Sareak

☉ Basauri

Patricia Lopez: “Ibaiondon ezagutu ditut abandonua, gabeziak eta tratu txarrak”

Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa.

|

Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez // Argazkia: Koldo San Martin

Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa

Sakonean ezagutzen ditu Patricia Lopezek (Bilbo, 1974) Ibaiondora heltzen diren neska-mutikoen beldurrak, gabeziak eta beharrak, eta buru eta bihotz ekin dio eurei laguntzeari. Argi dauka arazoaren sorburua zein den baina, hainbat arrazoiengatik, konponbidea aurkitzea askotan zaila dela aitortu digu. Bilbotarra jaiotzez, baina hogei urte dira Basaurin bizi dela. Bere lana izugarri maite duen arren, ez du bere burua Zumarragan denbora luzez ikusten. 

Nola heldu zinen Ibaiondora?
Duela hamabi urte baino gehiago heldu nintzen, oso modu bitxian. Aurretik San Frantziskoko (Bilbo) haurreskola batean egin nuen lan, baina nire bokazioa eta pasioa gizarte hezkuntza zela argi neukan eta, ondorioz, lana utzi eta karrera ikasten hasi nintzen. Ikasketak bukatutakoan, lan mundura bueltatzeko Basaurik martxan jarritako proiektuan hartu nuen parte. Egun batean deia jaso nuen, baietz esan eta bertan jarraitzen dut. Ez nuen gazte-justizia batere menperatzen baina nik uste baino gehiago ezagutzen nituen bertako neska-mutikoen bizi baldintzak. 

Zein da zure eginkizuna?
Hezitzailea naiz. Egunerokotasunean, bertan dauden adin txikikoei etengabe laguntzea da nire zeregina. Nire lana ikusten dena baino harago joatea da, beren jokaeraren zergatia ulertzea eta hazkuntza prozesuan lagungarri izatea. Heziketaren bidez birgizarteratzea da xedea, baina hori lortzeko lan gogorra egin beharra dago. Ibaiondora eraman dituzten motibo guztiak aztertzea, lantzea eta, ahal den neurrian, irtenbideak aurkitzea. 

Zer nolako gazteak heltzen dira bertara?
Hezitzaileaz gain traumaterapeuta ere banaiz eta argi daukat bertara gazte minduenak eta zaindu gabeenak heltzen direla, hots, bizi baldintza gogorrenak bizi izan dituztenak, inoren umeak ez direnak. Delinkuentzia bizipen horien guztien emaitza dela uste dut. 

Zer behar dute?
Batez ere maitasuna behar duten neska-mutilak dira, ez dute euren bizitza konplikatuetan inoren laztanik zein arretarik jaso eta estimua behar-beharrezkoa dute. Eguneroko ohikeriaren premia ere badute. Ordenarik gabekoa da euren bizitza eta ohiturak ezartzea onuragarria izaten da; hazi eta loditu egiten dira. Segurtasuna eskuratu eta beste ikuspuntu bat eskaintzen dieten helduen presentzia onartzen dutenean, geldirik zegoen garapen fisiko eta psikologikoa berpiztu egiten da. 

Nolakoa da euren egun arrunt bat?
Aste barruan 08:30ean altxatu, ohea egin eta gosaria hartzen dute. Ondoren talde osoko bilera dago eta, koordinatzailearen aurrean, denek dute edozein gauza esan edo azaltzeko aukera. 10:30etik 14:00etara klasera doaz eta bazkaldu ondoren, aisialdirako tartetxoa dute. Segidan klasera bueltatzen dira, 17:30ak arte, eta askaria hartu eta gero, hezitzaileekin egoteko unea da. Mota askotako tailerrak daude: osasun heziketa, kirola, igerilekua udan, mahai-ingurua eta abar. Dutxa, afaria eta lotara joan baino lehen aisialdirako beste tartetxo bat. Une hori aprobetxatu ohi dugu egunean zehar jazotakoa eurekin komentatzeko. Asteburuan betebeharrak antzekoak dira, baina tarte libreak, gehiago. 

Zer portzentajetan lortzen da gazte horiek birgizarteratzea edo euren etorkizuna bideratzea?
Ez dakit kopuru zehatza zein den, baina joaten direnak bueltatzen direnak baino askoz gehiago dira eta hori ehuneko ona da. Egia da askok kartzelan bukatzen dutela, egoerak heldutasunean ere delitu egitera behartzen dituela. Halere, birgizarteratze portzentajea ona dela uste dut. Orain dela gutxi nire ‘mutikoetako’ bat ikusi nuen saltoki-gune batean lanean, pozik zegoen eta etxebizitza bat erosteko asmoa zuen. Izugarrizko ilusioa egin zidan!

