☉ Usansolo
Erreakzio soka luzea eragin du Usansolo Bizkaiko 113. herri bilakatu izanak

“Hainbeste denboraren ostean, heltzen danean badakizu zer pasetan dan? Sinistu bez…” Marisa Gonzalez Usansoloko herritarrak GEURIAri orain dela astebete esandakoak dira hauek, eta Usansoloko herritar askoren sentipenarekin bat egiten dute atzo entzun, ikusi eta irakurritakoaren arabera. Ildo horretatik, Agustin Aizpuru Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidenteak zera azpimarratu nahi izan zuen: “40 urteko borrokaren emaitza da hau”. Eta hala ere, baieztapen ofiziala jasota ere ez bat ez bi sinesgogor zebiltzan atzo Usansolon.
Baina bai, erabakiak ez du atzera bueltarik, eta Usansolo Bizkaiko 113.udalerria da dagoeneko. Iñaki Urgoiti Usansolo Herriak-eko bozeramaileak ibilbide honetan behin eta berriz errepikatu duen bezala, “Usansolo bazen herria, orain udalerria eraikitzea dagokigu”. Ez da hau albisteak eragin duen erreakzio bakarra izan, inondik inora, soka luzea eta oihartzun handia eragin baitu berriak baita Hego Uribetik kanpo ere.
Udal gobernua, hamarkadetako korapiloaren askatzaile
Baieztapen ofiziala ezagutu bezain pronto, Eh Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeek osatzen duten Galdakaoko Udalak oharra kaleratu zuen: “Euren herri izaera aldarrikatzen eta udalerri gisa eratzeko eskaera egiten hamarkadak egon ondotik, lau urtetan askatu da korapiloa. Horixe da Galdakaoko Udalak 2019an egindako apustu garbiaren emaitza. Hain zuzen, Usansolotarren nahia entzun eta haien erabakia errespetatzeko apustua egin zuen Galdakaon gobernu aldaketa izan zenean. Ariketa demokratiko hori amaieraraino eramateko lan handia egin du ordutik Udal gobernuak, eta elkarlan horretan jarraituko du orain ere”.
Egindako lanaz poza agertzeaz harago, etorkizun hurbilean eman beharreko pausoak ere zehaztu ditu Udalak: “Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egonik, Usansoloko Udala eratzea dagokio orain udalerriari. Egun Galdakaoko Udalaren esku dauden zerbitzu asko Usansoloren esku uztea esan nahi du horrek, eta gradualki egingo da eskualdaketa, orain arte bezala Galdakao eta Usansoloren arteko elkarlanean, naturaltasunez eta adostasun etengabean”.
Hori horrela, Galdakaoko alkateak eta Usansoloko Kudeaketa Batzordeko lehendakariak orain arteko elkarlan estuan jarriatuko dutela zehaztu dute, “eskumenak eskualdatzeko luze joango den prozesuan”. Galdakaoko Udalak, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatzen duten Arbitraje Batzordea datozen egun edo asteetan batuko dela “aurreikusten” dute.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, bere aldetik, bideoa zabaldu zuen bere sare sozialetan, 2019an gidatzen zuen udal gobernuak “hogeitamar urtez blokeatuta egon den prozesuari bide” eman ziola nabarmenduz. Horretarako, “ariketa demokratiko itzela” bultzatu zutela azpimarratu du, 2022ko martxoaren 27an Usansolon egin zen galdeketa hizpide hartuta: “argi geratu zen Usansolotarren nahia zein den”. “Orain arte lanean egon gara, lanean dihardugu, eta lanean jarraituko dugu” borobildu du.
Bere alderdiak ere, kasu honetan Usansoloko EH Bilduk, oharra kaleratu zuen, hamarkada luze hauetan lanean aritu direnen ekina goraipatuz: “Usansoloko EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkizuegu, oztopoz beteriko bide luze baino oparo honetan, zuen hondar aletxoa jarri duzuen guztioi; 1988. urtean Usansolo herria zela aldarrikatzen hasi eta lehen pausoak eman zenituztenoi, indar politiko gehienek beste albo batera begiratzen zuten bitartean, segregazio prozesua bizirik mantendu zenutenoi, 2011. urtean Usansolo Herria plataforma sortu eta geroztik usansolotarren hitza instituzioetara eraman duzuenoi, eta nola ez, 2014an, herritik sortua zen galdeketa antolatu eta aurrera eraman zenuten guztioi”.
