Sareak

☉ Galdakao

Bengoetxen alokairu baxuko etxebizitzak eraikitzeko lur eremua lagako dio Galdakaok Jaurlaritzari

Galdakaoko Udalak 3.900 metro kuadroko lur eremua lagako dio Eusko Jaurlaritzari, bertan 36 eta 48 etxebizitza artean eraiki ditzan

|

Bengoetxe auzoa airetik // Google

Galdakaok etxebizitzen alokairuaren prezioa mugatzeko eta tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari.

Eskaera horren barruan, hiru urterako plangintza zehaztu zuen Udalak herri osorako, eta beste neurri batzuen artean, etxebizitza publikoak eraikitzea proposatu du.

Ildo horretan, hurrengo hiru urteetan Bengoetxen alde batetik babes ofizialeko 104 etxebizitza eraikitzea, eta bestetik, alokairu baxuko etxebizitzak eraikitzeko eremua lagatzea jasotzen ditu planak.

Alokairu baxuko etxebizitzak eraikitzeko eremuari dagokionez, 3.900 metro kuadroko lur eremua lagako dio Udalak Jaurlaritzari. Datuak datu, 36 eta 48 etxebizitza artean eraiki ahal izango ditu Jaurlaritzak eremu horretan, horrela erabakitzen badu.

“Etxebizitzaren inguruan Galdakaoko Udala hartzen ari den neurrien artean kokatzen da arestian aipatutakoa. Aurten 60 bizitoki eraiki eta oso alokairu merkean eman ditu herriko gazteen eta guraso-bakarren artean, etxebizitza hutsak erabil daitezen banan banako lanketa egiten ari da, gazteentzat emantzipaziorako udal bulegoa zabaldu du eta irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko dirulaguntzak ematen hasiko da datorren urtean”, diote udal ordezkariek.

Era berean, udaberritik aurrera dirulaguntzak emango dizkie Udalak gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko, “emantzipatzeko aukera izan dezaten”.

☉ Galdakao

Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik

Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

|

Ertzaintzako ibilgailuak artxiboko irudi batean // Geuria

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.

Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.

Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.

Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

|

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.

Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

|

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

 

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik

Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

|

Ainhoa Crespo eta Alvaro Saiz GBGEko kideak Valentziako kaltetutako eremu batean // GBGE

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.

Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.

Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.

Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.

Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.

Otsailean: Zero Project sariak

Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE

Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.

“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Emakumezkoen Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Galdakaon

GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeak neurtuko dira Euskal Kopan

|

Euskal Kopa jokatuko duten taldeen ordezkariak, Luis Sautu Federazioko lehendakariarekin eta Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkatearekin // Galdakaoko Udala

Euskadiko emakumezkoen saskibaloiaren topagunea izango da Galdakao asteburuan. Izan ere, Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da Urreta kiroldegian irailaren 19an eta 21ean.

Aurten GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeek jokatuko dute Euskal Kopa.

Sarrera doakoa da eta Galdakaoko Udaletik eta Ibaizabal Saskibaloi Taldetik pabilioia betetzeko deia egin dute: “Zaleei dei egiten diegu pabilioia betetzeko eta txapelketa eder honetaz gozatzeko”, esan du Julene Royal GDKO Ibaizabaleko ordezkariak.

Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak adierazi duenez, hitzordu hau “aukera paregabea” da goi mailako kirolaz gozatzeko, baita Galdakaok emakumeen kirola sustatzeko duen konpromisoa indartzeko ere.

Ildo horretan, “emakumeek kirola praktikatzeko egunero egiten duten ahalegina” azpimarratu du Espillak, eta eskerrak eman dizkio Euskal Saskibaloi Federazioari “herrian halako ekitaldia abian jartzeko izan duen konfiantzagatik”.

Luis Sautu Federazioko lehendakariak Galdakaoko Udalaren laguntza eskertu du, “oso babes garrantzitsua delako”.

Txapelketari dagokionez, “denboraldia prestatzeko klubentzat oso lehiaketa garrantzitsua” dela adierazi du Sautuk, baita “emakumezkoen kirola sustatzeko” balio duela ere. Izan ere, baieztatu duenez, “emakumezkoen saskibaloia harrotasun iturria da Federazioarentzat; gero eta politagoa da kirol hau, eta potentzial ikaragarria dugu”.

Osorik irakurri