Familia desegituratuari errua botako diote askok. Zein da zure iritzia?
Sorburua da. Pozten nau galdera egiteak, gehienek ez dutelako gertaeratik harago ikusten. Ibaiondoko neska-mutilekin ezagutu ditut nik abandonua, gabezia eta tratu txarrak. Askok jasotako tratu txarrak sekulakoak izan dira eta, gehienetan, gertukoenengandik gainera. Horrek ez du esan nahi senideak gaiztoak direnik, ziur asko, baldintza bertsuetan hazi dira eta. Esperientzia traumatikoek ondorengoetan izan ohi dute jarraipena. Nire ustez familia desegituratua da eraginik handiena duena, halako egoera batean hazteak infernua izan behar du. Ez dut haurtzaro zoriontsua bizi izan duen gaztetxorik ezagutu. 

Ez dut uste guztiek aurrera egiteko jarrera agertuko dutenik.
Heltzen direnean harrapatuta eta giltzaperatuta sentitzen dira eta gurekiko jarrera negatiboa izan ohi da. Modu kautelarrean 9 bat hilabete eman ditzakete bertan eta denbora horretan zaila da eurekin sakontzea eta lantzen hastea. Abokatuak atzetik ibiltzen dira, logikoa denez, eta gurekin ez hitz egiteko eskatzen diete. Horri buelta bat eman beharko genioke, egoera konplikatua delako guztiontzat. Alde batetik ukapenean murgilduta daude, baina bestalde sufritzen ikusten dituzu, asko gainera. Barruan duten guztia ateratzeko premia nagusitzen den kasuetan prozesu judiziala eta heziketa bide ezberdinetatik joaten dira.

Zeintzuk dira bertako langileek hartu beharreko segurtasun neurriak (hartu behar badituzue)?
Bai, segurtasunean espezializatua dagoen taldea dago. Guk bilatzaile eta walkie-talkie batekin egiten dugu lan, baina ez dugu euste fisikorik egiten. Bertan dauden gazte batzuk ez dira bere indarra neurtzeko gai izaten eta, irtenbiderik ez dagoenean, segurtasunekoei deitzen diegu. Nik ez dut askotan erabili, baina oso desatsegina da. 

Zure segurtasuna kolokan ikusi duzu noizbait?
Batzuetan bai, kikildu egin naiz. Lanean dugun arazo nagusienetako bat da. Euren onetik aterata daudenean erasoak gertatzen dira eta une horretan gauza asko birplanteatzen dituzu, hausnarketa egin ohi dugu. Egia da taldearen erantzuna ona izaten dela eta guztiak lasaitzen saiatzen dela. Beldurra hasieran sentitu nuen batez ere, egoeraren nondik norakoak ezagutzen eta ulertzen ez nituenean. Belaunek huts egiten zidaten hasieran, sentsazio hori buruan grabatuta daukat. Eskarmentuak, ordea, lasaitasuna ematen dizu, baina adi-adi egon behar duzu beti. 

Hori guztia ondo ordainduta dago?
Ibaiondo zentro gaztea da eta orain hasi gara gure erantzukizunaren garrantziaz ohartzen. Nire lana izugarri gustatzen zait baina egia da, psikologikoki batez ere, motxila pisutsuegia dela. Erritmoa frenetikoa da sarri eta desegituratuta dauden bizitzetan murgilduta egoteak desegiturara zaramatza. Ekonomikoki nahiko ondo ordainduta dagoela esango nuke, baina bertako langileak askoz gehiago zaindu eta mimatu beharko lirateke. Nahitaezkoa da horrek guztiak sortzen duen zama deskargatzea. Ibaiondo fisikoki bakartuta dago gainera, gutxi dira errealitatearekin dituen zubiak eta gogorra da. 12 orduko lanaldiak egiten ditugu, mugikorretan seinalerik ez dugu, herritik urrun gaude… bertatik irten beharra dago berriro ere energia hartu ahal izateko. 

