eskainiko dituzten antzezlanak, eta dantza eta kontzertuak ere izango dira.
“Ikuskizun bakoitza emozio berriak esploratzeko, ikuspegiak zabaltzeko eta kultura esperientzia partekatu gisa bizitzeko gonbita da”, dio Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura arloko zinegotziak.
Programazioak “tradizioa eta berrikuntza” orekatzea bilatzen duela esan du Katrin Schlegel Torrezbaleko programatzaileak, “izen ezagunak eta sortzaile berriak uztartuz, jakin-mina pizten duten proposamenekin”, dio.
“Horrela, ikuskizun bakoitza hausnarketa egiteko, emozionatzeko eta artearekiko hurbileko esperientzia bat bizitzeko aukera bihurtzen da”, dio Schlegelek.
Torrezabal, sortzaileen etxea
Torrezabal Euskal Herriko sortzaileen “lantoki eta etxe” dela azaldu du Espillak: “Ateak zabaldu dizkiegu sortzaileei, euren sormen-prozesuak Torrezabalen bertan egiteko”, dio.
Horren adibide da Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen ari den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatzen ari dira eta otsailaren 19an estreinatuko dute Torrezabalen. Ondoren, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.
Antzezlanak alaitasunaren izaera soziala jartzen du erdigunean, eta agerian uzten du minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela.
Edurne Azkarate da antzezlanaren zuzendaria eta obra garatzeko prozesua “oso aberasgarria” izaten ari dela dio: “Astean zehar antzokiak itxita egon ohi dira eta eskertzen dugu horrelako aukerak eman izana”.
Gidoia osatzeko Galdakaon ikerketa egin zuten, abenduan zehar entseguak egin zituzten Torrezabalen eta laster berriro elkartuko direla zehaztu du Oier Guillan antzerkigileak. Gainera, asmoa daukate estreinaldia izan baino lehen entsegu ireki bat egiteko.
Beste alde batetik, ‘Bi baso bat ur’ antzezlana ontzeko aukera horrez gain, Torrezabal zabalik egongo da Euskal Herriko Orkestra Barrokoarentzat. Otsailean ‘Masquarade’ estreinatuko dute Bilboko Arriagan eta Donostiako Kursaalen, baina aurretik entsegua egingo dute Torrezabaleko oholtzan.
“Honek erakusten du Torrezabaleko ateak zabalik ditugula. Sortzaileen ondoan egon nahi dugu eta Torrezabal euren etxea sentitzea nahi dugu”, dio Espillak.
Programazioa | Torrezabal
2026 Urtarrila-Ekaina
Urtarrilak 16, ostirala
Antzerkia: ‘Vulcano’ (Eneko Sagardoy, Belen Ponce de Leon, Ivan Lopez-Ortega, Javi Coll, Macarena Sanz)
Gazteleraz
Urtarrilak 24, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Alma’
Testu barik
Urtarrilak 30, ostirala
Antzerkia: ‘Nor naizen baneki’ (Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga)
Euskaraz
Otsailak 6, ostirala
Antzerkia: ‘Encerrona’ (Pepe Viyuela)
Testu barik
Otsailak 8, igandea
Musika eta umorea: ‘Da Capo Banda eta Martina’
Otsailak 19, osteguna
Antzerkia (estreinaldia): ‘Bi baso bat ur’ (Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez, Iraia Elias)
Euskaraz
Otsailak 21, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Hodei guztien gainetik’ (Markeliñe)
Testu barik
Otsailak 28, larunbata
Haurrentzako ikuskizuna: ‘Mimesis’
Testu barik
Martxoak 1, igandea
Antzerkia: ‘Desobedienteak 18/98’ (Miren Arrieta/Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somai)
