☉ Arrigorriaga
Roberto Noval: “Espetxearen mamuarekin bizi gara gu eta gure hurbilekoak”
Irailaren 16an Euskal Herriko 47 lagun epaituko dituzte Madrileko Auzitegi Nazionalean, 11/13 sumarioaren baitan. Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadiko kide ohiak dira auzipetuak, baita bitartekari zein abokatu lanetan jardun duten herritarrak ere.

Irailaren 16an Euskal Herriko 47 lagun epaituko dituzte Madrileko Auzitegi Nazionalean, 11/13 sumarioaren baitan. Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadiko kide ohiak dira auzipetuak, baita bitartekari zein abokatu lanetan jardun duten herritarrak ere. Erakunde armatuko kide izatea eta terrorismoa goratzea egozten dizkiete akusatuei, eta fiskalak 601 urteko espetxe-zigor eskaera egin du denera. 2013 eta 2015 urteen artean atxilotutako 47 lagunek zortzi eta hogei urte arteko espetxealdi zigorrei egin behar diete aurre.
Roberto Noval arrigorriagarrak hamahiru urte eta erdiko zigor eskaera jaso du fiskalarengandik. 2013an atxilotu zuten, Herrirako kide izateagatik, eta sei urte pasa ditu epaiketaren eta espetxearen mamuarekin. Novalek esker hitzak izan ditu “euskal presoenganako elkartasunaren kriminalizazioa” salatzeko antolatu diren dinamikengatik, baita denbora tarte honetan jaso dituen animo mezuengatik ere. Kezkatuta azaldu da Madrilen espero duen epaiketarengatik, “gu epaituak izateagatik baino, presoen auzian Estatuak konponbiderako erakutsi duen blokeo sistematikoaren aldeko jarrera berretsi dezakeelako”.
Nolatan zaude 11/13 epaiketan auzipetuta?
Herrirako kide aktiboa nintzen. Bizkaian aritzen nintzen batez ere, bozeramaile lanetan. Preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiten genuen guk: eskubideen urraketak salatu, mobilizazioak antolatu, sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta prentsaurrekoak egiten genituen. Oso egoera politiko berezi baten baitan jaio zen Herrira, 2011n ETAk borroka armatua utzi eta gero. Testuinguru berri horretan, egoerak eskatzen zuen konponbiderako fasea artikulatuko zuen taldea sortzea zen gure helburua. Lan publikoa egiten genuen, gure jarduna euskal preso eta iheslariek bizi zuten egoera gizarteratzea baitzen. Helbururik behinena, gatazkaren konponbiderako ekarpena egitea zen, presoen alorrari lotutako sufrimendua gainditzearen aldeko apustu bat. Hori izan da gure lana eta horregatik gaude epaiketaren zain.
Zelan gertatu zen atxiloketa?
Astelehenero Hernanin Herrirako kideok egiten genuen bileretako batean gertatu zen. Guardia Zibilak mahai-nazionala deitzen dio batzar horri, baina egiatan herrialde ezberdinetako arduradunen batzarra baino ez zen. Hernanin genuen egoitza, leku publikoa zen eta jende guztiak zekien hor geundela. 2013ko irailean, kurtso politikoa prestatzen ari ginela, Guardia Zibila agertu zen Hernanin: gure egoitzako atea bota eta metrailetekin eta txakurrekin sartu ziren barrura, armekin gugana apuntatuz. Nahiko atxiloketa bortitza izan zen, guztiz publikoa eta ezaguna zen batzarrean geundela kontuan hartzen badugu. Guardia Zibilek egun osoa eman zuten egoitza miatzen eta gu haiekin izan gintuzten operazioak iraun zuen bitartean. Intxaurrondoko kuartelera eraman gintuzten ondoren, eta Intxaurrondotik Madrilera. Hiru gau pasa genituen bertan, Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman gintuzten arte. Zorionez, atxilotutako gehienak momentuan bertan utzi gintuzten libre, 20.000 euroko fidantza ordaindu eta gero. Ordutik zeharo baldintzatuta bizi gara: hamabostero joan behar dugu epaitegira sinatzera eta Estatutik irteteko debekua ezarri digute. Halaber, preso eta iheslarien eskubi- deen defentsan aritzeko debekua jarri digute.
Zer egozten dizute zuri?
Herrirako kide izatea. Eta noski, Guardia Zibilarentzat ETAren parte da Herrira. Azken batean, Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak defendatzen duten “dena da ETA” teoriaren beste adierazpen bat izan da gure atxiloketa. Erakunde armatuko kide izatea leporatuta 11 urteko espetxe eskaera daukat nik, eta horrez gain, beste bi urte eta erdiko eskaera daukat ongietorriak antolatzeagatik. Herrira sortu zenetik atxilotu gintuzten arte, Euskal Herrian ospatu diren ongietorri guztien ardura egozten digute Herrirako kideoi.
Ba al zenuten atxiloketaren susmorik?