Zeintzuk dira bertako langileek eskatzen dituzuen hobekuntzak?
Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara eta erantzukizun handiagoa aitortzea lortu dugu, baita hainbat lan-hobekuntza ere: lana eta familia bateratzeko, txanden ergonomia eta abar. Negoziazioak ondo doaz eta etorkizunean erretiroarena negoziatu beharko dugu, ez baitut 65 urterekin neure burua Ibaiondon jo ta ke lanean ikusten.

Laneko kontuak eta arazoak etxera eramango dituzu maiz. Zaila izango da zure egunerokotasunean bertako istorioak burutik kentzea.
Niretzat oso zaila da, haurreskolan ere gertatzen zitzaidan. Pertsonak dira, nire etxera joan eta Malen edo Igor burutik kentzea ezinezkoa da, beti daude nirekin. Nire bizitzan eragina dute, baina modu negatibo zein positiboan. Kasua oso konplikatua denean, zail egiten zait deskonektatzea.

Ama zara. Horrek sentiberago egiten zaitu? Edo bihotza hotz mantentzen saiatzen zara?
Nire alaba nagusia nerabea da eta Ibaiondon ditugun gazteenek 14 urte dituzte, beraz, saihetsezina da. Ama izateak gauza guztien ikuspuntua aldatzen dizu. Bertako neska-mutilekin ez dut amatasuna praktikan jartzen, baina bai, ama izanda beste modu batean ikusten ditut.

Aukera bazenu lanez aldatuko zenuke?
Ikasten jarraitzen dut, orain psikopedagogia ikasketekin hasiko naiz. Ibaiondokoa ez da betirako lana, ezinezkoa baita erritmo eta maila horri etengabe eustea. Gustura nago Zumarragan baina etxetik gertuago lan egitea gustatuko litzaidake, hori bai, Ibaiondon bezala pertsonei laguntzea xede duen toki batean. Ibaiondok ikasteko aukera izugarria ematen dizu, gizarte hezitzaile gisa apartekoa da.

Zein da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Hazteko ematen didan parada da gehien gustatzen zaidana, bertakoek aurrera egiten dutela ikusten duzunean, aurrerapausoak ikusgai egiten direnean. Gutxien sufrimendua, pertsona bat sufritzen ikustea eta ezin laguntzea.

☉ Basauri

Javi Conde klubeko hiru atletak Australiako Munduko Virtus Atletismo Txapelketan parte hartuko dute

Ibai Magdaleno, Angela de Miguel eta Mikel Garcia atletak Brisbanen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute urriaren 8tik 15era bitartean

|

Anegla De Miguel, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia atletek Brisbanera bidaiatuko dute urriaren 8tik 15era bitartean Munduko Virtus Txapelketa jokatzeko // Javi Conde kluba

Javi Conde klub paralinpiko basauriarreko Ibai Magdaleno, Angela De Miguel eta Mikel Garcia atletak Australian daude Munduko Virtus Atletismo Txapelketa jokatzeko.

Urriaren 8tik 15era bitartean izango da txapelketa Brisbanen, eta Basauriko klubeko Sergio Lopez presidentea eurekin joango da entrenatzaile bezala.

Magdalenok 5.000 eta 10.000 metroko probetan hartuko du parte; De Miguelek 3.000 eta 5.000 metroko probetan; eta Garcia 400 eta 800 metrotan.

Txapelketak 20 herrialde baino gehiagoko 300 atleta baino gehiago bilduko ditu, eta Brisban hiriak Virtus Atletismo Lehiaketa hartuko duen hirugarren aldia izango da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto eguneko kuadrillen bazkariak 3.600 herritar baino gehiago bilduko ditu Basaurin

Urriaren 13an, San Fausto egunez, kuadrillen bazkaria izango da Basauriko jaietan

|

Bizkotxalde parkean izango da bazkaria, eguraldiak laguntzen badu // Geuria

Basauriko jaiak urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira. San Fausto eguna, urriak 13, aurten astelehenez izango da, eta basauriarrentzat jaietako egunik garrantzitsuena da.

Besteak beste, kuadrillen bazkaria antolatuko dute. Ekitaldi jendetsua izan ohi da, eta aurten, astelehena izan arren, ez da salbuespena izango.

Ane Garcia eta Txema Pereda Herriko Taldeakeko presidenteak eta presidenteordeak adierazi dutenez, 3.600 lagunetik gora bilduko da bazkarian.