Usansolo Herria, inoiz baino herriago
“Hilabete luze eta gogorrak izan dira, baina lankidetza jarraiari esker, Usansoloko Udalerria Udalerrien erregistroan inskribatzea lortu dugu. Berri ezin hobea da, onarpen horren ostean, udalerri bezala martxan jartzeko aukera dugulako %100ko ehunean. Orain arteko aurrelanketek lagunduko badute ere, guztion lana eta gogoak ezinbestekoak dira nahi dugun Usansolo lortzeko”. Hori izan zen Usansolo Herriak-ek sare sozialetan zabaldu zuen mezua.
Pozarren agertu ziren euren kideak egun osoan zehar, eta elkarretaratzea egitera gonbidatu zituzten herritarrak arratsalde parterako. Aurrera begira, ospakizun handi bat iragarri dute. Datozen hilabeteei begira galtza bete lan izango dutela jakin arren, helburua argi daukate, tipi-tapa aurrera jarraitzea, “Usansolo udalerri moduan kudeatu arte”. Zentzu horretan, gogoratu behar da Kudeaketa Batzordeak bere horretan jarraituko duela hurrengo Udal Hauteskundeak ospatu arte, 2027an.
EAJ akuilu Espainiako Kongresuan
Oposizioko alderdien aldetik, EAJk zorion mezua helarazi nahi izan zien “Usansoloko herritar guztiei, Usansolok Bizkaiko 113. udalerria bezalako toki-erakundeen erregistroan izena eman ondoren. Era berean, zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten alderdi guztiei, besteak beste, herritarrei, baita Bizkaiko Foru Aldundiari eta parte hartu dugun gainerako eragile eta indar politikoei ere, prozesua gauzatzeko eta, aldi berean, gure foru-arauaren eskumena baliarazteko”.
Jeltzaleek, bidenabar, Foru Aldunditik eta Espainiako Kongresutik euren taldeak egindako lana goraipatu zuten, gogoraraziz EAJk lortu zuela Ministroen Kontseiluak onestea Usansolo udalerri gisa eratzeko behar diren lege aldarazpenak egitea.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia, pozarren
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ere zorion hitzak izan zituen usansolotarrentzat atzo argitaratutako bideoan: “Hasiera-hasieratik zabalkundea egin genuen herritarrek Usansolo beste udalerri bat izan zedin egindako eskaeraz, eta, aldi berean, geure foru-arauak ematen digun eskumena baliarazi dugu. Pozik egoteko eguna da.”
Etxanoberen iritziz, “prozesu hori behar bezala burutu da, ondo, Usansolo Bizkaiko beste udalerri bat bilakatuta. Prozesu luzea izan da, eta hura bultzatuz Aldundiak defendatu egin du foru-araudia, geure eskumena, eta horrekin bete ditu Batzar Nagusien mandatua eta herritarrek adierazitako borondatea, beharrezkoa izan den lekuan eta berme guztiekin”.
☉ Usansolo
Galdakao-Usansolo ospitaleko metro geltokia eraikitzeko lanak apirilean hasiko dituzte
Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak atzo jakinarazi zuen Usansolok geltoki bakarra izango duela metroaren 5. Linean: ospitalaren ondoan eraikiko dutena

Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu zituzten atzo Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.
Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalearen artean dauden 6,3 kilometroetatik dagoeneko 1,2 kilometro luzerako tunela hondeatu dute, tunel osoaren % 20a.
Gaur egun, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian, eta geltokiko sarbideak ere ari dira egiten.
Eta, atzoko bisitan obrako teknikari batek zehaztu zuenez, eta Deia egunkariak publikatu duenaren arabera, ospitaleko metro geltokia eraikitzen hasteko lanak apirilean hasiko dituzte.
Geltoki bakarra Usansolon
Garcia Chueca sailburuak atzo jakinarazi zuen Usansolok geltoki bakarra izango duela metroaren 5. Linean, ospitalearen ondoan eraikiko dutena, hain zuzen.
