Hezkuntza
Iritzia / Ez naiz koipea ematera etorri

Zorionak ikasleon bihotzaren barren-barrenetik Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari eta bereziki Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko dekanotzari, denon ahotan dagoen pandemia kudeatzeko izandako gaitasunagatik. Ezingo dugu inoiz merezi bezala eskertu covid-19aren krisiaren mehatxupean izan zuten arintasuna, ezta gazteon ongizatea aintzat hartuta azterketak baztertu eta bestelako ebaluazio irizpideak erabiltzeko erabakia hartu izana ere. Estresa eta beldurra berezko zituen egoeraren aurrean, lasaitasuna eta konfiantza helarazteko helburuari heldu zioten, ikasle bakoitzaren etxeko egoeraz jabetu eta irakasle eta gazteen egonkortasun emozionala bermatzeko ahalegina eginez. Giro zail eta gogor honetan, ukaezina da unibertsitatearen lehentasuna ikasleok izan garela. Beraz, zoriontasun handiz ematen diot hasiera EHUren magalean igaroko dudan bigarren urteari.
Ez al da polita amestea? Aurretik idatzitako guztia egia izatea gustatuko litzaidake eta erabakiak hartzeko boterea izan dutenei hori entzutea, baina ez dut koipea emateko asmorik.
Historiako zorigaiztoko kapitulu hau hasi eta gizartea itxialdira eraman zutenean, ikasleok kosta ahala kosta ikasturtearekin aurrera jarraitzeko beharrean ikusi genuen gure burua. Konfinamenduan zehar guztiontzat ezaguna den ezinegonarekin bizi behar izateaz gain, ohiko egoeran jada estresagarriak diren beste gertaera batzuei egin behar izan genien aurre. Berrogeialdiaren ezaugarrietara irakasteko eta ebaluatzeko modua egokitu beharrean, gu geu behartu gintuzten egokitzera, materia kantitate bera eta nota jartzeko irizpide berdintsuak mantenduz. Horrela, ikasgai askotan arin jorratutako gaiak ulertzen eta buruz ikasten saiatu ginen, gainditzeko ezinbesteko giltza ziren azterketa horietako emaitza interneterako loturaren menpe zegoela jakinda. Izan ere, azterketen iraupena zurruna zen eta etxeko konexioak etenen bat izanez gero, proba egiteko denbora etengabe mugatzen zihoan arazoa konpondu bitartean. Horrez gain, ikasteko modu telematiko horrek, inoiz baino gehiago handitzen zuen ikasleen arteko arrakala, bakoitzaren eskuetan ez zeuden faktoreek baldintzatzen baitzituzten gazteak kontzentratzeko zuen isiltasuna, ordenagailu bat etengabe eskura izateko aukera eta espazio txiki batean giltzapetuta egoteak edo argi natural gutxi izateak berez sortzen duen egonezina besteak beste. Funtsean, klase sozialen arteko desberdintasunak areagotu egin ziren edo areagotu baino, inoiz baino nabariagoa izan zen gazte guztiak ez direla berdin bizi.
Lur jota bukatu genuen ikasturtea, baina uda ostean eta urte berriari hasiera ematekotan geundela, itxaropen izpi bat gordetzen genuen oraindik, kudeaketa hobetzeko eta egoera berriaren inguruan hausnartzeko denbora egon zelakoan. Usteak erdia ustel. Irailaren 7an izango zen aurrez-aurreko aurkezpena; 3an, aldiz, 15:30etan idatzi ziguten lehen astea online egingo genuela esanez. Irailaren 14tik aurrerako plana, ordea, ezezaguna da oraindik Letren Fakultateko irakasleentzat eta 2.109 ikasleentzat, gure bizitzak kolokan jarriz. Kontua da irakasleak eta ikasleok ez garela arduragabekeria hau pairatzen duten bakarrak, garbiketan eta mantenuan ari diren langileez eta familiez ezin baikara ahaztu. Eskerrak eman nahi dizkiet hauei guztiei.