Bizkotxalde parkean izango da bazkaria, betiere eguraldiak lagundu egiten badu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Laia Arteagarentzat eta Gaizka Hernandezentzat izango da Basauriko jaietan bilduko duten dirua

Herriko Taldeakeko kuadrilla guztiek antolatuko dituzte ekitaldi solidarioak sanfaustoetan

|

Iaz 16.000 euro baino gehiago bildu zituzten Basauriko jaietako ekitaldi solidarioetan // Herriko Taldeak

Basauriko jaiak hasiko dira larunbatean, urriaren 11n. Herriko Taldeakek 200 jarduera baino gehiago antolatu ditu, eta urtero bezala, ekitaldi solidarioek leku nabarmena izango dute sanfaustoetan.

Herriko Taldeakeko kuadrilla guztiek, 16 guztira, konpromiso solidarioa erakutsiko dute ekitaldi desberdinekin. Aurten Laia Arteaga Perezentzat eta Gaizka Hernandez Yagüerentzat izango da jaietan zehar bilduko duten dirua.

Urriaren 12an, igandeaz, kotxe klasikoen topaketa egongo da Bizkotxalden (Edurre); hirugihar-jana Arizgoitiko plazan (Ontzak), eta saltxitxa-jana Mojaparte plazan (Txikerrak).

Urriaren 14an, asteartez, muskuilu-jana izango da Basatiaken lonjan. Urriaren 15ean, asteazkenez, txanpi solidarioa eskainiko dute (Mozkorrak) eta txorizo-jana ere egongo da (Alaiak) Solobarriako karpan; eta pintxo solidarioa ere izango da Mojaparte plazan (Urbiko).

Urriaren 16an, ostegunez, sardina-jana (Zoroak) eta sandwich-jana (Ogeta) egingo dituzte Arizgoitiko plazan; eta odoloste-jana ere egongo da San Pedro plazan (Itsaslapurrak), eta bingo solidarioa Solobarriako karpan (Zigorrak).

Urriaren 17an, ostiralez, Sagardo Fest antolatu dute Arizgoitiko plazan (Basajaunak), txokolatada San Pedro plazan (Txano Gorritxu), eta jolas solidarioa Bizkotxalden (Laguntasuna). Eta, urriaren 18an, larunbatez, txistorra-jana egongo da San Pedro plazan (Aldatxa). Ekitaldi solidario horiek guztiak Laia Arteaga Perezen alde izango dira.

Era berean, Hauspoak kuadrillak urtero antolatzen du merkatu txiki solidarioa Gaizka Hernandez Yagüeren alde. Urriaren 12an, igandez, izango da, goizez, Solobarriako karparen inguruetan.

Eta beste alde batetik, urriaren 19an, igandez, Basauriko Merkatari Elkarteak bakailao-dastaketa herrikoi solidarioa antolatu du San Isidro plazan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Programa | Basauriko jaiak 2025

|

Urriaren 11tik 19ra bitartean 200 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Herriko Taldeakek // Geuria

Urriaren 11tik 19ra bitartean izango dira Basauriko jaiak. Herriko Taldeakek 200 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu.

Egitaraua | Basauriko jaiak 2o25

Urriak 11, larunbata
18:00 Kuadrillak elkartzea udaletxeko inguruetan
18:10 Alkate txikiei eta kuadrillei harrera udaletxean
18:30 Yeray Gonzalez pregoilariari omenaldia udaletxean
18:35 Eskarabileraren aurkezpena
18:40 Alkate txikien, alkatearen eta Herriko Taldeaken agurra udaletxeko balkoitik
18:55 Pregoia udaletxeko balkoitik
19:00 Txupinazoa
19:05 Kuadrillen jaitsiera Eskarabilerarekin udaletxetik Solobarria plazara. Kuadrillen hurrenkera: Mozkorrak, Aldatxa, Hauspoak, Ontzak, Urbiko Lagunak, Ogeta Bat, Zigorrak, Basajaunak, Edurre, Zoroak, Txanogorritxu, Alaiak, Itsaslapurrak, Basatiak, Laguntasuna eta Txikerrak
21:30 Jaitsierarik onenari saria Solobarrian eta lonjak irekitzea
21:30 Kalejira Gazte Leku Fanfarrearekin oinezkoen kaleetatik
22:00 Disko Festa Sound Solobarriako karpan
22:30 Lehian Erromeria Arizgoitiko plazan
00:30 Dantzaldia Pozokoetxeko parkean: Gard3n

