☉ Galdakao
Kirol abonuak 15 eta 23 euro artean igoko ditu Udalak, zerbitzuak hobetzeko
2015ean igo zituen azkeneko aldiz tasak Udalak. Gainera, %70era arteko hobariak eskainiko dizkiete abonatuei, bakoitzak duen sarrera-errentaren arabera.

2015ean igo zituen azkeneko aldiz tasak Udalak. Gainera, %70era arteko hobariak eskainiko dizkiete abonatuei, bakoitzak duen sarrera-errentaren arabera
Galdakaoko udal gobernu taldeak kirol abonuen tasak berritu ditu. Hain zuzen ere, %20an igo du abonuen prezioa, “15 eta 23 euro artean urteko abonuetan”, dio Koldo Goioaga zinegotziak. Era berean, seihileko abonuetan 6 eta 14 euroko igoera izango da eta hiruhilabeteko abonuetan 3 eta 8 euro arteko igoera. Goioagak zehaztu du igoera hauek abonatuentzako onuragarriak izango direla, “zerbitzuak hobetuko direlako eta kalitatea ere hobea izango delako”.
Ildo horretan dio kirol instalazioen eta kirol zerbitzuen kostu orokorraren %73a Udalak berak eta galdakoztar guztiek jartzen dutela, “eta ez abonatuek”. “2015etik kirol zerbitzuetarako tasak izoztuta mantendu ditugu, baina eskainitako zerbitzua eta instalazioak hobetzeko urratsak eman ditugu”, dio Goioagak.
%70era arteko hobariak
Urteko, seihilekoko eta hiruhilabeteko abonuen prezioak igotzearekin batera, Goioagak dio hobariak eskainiko dizkietela herritarrei: “Abonatu bakoitzak duen sarrera-errentaren arabera hobariak jasoko ditu”, dio Goioagak. Zentzu horretan, %20 eta %70 arteko hobariak eskainiko ditu Udalak.
Zabor eta Kirol Zerbitzuen gaineko udal tasei buruzko parte-hartze prozesua abiarazi zuen Udalak iazko irailean. Eztabaida publikoa hasi zuten orduan, eta saio parte-hartzaileak bultzatu zituen Udalak, herritarren ekarpenak kontuan hartzeko. “Herritarrek kirol zerbitzuei 6,8ko puntuazioa ematen diete. Gure asmoa 7ra edo puntuazio altuago batera iristea da”, dio Goioagak.
Gaur egun 8.273 abonatu dituzte Galdakaoko kirol-instalazioek, gehienak (%60 inguru) abonu familiarrekoak. “Galdakaoko kirol instalazioek batez beste urtean egunero 1.000 erabiltzaile inguru dituzte”, dio Goioagak.
Hobekuntzak kirol instalazioetan
Kirol instalazioetan hobekuntzak egiten jarraitzen du Galdakaoko Udalak, eta aurreratu dute datozen hilabeteotan hainbat jarduketa burutuko dituztela. Besteak beste, futbol zelaietan hobekuntzak egingo dituzte, baita argiteriak aldatu ere. Era berean, Ganguren mendiaren maldan lau ibilbide egokituko dituzte (15.000 euro) eta Usansoloko frontoia berritzeko lanak hasiko dituzte (70.000 euro).
Bestetik, uda datorrela aprobetxatuta, Elexaldeko igerilekuetan obrak hasiko dituztela iragarri du Goioagak: “Gerizpea egon dadin lanak hasiko ditugu”. Igerilekuen irekierari dagokionez, Goioagak aurreratu du aztertzen ari direla denboraldia hasi aurretik horiek irekitzea.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.