Koipea ematea nire helburu ez den bezala, egurra ematen ere ez naiz grinatuko. Ataka honetatik ateratzea ez da erraza izango, baina hezkuntza eragile guztien arteko elkarlana da fruituak lortzeko dugun aukera bakarra. Baina gure jomuga ezin da izan lehengora bueltatzea. Erabil dezagun esperientzia latz hau hezkuntza hobea eraikitzeko. Guretzat eta ondoren datozenentzat.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzua izango dutela esan du Hezkuntzak
Usansoloko ikasle baten amak otsailaren 12an GEURIAn salatu zuen DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango. Hurrengo egunean, ordea, mezua jaso zuten esanez garraio zerbitzua izango dutela

Galdakaoko Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek autobus zerbitzua izango dute datorren ikasturtean.
Usansoloko ikasle baten guraso batek GEURIAn salatu zuen Hezkuntza Sailetik esan zietela 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango instititura joateko ez itzultzeko ere.
Eta, salaketa GEURIAn publiko egin eta hurrengo egunean (otsailaren 13an) mezu bat jaso zuten gurasoek: “Bizkaiko Lurralde Ordezkariak adierazi digu datorren ikasturtean, 2026-2027, Usansoloko DBHko ikasleek garraio zerbitzua izango dutela”.
“Berri ona da, ikusi beharko da ea betetzen den eta zenbat urterako den. Momentuz, datorren ikasturterako jartzen du”, esan dio Usansoloko ikasle baten amak GEURIAri.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzurik ez dutela izango salatu dute
DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleei eragingo die neurriak. Batxilergoko ikasleek dagoeneko garraio publikoa erabiltzen dute institutura joateko

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu zirela horren berri eman genuen azaroan GEURIAn.
Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi dira eta Hezkuntza Sailaren dekretuaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek eskola-garraiorako eskubidea izango dute, baldin eta ikastetxearen eta bizilekuaren arteko distantzia 4 kilometrokoa edo gehiagokoa bada.
Laminarrietan, tren geltokiaren inguruetan, Oletxe kalean, Unkina plazaren ondoan edota Gorosibain bizi dira zortzi ikasle horiek.
Ikasleek azaroan bertan bideo bat publikatu zuten sare sozialetan oinez egin behar zuten bidea segurua ez dela argudiatuz.
“Metroko obrak zeharkatzen ditu, kamioi asko igarotzen dira, ez dago ondo argiztatuta, eta N-634 errepidea gurutzatu behar dute”, esan dio guraso batek GEURIAri.
Bideoa zabaldu orduko Hezkuntza Sailetik adierazi zuten arazoa konponduta egongo zela eta zortzi ikasle horiek garraioa izango zutela. “Eta orduan, gurasoak isildu ginen”, dio.
“Goizetan institutura joateko autobus gehigarri bat jarri zuten ikasle guztiak eramateko, baina arratsaldean, institututik irteteko ez zuten autobus gehigarri hori jarri eta zortzi ikasle horiei eskatu zitzaien institututik ordu erdi berandu irteten zen autobus bat erabiltzeko. Hau da, jantoki zerbitzuaren osteko autobusa erabiltzeko, nahiz eta zortzi ikasle horiek jantokian bazkaltzen ez gelditu”, azaldu du guraso horrek.
Gauzak horrela, gurasoak berriro hasi ziren mobilizatzen: “Jarri duten konponbidea ez da egokiena, ez du arazoa konpontzen eta gure seme-alabak berriro ere baztertu egiten ditu, ez dituztelako Usansoloko gainerako ikasleen eskubide berdinak”. Institutuko zuzendaritzan kexak jarri zituzten.
Eta handik gutxira, Hezkuntzatik erantzun bat jaso dute, baina ez espero zutena: “Hezkuntza Sailetik email bat jaso dugu esanez 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailek ez dutela autobus zerbitzurik izango”, salatu du. Ikasle horiek garraio publikoa erabili beharko dute Elexalde Institutura joateko.
“Datorren ikasturtean ez dira bakarrik zortzi ikasle izango: askoz gehiago izango dira. DBH3 eta DBH4 mailako ikasleez gain, Batxilergokoek ere garraio publikoa erabiltzen dutelako institutura joateko”.
Guraso honek GEURIAri azaldu dionez, 2025-2026 ikasturtean DBH3, DBH4 eta Batxilergoko Usansoloko ikasleak 117 dira, eta aurreikusi dute datorren ikasturtean gehiago izango direla. “Erakutsi nahi dugu ez dagoela garraio publikorik ikasle horiei guztiei zerbitzu emango diena: Bizkaibusek ez du horrenbeste jende hartzen, eta gainera, ikasleak ez diren beste batzuek ere erabili egiten dute Bizkaibusa”, dio.