Urriak 12, igandea
09:00 Txupina udaletxetik
09:30-13:30 Maratoi solidarioa Artunduagako pistan CTNNB1 elkartearen alde
09:30 Mahai-teniseko txapelketa herrikoia eta federatua Urbi kiroldegian
10:00 Gaiteroak
10:00 Petanka txapelketa Artunduagako bolatokian
10:00 Calva txapelketa Artunduagako bolatokian
11:00 Kuadrilla Txikien X. Txapelketa Arizgoitiko plazan
11:00 Azoka solidarioa Solobarriako inguruetan Gaizka Hernandezen alde (Hauspoak)
11:00 Edurre MotorDay Solidarioa Bizkotxalden Laia Arteagaren alde (Edurre)
11:00 Banakako Hiru Tabloi txapelketa herrikoia Artunduagako bolatokian
11:00 Banakako eta bikotekako Leongo boloen txapelketa Artunduagako bolatokian
12:00 Eskualde osoko txistularien elkarretaratzea. Orkestra zuzendaria: Danbolin Txistulari Elkartea
12:00 Herri Kirolen erakustaldia Pozokoetxeko parkean
12:00-15:00 + 17:00-22:00 III. GaragarDay Mojaparte parkean
12:00 Erraldoi eta Buruhandien kalejira Arizgoitiko plazatik
12:00 Kontzertuak Mojaparten: Txotx Txalaparta + Erraturie
15:00 XXX. Indaba-jan herrikoia Solobarriako karpan
17:00 Motoen VIII. Topaketa Pozokoetxeko parkean
18:00 Basauriko San Fausto Milia Begiralekuetan
18:00 Kuadrillen arteko XIII. Poker txapelketa Urbiko Lagunaken lonjan
18:30 Txiki Festa San Isidro plazan
18:30 Kalejira Adiskideak Fanfarrearekin
18:30 Festibas jaialdia Mojaparten: Trendkill + Ragebeat + En mala hora
18:30 Kalejira Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
19:00 XVII. Hirugihar-jan solidarioa Arizgoitiko plazan Laia Arteagaren alde (Ontzak)
19:00 Saltxikerrada, saltxitxa-jan solidarioa Mojaparten Laia Arteagaren alde (Txikerrak)
19:00 Txitxarrilloa Solobarriako karpan: Ekhy taldea
19:30 Zurraren Grand Prixa Pozokoetxeko parkean
22:30 Kontzertua Arizgoitiko plazan: Sua

Urriak 13, astelehena. San Fausto eguna
09:00 Txupina udaletxetik
10:00 Dultzaineroen kalejira
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Umeentzako tailerrak Pedro Lopez Cortazar plazan
11:00-14:00 + 16:30-19:00 Artisau erakusketa Begiralekuetan
11:30 Prozesioa eta lore eskaintza San Fausto kaletik
12:00 Kuadrilletako hildakoen meza San Pedro elizan
12:00 Kalejira Danbolin Txistulari Elkartearekin
12:45 Eguzkidantza Edurre Dantza Taldearen eskutik Arizgoitiko plazan
13:15 Santua San Fausto kalera itzultzeko prozesioa
13:45 Aiara Banda San Fausto kalean
14:00 Kuadrillen argazki ofiziala Bizkotxalden, jaitsierako hurrenkeraren arabera
15:00 Kuadrillen bazkaria Bizkotxalden
16:00 Kuadrillen arteko XI. Irrintzi txapelketa Bizkotxalden
17:30 Kuadrillen arteko Sokatira txapelketa Arizko Ikastolan + Txapel jaurtiketa
18:30 Kalejira Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
19:30 Aiara Banda Solobarriako karpan
19:30 Euskal erromeria Mojaparten
20:30 Txorizo-tripontziak Arizgoitiko plazan
21:00 Danborrada lonjarik lonja Arizgoitiko plazatik
22:00 Kontzertua Arizgoitiko plazan: Javier Ojeda

