☉ Usansolo
Laminarrieta Bideko plazako zoladura berrituko du Usansoloko Udalak
Udalak 23.500 euro inbertituko ditu obra horretan eta lanak otsailaren 18an hasiko dituzte

Laminarrieta Bidean dagoen plazako zoladura berrituko du Usansoloko Udalak. Lanak otsailaren 18an, asteazkenez, hasiko dituzte.
Obrak egiteko ezingo da bertan aparkatu eta Udalak eskatu du aparkaleku guztiak libre uztea otsailaren 18rako.
“Lanak hasi aurretik ibilgailuak erretiratzeko eskatzen zaie herrtarrei. Euren laguntza eskatzen dugu eta barkamena eskatzen dugu jarduera honek sor ditzakeen eragozpenengatik”, dio Agustin Aizpuru alkateak.
Usansoloko Udalak 23.500 euro bideratuko ditu egokitzapen-lan horiek egiteko. Obrak Zamakoa SA enpresak burutuko ditu.
☉ Usansolo
ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala
Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin dira eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra

Usansoloko Udaleko lehen hauteskunde sindikalak egin zituzten atzo, eta ELA izan da prozesuan parte hartu duen bakarra. Horrela, ELA izango da Usansoloko Udaleko langileen ordezkari sindikala.
Besteak beste, plantilla indartzeko lan egingo duela adierazi dute ELAko ordezkariek, eta eskerrak eman dizkiete udaletxeko langileei “sindikatuarengan jarritako konfiantzagatik”.
“Era berean, Udalhitz akordioa hobetzeko dinamikan eta martxoaren 17ko greban parte hartzera animatzen ditu langileak, guztien artean, hemen, Euskal Herrian, langile publikoen lan-baldintzak erabaki ahal izateko”, diote.
ELAk bigarren ahaleginean lortu du ordezkaritza sindikala Usansoloko Udalean. Izan ere, lehen hauteskundeak egin ziren, baina errepikatu egin behar izan dituzte: “Aurreneko hauteskunde horietan ere ELA bakarrik aurkeztu zen, baina ordezkaritza lortu zuenak postua lortu zuen beste udalerri batean eta horregatik errepikatu behar izan dira hauteskunde sindikalak Usansolon”, azaldu diote ELAko ordezkariek GEURIAri.
☉ Usansolo
Amets Arzallusekin eta Sustrai Colinarekin Bertso Afaria antolatu dute martxoan Usansolon, Korrika Kulturalaren barruan
Usansoloko Bertso Eskolako ikasleen eta Usgaldu gaiteroen eta buruhandien emanaldia ere izango da martxoaren 6an prestatu duten egitarauan

Gero eta gutxiago falta da 24. Korrika abiarazteko, eta eguna iritsi aurretik (martxoaren 19an hasiko da Atharratzen, Hego Uribe eskualdetik hilaren 27an igaroko da eta hilaren 29an amaituko da Bilbon), hamaika ekintza antolatuko dituzte eskualdean.
Usansolon martxoaren 6an, ostiralez, izango da Korrika Kulturala. Usgaldu gaiteroek eta buruhandiek herritik kalejira egingo dute 19:30ean eta ondoren, 21:30ean Bertso Afaria egongo da Gure Etxean.
Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Usansoloko Bertso Eskolako bertsolariek hartuko dute parte eta Peio Molinuevo arrigorriagarra gai-jartzaile lanetan ariko da.
Bertso Afarirako tiketak salgai daude Gure Etxean 20 euroan. Langabetuek, jubilatuek eta ikasleek 15 euro ordainduko dituzte.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzua izango dutela esan du Hezkuntzak
Usansoloko ikasle baten amak otsailaren 12an GEURIAn salatu zuen DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango. Hurrengo egunean, ordea, mezua jaso zuten esanez garraio zerbitzua izango dutela

Galdakaoko Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek autobus zerbitzua izango dute datorren ikasturtean.
Usansoloko ikasle baten guraso batek GEURIAn salatu zuen Hezkuntza Sailetik esan zietela 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango instititura joateko ez itzultzeko ere.
Eta, salaketa GEURIAn publiko egin eta hurrengo egunean (otsailaren 13an) mezu bat jaso zuten gurasoek: “Bizkaiko Lurralde Ordezkariak adierazi digu datorren ikasturtean, 2026-2027, Usansoloko DBHko ikasleek garraio zerbitzua izango dutela”.
“Berri ona da, ikusi beharko da ea betetzen den eta zenbat urterako den. Momentuz, datorren ikasturterako jartzen du”, esan dio Usansoloko ikasle baten amak GEURIAri.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzurik ez dutela izango salatu dute
DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleei eragingo die neurriak. Batxilergoko ikasleek dagoeneko garraio publikoa erabiltzen dute institutura joateko