Euskotren eta gero Galdabusa hartzea da beste aukera bat, baina etxetik “askoz lehenago” ateratzea suposatuko lieke Usansoloko ikasleei: “Galdabusa txikia da eta Galdakaoko ikasleek hartzen dute. Eurek hartzen duten autobusaren aurrekoa hartu beharko lukete”, dio.
“Autobus zerbitzurik gabe utzi gaituen dekretuan oinarrituz Usansoloko ikasleen egoera salbuespen egoera bat dela erakutsi nahi dugu. Usansolotik Elexalde Institutura joateko oinezko bidea segurua ez dela frogatu nahi dugu berriro —nahiz eta orain arte eraginik izan ez duen—, eta Usansolotik Galdakaora joateko erabili dezaketen garraio publikoa institutuaren ordutegiarekin bateragarria ez dela erakutsi nahi dugu”, zehaztu du.
Ildo horretan, Elexaldeko Guraso Elkartea, Usansoloko Udala eta guraso kaltetuak arazo horri irtenbidea emateko lanean ari dira: “Zein bide jorratu dezakegun aztertzen ari gara”.
“Herri osoa inplikatzeko garaia da. Momentuz ez dugu ekintzarik aurreikusi, baina, herriari bizi dugun egoera azaldu nahi diogu. Derrigorrezko hezkuntza publikoaz ari gara hizketan, eta herriari eragiten dion gaia da. Familiak jakitun gara, baina, informazio asko falta zaigu”, dio.
☉ Galdakao
Erreportajea | Eskola txikiak, altxor handia ikasleentzat
Aurrematrikulazio epea zabaldu dute ikastetxe publikoek otsailaren 13ra arte. GEURIAn Aperribaiko eskola ezagutu dugu: txikia tamainan, handia hezkuntza eta zaintzan

Aperribai auzo txikian dago kokatuta Aperribaiko eskola publikoa, eta auzoaren izaera bera islatzen du: gertukoa, ezaguna eta familiarra. Azken urteetan matrikulazioaren beherakada izan du, Euskal Herri mailan gertatzen ari den jaiotza-tasaren jaitsierarekin bat, baina egoera horrek ez du bere hezkuntza-ereduaren muina aldatu. Kontran, indarguneak are gehiago azpimarratu nahi dituzte: arreta pertsonalizatua, komunitate-giro sendoa eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jartzen dituen eskola-eredua. Gaur egun, 66 ikasle daude matrikulatuta, Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara, eta Aperribaiko eskola auzoko erreferente izaten jarraitzen du.
Aperribaiko eskolaren egunerokoa ulertzeko, haren tamaina eta testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa da. Maite Mellado Iglesias zuzendariaren arabera, “oso eskola txikia da, oso familiarra, eta auzoko erreferentea da. Azkenean, auzoarekin lankidetza handia egiten dugu eta komunitate polita gara”.
Ikasleen gehiengoa auzokoa bada ere, Galdakaotik eta Bilbotik etorritako familiak ere badaude, bereziki eskola-ereduaren ezaugarriek erakarrita. Eta zuzendariak eman duen arrazoia argia da: “Bilbon dauden ikastetxe gehienak nahiko handiak dira, ume askorekin; guk, ordea, ume gutxi ditugu eta gela bakoitzean 12-15 ikasle inguru baino ez daude. Ematen den arreta oso pertsonalizatua da”. Gainera, bikoizketak egiten dituztenean, taldeak are txikiagoak dira: “Askotan gehienez hamar ume daude gela bakoitzean. Eta hori ia eskola partikularra ematea da”.
Zuzendaritza taldeak eta irakasleek ikasle guztiak eta familia guztiak ezagutzen dituzte: “Denon izen-abizenak dakizkigu, ume guztien egoeraren berri daukagu, eta horrek asko errazten du gure lana”, dio Maitek.
Gertutasun horrek konfiantza sortzen du familietan, eta hori da askok gehien baloratzen dutena. Esaterako, Bea Presa Saizek bere seme bikiak eramaten ditu Aperribai eskolara eta oso pozik dago bertan matrikulatu izanaren erabakiarekin: “Ez genuen soilik ikasteko zentro bat nahi; gure umeentzat erreferente bat nahi genuen, haurtzaroko oroitzapen on bat utziko diena”. Gehien baloratzen dutena tratu pertsonala da: “Hemen ume bakar bat ere ez da atzean geratzen; denak elkar ezagutzen dira, babestuak daude, eta erritmoa umeek eurek markatzen dute. Gainera, emaitza akademiko oso onak izaten ari da, hain zuzen ere, tratu pertsonalizatu horrengatik”.