Urriak 14, asteartea. Txikien eguna
09:00 Txupina udaletxetik
09:30 Txikien plenoa udaletxean
10:00 Haizedoinu Gaiteroak
10:30 Erraldoi eta Buruhandien kalejira Arizgoitiko plazatik Soloartera
11:00 Alkate txikien hitzaldia eta txupin txikia Soloarte ikastetxean
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Haurrentzako parkea Soloarte ikastetxean
11:15 Haurrentzako tailerrak eta marrazki lehiaketa Soloarte ikastetxean
12:00 Dultzaineroen kalejira
12:00 San Fausto Nekazariaren omenezko meza Arizko ermitan
13:00 Lore-eskaintza Eskarabilerari eta Manuela Eguigureni
14:30 Emakumeen XXI. Bazkari herrikoia Solobarriako karpan
17:00 VI. Eskubaloia Kalean txapelketa Bizkotxaldeko kantxetan
17:00 Pasabolo txapelketa Artunduagako bolatokian
18:00 Kuadrillen arteko XVIII. Abarka jaurtiketa Pozokoetxeko parkean
18:30 Umeentzako askaria Soloarte ikastetxean
18:45 Antzerkia Soloarteko Ahateen parkean: ‘A su servicio’
19:00 Kalejira Adiskideak Fanfarrearekin
19:00 Txitxarrilloa Mojaparten: Jamaica taldea
19:00 Labeldun txahalaren dastaketa Arizgoitiko plazan
19:00 Dantza emanaldia Biarte Dantza Eskolako ikasleekin Arizgoitiko plazan
19:00 Muskuilu-jan solidarioa Basatiak kuadrillaren lonjan Laia Arteagaren alde (Basatiak)
19:30 Euskal erromeria Pozokoetxeko parkean
20:00 Kuadrillen arteko Zapitxoaren jokoa Bizkotxalden
21:15 Suzko zezena Arizgoitiko plazan
22:00 Bakarrizketak Arizgoitiko plazan: Aroa Berrozpe + Sergio Arrispide + Gurutze Beitia

Urriak 15, asteazkena
09:00 Txupina udaletxetik
10:00 Dultzaineroen kalejira
12:00 Txanpi solidarioa Solobarriako karpan Laia Arteagaren alde (Mozkorrak)
12:00 Danbolin Txistulari Elkartearen kalejira
14:00 Karparamartxoa Solobarriako karpan
15:30 Buruhandien lehiaketa Solobarriako karpan
16:30 Zurra-tripontzien txapelketa Solobarriako karpan
17:00 Mami-jan txapelketa Solobarrian
17:00 Kuadrilla Txikien 3×3 Saskibaloi txapelketa Bizkotxaldeko kantxetan
17:00 Bihotz-biriketako bizkortze tailerra Bizkotxalden
17:00 X. Esku Pilota Txapelketa Arina Soloarteko frontoietan
17:30 Txikien danborrada Ogeta Bat kuadrillako lonjatik
18:00 Kuadrillen arteko 3×3 Saskibaloi txapelketa Bizkotxaldeko kantxetan
18:00 Txikitxef sukaldaritza tailerrak San Isidro plazan
18:30 Kalejira Gazte Leku Fanfarrearekin
19:00 Kuadrillen arteko Zurrakapote txapelketa Solobarriako karpan
19:00 Zezen mekanikoaren txapelketa herrikoia eta kuadrillen artekoa Solobarriako karpan
19:00 Txorizo-jan solidarioa Solobarriako karpan Laia Arteagaren alde (Alaiak)
19:00 Pintxo solidarioa Mojaparte plazan Laia Arteagaren alde (Urbiko Lagunak)
19:00 Basauriko Emakumezkoen Futbol Selekzioa vs Sestao River Neskak Soloarteko futbol zelaian
19:00 Txitxarrilloa Mojaparte plazan: Trio Sua
19:30 Kuadrillen arteko Zurrakapote Txikiaren txapelketa Solobarria karpan
19:30 Kuadrillen arteko XI. Bizikleta Motelen lasterketa Mojaparten
19:30 Euskal erromeria Pozokoetxeko parkean
20:00 Kuadrillen arteko Zaku lasterketa Mojaparte plazan
21:00 Kontzertua Arizgoitiko plazan: Andoni Ollokiegi
22:30 Zikiñik Bez erromeria Arizgoitiko plazan

