☉ Hego Uribe
Datuak | Hego Uribeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek 900 ikasle gutxiago dituzte 2020tik
Jaiotza-tasaren beherakadak Hego Uribeko ikastetxeen matrikulazioetan eragina izan du, bai zentro publikoetan zein pribatuetan

Bizkaiko jaiotza-tasa behera doa, eta ondorioak nabariak dira Hego Uribeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan.
2020tik 2024ra, lurraldean % 12 jaitsi da jaiotza kopurua, eta horrek zuzenean eragin du ikastetxeetako matrikulazioetan.
Ikasleen galera orokorra da, sare publikoan zein itunpekoan, nahiz eta azken honetan beherakada nabarmenagoa izan.
Salbuespenetako bat haurreskolak dira: 2023-2024. ikasturtetik doakoak dira haurreskola publikoak, eta doakotasun horrek matrikulazioen igoera eragin du azken urteetan.
Derrigorrezko hezkuntza hiru urterekin hasten den heinean, matrikulatzen ez ziren haur gehiago daude orain Haurreskola sarean, baina ikasle kopurua, guztira, txikiagoa da.
El Correo egunkariak Bizkaiko ikastetxeen eta haurreskolen zerrenda eta datuak publikatu ditu eta testuinguru horretan, Hego Uribeko haurreskola eta ikastetxe publiko zein pribatuen matrikulazio-datuak bildu ditugu beheko taulan, eskualdeko egoeraren ikuspegi argiagoa izateko.
☉ Hego Uribe
Gabonetako Loteriak aurten ez du saririk utzi Hego Uribe eskualdean

Abenduak 22 ditu gaur eta urtero bezala, Gabonetako Loteria izan da. Aurten, ordea, ez du sari nagusirik banatu Hego Uribe eskualdean.
Aurreko urteetan, baina, dirua utzi du zozketa handiak: duela lau urte, 2021ean 154 milioi euro utzi zituen Basaurin Gabonetako Loteriaren bigarren sariak; 2022an Galdakaon 11 milioi euro banatu zituen bosgarren sari batek; 2023an Gabonetako Loteriaren lehen sariaren dezimo bat banatu zuten Etxebarriko San Antonio auzoan eta 400.000 euro banatu zituzten; eta 2024an laugarren sari baten lau dezimo (80.000 euro) saldu zituzten Basaurin.
☉ Hego Uribe
Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dituzte Bidebideta eta Adiskide klubetako pilotariek

Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dira abenduaren 20an, larunbatez, Abadiñon, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatuko dira: emakumeak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Eta kategoria horietatik bitan Hego Uribe eskualdeko pilotariak arituko dira.
Emakumezkoetan, txapela Basauriko Bidebieta klubeko pilotari batek jantziko du bai ala bai; izan ere, partida Bidebietako bi pilotariren artekoa izango da: Amaia Zarrabeitia eta Eva Martinez.
Bestetik, nagusien 2. mailako kategorian Galdakaoko Adiskide klubeko Jon Gorostiagak jokatuko du finala, eta aurkari izango du Mungiako Danak Bat taldeko Eder Urresti.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko saltokietan polizia-zaintza indartuko dute Udaltzaingoek eta Ertzaintzak Gabonetan
Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan

Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko Udaltzaingoek udalerri horietako saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan.
Helburua da ebasketak eta lapurretak prebenitzea. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “poliziaren presentzia areagotuko da leku jendetsuetan”.
Zaintzak “modu koordinatuan” egingo dituztela jakinarazi dute, “baliabideak optimizatzeko eta, horrela, segurtasuna areagotzeko Gabonetan”.
☉ Hego Uribe
ZOZKETA | Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrera bikoitza irabazi gura duzu?

ZOZKETA EGINDA | Galdakaotik pasa eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala heldu da: Abenduaren 20an, Bilbon, Casillan, 17:00etatik aurrera.
Onintza Enbeita, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga eta Txaber Altube izango dira finalean arituko diren bertsolariak.
Geuria sarrera bikoitz bat zozketatzen ari da Instagram sare sozialean.
🥳 IRABAZLEA:
– @jokin.toto
☉ Hego Uribe
Gurpildun aulkiak edo taka-takak dohaintzan emateko kanpaina martxan jarri dute Hego Uriben
Herritar guztiei dei egin diete material horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabiltzeko

Mugitzeko zailtasunak edo mendekotasuna duten pertsonei behar dituzten baliabideak errazteko helburuz Laguntza Teknikoen Bankuak (BAT) egiten duen material bilketarekin bat egin dute Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko udalek, Galdakako Erabide Emakume Elkarteak eta Domus VI adinekoen egoitzek (Aperribai eta Arrigorriaga).
Modu horretan, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak, makuluak, mugimendu sentsoredun alarmak edo antzeko gailuak erabilerarik gabe dituzten herritarrei dohaintzan emateko deia egin dute, horien beharra dutenek berrerabil ditzaten.
Kanpaina honen helburua da herritarren zahartze-testuinguruan laguntza-baliabide horiek gero eta gehiago behar izateari erantzutea, herritar guztiei dei eginez produktu horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten.
Dohaintza egiteko, 944 409 116 telefono zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbide elektronikora idatzi behar dute herritarrek. Ondoren, materiala entregatzeko edo jasotzeko modurik egokiena zein den zehaztuko dute.
“Puntu bat hurbil badago, non entregatu behar den adieraziko da, bestela, edo produktua handia bada, etxez etxeko bilketa antolatuko da kanpaina amaitzean”, diote antolatzaileek.




