☉ Galdakao
Fatima Villa: “Antena berri bat diseinatzeaz gain, uhin-hargailu bat eraiki dugu”
Bostonen izan da Fatima Villa galdakoztarra uztailean, nazioarteko antena lehiaketa batean. Mundu mailan hirugarren sailkatu da bere taldea, lehenengoak Europan.

Bostonen izan da Fatima Villa galdakoztarra uztailean, nazioarteko antena lehiaketa batean. Mundu mailan hirugarren sailkatu da bere taldea, lehenengoak Europa mailan. Bere ikasketen eta lanen nondik norakoak kontatu dizkigu
Fátima Villa (Galdakao, 1995) Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingenieritza Eskolako ikaslea da eta nazioarteko antena lehiaketa batean parte hartu du Bostonen unibertsitateko beste bi ikaslerekin batera (Iñigo Cortés eta Álvaro Urain donostiarrak). Hain zuzen ere, 2018 IEEE AP-S Student Design Contest lehiaketan parte hartu dute eta mundu mailan hirugarren saria lortu dute, “Michigan State University eta University of Alabama-ren atzetik soilik”, dio Villak. Hortaz, Europa mailan lehenengo sailkatu da talde euskalduna. Lehiaketa honek nazioartean ospe handia du eta 2018 IEEE AP-S (Antennas and Propagation Society) Nazioarteko Konferentzian ospatu da Bostonen (Massachusetts, Estatu Batuak) uztailean. Gaur egun Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Master ikaslea da Fátima Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Tecnun Ingeniaritza Eskolan.
Estatu Batuetan izan zara antena lehiaketa batean. Zein da lehiaketa horren helburua?
Altxorraren Bila jokoaren antzeko lehiaketa bat da eta IEEE Institutuak (Institute of Electrical and Electronics Engineers) antolatzen du. Hitz apalekin azalduta, lehiakideok uhinak hartzeko tresna bat -hargailu bat- diseinatu eta eraiki behar izan dugu (adibidez, mugikor batek uhinak hartzen ditu) eta horrekin lehiaketako antolatzaileek gela batean ezkutatu zuten irrati-uhin igorle bat (Wifi router bat esan dezagun) bilatu behar genuen. Uler dezazun, ‘Los Increibles 2’ filmean azaltzen denaren antzeko tresna bat sortu dugu guk.
Eta hirugarren sailkatu zineten.
Hala da. Mundu mailan hainbat unibertsitatetako partaide asko ditu lehiaketak eta finalera sei talde baino ez dira heltzen. Aurtengo lehiaketako finalean Estatu Batuetako hiru talde (Alabamakoa, Coloradokoa eta Michiganekoa), Greziako bi eta gu izan gara. Michigan State University eta University of Alabama-ren atzetik soilik bukatu dugu lehiaketa. Esan genezake, Europa mailan lehenengoak izan garela.
Gainera, meritu handiarekin, ezta?
Bai. Bostonera heldu ginenean lehiaketan partaide ziren talde guztiak ikusi genituen sekulako tresnekin. Gurea, oinarrien barruan, handiegia zen. Baina, egia esan, meritua gurea bakarrik izan zen: guk antena berri bat diseinatzeaz gain, irrati-hargailua hutsetik abiatuz eraiki genuen. Aldiz, gainerako parte-hartzaileek dendetan erosi daitezkeen hargailuak ekarri zituzten eta antenaren diseinuan soilik jarri zuten arreta. Horrexegatik aipamen berezia egin zigun epaimahaiak eta estimatzen da.

Bostoneko antena lehiaketako sari banaketa // Argazkia: Utzitakoa
Saririk jasoko zenuten, akaso.
Bai. 250 euro irabazi genituen hiruron artean banatzeko. Gainera, hiru liburu eta artikulu bat idatzi behar ditugu eta IEEE-ra bidali behar ditugu, munduko ingeniaritza elektriko eta elektronikoko batzorderik garrantzitsuenera. Artikulua ondo balego, aldizkari batean publikatuko lukete.
Erabilitako materiala zuek ordaindu duzue?
IEEE erakundeak talde finalistok hargailuak eraikitzeko behar izan genituen materialak ordaindu zizkigun, baita Bostonera bidaia ere.
Azaldu iezaguzu finalera iristeko bidea zein izan den.
2017ko irailean hasi ginen eta 2018ko uztailera arte aritu gara proiektu honetan buru-belarri. Txapelketako oinarriak jarraituz, lehenengo gure ideia bidali genien idatziz Antena eta Uhin-Hedapen adituak ziren epaileei eta gustatu zitzaienez finalerako txartela lortu genuen. Gure tresnak benetan funtzionatzen zuela erakusteko bideo bat bidali genien aurretik, gure irrati-hargailua eraiki eta gero. Bostonen jada, gure hargailuari buruzko aurkezpen bat egin genuen eta Altxorraren Bila “jokoan” lehiatu ginen.
Eta taldea nola eratu zenuten?
Iñigo Cortés, Álvaro Urain eta hirurak Tecnun-eko ikasleak gara. Irakasle batek eman zidan lehiaketaren berri eta bertan parte hartzea proposatu zidan. Onartzekotan, parte hartu nahi zuten beste ikasle batzuk topatu behar nituen eta orduan Iñigori esan nion. Alemanian geunden gu biok ikasten eta berak ere proposamena onartu zuen. Bestetik, irakasleak esan zidan graduko ikasleak egon behar zutela taldean, baina nik ez nuenez graduko inor ezagutzen, irakasleak berak topatu zuen Álvaro. Horrela eratu zen taldea eta Triple-T izena jarri genion.
Hirurak zarete, beraz, ingeniaritzako alor berekoak.
Iñigok Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Masterra amaitu berri du eta Álvaro Komunikazioetako Elektronika Graduko ikaslea da. Ni, Iñigo bezala, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Masterra ari naiz ikasten. Urte t’erdian bukatuko dut Masterra.

