☉ Zeberio
Kirol jardueretan izena emateko epea zabaldu dute Zeberion
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera

Irailaren 29a izango da Zeberioko heziketa fisikoan, muskulazioan eta mantentze-lanetan izena emateko azken eguna.
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera eta izena emateko 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Zeberioko Udaletik iragarri dute edukiera mugatua izango dela eta taldea betetzekotan, zozketa egingo dutela irailaren 29an bertan.
Ordutegiak | Zeberioko kirol jarduerak
17:00 – 17:55 Mantentze-gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze-gimnasia
☉ Zeberio
Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian
Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.
Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.
Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.
☉ Zeberio
Zeberioko mendizaleek asteburuko irteera antolatu dute Nafarroara, urrian
Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da. Beti bezala, aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Urriaren 4an eta 5ean Izaba aldera abiatuko dira Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak, Auñamendei/Anie tontorrera. Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da.
Izatez, Auñamendi eta Anie mendi berari ematen zaion izena da: Anie tontorra (frantsesez, Pic d ‘Anie), 2.507 metroko altuera duen Pirinioetako tontorra, Larrako eta Belaguako erreserba naturalen arteko mugan. Anie frantsesezko izena da, baita izen ofiziala ere. Auñamendi, ostera, mendiaren euskarazko izena da.
Irteera urriaren 4an egingo dute 07:30ean, Zeberioko plazatik. Anie/Auñamendi 2.500 metroko altuera gainditzen duen Pirinioetako lehen tontorra da, Kantauri itsasotik datorrena. Piramide-forma du eta Larrako karst ikusgarriak inguratzen du. Kareharrizko paisaia da, leize eta arrakala ugarirekin. Tontorretik dauden ikuspegiak ikusgarriak dira. Mendizaleek larunbatean egingo dute igoera hau.
Larunbateko aukeran dago ere Utziagañara igotzea (Zuberoa, 1.618 mt). El Ferial – Ütziagaña – Erraitzeko txabolak- Erraitzeko lepoa izango da oraingo honetan aukeran izango duten ibilbidea. “El Ferial iraupeneko eski estazioaren aparkalekutik bidexka bat irtetzen da. Hori bera jarraituz Ütziagaña mendi magalera iritsiko gara”, azaldu dute Austarritik. “Bide honetan zehar, kare harria oinarri duen formazio geologiko bitxi bezain interesgarriaz gozatzeko aukera izango dugu”.
Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke
Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke. Pinu beltz hauek harri biluzian ere bizitzeko gaitasuna edukitzeaz gain oso zuhaitz gogor eta zaharrak dira, batzuk 350 urte bizitzera hel daitezke. “Paisaia berezi honen azpian leize zein zima mugagabeak daude. Hori dela eta, ibilbide honen barnean dagoen bizitza ikaragarria da”.

Ardibidegainatik topa daitezkeen ikuspegiak // Inigocia, Wikiloc
Igandean, Ardibidegainara
Etxera itzuli baino lehen, igandean, ibilbide zirkularra egingo dute mendizaleek Izabatik bertatik irteten den bide batetik.
Lehenik Ardibidegaina gailurra zeharkatuko dute mendizaleek, bog labirinto batetik. Ondoan begiratoki bat dago, Nafarroako Pirinioetarako bista ederrekin. Ondoren, GRtik jarraituko dute ibilbidea, Armotoara igotzeko metro batzuk desbideratu arte.
Itzuleran GRaren arrastoei jarraituko diete eta Tejerias labea eta Ibón haitzuloa ikusteko aukera izango dute. Mendizaleak urriaren 5ean itzuliko dira Zeberiora, 20:00ak inguruan.
Izena emateko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Mendi Taldearen lokalean. Telematikoki egiteko aukera ere badago austarrimenditaldea@gmail.com helbidera e-posta idatziz edo 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
☉ Zeberio
Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek
Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.
“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.
Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek 665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.
☉ Zeberio
Telefono mugikorrari etekina ateratzeko tailerra prestatu dute adinekoentzat, Zeberion
Tailerra Hogarrean prestatu dute, irailaren 16an eta 18an, 17:00etatik 19:00ak bitartean

Zeberioko Udalak, Kutxabankeko ‘Herriz Herri’ programaren bidez, telefono mobila erabiltzeko egun biko tailerra prestatu du irailaren 16an eta 18an, Hogarrean, 17:00etatik 19:00ak bitartean.
Tailerrak operazio praktikoak egiten irakatsiko dizkie adinekoei: Whatsappa erabiltzea, BIZUMak egitea, Osakidetzako aplikazioa modu egokian erabiltzea… Ikastaroa doakoa da eta 946 481 079 telefonoaren bidez eman daiteke izena.
☉ Zeberio
Urtea amaitu baino lehen prest egongo da Zeberioko Ermitabarri auzoko pilotalekua
Udalak 70.000 euro bideratu ditu proiektu honetara. Espero dute pilotalekua 2025a amaitu baino lehen erabilgarri egotea

Uda igarota, Zeberioko Udalak Ermitabarriko frontoiko lanei ekingo die “urtea amaitu baino lehen pilotalekua prest egoteko, ondo bidean”. Horiek izan dira Ekain Goti Zeberioko alkatearen berbak. “Enpresa bati esleitu diogu proiektua eta asmoa datorren hilabetean lan egiten hastea da”.
“Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, azaldu zioten udal ordezkariek GEURIAri joan den urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu dute Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak. Udalak 70.000 euro bideratu ditu (BEZ barik) proiektu hau 2025a amaitu baino lehen burutu ahal izateko. “Asmoa eraikina bera eguneratzea da, laburbilduz”.

Frontoia, gaur egun // Geuria
Ermitabarriko frontoia eguraldi txarra egiten duen egunetan erabilezin zegoela nabaritu zuten joan den urtean udal ordezkariek eta euria egiten duen egunetan ura erretenetik iragazten da. Ondorioz, frontoiko zoruan putzuak egiten dira.
Lanek hilabeteko lanak izango izango dituztela aurreikusi dute Udaletik: “Ez da egitura osoaren lan handi bat izango, konponketa txikiak egitea baizik: aulkiak ipintzea, markagailu berria ekarri eta instalatzea… ziurrenik aldi berean lan egin ahalko dute gremioek, epeak arinduz”.