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu zirela horren berri eman genuen azaroan GEURIAn.
Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi dira eta Hezkuntza Sailaren dekretuaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek eskola-garraiorako eskubidea izango dute, baldin eta ikastetxearen eta bizilekuaren arteko distantzia 4 kilometrokoa edo gehiagokoa bada.
Laminarrietan, tren geltokiaren inguruetan, Oletxe kalean, Unkina plazaren ondoan edota Gorosibain bizi dira zortzi ikasle horiek.
Ikasleek azaroan bertan bideo bat publikatu zuten sare sozialetan oinez egin behar zuten bidea segurua ez dela argudiatuz.
“Metroko obrak zeharkatzen ditu, kamioi asko igarotzen dira, ez dago ondo argiztatuta, eta N-634 errepidea gurutzatu behar dute”, esan dio guraso batek GEURIAri.
Bideoa zabaldu orduko Hezkuntza Sailetik adierazi zuten arazoa konponduta egongo zela eta zortzi ikasle horiek garraioa izango zutela. “Eta orduan, gurasoak isildu ginen”, dio.
“Goizetan institutura joateko autobus gehigarri bat jarri zuten ikasle guztiak eramateko, baina arratsaldean, institututik irteteko ez zuten autobus gehigarri hori jarri eta zortzi ikasle horiei eskatu zitzaien institututik ordu erdi berandu irteten zen autobus bat erabiltzeko. Hau da, jantoki zerbitzuaren osteko autobusa erabiltzeko, nahiz eta zortzi ikasle horiek jantokian bazkaltzen ez gelditu”, azaldu du guraso horrek.
Gauzak horrela, gurasoak berriro hasi ziren mobilizatzen: “Jarri duten konponbidea ez da egokiena, ez du arazoa konpontzen eta gure seme-alabak berriro ere baztertu egiten ditu, ez dituztelako Usansoloko gainerako ikasleen eskubide berdinak”. Institutuko zuzendaritzan kexak jarri zituzten.
Eta handik gutxira, Hezkuntzatik erantzun bat jaso dute, baina ez espero zutena: “Hezkuntza Sailetik email bat jaso dugu esanez 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailek ez dutela autobus zerbitzurik izango”, salatu du. Ikasle horiek garraio publikoa erabili beharko dute Elexalde Institutura joateko.
“Datorren ikasturtean ez dira bakarrik zortzi ikasle izango: askoz gehiago izango dira. DBH3 eta DBH4 mailako ikasleez gain, Batxilergokoek ere garraio publikoa erabiltzen dutelako institutura joateko”.
Guraso honek GEURIAri azaldu dionez, 2025-2026 ikasturtean DBH3, DBH4 eta Batxilergoko Usansoloko ikasleak 117 dira, eta aurreikusi dute datorren ikasturtean gehiago izango direla. “Erakutsi nahi dugu ez dagoela garraio publikorik ikasle horiei guztiei zerbitzu emango diena: Bizkaibusek ez du horrenbeste jende hartzen, eta gainera, ikasleak ez diren beste batzuek ere erabili egiten dute Bizkaibusa”, dio.
Euskotren eta gero Galdabusa hartzea da beste aukera bat, baina etxetik “askoz lehenago” ateratzea suposatuko lieke Usansoloko ikasleei: “Galdabusa txikia da eta Galdakaoko ikasleek hartzen dute. Eurek hartzen duten autobusaren aurrekoa hartu beharko lukete”, dio.
“Autobus zerbitzurik gabe utzi gaituen dekretuan oinarrituz Usansoloko ikasleen egoera salbuespen egoera bat dela erakutsi nahi dugu. Usansolotik Elexalde Institutura joateko oinezko bidea segurua ez dela frogatu nahi dugu berriro —nahiz eta orain arte eraginik izan ez duen—, eta Usansolotik Galdakaora joateko erabili dezaketen garraio publikoa institutuaren ordutegiarekin bateragarria ez dela erakutsi nahi dugu”, zehaztu du.
Ildo horretan, Elexaldeko Guraso Elkartea, Usansoloko Udala eta guraso kaltetuak arazo horri irtenbidea emateko lanean ari dira: “Zein bide jorratu dezakegun aztertzen ari gara”.
“Herri osoa inplikatzeko garaia da. Momentuz ez dugu ekintzarik aurreikusi, baina, herriari bizi dugun egoera azaldu nahi diogu. Derrigorrezko hezkuntza publikoaz ari gara hizketan, eta herriari eragiten dion gaia da. Familiak jakitun gara, baina, informazio asko falta zaigu”, dio.
☉ Usansolo
Bideoa | Arratiako Koruak Usansolon eskaini dizkio koplak Santa Agedari

Arratiako Korua beste urte batez kalera atera da Santa Ageda bezperan. Eta dagoeneko badira 75 urte. Arratiatik ibilbidea egiteaz gain, Bilbon eta Hego Uribe eskualdean ere geldialdiak egiten ditu: Usansolon 10:15ean izan dira eta Galdakaon 20:40ean izango dira.