Gure artean komentatzen genuen poliziak gertutik jarraitzen gintuela, Herriran egiten genuena ondo baino hobeto ezagutzen zutela. Dena den, sortu berri zen testuinguru politiko horretan ez genuen espero horrelako sarekadarik etor zitekeenik. Borroka armaturik gabeko egoera berria bizi zuen Euskal Herriak eta gatazkaren konponbidearen baitan ilusioa zegoen jendartean. Hainbat gizarte eragilek eta alderdik presoen alorrean egin beharreko lana azpimarratu zuten, eta Herriran horretan ari ginen bete-betean. Estatuaren baitan, ordea, konponbiderako urratsik ez ematearen aldekoak egon dira beti, botere handikoak, eta uste dugu atxiloketen sarekada horien aginduz etorri zela.
Zelakoak izan dira azken sei urteak?
Lehenik eta behin, esan beharra daukat argi dudala egin nuen lana erabat zilegia izan zela. Ez gara lehenak izan euskal preso eta iheslarien alde lan egiten, eta zorionez, ez gara azkenak izan. Hala ere, urte hauek erabat baldintzatuta bizi izan ditugu, eta ez guk bakarrik, gure senideek, bikoteek eta lagunek ere bai. Batzuek azalpenak eman behar izan dituzte euren lantokietan. Hori izan daiteke errepresioaren alde ezkutuetako eta gogorrenetako bat, kanpotik ikusten ez den alde iluna. Buruan bueltaka duzu etengabe epaiketaren zain zaudela, egunen batean Madrilera joan beharko duzula. Fiskalaren espetxe zigor eskaera ezagutu nuenean, presioa areagotu egin zen eta ezinegona sentitzen dut sarritan. Emozionalki desorekatzen zaitu halako egoera batek, eta epe laburrera baino, gehiago kezkatzen naute luzera izan ditzakeen ondorioek. Atxilotuak izan diren lagunak ditut, kartzelaratuak eta torturatuak izan direnak, eta epe luzera sufritu dituzten gaitzak ezagutzen ditut.
Zer espero duzu datozen egunetan abiatzear den epaiketatik?
Euskal herritarrok, zoritxarrez, eskarmentu handia dugu Auzitegi Nazionalean eta badakigu han ez digutela ezer oparituko. Honek guztiak zerbaitetarako balio dezan nahi dugu, eta bi dira argi utzi nahi ditugun mezuak: lehena, euskal jendarteak jakin egin behar duela euskal preso eta iheslarien errealitatea zein den, euren eskubideen urraketa sistematikoa gertatzen dela maiz eta presoen afera konpontzeko egiten diren ahaleginak zapuzteko borondate politikoa existitzen dela Estatuan. Bestetik, oraindik ere kartzelaratuta eta deportatuta dauden 248 lagun daudela dispertsio eta salbuespen politiken eraginpean. Hori da planteatzen dugun benetako arazoa. Gure epaiketa egoera hori luzarazteko Estatuak egin duen beste saiakera bat baino ez da.
Kartzelaren beldur zara?
Noski. Epaiketaren zain zauden bitartean momentu latzak bizi dituzu zeure buruarekin eta baita zure ingurukoekin ere. Auzipetuok espetxearen mamua dugu parez pare eta gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta, finean, maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute. Egoera gogorra da beraz, ez dut ukatuko.
Egoera larria izanda, elkartasun mezu ugari jaso dituzu azkenaldian.
Maiatzean hasi genituen gizarteratze dinamikak eta oso eskertuta gaude herri ezberdinetan martxan jarri dituzten ekimen guztiekin. Elkartasuna beti izan da herri honetan landu eta indarra izan duen balorea, eta gure epaiketaren harira lortutako aktibazioa latza izan da. Arrigorriagan, adibidez, kamisetak, bazkariak, elkarretaratzeak eta hitzaldiak antolatu ditu Rober Herrian dinamikak, eta ez bakarrik Arrigorriagan, inguruko herrietan ere jendartearen beroa sentitu dut.
Irailaren 14an hitzordua Bilbon.
Manifestazioak bi mezu nagusi izan behar ditu: lehena, herrian 47ak bakarrik ez, preso eta iheslari guztiak herrian nahi ditugula ozen aldarrikatu behar dugu. Horretarako giza eskubideen eta konponbidearen aldeko urratsak ematea exijitu behar diegu arduradun politikoei. Bestetik, argi dugu Auzitegi Nazionalera joateko aurkezpen gutunik onena dela Bilboko kaleak jendez betetzea. Pertsonalki asko indartuko gaitu horrek eta epaiketara begira ere gure alde egin dezakeela uste dugu. Euskal gizarteak egin genuen lana babesten duela suposatuko luke horrek.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagan hasitako drogaren kontrako operazio batean 58 kilo kokaina atzeman ditu Espainiako Guardia Zibilak
Ikerketa iaz abiarazi zuten, Arrigorriagako AP-68ko ordainlekuan 58 kilo kokaina atzeman zituztenean kontrol batean

