☉ Galdakao
Musika esperimentala ekarriko du Kaiola festibalak maiatzean
Volcano the Bear, Vibracathedral Orchestra, Otomo Yoshihide eta Chris Pitsiokos, Borrokan eta Inoren Ero Ni taldeak izango dira maiatzaren 26an Galdakaon.

Maiatzaren 26an Kaiola Festibalaren hirugarren edizioa ospatuko da. Musika esperimentala ardatz du festibalak eta aurten Japoniako, Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Euskal Herriko musikariak batuko ditu Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian 21:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, honako taldeak eta musikariak izango dira eszenatokian: Volcano the Bear, Vibracathedral Orchestra, Otomo Yoshihide eta Chris Pitsiokos, Borrokan eta Inoren Ero Ni. Dagoeneko sarrerak salgai daude 10 euroan. Torrezabaleko bazkideek 7,5 euro ordainduko dituzte eta 65 urtetik gorakoek, langabeek, gazte txartela dutenek eta taldeek 9 euro.
“Ohiko musika jaialdietatik beste aukera ezberdin bat eskaintzen du Kaiolak. Esperientzia berriak eta musika berriak ezagutzeko parada ematen du”, dio Ainhoa Agirregoikoa Kultura arloko zinegotziak. Era berean gaineratu du publikoaren erantzun onak eta kritika onak jasotzeak, oinarri ezin hobeak direla edizio bakoitzean “indar berriekin jarduteko”.
Aritza Landaluze Kaiola Festibaleko koordinatzailea da eta jaialdiak “delicatessen soinuak” eskaintzen dituela adierazi du: “Festibala koktel musikal bat da, musika zuzenean entzun eta bizitzeko. Nik dakidanez, ez dago antzekorik musikaren agertokian, ez Euskal Herrian, ez Estatuan. Gure helburua da erreferentziazko festibala izatea”, dio Landaluzek.
Kaiola Festibala 2018
Otomo Yoshihide eta Chris Pitsiokos – Japonia/Estatu Batuak
2017ko irailean Japonian ezagutu zuten elkar Otomok (Yokohama, Japonia, 1959) eta Chrisek (New York, Estatu Batuak, 1990), Sapporoko Artearen Nazioarteko Jaialdian. Zarata latzak, tinbrean oinarritutako inprobizazioa eta jazz librea landuko dute euren emanaldian. Aurreneko aldia izango da Europan elkarrekin joko dutena, astebeteko tour batean. Tartean, Galdakaon.
Volcano The Bear – Erresuma Batua
1995eko maiatzean Leicester hirian sortu zen VTB taldea, Ingalaterran. Inprobizazion oinarritutako musika egiten dute eta publikoa “ezuztean” harrapatzen dute. Soinua definiezina da: avant rock, folk, jazz, post punk eta prog nahasten dituzte euren lanetan. Zuzeneko espektakulu bereziak “kaotikoak” direla adierazi du Landaluzek, “adrenalina eta asmamena isurtzekoak”.
Vibracathedral Orchestra – Erresuma Batua
Azken 20 urteotan ospe handia lortu dute Britainia Handian, konposizio-jolas trinkoak eginez eta doako rifeen bat-bateko konposizio kaleidoskopiko trinkoak sortuz, soka trazendentalen eta perkusio zarata basatien droneak erabiliz. Gaur eguneko musika britainiar outdierraren funtsezko taldea da.
Borrokan – Euskal Herria
Post-Rockaren eremuan kokatu izan da nagusiki Borrokan, nahiz eta taldeak etiketen aurrean dibertsitatearen aldeko apustua egin ohi duen. Orokorrean emozioak eta intentsitatea nagusitzen dira euren kontzertuetan, zarata, soinu, erritmo, kolpe, isiltasun eta guztien arteko konposizio korapilatsuekin jolastuz. 90. hamarkadan sortu zen taldea Beran.
Inoren Ero Ni – Euskal Herria
Bap! talderaren errautsetatik sortu zen Inoren Ero Ni 2003an Andoainen. Taldearen kantuak oso landutako egiturak dituzte: elementu bakoitzak rol kardinal bat betetzen du eta soinua iparorratzaren erpina da. Elite zorrotzetako musika, doako keinu samurrk gabea, jendetza eta olatuetatik urruti dago.
☉ Galdakao
Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon
Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.
Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.
Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.
Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.
Haurren ideiak lehen lerrora
Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.
Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.
Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.
“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.
Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.