Arreta emozionala eta baloreak
Hezkuntza akademikoarekin batera, arreta emozionala funtsezko ardatza da Aperribaiko eskolan. Banakako tutoretzak egiteko tartea dute, eta horien bidez ikasleekin bakarka hitz egiteko aukera: “Tutorea umearekin egoten da, etxean nola dagoen pixka bat ikertzen du, eskolan arazoren bat duen ikusten du, eta behar badu lagundu edo bideratzen du”, azaldu du Ioane Ozamiz Fernandez irakasle eta bigarren zikloko tutoreak.

Horrez gain, Bat Taldea izeneko bizikidetza positiborako taldea dute martxan: “Astean behin batzen da, egon daitezkeen arazo guztiak aztertzeko. Umeekin eta familiekin lantzen da, eta emaitza oso polita daukagu”, esan du zuzendariak. Eskola txikia izateak hemen ere abantaila argia dakar: “Normalean ez da ezer gertatzen gu ohartu gabe”, dio Maitek.
Ikasleen arteko harremanak ere modu berezian lantzen dituzte. Ziklo desberdinetako umeek elkarrekin harremantzen dira, eta nagusiek txikiei laguntzen diete egunerokoan. “Handiek normalean txikiei laguntzen diete, eta hori oso aberasgarria da; txikiek asko ikasten dute nagusiengandik”. “Txikiez arduratzeak erantzukizun eta gogobetetze rola ematen die nagusiagoak diren umeei, eta txikiek erreferente bat dute. Hemen etxean egotea bezala da, baina tamaina handiagoan”, dio Beak.
Balore horiek dira, hain zuzen ere, Aperribaiko eskolaren hezkuntza-proiektuaren oinarrietako bat. Ikasleei “bizikidetza, elkarbizitza positiboa, errespetua, enpatia, ardura, tolerantzia eta lankidetza” transmititzen dizkiete. “Guk helduok normalizatzen dugun heinean, eurek ere normalizatu egiten dute. Askotan egoerak azaldu eta beste egoera batzuekin konparatzen ditugu, eurek sentituko luketena ulertzeko. Baliteke izen teknikoa ez jakitea, baina barneko esanahia bai, eta hori da ikasi behar dutena”, azaldu du Ioanek.
Eskola, gainera, auzoari estu lotuta dago: “Gurasoek ekintzetan parte hartzen dute, ekintzak proposatzen dituzte, eta batzuetan ikastetxeak antolatutako irteeretara etortzen dira”, nabarmendu du Ionek. Guraso Elkartearekin, Aperribaiko Auzo Elkartearekin, Galdakaoko Udalarekin eta Behatokiarekin elkarlanean aritzen dira, eta Korrika bezalako ekimenetan edo auzoko Redes sare komunitarioan parte hartzen dute.
Proiektu berezien artean, Aperribaiko adinekoen egoitzarekin egiten dituzten jarduerak nabarmendu dituzte: “Hilean behin etortzen dira ikastetxera umeekin egotera”, azaldu du Maite zuzendariak: “Proiektu polit bat dugu Aperribaiko egoitzarekin: ume bakoitzari aitite edo amama bat tokatzen zaio eta gutunak idazten dizkiete eta gero egoitzara joaten dira irakurtzera eta haiekin hitz egitera”. Belaunaldien arteko lotura horrek balio hezitzaile handia duela azpimarratu dute. Horrez gain, liburutegiarekin, tailerrekin eta auzoko beste eragileekin ere harremana dute, eskola hormetatik harago doan hezkuntza ulertuz.
Erronkak: euskara, matrikulazioa eta ikusgarritasuna
2024tik aurrera zuzendaritza proiektu berria dute martxan, eta horren ardatz nagusietako bat euskararen sustapena da: “Euskara bultzatu nahi dugu, sustapena eta bultzada eman”, azaldu du Maitek. Gainera, irakurketan eta matematikarako konpetentzian bultzada bat ematen diete ikasleei. Hala ere, euskararen errealitatea konplexua dela aitortu du zuzendariak: “Gurasoek normalean erderaz hitz egiten dute; egia da badagoela euskara ikasteko prest dagoen jendea, baina gutxi da”, dio. Horri aurre egiteko, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean Berbontxi programa jarri dute martxan, jolasaren bidez euskara sustatzeko.