Espainiako Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak kokaina kopuru handiak garraiatzen zituen talde bat desegin dute.
Ikerketa iaz abiarazi zuten, Arrigorriagako AP-68ko ordainlekuan 58 kilo kokaina atzeman zituztenean kontrol baten ostean. Agenteek dozenaka pakete aurkitu zituzten ibilgailu baten atzealde bikoitzean ezkutatuta.
Polizia operazio honetan hiru pertsona atxilotu dituzte, Asturiaskoak. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
Beharrezko izapideak egin ondoren, atxilotuak Santoñako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte. Epaileak atxilotuetako bat espetxeratzeko agindua eman du, eta beste biei kautelazko neurriak ezarri dizkiete. Ikerketa oraindik ez dute itxi.
☉ Arrigorriaga
Boogie Riders, Uda eta Chuleria Joder! taldeek Arrigorriagako ‘Vispera del Cambio de Hora Fest’ jaialdian hartuko dute parte
Jaialdia Arrigorriagako Gaztetxean antolatu urriaren 24an, 21:30ean

Neguko ordutegira salto egin baino lehen, Arrigorriagako Soinuarri elkarteak ‘Vispera del Cambio de Hora Fest’ izeneko jaialdia antolatu du Arrigorriagako Gaztetxean, urriaren 24an.
Boogie Riders, Uda eta Chuleria Joder! taldeek kontzertuak eskainiko dituzte bertan. “Soinuarrilari, entzun! 24AN Txispun!”, iragarri dute elkartekoek. “Bueltan gara eta denboraldia hasteko urriaren 24an ‘Uda’, ‘Chuleria, Joder!’, eta ‘Boogie Riders’ taldeak Arrigorriagako Gaztetxeko oholtzara gonbidatu ditugu”.
Uda, Anderrek, Ibaik, Gaizkak eta Unaxek, osatzen dute eta Bizkaitik euskaraz abestutako Punk “freshkoa” dakartzate. Momentura arte hiru lan kaleratu dituzte: ‘Badatoz ez direnak joan’, ‘Ekaitza’ eta Uda’.
Chuleria, Joder! duela urte batzuk beste musika-proiektu batzuetan aritutako musikariek osatutako banda da. Taldeak estudioko lehen diskoa grabatu berri du Haritz Harreguy soinu teknikariaren gidaritzapean, eta lana ‘La Urbe’ izenpean argitaratu da. Punk-rock estiloko euskaraz eta gaztelaniaz abestutako abestiak sortzen dituzte. Antxon, Miryam, Alda eta Iratxe dira taldeko kideek osatzen dute.
Boogie Riders eskarmentu handiko arrigorriagako ‘power trioa’ da. “A bluesrock n’ roll soul band from Red Stone Valley”, Horrelaxe definitzen du bandak bere burua. Momentura arte ‘Highway Dagger‘ (2014) eta ‘Catch the wind’ albumak (2022) eta ‘Who’s gonna save your soul’ (2025) abestia kaleratu dituzte. Bidean geldialdi bi izan ditu bandak baina joan den uztailean iragarri zuten entsegu lokalean jo eta su ari zirela eta hirugarren album bat bidean dagoela.
Kontzertuak 21:30ean hasiko dira eta sarrerak 3 euroan daude salgai.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Magalean Mendi Taldeak irteera egingo du Garrastatxuko inguruetara
Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek

Urriaren 12an ibilbidea egingo dute Gure Magalean Mendi Taldekoek Garrastatxuko inguruetatik (Araba). Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek.
Garrastatxu, behin ikusiz gero ahantzi inoiz ez. Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Andere Maria Errukiñeren baseliza bertan nagusi, inguru alde eder-ederrean, ikuspegia ere halakoxea.
Amurriotik hamabost minutura, beribilez, Baranbion, eta handik hara ibilteko bideak nahi beste. Baseliza ondoan larrain zelai bat, aire zabalean mahaiak, jarlekuak, sutokiak… eta asteburu-jaiegunetan taberna zabalik: Garrastatxuko txosna.
Garrastatxutik ibilbide ugari irteten dira Gorbeiara.
Izen emateak Gure Magalean Guraso Elkartearen webgunean edo info@guremagalean.eus helbide elektronikora idatziz egin daitezke.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Padurako mendizaleek egun osoko irteera egingo dute Gorbeialdera
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira

