Sareak

☉ Etxebarri

Fedora Berrino: «Harrera ona izan dut Etxebarrin, eta euskara ikastea izan da horri erantzuteko nire modua»

Mar del Platakoa jaiotzez, 2008tik bizi da Fedora Etxebarrin. Jantokiko monitore ogibidez, ekintzaile-sortzailea da eta euskararen aldeko konpromisoaren adibide

|

[2025eko maiatzaren 29an argitaratutako elkarrizketa – Geuria 119] Zarata, kolore biziak eta estilo propioa. Horiek dira Fedora Berrino (Mar del Plata, Argentina, 1979) definitu ditzaketen hiru ezaugarri. Argentinarra jaiotzez, 2004an utzi zuen bere sorterria, “esperientzia berrien bila”. Maitasuna topatu eta Etxebarrin errotu zen duela ia 20 urte. Bertan, familia eta etxea sortu ditu. Eta sortzaile izateko bidea ere hasi zuen: Botxinche markaren sortzailea da, eta moda jasangarriaren aldeko apustua egiten du. Orain tailerra itxita duen arren, bere asmoa da berriro denda irekitzea.

Etxebarrin bizi den argentinarra zara, Fedora. Noiz eta zergatik erabaki zenuen Argentinatik Etxebarrira etortzea? Bada, esan behar dut ez nintzela zuzenean etorri Argentinatik Etxebarrira. 2004an, 24 urterekin, esperientzia berriak bizi nahi izan nituen eta Tenerifera joan nintzen. Bertan lagun bat bizi zen eta hara joan nintzen. Eta handik hiru urtera, 2007an, gaur egun nire bikotea dena ezagutu nuen. Oporretan zegoen eta elkar ezagutu genuen eta Etxebarrira etortzea erabaki nuen. Eta 2008tik Etxebarrin bizi naiz.

Argentinakoa, baina zehazki, nongoa zara? Buenos Airesen jaio nintzen, Castelar deitzen den herri batean. Baina bi urterekin Mar del Platara bizitzera joan ginen familiarekin. beraz, Mar del Platakoa sentitzen naiz! (barreak).

Antzekotasunik dago Mar del Plataren eta Etxebarriren artean? Bada, ezetz esango nuke! (barreak) Antzekotasunik egon egongo da, baina bizimodua oso desberdina da. Mar del Plata hiri handi bat da, 700.000 biztanle inguru ditu eta kostaldean dago! Berezitasun bezala, Argentinan orokorrean, kaleak laukituak dira eta San Estebanen antzeko zerbait topa dezakegu. Galtzea ez da zaila! (barreak) Bilbon, ordea, hasieran galdu egiten nintzen!

“Nire estiloa koloretsua da, zalapartatsua, eta horregatik erabaki nuen Botxinche izena jartzea nire tailerrari: Argentinan erabiltzen dugun hitza da eta euskarara ere ekarri dut”

Euskal Herrira lehen aldiz iritsi zineneko momentuaz galdetuko banizu. Lehenengo inpresioa harrigarria iruditu zitzaidan: oso berdea, mendiez inguratuta, kaleak garbi eta txukun daudela eta garai bateko eraikinak zainduta daudela ikustea. Dagoen ordenak harritu ninduen. Argentinatik edo Tenerifetik zerbait desberdina topatu nuen Etxebarrin eta Euskal Herrian.

Zer gustatu zitzaizun bereziki? Bada, poteoaren ohitura hori asko gustatu zitzaidan! Jendea tabernaz taberna joaten zela ikustea, kalean edaten zuela. Hasieran ez nuen ondo ulertzen ohitura hori, baina orain asko gustatzen zait! Bisitan datozenei ere harritu egiten die horrek, baina gustatzen zaie.

Argentinarren eta euskal herritarron izaera ere desberdina da. Bai! Ni oso berritsua naiz eta asko hitz egiten dut. Lehen egunetan Etxebarrin, nire bikotearen lagunei nire bizitza osoa kontatzen nien, eta konturatu nintzen, nik ez nekiela ezer euren bizitzei buruz. Konturatu nintzen euskaldunoi kosta egiten zaizuela beste pertsona batzuekin irekitzea, eta are gehiago konfiantzarik ez dagoeneko. Denborarekin ulertu dut non hitz egin behar dudan asko eta non gutxiago! (barreak)

Euskaraz bikain moldatzen zara, Fedora! Eskerrik asko! Etxebarrira heldu bezain pronto erabaki nuen euskara ikastea. Nire bikotea eta bere familia euskaldunak dira eta hasieran oinarrizko gauzak irakatsi zizkidaten: agurrak eta zenbakiak, adibidez. Eta gero, erabaki nuenean Etxebarrin geratzea, Bilboko Uribarri Euskaltegian eman nuen izena. Astean bitan joaten nintzen, bi orduz.

