Sareak

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Editoriala: Sukalderaino

|

Etxe bateko sarrera // Geuria

Zer da etxea? Horma batzuk? Teilatua? Nonbait bizitzeko tokia? Edo gehiago? Galdera errazak diruditen arren, erantzunak askotarikoak dira, eta Geuriak argitaratutako zenbaki monografiko honetan argi geratu da: etxea ez da formula bakar batez definitzen.

Basauriko landa eremu bakarrean bizi den Julen Ibarretxe baserritar gaztea sustraien garrantziaz aritu da, iraganaren baina batez ere orainaren eta geroaren lotura moduan. Etxebarrin, aldiz, metroak ekarri zuen iraultzaren haritik azpiegitura batek herri bat nola eraldatu dezakeen ikasi dugu, Marian Carriedoren eta Josemi Aranbururen eskutik. Ollarganen Floren Albarranek jarri dio ahotsa auzotarren eskuen indarraz eta elkarlanaz eraiki zen auzoari. Eta 2003tik alokairuan bizi den Lorena Sierrak erakutsi du badirela beste eredu batzuk, nahiz eta horiek gauzatzea gero eta zailagoa izan.

Agerikoa da, gaur egun, etxebizitza maila formalean soilik dela eskubidea: Prezioen etengabeko igoerak, espekulazioak eta politika publiko eskasak direla-eta, gero eta aukera gutxiago dituzte hainbat herritarrek. Bada horren aurrean alternatiba kolektiboen alde egiten duenik ere: hori da elkarlaguntza sarean beste hainbat kiderekin ari den Maite Martinezen kasua, edo okupazioaren aldeko militantea den Paula Santosena, besteak beste. Mikel Sagarminaga arkitektoa, aldiz, herrien antolamenduan aditua da, eta alternatiba horiek garatzeko eta bestelako etxebizitza eta herri ereduak garatzeko lanabes eta proposamenak garatu ditu.

Beñat Garcia zaratamarrak lantoki bihurtu du bere etxea, eta zoriontsu bizi da horrela. Ibai Berradek eta Zuriñe Higuerak mundua bera hartu zuten etxetzat ia urtebetez. Bukatzeko, egungo egoeraren analisi gordin bezain zorrotza egin digute Higiezinen sektorean ari diren Maria Jose Ibarrondok, Jose Antonio Jimenezek eta Asier Alvarezek.

Euskal Herrian, herri biren arteko mugan kokatzen ziren etxeak ze herritakoak ziren finkatzerako orduan sukaldeak zuen azken hitza: sukaldea non, katastroan han agertuko zen etxebizitza hori. GEURIAn sukalderaino sartzen saiatu gara, orokorra den baina Hego Uriben bere berezitasunak dituen errealitatea ezagutzeko. Azken finean, etxebizitzen barruan biek egiten baitute bat, etxeak eta bizitzak. Eta zu, zelan bizi zara?

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin

Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

|

Azaroaren 21ean banatuko dituzte Tokikom Sariak Aretxabaletan // Geuria

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.

Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.

Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.

“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.

GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.

‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.

Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.

Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.

Adimen artifiziala hizpide

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.

Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.

Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean

|

Amir eta Beñat, Arati landetxearen aurrean // Geuria

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.

Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria

Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.

Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.

Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.

“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”

Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.

Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.

Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.

Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.

Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.

Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Karmele Gorroño, ilustrazioa

|

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribe zenbakitan

|

Lonboko etxebizitzak // Geuria

Zenbat etxebizitza huts daude Hego Uriben? Zenbat pertsona nagusi daude gure eskualdean? Ze behar izango dituzte etorkizunean etxean bakarrik bizi badira? Zenbat hazten da biztanleria bataz beste metroa heltzen den herrietan? Zenbatekoa da atzerriko populazioa gure herrietan? Monografikoan zehar elkarrizketatuek eurek eman dituzte etxebizitzarekin eta merkatuarekin lotutako hainbat gako, eta orrialde hauetan guk zenbakitan jarri ditugu, horrela eskualdearen argazki zehatzago bat osatze aldera. Datuak, hotzean, zenbaki hutsak dira, baina adi erreparatuz gero egungo egoerari buruzko analisia osatzen, eta etorkizun hurbilean gertatu daitekeena aurreikusten lagunduko digute. Bada etxebizitza eskubidea, edo gero eta urrunago gaude horretatik?

% 27,8

65 urtetik gorako populazioa Basaurin. Gero eta zaharragoa da Hego Uribe populazioari dagokionez, eta Basauriren kasuan are eta nabariagoa da fenomeno hori. Azken datuen arabera, populazioaren % 27,8 65 urtetik gorakoa da Basaurin, ia hamarretik hiru. 65etik gorako populazioa 11.088 herritarretan kokatzen da, eta 0-19ko tartea ia bikoizten du (6.147). Etorkizunera begira, horrek behar bereziak sortuko ditu etxebizitzen irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez.