Euskaraz
Martxoak 7, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Kimu’ (Marie de Jongh)
Euskaraz
Martxoak 13, ostirala
Dantza-antzerkia: ‘Zambra de la buena salvaje’ (Isabel Vazquez)
Gazteleraz
Martxoak 27, ostirala
Antzerkia: ‘El lenguaje de las flores’ (Mikel Losada, Olatz Ganboa, Unai Izquierdo, Getari Etxegarai)
Gazteleraz
Martxoak 29, igandea
Kontzertua: ‘Bost’ (Oreka Reed Quinted eta Da Capo Musika Banda)
Apirilak 12, igandea
Dantza-antzerkia: ‘Hasta el ultimo baile’ (Aiala Etxegarai, Yolanda Bustillo, Amaia Santamaria)
Gazteleraz
Apirilak 18, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Sesamo, ireki zaitez’
Euskaraz
Apirilak 19, igandea
Kontzertua: ‘Lur’ (Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio Etxetxipia)
Euskaraz
Apirilak 26, igandea
Antzerkia: ‘Massilia’ (Laura Maria Gonzalez, Lluis Marques, Julia Molins, Marti Salvat)
Gazteleraz
Maiatzak 8, ostirala
Antzerkia: ‘Calla y come’ (Pako Revueltas, Enriqueta Vega, Na Gomes)
Gazteleraz
Maiatzak 16, larunbata
Kontzertua haurrentzat: ‘Loa eta Laia zuzenean’
Euskaraz
Maiatzak 22, ostirala
Antzerkia: ‘Promesarik txikiena’ (Intza alkain, Maite Aizpurua Olaizola, Maiana Etxeberri Keufterian, Ane Garcia Lopez)
Euskaraz
Maiatzak 24, igandea
Kontzertua: ‘Su motelean: zentzumenentzako kontzertua’ (Da Capo eta Jose Miguel Olazabalaga sukaldaria)
Testu barik
Ekainak 6, larunbata
Kontzertua: ‘Universo Depedro’ (Depedro)
Gazteleraz
☉ Galdakao
Urreta Taekwondo Taldeak urrezko bi eta brontzezko lau domina irabazi ditu Euskadiko Poomsae Txapelketan
Itxaso Hernandezek eta Esther Pomarrek urrezkoa irabazi dute, eta Laia Hernandezek, Irati Gonzalezek, Ivan Gallardok eta Hodei Huetek zilarrezkoa

Urtarrilaren 10ean Euskadiko Poomsae Txapelketa jokatu zen Bilboko Miribilla frontoian eta bertan Urreta Taekwondo Taldeko kideek hartu zuten parte.
Itxaso Hernandezek eta Esther Pomarrek urrezko domina bana irabazi zuten.
Eta, Laia Hernandezek eta Irati Gonzalezek brontzezkoa lortu zuten banakako eta binakako modalitateetan, Ivan Gallardorekin eta Hodei Hueterekin batera.
Gainera, Izaskun Velezen seigarren postua eta Enara De Santiagoren eta Lucia Da Silvaren debuta nabarmendu dituzte Urreta Taekwondo Taldeko arduradunek: “Merezitako bosgarren eta seigarren postuak lortu zituzten”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaok Itzuliako etapa baten irteera eta helmuga hartuko ditu aurten
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango den, baina Itzulia bera apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da, eta azken etapa Bergaran jokatuko da

2026ko Itzulian Galdakaok etapa baten hasiera eta amaiera hartuko ditu. Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango den, baina Itzulia bera apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Galdakaok kultura eta historia zabala dauka txirrindularitzaren arloan, eta, urteen joan-etorrian, harreman estu-estua izan du Itzuliarekin. Hori nabarmendu du Iñigo Arriandiaga Hernando alkateak (abizen-aldaketa egin du), eta zentzu horretan, Galdakaoko Txirrindulari Elkarteari, Mozoilo Triatloi Elkarteari eta Txirrindulari Gelari egiten duten lana eskertu du.