Urriak 16, osteguna. Jubilatuen eguna
09:00 Txupina udaletxetik
10:00 Haizedoinu Gaiteroak
10:30 Igel-toka txapelketa herrikoia Arizgoitiko plazan
12:00 Triki-poteoa Haizedoinu Gaiteroekin
14:00 Jubilatuen bazkaria Solobarriako karpan eta zaharren egoitzetan
17:30 Txikientzako tailerrak Pozokoetxeko parkean
18:30 Tortilla lehiaketa Solobarrian
18:30 Txitxarrilloa Mojaparten: Pergola taldea
19:00 Zurrakapote dastatze herrikoia Solobarriako karpan
19:00 Sardina-jan solidarioa Arizgoitiko plazan Laia Arteagaren alde (Zoroak)
19:30 Odoloste-jan solidarioa San Pedro plazan Laia Arteagaren alde (Itsaslapurrak)
19:30 Orkresta Elektrotxaranga poinezkoen kaleetatik, Bentatik eta Solobarriatik
19:45 Tortillak aurkeztea
20:00 Bingo solidarioa Solobarriako karpan Laia Arteagaren alde (Zigorrak)
20:00 Heavy Eguna Basatiak kuadrillaren lonjan
21:30 Sanwich-jan solidarioa Arizgoitiko plazan Laia Arteagaren alde (Ogeta Bat)
21:30 Kontzertua Arizgoitiko plazan: La Decada Prodigiosa
22:00 Zurra-pong txapelketa Solobarriako karpan

Urriak 17, ostirala. Herriko artisten eguna
09:00 Txupina udaletxetik
10:00 Dultzaineroen kalejira
12:00 Danbolin Txistulari Elkartearen kalejira
14:00 Poteo-sesioa DJ Landarekin Begolako Andra Mari kalean
17:30 Gimnasia Erritmikoko erakustaldia Solobarriako karpan: Punteras kluba
17:30 XVI. Tiragoma txapelketa Pozokoetxeko parkean
17:30 Zurezko jolasak Pedro Lopez Cortazar plazan
18:00 Sagardo Fest solidarioa Arizgoitiko plazan Laia Arteagaren alde (Basajaunak)
18:00 Galaecia Folk kalejira Begiralekuetatik eta oinezkoen kaleetatik
18:00 Aulkiaren jokoa Bizkotxalden
18:30 Kalejira Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak
19:00 Txokolatada solidarioa San Pedro plazan Laia Arteagaren alde (Txanogorritxu)
19:00 Kantu-poteoa Kilometro Kantu taldearekin Galizia kaletik
19:00 Joko solidarioa Bizkotxalden Laia Arteagaren alde (Laguntasunak)
19:00 Txitxarrilloa Mojaparten: Amigos del Swing
19:30 Dantza tailerra Solobarriako karpan Be Move Dance Studio Eskolaren eskutik
19:30 Kale-antzerkia Begoñako Andra Mari kalean: Basauriko Kreatiba Antzerki Eskola
20:00 Kuadrillen arteko XI. Futbolin txapelketa Nai Lua Tetegian
21:00 Mata-porroi txapelketa Basajaunaken lonjan
22:00 Su artifizialak Artunduagatik: Pirotecnia Zaragozana
22:30 Kontzertua Arizgoitiko plazan: Chicos de Barrio
23:30 Tributu kontzertua Arizgoitiko plazan: Buen Castigo (Fito y Fitipaldis)
00:00 Markelinbo txapelketa Renfeko plazan
00:30 Dantzaldia Pozokoetxeko parkean: La Reina Show

Urriak 18, larunbata
09:00 Txupina udaletxetik
09:30 Baserriko produktuen XXXVI. Erakusketa Uribarri kalean + Herri Kirolen erakustaldia Mojaparten
10:00 Haizedoinu Gaiteroak
11:00 Tuta txapelketa Artunduagako bolatokian
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Txikientzako Herri Kirolak Bizkotxalden
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Trenen zirkuitua Bizkotxalden
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Joku erraldoiak eta oreka tailerrak Bizkotxalde parkean
11:30 Paella txapelketa herrikoia eta kuadrillen artekoa Solobarriako karpan
12:00 Kalejira Danbolin Txistulari Elkartearekin
12:00 Eskualdeko dantza taldeen alardea Arizgoitiko plazan
12:00 Apar festa Pozokoetxeko parkea
12:00 Ekialdeko Go jokoa ikasteko tailerra San Jose ikastetxean
12:00 Aldibereko Xake-joko partidak 20 tabloietan San Jose ikastetxean
12:30 XIII. Skate txapelketa Enbarkan
12:30 Gilda-jan herrikoia Uribarri kalean
13:30 Paellak aurkeztea
13:30 Kontzertua Begoñako Andra Mari kalean: Bohemios Autorizados
16:00 XXXII. San Fausto Halterofilia Txapelketa Bizkotxaldeko kantxetan
17:00 Partxis azkarra Basatiak kuadrillaren lonjan
18:00 Diskofesta San Isidro plazan txikientzat
18:30 Kalejira Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
19:00 Txitxarrilloa Mojaparten: Dantza Alai
19:00 Kalejira Sama Siku Fanfarrearekin Arizgoititik
19:30 Txistorra-jan solidarioa San Pedro plazan Laia Arteagaren alde (Aldatxa)
19:30 Janari pikante I. Txapelketa Mozkorraken lonjan
20:00 Kantaldia Solobarriako karpan
21:00 ‘Ulterior Bidaia Handia’ kalejira Begiralekuetan eta oinezkoen kaleetan
23:00 Kontzertua Arizgoitin: Despistaos
00:30 Dantzaldia Pozokoetxeko parkean: Jaguar