Matrikulazioaren beherakadak kezka sortzen du, baina egoera hori zerbait orokorra dela diote: “Beldur gara, bai, baina egia da Aperribaiko eskola bizirik dagoela eta bizirik mantenduko dela”, dio Maitek. Eta, irakasleen aldetik kezka beste kontu batetik dator: “Eskola txikia garela kontuan hartuta, irakasle gutxiago gaude eta rolak askoz pisuagoak dira”, azaldu du Ioanek: “Adibidez, seigarren mailako tutore batek edo gorputz hezkuntzako espezialista batek tutore izan behar du aldi berean, edo idazkaria berrikuntza arduradun edo jantoki arduradun izan behar da”. Eskola handiekin alderatuta, baliabide gutxiago dituzte, eta edozein hutsune edo bajak zailtasunak sortzen dizkie: “Lan-karga gero eta handiagoa da, eta horrek zaildu egiten du denera iritsi ahal izatea. Hala ere, familia bat garenez, elkarri lagundu eta aurrera egiten dugu”, dio Ioanek. Horrek guztiak beldurra ere eragiten du, inguruan beste ikastetxe batzuk fusionatu edo itxi dituztela ikusita —Basaurin, Soloarte eta Etxegarai, kasu—, baina momentuz ez dute horrelako egoerarik aurreikuspen Aperribaiko eskolan.
Hala ere, mezua argia da: “Gure erronka orain jendeak gure eskola ezagutzea da”. Helburua da erakustea “gauzak oso ondo egiten direla eta umeak oso ondo zainduta daudela”. “Gurasoak animatu nahi ditugu umeak hona ekartzera, benetan ondo egongo direlako. Eskola txikiak existitzen gara, eta diamante bat gara umeen hezkuntzan”, dio Maitek.
Otsailean aurrematrikulazio epea zabalik dagoen honetan, gonbidapena zuzena da: “Etorri, ikusi eta ezagutu”. Galdakaotik, Basauritik, Etxebarritik edo Bilbotik datozen familientzat ere ateak zabalik daude. Aperribaiko eskolan, txikitasuna ez da ahulezia, hezkuntza-eredu baten oinarri sendoa baizik.
☉ Galdakao
Galdakaoko 200 ikaslek enpresa munduari buruzko topaketan parte hartu dute

Galdakaoko Udalak ekintzaileen eta ikasleen arteko topaketa antolatu zuen urtarrilean enpresa mundua ikasgeletara hurbiltzeko.
Topaketaren helburua izan zen kultura ekintzailea hezkuntza eremura hurbiltzea eta Galdakaoko Lanbide Heziketako zentroen eskainitza ezagutaraztea.
Bengoetxe eta Elexalde institutuetako eta Eguzkibegi Ikastolako ikasleek hartu zuten parte topaketan, eta Andra Mari Lanbide Heziketa eta Ostalaritza Eskolako ikasleek egin dituzten Ikasenpresa proiektuak aurkeztu zituzten. Guztira 200 ikaslek hartu zuten parte topaketan.
Ekitaldian zehar Ostalaritza Eskolako ikasleek proiektu gastronomiko originalak aurkeztu dituzte, hala nola, menpekotasun egoeran dauden pertsonentzako janari zerbitzua, opilgintza historiko-joko proiektua eta etxe-animalientzako gozoki berritzaileak.
Bestalde, Andra Mari LHko ikasleek nortasun sozial nabarmena duten proiektuak aurkeztu dituzte: material birziklatuak erabiliz egindako bitxiak, adimen artifizialean oinarritutako Alzheimerra duten pertsonentzako laguntza-sistema, betaurrekoan integratua; eta txakur-robot solidarioa. Azken honen irabaziak minbizia duten haurrekin lan egiten duen Pink Force Foundation fundazioari bideratuko dizkiote.
Ekintzaile lokalak
Era berean, Cristina Caballero eta Erlantz Agirre herriko ekintzaile lokalak izan ziren topaketan.
Caballero ‘Viaja mas por menos’ proiektuaren sortzailea da, eta Agirrek ‘Facilitame’ proiektua sortu du. Biek euren esperientziak azaldu zizkieten ikasleei, eta ideiak proiektu erreal bihurtu daitezkeela adierazi zieten.