Argazkia: Mark Timberlake, Unsplash

+ 3.000

Hutsik dauden etxebizitzak eskualdean. Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, Galdakaon 961, Arrigorriagan 500dik gora, eta Ugaon 300tik gora. Eskualdeko beste herrietan ez dago datu ofizialik, baina soilik datu hauei erreparatuz gero 3000tik gora etxebizitza daude hutsik eskualdean. Azken aldian, etxe horiek merkaturatzerako saiakerak egin dituzte erakundeek, zergak igoz edo hobariak eskainiz, baina oraindik ere tarte zabala geratzen da etxebizitza horiek alokairuan irten daitezen.

% 7-13

Atzerriko populazioa. Atzerriko populazioa % 7-13 artean kokatzen da Hego Uriben. Euren bizi proiektua gurean garatzen hasteko arazorik handienetariko bat etxebizitzarekin daukate. Alokairuaren merkatuan ez dute apenas alokatzeko aukerarik izaten, alokatzaileek zuzenean baztertzen dituztelako. Hori horrela, askotan familia bat baino batuz lortzen dute alokatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetzea. Hego Uriben ere gero eta ohikoagoa ari da logelaka alokatzea etxeak.

Argazkia: Jakub Zerdzicki, Unsplash

% 15

Etxebizitzen garestitzea. Metroaren etorrerak hainbat onura izan ditu Etxebarrin eta Basaurin, eta gauza bera gertatutako da Galdakaon eta Usansolon ere. Hala ere, metroa heldu den herrietan bataz beste %15a garestitu da etxebizitzen prezioa. Horri gehitu behar zaio Bilborekin lotura erraza duten herrietan aldi baterako alokairuak agertzen hasten direla, eta orain arte Hego Uriben zenbakiak txikiak diren arren, haziz doan negozioa da. Gure herrietako etxebizitzak espekulatzaileentzat interesgarri bilakatu daitezke. Horregatik garrantzitsua da erakundeek praktika hauei muga jartzea. 2027rako dago aurreikusita helduko dela metroa Galdakaora, eta aurrekariak ikusita galtza bete lan izango dute egoera errepikatu ez dadin.

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribeko kale paisaia: iragana, oraina eta etorkizuna (III)

|

Egunsentia Hego Uribe eskualdean, Zeberiotik // Geuria

Hego Uribe eskualdeko kale paisaia aztertu dugu ‘Etxe (eta) Bizitzak’ monografikoan. Hiru atal topatuko dituzu webgunean; hau hirugarrena eta azkena:

Etxeko leihotik

Zeberio

Hego Uribe eskualdea (Arratia-Nerbioi barrualdean kokatua) 10 udalerrik osatzen dute, eta guztira 100.000 biztanletik gora biltzen dira. Zeberio da udalerri horietako landagune nabarmenetako bat, 40 km² inguruko azalera eta ia 1.100 biztanlerekin (EUSTAT, 2023). Herriaren kokalekuak —mendien babesean eta ibar lasai baten erdian— naturaren presentzia nabarmena ahalbidetu du mendeetan zehar. Baina inguru horrek ez dio bizkar eman industriari: eskualdean dagoen oreka berezi baten parte da. XX. mendeko erdialdetik aurrera, Hego Uribek garapen industrial handia ezagutu zuen, bereziki Basauri eta Galdakao inguruan, eta horrek eragin zuzena izan zuen inguruko landa-eremuetan. Garraio-sarearen garapenak, bereziki trenbideak eta errepide sareek, eskualdea elkarlotzea ekarri zuten. Hala ere, Zeberio bezalako udalerriek, mendialdeko kokapena medio, ez dute industria astuna bereganatu, eta horrek ahalbidetu du natura-ingurunea, neurri handi batean, bere horretan mantentzea.

Hortaz, Zeberioko leihotik begiratzen duenak bi munduren arteko bizikidetza ikus dezake: alde batetik, garapen industrialaren aztarnak, eta bestetik, landa-paisaia berde eta lasaia. Horretan datza Hego Uriberen berezitasunetako bat: naturaren eta industriaren arteko oreka. Kontraste hori ez da soilik estetikoa; funtsezko gako bat da eskualdearen egituraketan eta etorkizunaren ulermenean.
Zuhaitzen artean ageri diren teilatu gorrixkek, behean ibiltzen den errekatxoak eta urrunean doan kamioi-kate batek elkarrekin osatzen dute paisaia hori.

Eta paisaia horren ikusle, Zeberioko leihotik begiratzen duenak ulertzen du: Hego Uribe ez da bakarra bere industria-iraganagatik, ezta naturagatik bakarrik ere, baizik eta bien arteko harreman konplexu eta aberasgarriarengatik.

Osorik irakurri