Urriak 19, igandea
09:00 Txupina udaletxetik
09:30 XLV. Artisautza Azoka Uribarri kalean + Herri Kirolen erakustaldia Mojaparten
10:00 Dultzaineroen kalejira
11:00-14:00 + 16:00-18:00 Txiki-Gazte parkea Bizkotxalden
11:30-14:00 + 16:00-18:00 Txu-txu tren egokitua Begiralekuetatik
11:30 I. Patata gisatua …rekin lehiaketa Solobarriako karpan
12:00 Kalejira Danbolin Txistulari Elkartearekin
12:00 Bolo txapelketa Artunduagako bolatokian
12:00 Bakailao dastaketa solidarioa San Isidro plazan
12:30 Pilotari profesional ohien partidak Artunduagako frontoietan: Mikel Goñi, Ladis Galartza, Xala, Pascual
13:00 Basauriko Musika Eskolako ikasleen emanaldia Pozokoetxeko parkean
13:30 Patata gisatuak aurkeztea
17:00 Txitxarrilloa Mojaparten: Orquesta Maran
17:00 Pasabolo txapelketa Artunduagako bolatokian
19:15 Jaien amaiera Arizgoitiko plazan: sari banaketa eta Eskarabilerari agurra

Osorik irakurri

☉ Basauri

MAZ Basaurik agortu ditu Leon Benavente eta Toundra ikusteko sarrerak, hilabete lehenago

Azaroaren 7an Leon Benavente eta Toundra Social Antzokian ikusteko sarrera guztiak saldu dituzte. Azaroaren 8ko kontzertuetarako sarrerak oraindik salgai daude

|

Azaroaren 7an Leon Benavente eta Toundra Social Antzokian ikusteko sarrera guztiak saldu dituzte // MAZ Basauri

Azaroaren 7tik 8ra izango da MAZ Basauri jaialdia. Hamahirugarren edizioko programa pasa den astean publikatu zuten eta dagoeneko ostiralerako sarrerak agortu dituzte.

Hain zuzen ere, Leon Benavente eta Toundra Social Antzokian ikusteko sarrera guztiak saldu dituztela adierazi dute antolatzaileek, jaialdia hasi eta hilabete lehenago.

Leon Benaventek berriz sarrerak agortzea lortu du MAZ Basaurira egiten duten bigarren bisitan, 2017ko edizioan lortu eta zortzi urtera.

Hala ere, gogorarazi dute oraindik ere sarrerak salgai daudela larunbateko jardunaldirako Los Punsetes, Triangulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop ikusteko.

MAZ Basauri 2025

Azaroak 6, osteguna
Marienea
18:00 ‘Emakumeak eta industria musikala’ hitzaldia

Azaroak 7, ostirala
Social Antzokia. Sarrerak agortuta.
21:00 Ateak irekitzea
21:30 Toundra
23:30 Leon Benavente
01:00 Bukaera

Azaroak 8, larunbata
Txiki MAZ: kokapena aurrerago zehaztuko dute
11:30 Reyes Torio & Mr Chase (DJ saioa eta ikastaroa)
12:00 J.M. Brutal (antzerkia)
13:00 Reyes Torio & Mr Chase (DJ saioa eta ikastaroa)
13:30 Maialen Ibarra (kontzertua)
14:15 Bukaera

MAZ kalean: kokapena aurrerago zehaztuko dute
17:30 Ben Santana
18:15 Monday Potions
19:15 Rubia
20:15 Bukaera

Social Antzokia
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Edgar Allan Pop
22:15 Triangulo de Amor Bizarro
23:25 Los Punsetes
01:05 Bukaera

Osorik irakurri