Zein izan zen zure motibazioa euskara ikasteko? Lehenik eta behin, hizkuntza ezagutzea eta ulertzea. Eta gero erabaki nuen ordu gehiago eskaintzea euskara ikasteari. Ni irakaslea naiz eta titulua homologatuta neukanez, euskara tituluak lortzea zen nire erronka, baita helburua ere. Hamar urtez ikasi dut euskara. Prozesua oso luzea izan da, ikastaro trinko asko egin nituen, haurdunaldietan ere aprobetxatu nuen egunero ikasteko, eta azkenean tituluak lortu ditut eta nire curriculuma osatu ahal izan dut.

Gaur egun zenbat eta non erabiltzen duzu euskara? Egunero! Jantoki batean egiten dut lan aspalditik eta lanean euskaraz egiten dut. Botxincherekin azoketara noanean ere erabiltzen dut euskara. Nire bezeroak gehienak euskaldunak dira eta aukera hori aprobetxatu egiten dut euskaraz egiteko. Familiarekin ere euskaraz egiten saiatzen gara, baina batzuetan kostatu egiten zait gehiago.

Botxinche proiektua aipatu duzula, duela 14 urte ireki zenuen denda. Nire lehen semeaz haurdun geratu nintzenean, dendak begiratzen nituen arropa eta lerde-zapiak erosteko, baina joaten nintzen lekuan ez nuen gustuko gauza askorik aurkitzen. Oso koloretsua naiz, estiloak nahastekoa, eta aurkitzen nuen guztia arrosa argia zen, urdin argia, eta dena oso ponpoxoa. Eta egia esan, ez nuen ezerk bat egiten nirekin. Orduan nik neuk gauzak egiten hastea erabaki nuen. Bideo-deien bidez amak laguntzen zidan. Amak arropak josten zizkidan txikia nintzenean. Autodidakta zen. Eta haren laguntzarekin, gauzatxoak egiten hasi nintzen. Nire semea jaio zenean medikuaren kartillak oso handiak ziren eta orduan saltzen ziren zorroak oso txikiak. Horregatik, medikuaren kartillarako zorro bat egitea erabaki nuen, eta hortik aurrera jendeari oparitzeko egiten hasi nintzen, eta gero saltzen hasi nintzen.

Moda jasangarria eta osagai artisauak, eskuz eginak. Hala da. Moda jasangarriaren gaia pixkanaka sortzen joan zen. Kartilletarako zorroak egiten hasi nintzenean, aukera ematen zidan pertsonalizatuak egiteko, umearen izenarekin. Eta nik sorkuntza horretan ematen nion denbora ez zen horretara bakarrik mugatzen; bezeroak tailerrera etortzen ziren eta oihalak eta koloreak aukeratzen zituzten. Eta egiteko modu hori zen nire sorkuntzak zeraman balioa. Ez da gauza bera dendan erostea, seriean egindakoa, edozein herrialdetan egina eta auskalo zein baldintzatan, edo tailer batean aurkeztea, bertan pertsona batek artatzen zaituela eta harekin aukeratzen duzula oihala. Produktu horrengatik ordaintzen den prezioa ez da produktua bera bakarrik, horrek dakarren guztia baizik. Haurtxoentzako produktuak egiten hasi nintzen, haurtxoentzako arropa, eta gero bezeroek, helduek, galdetzen zidaten ea beste gauzaren bat egin nezakeen: gonak eta irakasleentzako pitxiak, kasu.

Batez ere, nire asmoa zen kaleko saltokietara itzultzen saiatzea, eta zuzeneko arreta ematea: hurbilekoa eta pertsonalizatua. Eta ez hainbeste etxea online saltokietan erositako kutxez betetzea.

Horri aurre egitea zaila izango da. Bai. Erraldoi batekin borrokatzea zaila da. Ez dakit egunen batean borroka hori irabazi ahal izango den, baina uste dut Euskal Herrian gero eta kontzientzia handiagoa dagoela horretaz eta jendeak gehiago aitortzen duela eskuz egindako lana.

Botxinche izena. Argentinarra izanda, “che” hori zure nortasunaren parte izango da, ezta? Bochinche da Argentinan erabiltzen dugun hitza. Zarata edo zalaparta adierazteko erabiltzen dugu. Eta nire proiektua zaratatsua bezalakoa dela uste dut! (barreak). Nire estiloa, lehen esan bezala, koloretsua da, “zalapartatsua” eta horregatik erabaki nuen Botxinche izena. Nire asmoa zen “zarata” egitea nire proiektuarekin eta izen hori aproposena iruditu zitzaidan, egia esan. Gainera, nire argentinar nortasuna eta Euskal Herrikoa uztartzen zituela pentsatu nuen, eta izena ch-rekin idaztea baino, tx erabiltzera erabaki nuen.