“Usansolok beste geltoki bat izateko baldintza teknikoak ez dira betetzen”, esan zuen: “Ez dugu itxaropen faltsurik sortuko”.
Ildo horretan, Mugikortasun sailburuak ziurtatu zuenez, “proiektuak Usansoloren eskaera gehienei erantzun die”, eta geltoki berria Euskotrenen egungo geltokia baino “modernoagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa” izango dela azpimarratu zuen.
Usansoloko herritarrak, ordea, ez daude erabaki horrekin pozik. Eta horren adibide da azken bi urteetan egin dituzten protestak, elkarretaratzeak eta manifestazioak.
Geltokia Erdigunean plataformak ospitaleko geltokiaz gain, herri erdigunean beste geltoki bat egotea aldarrikatzen du: “Ospitalerako programatutako geltokia Usansoloko erdigunetik urrun egongo da, ez da irisgarria izango. Gainera gauetan puntu beltza eta arriskutsua izango da”.
Plataformatik euren haserrea azaldu zuten atzo: “Udalerri oso baten mugikortasunari argi eta garbi kalte eragiten dion proiektu bat ez litzateke entzuteko eta kontrastatzeko prozesurik gabe aurrera atera behar”.
Otsailaren 3an kontzentrazioak egingo dituzte San Nikolas Plazan, Euskotreneko sarreran (10:30etik 11:00etara), Sabin Etxean (11:15etik 11:45era) eta Bizkaiko Foru Jauregian (12:00etik 12:30era).
“Plataforman ez gara geldituko erdiguneko geltokia lortu arte, beraz, otsailaren 3an, Bilbora hurbilduko gara beste behin. Aldundiak ez du gure bilera-eskaera erantzun eta bada garaia entzun gaitzaten. Ea haien atean izanda erantzuteko grina duten”, esan dute plataformatik.
☉ Usansolo
Geltokia Erdigunean: «Udalerri baten mugikortasunari kalte egiten dion proiektu bat ezin da herriari entzun gabe egin»
Bizkaiko Foru Aldundiarekin bilerak “maiz” eskatu arren, erantzunik ez dutela jaso salatu du Geltokia Erdigunean plataformak

Gaur goizean Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu dituzte Usansolon.
Bertan adierazi dute obrek aurrera darraitela eta ETSk dagoeneko Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko tunel osoaren % 20 hondeatu duela.
Ahaldun Nagusiaren bisita dela eta, Usansoloko Geltokia Erdigunean plataformak komunikatua publikatu berri du.
“Geltokia Erdigunean plataformatik maiz eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiteko espazio bat. Jasotako erantzunak isiluneak baino ez dira izan. Batzar Nagusien bitartez lan-mahai bat sortzeko egindako ahaleginek ere ez dute fruiturik eman. Argudioa: Aldundiak ez duela eskumenik Metroaren 5. lineako obretan”, esan dute, eta gaineratu dute: “Egitateek, ordea, beste zerbait frogatzen dute. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia Usansolora hurbildu da gaur, abisurik edo komunikaziorik gabe, Metroaren obrak ikuskatzeko. Ez hori bakarrik, geroago adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, eta obraren xehetasunak zehaztu”.
Ildo horretan, Geltokia Erdigunean plataformako kideek adierazi dute Aldundiak “ahotsa” duela proiektuan: “Kontrakoa defendatzea gezurra esatea da, Aldundiak berak bere ekintzekin berresten duen errealitatea ezkutatzen saiatzea. Ez dugu ahaztu behar aurreko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Metroaren 5. linearen hasierako aurkezpenean, Usansolok erdigunean geltoki bat mantentzen zuen proiektu bat aurkeztu zuela”.
Plataformatik euren haserrea azaldu dute: “Udalerri oso baten mugikortasunari argi eta garbi kalte eragiten dion proiektu bat ez litzateke entzuteko eta kontrastatzeko prozesurik gabe aurrera atera behar”.
Eta, berriro bilera bat eskatuko dute Aldundiarekin: “Espero dezagun oraingo honetan gutxienez erantzun bat emateko prest egotea”, esan dute.