Fátima Villa galdakoztarrak eta Iñigo Cortés eta Álvaro Urien donostiarrek osatu dute Triple-T taldea Bostonen // Argazkia: Utzitakoa
Triple-T talde horretan koordinazio-lanetan ibili zara.
Bai. Koordinatzaile bezala, tresnaren funtzionamendu guztia jakitea izan da nire ardura: alde batetik, antena (uhinak hartzeko tresna) eta bestetik, uhinak prozesatzeko beste atal guztia. Nire lana izan da gauza biak batera jartzea eta hiruron arteko komunikazioa erraztea. Sistemaren garapen osoa egin behar izan genuen, kontuan hartuta ikasketak eta proiektua aldi berean egin behar izan genituela. Gainera, bitxikeria bezala, proiektua hasi genuenean Iñigo eta biok Alemanian geunden ikasten. Ni Donostiara itzuli nintzen eta Iñigo bertan geratu zen lanean. Orduan, Skype bidez kontaktatzen genuen. Nik nuen tresna Donostian, beraz, bere ataleko gauzak nola eraiki behar nituen azaldu zidan Skypetik. Álvarok antena eraiki zuen eta nik bi aldeak uztartu nituen.
Irakasleen laguntzarik jaso duzue?
Gehienbat zalantzak argitzen lagundu digute. Unibertsitatean irakasle asko daude eta, esate baterako, antenako irakaslea den Daniel Valderasengana jo genuen laguntza eske. Hain zuzen berak ikuskatu du gure lana. Era berean, beste irakasle batzuekin genituen duda teknikoak argitu ditugu. Izan ere, ezusteko arazo teknikoak izan genituen.
Nola definituko zenuke Bostonen bizitako esperientzia?
Txapelketan parte hartzea erronkaz beteriko bizipena izan da lehiakide guztiontzat. Batez ere, guretzat. Pertsonalki esperientzia berria izan da eta egia esan, ez nuen espero hain urrun heltzea lehiaketan. Hasieran oso lasai hasi ginen lanean, baina amaieran oso estresagarria izan da. Hala ere, asko gustatu zait esperientzia eta gainera asko ikasi dut. Adibidez, nire kontura lan egiten ikasi dut. Era berean, Estatu Batuetan eraikitako gailua hobetzen jarraitzeko aukera izan dugu MIT-ean (Massachusetts Institute of Technology), munduko ingeniaritza unibertsitaterik ospetsuenetako laborategi batean. Beraz, esperientzia ezin hobea!
Unibertsitatean irakasten dutena bat al dator bizi duzunarekin?
Unibertsitatean gauza teoriko gehiago ikasten ditugu, praktikan jarri ordez. Eta hori nabaritu dugu Estatu Batuetan. Bertan, unibertsitatean gauza teknikoagoak egiten dituzte. Teoria ere ikasten dute, baina lan praktiko gehiago egiten dituzte.
Ingeniaritzaren munduaz eta emakumeez galdetuko banizu…
Beti esan izan da ingeniaritza mundua gehienbat gizonezkoentzat dela, baina hori ez da egia eta gaur egun ikus daiteke. Nire ustez, ez dakit gauzak aldatu diren, baina ari direla aldatzen esango nuke. Adibidez, nire klasean erdia neskak gara. Hori bai, beste ingeniaritza batzuetan oraindik mutilak neskak baino gehiago direla egia da. Baina, badaude ingeniaritza batzuk non emakumeak gehiengoa diren: Ingeniaritza Biomedikoa, kasu. Gustuen araberakoa da. Nire iritziz, unibertsitateei interesatzen zaie neskek ingeniaritza ikastea, eta gero eta emakume gehiagok hori aukeratzen dute. Eta hori unibertsitateek berdintasunaren alde lanean ari direnaren adierazle da. Aurreiritziak apurtu behar dira eta bakoitzak nahi duena ikasi behar du, izan gizonezkoa zein emakumezkoa.
Zein asmo dituzu etorkizunerako?
Bada, Iñigok, Álvarok eta hirurok asmoa dugu Bostonen aurkeztutako proiektuaren garapenean jarraitzeko, aplikazio ezberdinak garatu ahal izateko: indoor lokalizazio-sistemak (“indoor localization”), etxe domotiko edota inteligenteetarako sistemak (“smart home systems”) edota 4.0 Industria. Teknologia berrietan eta antzerako gaietan interesa duten Tecnun-eko ikasleak taldearen parte bihurtu daitezke hurrengo urtean zehar. Izan ere, Triple-T taldekoontzat, proiektu honen helburu nagusietako bat unibertsitatean teorikoki ikasitakoa gure kabuz aplikatzea da.
Niri asko gustatzen zait lan teknikoa egitea, eta proiektu eta talde honekin ikasi dut koordinazio-lanetan buru izaten. Lan hori ere gustura hartuko nuke etorkizunean.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