Gaur egun denda ez duzu zabalik. Ez, duela urtebete baino gehiago itxi nuela. Pandemia baino lehen azoka askotara joaten nintzen eta enkargu berri asko nituen, baina itxialdian oso gaizki pasatu nuen. Eta pandemia eta gero asko kostatu zitzaidan altxatzea. Ni beti nago sortzen, pentsatzen eta josten, baina pandemia ondoren, tailerrean ez nuen sorkuntza hori topatzen. Pertsonalki ondo ez zaudenean, zaila da gauzak ondo ateratzea, eta horregatik erabaki nuen tailerra ixtea. Gainera, autonomoen zergak oso altuak dira eta ezin nuen mantendu, eta erabaki nuen nire burua zaintzea eta osatzea. Eta horretan nabil.

Nahiz eta denda zabalik ez egon, jarraitzen duzu enkarguren bat edo beste egiten. Botxinche duela 14 urte ireki nuen eta jende askok ezagutzen nau eta bezero leialak izaten jarraitzen dut. Batzuk idatzi egiten didate enkarguak egiteko eta horretan ari naiz gaur egun. Jantokiko monitore bezala egiten dut lan eta nire ordu libreetan enkargu horiek egiten ditut. Azoketara ere hasi naiz berriro joaten: gutxitara noa, baina gonbidatzen nautenetan animatu egiten naiz. Azoketan oso pozik nago: zoriontsua naiz.

Denda noizbait berriro zabaltzeko asmoa duzu? Bai, hori da nire asmoa. Lehenik eta behin nire burua ondo antolatu nahi dut, denda berriro zabaldu aurretik. Pentsatu zelan egin, beste ikuspegi bat eman nahi diot. Lehen ez nuen ordutegi finkorik: tailerrean orduak eta orduak ematen nituen nire sorkuntzak azoketara eramateko eta nire postua bete-beteta egoteko. Orain beste modu batean eraman nahiko nuke. Gogoak ditut berriro irekitzeko epe ez oso luzera.

Zer baloratzen duzu gehien Etxebarriko eta Euskal Herriko bizitzaz? Dagoen bizi-kalitatea. Kalean ibiltzeko lasaitasuna, haurrak hain aske izatearena, ogia erostera bidali ahal izatearena eta kalean zeinen seme-alabak diren jakitearena. Gainera, jarduera asko daude haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat. Etxebarrik dena eman dit: familia, etxea eta lagunak. Azken batean, gustura egoteko leku bat. Askotan kexatzen naiz Euskal Herriko klimaz, baina euskaldunak fidatzekoak zaretela eta hitzeko pertsonak zaretela esaten den topikoa egia da. Eta nire bihotza zatituta dago: argentinarra naiz eta euskalduna ere bai!

Zein aholku emango zenioke kanpotik etorri eta hemen bizitza-proiektua hasi nahi duen norbaiti? Bada pazientzia izatea. Ez da erraza zure etxetik joatea, leku berri batera joatea eta zure bizimodua aldatzea. Momentu asko oso gogorrak dira, baina beste asko politak dira. Egia da zure familia eta lagunak gertu ez izateak hutsunea sorrarazten dizula, baina pazientzia izatea da gakoa. Zoazen herrira zoazela, bertako ohiturak ezagutzea eta hurbiltzea oso garrantzitsua da, baita hizkuntza bera ere. Ateak irekitzen dizkizu. Jendeak asko eskertzen du euskaraz hitz egiteko egiten duzun esfortzua, eta niri Etxebarrin eta Euskal Herrian eman didaten maitasuna itzultzeko trukea dela uste dut. Hain harrera ona izan dut bertan, non euskara ikastea niri eman didatena itzultzeko modu bat izan baita: zure hizkuntzan hitz egiten dizut, maite zaitudalako.

Eta, ekintzailetza proiektu bat hasi nahi duen horri, zein aholku emango zenioke? Lehenik eta behin oso garrantzitsua da jakitea zer daukazun munduari eskaintzeko. Horri ondo heldu eta hortik ateratzen dira helburuak. Ni Basauri-Etxebarriko Behargintzara joan nintzen eta ikastaro bat egin nuen eta nik nahi nuen bidea egiten lagundu zidaten. Niri oso baliagarria egin zitzaidan.

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin

Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

|

Artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza eta kontzertuak egongo dira // Argazkia: Bence Boros, Unsplash

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.

Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.

Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.

Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak

Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

|

Ikasturte amaieran ebaluazioa egingo du Jaurlaritzak, programa Euskadiko beste udalerrietara hedatu behar duten jakiteko // Argazkia: Gaelle Marcel, Unsplash

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.

Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.

“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.

Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.

“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.

Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.

Osorik irakurri