Padura Mendi Taldeak Gorbeialdera antolatu du hurrengo egun osoko mendi-irteera. Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte.
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira.
Irteera 07:30ean egingo dute Arrigorriagako osasun zentrotik abiatuko den autobus batean. Itzulera 17:00etan aurreikusi dute, “berandu lez”.
Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte
Gorbeia mendia da Gorbeiako zerumuga definitzen duen gaina. Gailurretik, 1.481 metroko altueran, bista panoramikoak ikusgarriak dira eta bidean animaliak ikusteko aukera ematen du Gorbeia parke naturalak.
Han, Gorbeiako Gurutzea aurkituko duzu, euskal mendizaletasunaren erreferentzia puntua eta Euskadiren ikurra. 17 metro pasatxoko eraikina da eta Eiffel dorrea gogorarazten duen egitura da.

Itzinako biotopoa // gorbeiaeuskadi.com
Itzinako biotopoa
Beste mendi enblematikoetako bat, bere balio historikoagatik eta aniztasun naturalagatik, Itzinako mendigunea da. Katilu forma du, eta barrualdea labirinto harrigarri bat da, euskal mitologiako leize eta elezaharrez zipriztindua.
Itzinako mendigunea, airetik ikusita, ingurutik altxatzen den goi-lautada harritsu ikusgarria da, 1.000 metrorainoko altuera duten hormen gailur batez inguratua, barrualde hustua babestuz. Duela 110 milioi urte inguru itsaso bero eta ez oso sakonetan hazi ziren koralezko arrezifeak dira mendigunea osatzen duten kareharrien jatorria. Haitzak iragaztean pitzatzen dituzten euriak dira lurpeko kobazulo erraldoien erantzule; bertan, lurrazpian, estalaktita eta estalagmita ugari daude.
Barrualdean, harri-labirinto itzel bat leku malkartsuenetan hazten diren pagoekin nahasten da. Pago horiek baso txikiak osatzen dituzte, eta salamandrak, igel gorriak, muxar grisak eta azeriak babesten dituzte. Haitzetan harkaitz-sugandilak, sai zuriak, belatzak, belatxingak eta kobazulo eta zuloetan saguzarrak bizi dira.
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu. Ikaztegien eta artzainen txabolen hondarrak, historiaurreko aztarnategien ondoan, dira gizakiaren lanaren lekuko. Elurtegi baten hondakinak ere badaude bertan; aurreko mendearen erdialdera arte Orozko izotzez hornitzen zen bertatik. Izotza, elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zuten.
Itzinan Supelegor leize ikusgarria dago, Mari euskal mitologiako jainkosaren bizilekuetako bat. Kondairen arabera, Marik ekaitzak leherrarazten ditu suzko suge itxura duen bere senar Sugaarrekin lur azpian elkartzen denean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Garrikoko Aitzol Portugalek eta Itxaso Hernandezek urrezko domina irabazi dute Iruñeako Nazioarteko Openean
Emaitza hauen ondorioz, Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeak hirugarren postua eskuratu du taldekako sailkapen nagusian

Joan den asteburuan Iruñeako Nazioarteko Opena antolatu zuten Nafarroan eta bertan Arrigorriagako 16 kirolarik hartu zuten parte.
Borroka modalitatean Arrigorriagako klubeko Aitzol Portugalek irabazi zuen urrezko domina. Gainera, brontzezko hiru domina eskuratu zituzten klubeko Markel Garciak, Iago Garciak eta Paule Sagredok.
Teknikan urrezko domina eskuratu zuen Itxaso Hernandez borrokalariak; Iñigo Pereirak zilarrezko domina ba lortu zuen eta beste bat Ariane Martinezek, Itxaso Hernandezek eta Irati Veladak osatutako hirukoteak; Brontzezko dominak ere irabazi zituzten Ariane Martinezek, Elaia Garciak eta Iñigo Pereirak eta Elaia Garciak osatutako bikoteak.

Teknika modalitateko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea
“Emaitza hauen ondorioz, Garriko Taekwondo Taldea hirugarren postuan geratu zen taldekako sailkapen nagusian”, azaldu dute Arrigorriagako klubetik.