Sareak

☉ Ugao

Elkarretaratzea, antzezlanak eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ugaon, A-25eko testuinguruan

Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik

|

Emakume bi, Hego Uribeko martxa feminista batean // Geuria

Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hainbat hezkuntza eta sentsibilizazio-jarduera antolatu ditu azaroaren 14tik 27ra.

Izan ere, aurten, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Udaletik: Antzerki saioak, ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa eta mahai-ingurua, Berdintasunaren aldeko martxa herrian zehar…

“Ekimen honen helburua da indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusaraztea eta herritarrek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Txiki eta gazteen programazioari dagokionez, jarduerak Ludotekan, Gaztelekuan eta Mirabatxon burutuko dituzte: “‘Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa’ ipuin-kontaketa feminista, azaroaren 25, 26 eta 27an udal ludotekan egingo dute, baita Gaztelekuan eta Mirabatxo Klubean ere, hilaren 22an.

Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik.

Antzerki saioetan, tailerretan eta berdintasunaren aldeko martxan izena eman nahi duten interesdunek e-posta idatzi beharko dute berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora.

Egitaraua | A-25a Ugaon

Azaroak 14, ostirala
20:00 Antzerkia: Katana, Jane jauregia

Azaroak 20, osteguna
18:00 Ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa + mahai-ingurua

Azaroak 21, ostirala
20:00 Pituister, Jane jauregia

Azaroak 22, larunbata
11:00 Berdintasunaren aldeko martxa, herrian zehar

Azaroak 25, asteartea
12:00 Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratze instituzionala, Herriaren enparantza

Azaroak 26, asteazkena
18:00 IV. Berdintasun Planaren entzute gunea

☉ Ugao

Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Ugaon, euskara hutsean

Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da eta edukiera mugatua izango da: guztira 10 umeentzako lekua egongo da

|

Haur bat, liburu bat irakurtzen // Geuria

Abenduaren 5ean, 12an eta 19an ipuin kontalarien ‘Sormen Tailerrak’ antolatu ditu Ugaoko Udalak, liburutegian, 17:30etik 18:15era.

Ekimen honen helburua haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea eta irudimena lantzea dela azaldu dute udal ordezkariek: “Dinamizatzaile batek ipuin klasiko desberdin bat irakurriko du saio bakoitzean, eta ondoren haurrek ipuinarekin lotutako jarduera batean parte hartuko dute”.

Tailerrak euskara hutsean eskainiko dituzte eta guraso bakoitzak seme-alaba bakarra eraman ahal izango du. “Haur horrek, nahi izanez gero, hiru ostiraletan parte hartzeko aukera izango du”, gehitu dute Udaletik.

Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edukiera mugatua izango da eta guztira 10 umeentzako lekua egongo da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik

Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

|

Konfiskatutako droga // Ertzaintza

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.

“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.

Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean

Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

|

Beranduegi Erromeriako kideak // Utzitakoa

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.

“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.

‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.

Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria

Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.

Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”

Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.

Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.

“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Apirilaren 11n egingo dute datorren urteko Ugaoko Gazte Eguna

Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute

|

Ugaoko Gazte Eguneko irudi bat, 2022an // Geuria

Ugaoko Gazte Eguna datorren urteko apirilaren 11n antolatu dute.

Hala iragarri dute @ugaokogazteeguna instagram kontutik. Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu herriko merkataritza bultzatzeko

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek

|

Herritarrak, Udiarraga kalean // Geuria

Udalerriko ekonomia biziberritzeko eta herritarren kontsumo-ohiturak indartzea helburu, Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu tokiko merkataritzara.

“Deialdi hau 2025eko eta 2026ko ekitaldietan egindako inbertsioei dagokie, eta eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik”, azaldu dute udal ordezkariek. Laguntzak jarduera ekonomikoa Ugaon garatzen duten negozioei bideratuko dizkiete “Ugaon establezimenduak, baita egoitza soziala beste udalerri batean dutenak ere, baldin eta beren jarduera hiribilduan garatzen badute”.

Laguntzak zuzenean eslaituko dituzte eta gehienez 2.000 eurokoa izango da bakoitza, egindako inbertsioaren % 50era artekoa. Diru horrekin era honetako gastuak estali ahalko dira:

– Establezimenduen hobekuntza orokorrera bideratutako inbertsioak: lokalaren
barruko eta kanpoko egokitzapen-lanak, oztopo arkitektonikoen ezabaketa
– Segurtasun-neurriak ezartzeko edo irisgarritasuna hobetzeko neurriak
– Makinaria, altzariak edo establezimenduaren erabilera esklusiboko ekipamendu
informatikoak (hala nola TPV-ak) erostea
– Kalitate arauak ezartzeko aholkularitza zerbitzuak eta salmenta-puntua
optimizatzeko jarduketak, hala nola argiztapena, erakusleihoak edo girotzea

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek. Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute dagoeneko

Osorik irakurri