“Azken horretan, hain zuzen ere, lan nekaezina egiten da Igor Antonen zuzendaritzapean, txirrindularitzaren kultura neska-mutilen artean sustatzeko asmoz. Ziur jarraipena emango diotela Galdakaok txirrindularitzarekin daukan harreman horri. Talde horientzat guztientzat, harrobi horrentzat eta herritar guztientzat berezia izango da gure herrian munduko txirrindulari onenei harrera egitea”, esan du Arriandiagak.
Gaur sinatu dute hitzarmena Galdakaoko Udalak eta Oceta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak Itzuliako etapa bat Galdakaon hasi eta bukatzeko.
“Hitzarmen hau oso garrantzitsua da udalerriarentzat. Pozarren gaude, txirrindularien lurra den Galdakaora itzuli garelako. Itzulia eta Itzulia Women askotan igaro dira hemendik, baina 1996az geroztik Galdakaon ez da etaparik egon”, adierazi du Javier Riaño Ocetako presidenteak.
Irteera eta helmuga Galdakaon bertan egongo direnez, udalerriak lasterketarekin daukan harreman historikoa indartuko dute, eta 2026ko edizioko ibilbidean duen agerpena sendotuko dute. Hitzarmenean, bi alderdien arteko lankidetza-esparrua ezarri dute, lasterketako jardunaldia udalerrian bertan antolatzeko eta garatzeko.
Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Arriandiagarekin eta Riañorekin batera izan dira Asier Korta Galdakaoko Udaleko Kirol arloko zinegotzia, Amets Iturbe Gazteria arloko zinegotzia, Iker Amarika Ocetako Harreman Instituzionalerako arduraduna eta Olatz Otero Ocetako idazkaria.
☉ Galdakao
Autismoa eta beste neurodibergentziak dituzten familientzako Material Bankua jarri du martxan Galdakao TEAyudak
Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, dislexia, disgrafia eta autismoa duten familientzako zerbitzua da: prezio altuak dituzten tresnak doan hartu ahal izango dituzte

Autismoa, Arreta-defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua (ADHN), Dislexia, Disgrafia eta beste neurodibergentzia batzuk dituzten familientzako Material bankua jarri du martxan Galdakao TEAyuda elkarteak.
Proiektu aitzindaria da eta helburua da prezio altuak dituzten tresnak doan hartzea familiek. Hala nola, entzumen-hipersentsibilitaterako zarataren aurkako kaskoak, presio sakonaren bidez antsietatea murrizteko mantak eta txakurrak, mugimen-ezinegona bideratzeko fidget diskretuak, denbora kudeatzeko eta ziurgabetasuna murrizteko Time Timersak, argi buzzerrak txandak hartzeko prozesua praktikatzeko, ikusmen-nekearen aurkako tresnak, Disgrafiarako eta Dispraxiarako Ellie eskularrua, gorputz-kontzientziarako mugimendu-arrabolak edota elikadura-aukeraketa lantzeko plater espezializatuak.
“Erosi aurretik, seme-alabentzat baliagarriak izan daitezkeen tresnak doan probatzeko aukera ematen die Material Bankuak familiei”, diote Galdakao TEAyudako arduradunek.
Material Bankua Galdakaoko Gaztain kaleko 4. zenbakian dago, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Zerbitzuak 15 eguneko mailegu-sistema du, eta erabilera-gidak eta higiene-protokoloak ditu.
“Galdakaoko Udaleko Herritarren Partaidetzarako alorraren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Graficas Galdakaoren funtsezko laguntzari esker izan da posible Galdakaon Material Bankua, baita boluntarioen eta familien lan nekaezinari esker ere”, diote.
Galdakao TEAyudak 5.000 euroko inbertsioa egin du proiektu honetan, eta 2.800 euro bideratu ditu materialak erosteko. “Materialak oso teknikoak dira eta horregatik elkarteak baliabide horien inportazioa Frantzian espezializatutako enpresa batetik kudeatu behar izan du, ez baitugu tresna sorta osoa aurkitu Estatuan”, diote.