Jardunaldia Galdakaoko LHko zentroen instalazioetara bisita gidatuarekin amaitu zen. Bertan, ikasleek Ostalaritza Eskolako eta Andra Mari zentroko gelak eta tailerrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.
☉ Basauri
Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak
Prozesua 2026-2027 ikasturtean garatuko da. Soloarteko ikastetxea Bigarren Hezkuntzarako institutu bezala mantenduko da eta Lehen Hezkuntzako ikasleak Etxegaraira eramango dituzte

Eusko Jaurlaritzak adierazi berri duenez, ikastetxeak Bizkaian integratzeko sei prozesu bultzatuko ditu, “hezkuntza-proiektuak indartzeko eta segregazioari aurre egiteko”.
Besteak beste, neurri honek Soloarte ikastetxeari eragingo dio. Izan ere, Hezkuntza Sailetik zehaztu dutenez, Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratuko dituzte.
“Soloarteko ikasleak pixkanaka berrantolatuko dira Jose Etxegarai ikastetxerantz”, esan du gaur goizean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hau da, Soloarteko Lehen Hezkuntzako ikasleak Etxegaraira eramango dituzte.
Soloarteko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Sailak adierazi du Soloarten bertan mantenduko dutela. Hortaz, ikastetxe integral izatetik institutu izatera igaroko da.
Irakasleei dagokienez, lanpostu finkoa daukatenek jarraituko dute euren jarduna. Prozesua 2026-2027 ikasturtean garatuko da.
“Errealitate partekatuak”
Hezkuntza Sailetik zehaztu dutenez, iragarritako prozesuak Bizkaiko hainbat ikastetxek partekatutako errealitatean oinarritzen dira, “hala nola, hezkuntza-konplexutasunaren indize altuak, ikasleen osaera sozioekonomikoaren desorekak, matrikulazioen eta taldeen galera jarraitua eta matrikula oso baxuak, kasu batzuetan 60 ikasletik beherakoak”.
Egoera horren aurrean, Hezkuntza Sailak hurbileko ikastetxeak integratzearen alde egin du, “hezkuntza-komunitate zabalagoak eta kohesionatuagoak sortuz, hezkuntza-baliabideak eta kalitatezko hezkuntza-proiektuak eskaintzeko gaitasun handiagoa dutenak”.
Ikuspegi pedagogikotik, integrazio horien helburua da ikasleek ikasteko eta elkarrekin bizitzeko aukera gehiago izatea. “Gela batean, adibidez, 5 haur baino ez daudenean, ikaskideen arteko hartu-eman gutxiago dago, eta zailagoa da taldean lan egitea edo proiektuak garatzea. Integrazioarekin, talde anitzagoak eta orekatuagoak sortzen dira, harremanak zabaltzen dira eta ikasleen ongizatea indartzen da, irakasle-talde egonkorragoekin eta laguntza gehiagorekin”, dio Pedrosak.
12 ikastetxe
Basauriko Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratzeaz gain, Bilboko, Getxoko eta Leioako beste ikastetxe publikotan ere garatuko ditu prozesuak Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 12.
Bilbon, Ingeniero Orbegozo eta Gabriel Aresti, Tomas Camacho eta Maestra Isabel Gallego Gorria, eta Deusto HLHI eta Deustuko Ikastola bateratuko dituzte.
Getxon, Larrañazubi eta San Ignacio integratuko dituzte, eta Leioan, Lamiako eta Artaza Piñueta.
Begoña Pedrosa sailburuak azpimarratu duenez, “ez dira bat-bateko erabakiak, aldez aurretik egindako azterketa- eta elkarrizketa-lan baten emaitza baizik. Lan horretan, bilerak egin dira zuzendaritza-taldeekin, klaustroekin eta familia-elkarteekin”.
“Lehentasuna beti da ikasleen interes hezitzailea eta proiektu partekatuak eraikitzea, prozesu osoan hezkuntza-komunitateei entzunez eta lagunduz”, gaineratu du Pedrosak.
Hezkuntza Sailak lanean jarraituko du, baita udalekin koordinatuta ere, hezkuntza-azpiegituren etorkizuneko erabileraren plangintzan, udalerri bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzu publikoko espazioak izaten jarrai dezaten.