“Gardentasunaz eta herritarren parte-hartzeaz hitz egiten denean, gertaerak dira garrantzitsuak. Ikus dezagun ea Aldundia prest dagoen hauteskunde-kanpainetan agindutakoa betetzeko”, gaineratu dute.
Bien bitartean, Geltokia Erdigunean plataformak protestekin eta elkarretaratzeekin jarraituko du: otsailaren 3an kontzentrazioak egingo dituzte San Nikolas Plazan, Euskotreneko sarreran (10:30etik 11:00etara), Sabin Etxean (11:15etik 11:45era) eta Bizkaiko Foru Jauregian (12:00etik 12:30era).
“Plataforman ez gara geldituko erdiguneko geltokia lortu arte, beraz, otsailaren 3an, Bilbora hurbilduko gara beste behin. Aldundiak ez du gure bilera-eskaera erantzun eta bada garaia entzun gaitzaten. Ea haien atean izanda erantzuteko grina duten”, esan dute plataformatik.
☉ Usansolo
Usansoloko udaletxea izango dena birmoldatzeko lanak hasiko dituzte otsailean
Otsailaren 3tik aurrera debekatuta egongo da Pertxin Bidea kaleko 7-9 atarien arten aparkatzea

Usansoloko udaletxea Arlo Baltza plazako 3-4 zenbakian egongo da. Udalak 2024ko uztailean erosi zituen udaletxea hartuko dituen lokalak 650.750 euroan.
Bi solairu izango ditu, guztira 710 metro karratu, eta berritze lanen ostean bertan izango dira udal administrazioaren bulego eta espazio guztiak.
Obrak laster hasiko dituzte, eta horretarako, Pertxin Bidea kaleko 7. eta 9. arteko zatia aldi baterako okupatu egingo dute.
Agustin Aizpuru alkateak bando batean jakinarazi duenez, otsailaren 3rako debekatuta egongo da bertan aparkatzea.
“Otsailaren 3rako, seinaleztatutako plazek ibilgailurik gabe egon beharko dute. Debekatuta dago plaza erreserbatuetan aparkatzea, seinalearen arabera”, dio.
Udaletik ez dute zehaztu zenbat denbora egongo den bidea okupatuta, baina alkateak barkamena eskatu die herritarrei eragozpenengatik.
Etorkizunean udaletxeak beste espazio bat izango balu lokal horiek bestelako udal erabilera batera bideratuko lirateke.
☉ Usansolo
Korrikaren 24. edizioa aurkezteko “showa” antolatuko dute Usansolon urtarrilaren 30ean

Martxoaren 19tik 29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].
Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEKk Usansolon. Urtarrilaren 30ean, ostiralez, izango da Unkinako frontoian 19:30ean.
Eta, Galdakaon bezala, aurkezpena egiteko “showa” prestatuko dute Jon Oleak eta Ander Chamizok.
Aurkezpena eta gero luntxa egongo da eta Korrikako arropa salgai jarriko dute.
☉ Usansolo
Laminarrietako aparkalekuko 48 plaza esleitzeko zozketa egingo du Usansoloko Udalak
Laminarrietako aparkalekuan dauden udal-garajeko plazen errentamendu-eskaera egin dute 66 herritarrek eta horregatik zozketa egingo du Udalak

2025eko azaroaren 24tik abenduaren 26ra bitartean Usansoloko Udalak Laminarrietako aparkalekuan dauden udal-garajeko plazen errentamendu-eskaerak aurkezteko epea zabaldu zuen.
Guztira 48 plaza eskaintzen ditu Udalak eta eskaerak 66 izan dira. Eta eskaera kopurua eskaintza baino handiagoa denez, zozketa egingo du laster Udalak Laminarrietako aparkalekuko 48 plazak esleitzeko.
Usansoloko Udalak urtarrilaren 12an publikatu zuen Laminarrietako aparkaleku-plazak esleitzeko prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
Eskaera guztietatik bostek ez dituzte baldintzak betetzen—gidabaimena ez aurkezteagatik edo gidabaimena indarrean ez egoteagatik, besteak beste—.
Hala ere, hamar egun balioduneko epea zabaldu du Udalak eskabideak zuzentzeko, urtarrilaren 23ra arte.








