Sareak

☉ Etxebarri

Asier Beato: «Tokiko merkataritzan sortzen den aberastasuna zure auzoan eta herrian geratzen da; balio erantsia da hori»

La Riberako merkatuan okindegi bat izateaz gain METRAE, Espainiako Merkatu Tradizionalen Konfederazioko presidentea ere bada Asier Beato Iglesias

|

Asier Beato etxebarritarrak okindegia du Bilboko La Riberako merkatuan // Geuria

Tokiko merkataritzaren alde dabil lanean aspalditik Asier Beato Iglesias (1973, Bilbo). Bilboko La Ribera merkatuan Ogiak izeneko okindegia zabaldu zuen orain dela hamarkada bat etxebarritarrak, eta bertan “egur-labean egindako ogia, artisau eran, ore amarekin eta ogi ekologikoa” eskaitzen die bere bezeroei. Hori gutxi ez, eta Espainiako Merkatu Tradizionalen Konfederazioko presidentea da iaztik. Ezagutza horretatik abiatuta tokiko merkataritzaren egungo egoeraz eta erronkez aritu gara Beatorekin, eta gomendio bat eskatu diogu euren negozia zabaldu nahi duten pertsonentzat: “ez etsitzea”.

Tokiko merkataritza askotan izaten dugu hizpide; merkatalgune handiak, online plataformak, kontsumo-ohituren aldaketak… zein da tokiko merkataritzaren egungo errealitatea eta nola egin diezaioke aurre egoera horri? Lehen begi kolpe batean denok esango genuke galduta daukagun “gerra” bat dela, ezta? Nik, ostera, beste galdera bat luzatuko nuke, luze gabe erantzun beharko duguna: irudikatzen duzu tokiko merkataritzarik gabeko herri edo hiri bat? Nik ez. Zeharo eskertzen dut begietara so egiten didan dendaria, gauzak astiro eta presarik gabe azaltzen dizkidana, irribarre batekin, ezaguna naizelako, ezagutzen dudalako. Hori bakarrik ez, gozagarria da denda batera joatea eta dendariak zure izena ezagutzea, behar izanez gero erosketa organ gordetzen laguntzea, plastiko gutxiago ematea… tokiko merkataritzak bere baliabide eta indarguneak ditu, eta ez soilik bakarrik negozioari dagozkionak: dendak kokatzen diren tokietan argiztapena ona izaten. Uste dut hori metafora ederra dela tokiko merkataritza herrientzat zer den azaltzeko: argia, bizitasuna, hurbiltasuna. Hori da galdu dezakeguna tokiko merkataritzarik gabeko herri batean.

Bilboko La Ribera merkatuan duzu zure negozioa. Merkatu tradizionalak udalerrietako bizitza sozial eta komertzialaren funtsezko parte izan dira. Azken hamarkadetan desagertu egin dira, edo turismoaren beharretara lerratu. Zein da Erriberako merkatuaren egungo errealitatea? Merkatuak zerbitzu publiko bat dira, eta haien erregulazioa eta sustapena udalen esku dago. Bartzelona, Madril, Valentzia, Alacant… bezalako hiriek aukera hori erabiltzen jakin dute, eta beren merkatuak indartu dituzte, bizilagunei sasoiko eta hurbileko produktuetan oinarritutako elikadura osasuntsua eskuratzeko aukera emanez. Bartzelonan 15 minutura baino gutxiagora dagoen udal-merkatu bat dago, eta bigarren udal-zerbitzu baloratuena da, suhiltzaileen atzetik. Egia da hainbat merkatuk turista asko erakartzen dituztela, eta horrek eskaintza birplanteatzera behartu du. Erriberako Merkatua euskal produktu eta kultura gastronomikoaren erreferentea izan daiteke berriro. Zoritxarrez, egungo administrazioak interes handiagoa du Bilboko hilerria sustatzeko, merkatuak sustatzeko baino.

