☉ Ugao
Uxue Garcia: “12 urte bete nituenerako banekien marrazki bizidun propioak egin nahi nituela”
DigiPen ‘bideo-jokoen unibertsitatean’ graduatu da Uxue García, ilustrazio eta pertsonaien diseinuan trebatuz. Egun Zeppelin TV-n lan egiten du, bere ametsa lortzeko bidean.

Jaio zenetik izan du Uxue García Cabezudok (Bilbo, 1997) presente margolaritza. Izan ere, aita pintura-irakaslea zuen eta hark pinturarekiko zeukan maitasuna pasa zion alabari, genetika kontua izango balitz bezala. Txikitatik argi izan zuen Uxuek zertan lan egin nahi zuen: serieen diseinuetan. Gaur egun, Bilbon dagoen eta Europako bakarra den DigiPen ‘bideo-jokoen unibertsitatean’ graduatuta dago. Jaiotzez Bilbokoa dena, Hego Uribeko txoko guztietan bizi izan da: Ugaon lehenengo, Etxebarrin geroago eta Basaurin ondoren. Oraingoan, bere ametsa betetzeko jarraitu duen ibilbideaz aritu gara berarekin.
Noiz hasi zen margolaritzarekiko zure maitasuna?
Txiki-txikitatik. Aita pintura-irakaslea zen eta etxe osoa bere eta nire amaren koadroz beteta zegoen. Nire amaren irakaslea ere bera izan zen. Behin baino gehiagotan joan nintzen bere klaseetara, nahiz eta gure estiloak oso desberdinak izan. Ni animazio-serieekin obsesionatuta nengoen; nire aitak, aldiz, pintura klasikoa egiten zuen, oleoarekin. Marrazki bizidunak edozein umeri baino gehiago gustatzen zitzaizkidala ohartu nintzen. 12 urte bete nituenerako, argi neukan egunen batean marrazki bizidunen serie propioak egingo nituela.
Batxilergo artistikoa egin zenuen… Baina, bazenekien zertan aritu nahi zenuen?
Batxilergo artistikoa existitzen zela jakin baino lehen, banekien istorioak sortzen lan egin nahi nuela. Hasieran, arte ederretara jotzea pentsatu nuen, eta bertatik abiatuta animazioaren munduan lekua hartzen joatea. Txikitan, ez nekien serie bat egiteak zer suposatzen zuen, ezta egiten non ikasi nezakeen ere. DBH amaitzen ari nintzela, egunkarian irakurri nuen artikulu bati esker aurkitu nuen urte batzuk geroago egiten bukatuko nuen karrera.

Uxue Garcia Cabezudo ilustratzailearen irudia / Geuria
DigiPen-ez ari zara…
Bai. Hasieran ezin nuen sartu, oso garestia da-eta. Azkenean, sakrifizio ugari egin behar izan genituen ordaindu ahal izateko. Sarbide-proba bat egin behar izan nuen: batetik, nire ingelesaren ezagutza zein zen jakiteko, karrera osoa hizkuntza honetan ematen baita; eta bestetik, une horretan nuen marrazketa-maila zein zen zehazteko. Egia esan, gogorra da, zorrotza oso. Ordu asko sartu behar dira. Udan oporrak abuztuan bakarrik izaten dira eta ikasturteak bukatzeko proiektu asko egin behar dira. Baina hasieratik bagenekien etortzear zegoena zer zen, sartu aurretik karrera gogorra dela abisatzen baitizute.
Pertsonaiak diseinatzen dituzu. Nondik datorkizu inspirazioa?
Gehienetan, inguruko gauzetatik, esperientzietatik eta ezagutzen ditudan pertsonengandik. Ongi dago, halaber, ‘media’ asko kontsumitzea, batez ere zure arloaren inguruan, hala nola, filmak, serieak eta komikiak ikustea. Nire pertsonaien nortasuna eta historia garatzea da gehien gustatzen zaidana. Behin hori ezagututa, bere itxura sortzen hasten naiz. Pertsonaia ezagutzeak behar dituen xehetasunak, arropak eta abar diseinatzen laguntzen zaitu. Gehien kostatzen zaidana pertsonaiei izena ematea da. Askotan, orduak ematen ditut izenak bilatzen, ez nau ezerk konbentzitzen.
Zein tresna erabiltzen duzu? Eta zenbat denbora behar da ilustrazio bat egiteko?
Denetarik erabiltzen dut. Baina, gehienbat tableta eta akuarelak izaten dira. Hala ere, askotan edozein orritan zirriborro azkarrak egiten ditut boliak erabilita. Marrazki txiki eta azkar horietatik ilustrazio landuagoak ateratzen ditut. Zenbat denbora behar dudan? Ilustrazio bakoitzaren araberakoa da. Baina esango nuke inoiz ez dela ordubete baino laburragoa izaten. Oso zalantzatia bazara, ilustrazio batekin hilabeteak egon zaitezke.

Uxue Garcia Cabezudo ilustratzailearen irudia / Geuria
Web orri bat ere daukazu, non zure diseinuekin sortutako materiala erakutsi eta saltzen duzun…
Japoniar kulturarekin zerikusia duten konbentzioetan saltzen ditut. Hala ere, mangak eta animeak ez ditut asko kontsumitzen. Niretzat denborapasa baino ez da, nire diseinuekin materiala sortzea gustatzen baitzat, eta bide batez, diru pixka bat irabaztea lortzen dut, sortzen jarraitu ahal izateko. Materialak nire Instagram kontuan daude ikusgai.
Zaila al da mundu horretan sartzea?
Egia esan, bai. Lehia handia dago, baita talentua duen jende asko ere. Urtero sortzen diren telesail eta pelikulei begiratzea besterik ez dago. Hala ere, lan asko dagoela esan behar da, etengabe mugimenduan dagoen sektorea dela esango nuke. Egia da gero eta emakume gehiago garela ilustrazioaren mundu zabal honetan, bai. Hala ere, bideo-jokoen munduan, batez ere, gizonezkoek liderrak izaten jarraitzen dutela esan daiteke. Baina denborak aurrera egiten du. Nire klasean, adibidez, gehienak emakumeak ginen eta horietako asko dagoeneko bideo-jokoen sorkuntzan lan egiten ari dira. Urteak aurrera egin ahala, emakumeok presentzia handiagoa izango dugu, zalantza barik.

Uxue Garcia Cabezudo ilustratzailearen irudia / Geuria
23 urterekin Zeppelin TV-ko produkzio-laguntzailea zara…
Sinetsi ezinik nago oraindik. Aukera oso ona da niretzat eta gainera oso gustura lan egiten dut. Oraindik ez ditut serieetarako irudiak egiten, baina badakit nire momentua helduko dela. Hala ere, beti saiatzen naiz marrazten jarraitzeko tarte bat bilatzen, nahiz eta zirriborroak egiteko izan. Egia esanda, zaila egiten zait, Gasteizen lan egiten dudalako eta oso berandu heltzen naizelako etxera. Hala ere, batzuetan ohean botata egiten ditut marrazkiak. Asteburuetan irudi landuagoak egiten ditut.
Zein da zure ametsik handiena?
Animaziozko serie propioa egitea da. Txikia nintzenean orduak ematen nituen telebistan marrazki bizidunak ikusten. Lehenengo pertsonaien diseinuak 11 edo 12 urterekin egin nituen. Horiek oraindik nirekin diraute. Ikusteko, nire Instagram kontuan, uxue.c-n begiratzea besterik ez dago.

Uxue Garcia Cabezudo ilustratzailea / Geuria
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean
Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.
Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.
Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026
Apirilak 11, larunbata
12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea








