☉ Basauri
Asier Iragorri: “Sutearen aurretik ez zegoen Kareaga Goikoako etxebizitzak erortzeko arriskurik”
Egituraren egoeraren azterketa sakonagoa egiten ari dira udal teknikariak. Oraindik sutea zerk piztu zuen ikertzen ari da Ertzaintza eta 33 bizilagunek etxetik kanpo jarraitzen dute

Urtarrilaren 31n, ostiralez, sute larria izan zen Kareaga Goikoa kaleko 5. zenbakian. Gizon bat hil egin zen sutetik ihesean leihotik salto egin ostean eta larri zauritu ostean, eta beste lau pertsona erreskatatu behar izan zituzten sugarretatik: emakume bat, bi haur eta gizon bat. Ezbeharraren biharamunean txakur bat ere erreskatatu zuten suhiltzaileek.
Otsailaren 1ean, larunbatez, eta goizeko lehen orduan udal teknikariek eta suhiltzaile-talde batek eraikinaren egoera ikuskatu zuten. “Bertara Suhiltzaileen kamioiaren eskalaren bidez baino ezin izan ziren sartu, beheko solairura sartzea ezinezkoa zelako, orubeak oraindik kea zeriolako. Ondorioz, eta egituraren egoeraren azterketa sakonagoa egin ezin den arte, lau higiezinak erortzeko arriskua dagoela adierazi zuten”, esan dute udal ordezkariek.
Azterketa sakonago hori aste honetan hasi dute berriro udal teknikariek eta suhiltzaileek, sutearen egoera eta arrazoiak zehatzago zehazteko. Oraindik sutea zerk piztu zuen ikertzen ari da Ertzaintza.
Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi duenez, sutearen aurretik ez zegoen Kareaga Goikoako etxebizitzak erortzeko arriskurik: “Zehaztu nahi nuke sutea gertatzen delako ezartzen dela kolapso-arriskua. Ez zegoen sutearen aurretik arriskurik”.
Etxebizitza guztien egoerari buruzko txosten teknikoa “laster” izatea espero du Basauriko alkateak.
33 bizilagun kanpo
Sutea piztu ostean, kaltetutako eraikinetik eta 7. eta 1. atarietatik 33 bizilagun (hasiera batean 24 izan zirela esan zuten iturri ofizialek) etxetik atera zituzten segurtasunagatik. Ondoan dagoen 3. ataria homatuta dago eta hutsik dago.
Basauriko udal ordezkariek adierazi zutenez, 33 pertsona horiek Arrigorriagako hotel batean hartu zuten ostatu urtarrilaren 31n gauean, eta aldi baterako bizitegi-irtenbide bat bermatuko dietela esan zuten.
Asier Iragorri Basauriko alkateak, Gizarte Politikako, Udaltzaingoko eta Hirigintzako zinegotziek eta udal-teknikariek plangintza-bilera bat egin zuten suhiltzaileekin, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin, besteak beste, egoiliarrak higiezinetara beren ondasunak jasotzeko sarbidea antolatzeko.
“Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin koordinatuta gaude, eta harreman zuzena dugu Alokabiderekin. Otsailaren 1az geroztik, Hirigintza eta Gizarte Politikako zinegotziekin koordinatuta daude, etxebizitzetatik atera behar izan ditugun bizilagunei arreta emateko alternatiba bat bilatzeko”, dio Iragorrik.
Antolamendutik kanpo
Iazko maiatzeko osoko bilkuran Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzea onetsi zuen aho batez Basauriko udalbatzak. Aldaketa horren arabera, Kareaga Goikoa 1, 3, 5 eta 7 etxebizitzetako ingurunea berritzea eta antolamendutik kanpo dauden eraikin horiek eraistea da asmoa.
Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 atarietako etxebizitzak eta lurzorua jabetza pribatukoak dira. “Ondorioz, jabeek dute beren etxebizitzak egoera onean mantentzeko eta degradazioa saihesteko erantzukizuna”, zehaztu dute udal arduradunek.
Hala ere, etxebizitzen kontserbazio-egoera egokia ez zela ikusita, azken urteotan, Udalak hainbat errekerimendu egin dizkie jabeei, eraikinak antolamenduz kanpo daudelako eskatzen diren gutxieneko hobekuntzak eta konponketak egin ditzaten. Hala nola, eraikinak sastatzea, hondakinak garbitzea, ura bideratzea edo bisera bat jartzea oinezkoak krisketak erortzetik babesteko.
Aldi berean, eta ikusita azken 26 urteetan sustatzaile pribatuek ez dutela jarduerarik egin —lurzorua ez da publikoa—, gobernu taldeak erabaki zuen planteamendu berri bat bultzatzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatz baten bidez.
Gauzak horrela, gobernu taldearen ekimenez, Kareaga Goikoaren egikaritze-unitatea Uribarriko udal-jabetzako beste lursail batekin lotzea erabaki zuten aho batez iazko maiatzeko osoko bilkuran, guztia jarduketa-unitate bakar batean integratuz.
Zehazki, Bizkotxalden 94 etxebizitza eraikitzea aurreikusi zuen Udalak, zaharren egoitzaren eta Uribarri Institutuaren artean dagoen lursailean. “Horrela, lursaila hirugarren bati saltzea ahalbidetu zen (Leziaga Construcciones), Kareaga Goikoaren 1, 3, 5 eta 7 zenbakiko eraikinak eraitsi eta ingurua urbanizatzeko eta Bizkotxalden 94 etxebizitza eraikitzeko. Hau da, udal-lurzoru publikoa lagako da operazioa bideragarri egiteko”, diote udal ordezkariek.
Kareaga Goikoako inguru hori urbanizatzeko lanetan, bizitegi-eremu berri bat (53 etxebizitzekoa), atsedenlekuak eta parke bat jartzeko proiektua eginda du Leziaga Construcciones enpresak. Etxebizitzak Quorumek saltzen ditu.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.
☉ Basauri
Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak
Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.
Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.
Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.
☉ Basauri
Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan
Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.
Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.
“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.
Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.
Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).
Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.
Izena ematea
Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.
“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.
Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.
“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.
Beste 40 kontratazio
36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).
Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.
Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.