Etxebarrin online plataforma bat estreinatu berri dute bertako dendetan erosketak egiteko. Zuek aldez aurreko esperientzia bat duzue zentzu horretan. Zein izan da emaitza? Online lehiatu eta lehiakorrak izan zaitezkete? Online aritzea ez da hautazkoa gaur egun. Bai ala bai egon behar zara, kontua da zelan eta zertarako. Ezin dituzu saltoki handien ereduak erreplikatu, hori ez baita zugana jotzen duen bezeroaren apustua. Salmenta-kanal bat gehiago da, gero eta bezero gehiagok erabiltzen dute, eta zu ez bazaude, salmenta horiek beste norabait joango dira. Gu 2020ko urrian hasi ginen, eta orain arte 48.000 bidalketa baino gehiago egin ditugu. Horrek erakusten du gauzak ondo eginez gero badaukagula gure tokia.

Zer aholku emango zenioke negozio bat ireki nahi duen pertsona bati? Zer da atseginena? Eta gutxien? Ez etsitzea. Negozio bat autoenplegurako modu bat izan daiteke, non karrera profesional propioa garatu dezakezun, mugarik gabe. Kasurako, ageriko kasu bat jarriko nuke: Zara munduko enpresarik handienetako bat da, baina saltoki txiki bat bezala hasi zen.

Goian kontsumitzailearen profila eta beharrak aipatu dituzu. Asko aldatu da? Zergatik? Kontsumitzailearen profila etengabe aldatzen doa. Merkatariaren lana bezeroa ezagutzea eta horretara egokitzea da. Ezin dugu jarraitu duela 30 edo 40 urteko formuletan ainguratuta, bezero hori jada ez delako existitzen. Saltoki txikien balio tradizionalek, hala nola hurbiltasunak eta produktuaren ezagutzak, talka egiten dute egungo joera indibidualistekin.
Zentzu horretan, argigarria da gero eta maizago gertatzen zaiguna; jende gazteak esaten digu beldurra ematen diola harategi batean erosteak, ez baitaki zer eta nola eskatu. Erakutsi behar zaie luxua dela xerra bat moztea zuretzat bereziki, eta ez ontzi batetik hartzea.

Zein da METRAEn (Espainiako Merkatu Tradizionalen Konfederazioa) egiten duzuen lana? Metraek udal-merkatuen interesak ordezkatzen, defendatzen eta sustatzen ditu. Saltokietatik haratago doan lana da, eta hurbileko merkataritza sustatzen du; nekazariei, abeltzainei, arrantzaleei eta lehen sektoreko ekoizleei laguntza ematen diegu beren produktuak merkaturatzeko, gazteak sukaldaritzaren eta merkatuaren kulturan hezten ditugu, janari osasuntsua eta tokiko ekonomia sustatzen duten kalitatezko produktuak zabaltzen ditugu.

Ikusten al duzue herritarren aldetik tokiko merkataritzarekiko aldeko jarrerari? Eta politikarien aldetik? Tokiko merkataritzarentzat, garrantzitsuena zu zara, bezeroa. Ez zara zenbaki bat, ezta estatistika bat ere. Eta gainera zure dirua zure auzoan, herrian, hirian geratzen da, ez du inbertsio funts handirik aberastuko. Hernanin, Ekhilur kooperatiba kontsumitzaileek, tokiko negozioek, enpresek, elkarteek eta erakunde publikoek parte hartzen duten proiektu bat garatzen ari dira, eta dirua erabiltzen du gizartea eraldatzeko motor gisa. Guztion lana izan behar du komunitatea indartzeko.

Etxebarrin negozio bat ireki beharko bazenu, zein izango litzateke? Zergatik? Benetako ogiaren falta somatzen dut.

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin

Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

|

Artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza eta kontzertuak egongo dira // Argazkia: Bence Boros, Unsplash

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.

Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.

Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.

Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak

Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

|

Ikasturte amaieran ebaluazioa egingo du Jaurlaritzak, programa Euskadiko beste udalerrietara hedatu behar duten jakiteko // Argazkia: Gaelle Marcel, Unsplash

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.

Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.

“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.

Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.

“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.

Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.

Osorik irakurri