☉ Ugao
Iraide Bilbao: “Herri txikia izanik, kultura arloan sekulako indarra duen herria da Ugao”
Sortuz musika eskolaren eta Sarea Txiki abesbatzaren sustatzailea da Bilbao. Egun, musika irakasle ari da Zeberioko eskolan.

Musikarekin jaio zen Iraide Bilbao (Ugao, 1985). Zazpi urte bete zituenean erosi zioten gurasoek bere lehen instrumentua: 100.000 pezetako zeharkako txirula bat (egungo 600 euro inguru). “Apustu eta ahalegin handia egin zuten hura erosteko”, aitortu du Bilbaok. Kantuan eta dantzan, ordea, aurretik hasia zen ugaotarra: “Amak txiki-txikitatik abestu izan digu ahizpari eta niri”. Ez alferrik. Musikarekin jaio eta musikari lotuta hazi da Iraide, gaur egunera arte. Bidean lau instrumentu, hamaika kantu txapelketa, Amaiur erromeria taldea, kontserbatorio eta unibertsitate ikasketak, musika eskola bat, abesbatza bat eta bere lanbidea. Denak musikari lotuta. Bere bizitzako pasio handienaren inguruan berba egin dugu Iraide Bilbaorekin.
Iraide eta musika. Banandu ezineko bikotea.
Etxean beti presente eduki dugun zerbait izan da musika. Ama txistularia zen eta euskal dantzetan ere aritzen zen. Gu haren ondoan beti, kantuan eta dantzan. Zazpi urte bete nituenean garai hartako 100.000 pezeta gastatu zituzten gurasoek niri zeharkako txirula bat erosteko. Laudioko musika eskolan hasi nintzen orduan, Ugaon ez baitzegoen horretarako aukerarik. Poz-pozik joaten nintzen Laudiora, egunero ia, eta ordutik argi izan dut nire egunerokoak musikari lotuta egon behar zuela.
Eta hala izan da.
Egia esan, nik ez dut ikasleek izan ohi duten etorkizuneko ikasketen inguruko bertigorik eduki. Txikitatik oso argi izan dut magisteritza musikala ikasi nahi nuela, eta hala egin dut. Are gehiago, unibertsitatean hasi eta Barakaldoko musika kontserbatorioan ere eman nuen izena. Bi ikasketak batera uztartu nituen: goizetan Bilbora karrera ikastera eta arratsaldetan Barakaldora. Egun osoa etxetik kanpo, eta egun osoa musikaz inguratuta. Ordu bateko tartea baino ez nuen batetik bestera joateko, baina ni pozik!
Baina, unibertsitatera heldu aurretik, mugarri garrantzitsuak bizi izan zenituen.
Instrumentuak jotzeaz aparte, kantuak abestea ere izugarri gogoko izan dut beti. Amak bere sabelean geundenetik abesten zigun ahizpari eta bioi, eta nik jarraipen ederra eman diot horri. Euskal Telebistan hasi nintzen kantuan, Super Bateko Euskaraokean, baita Izar Gazte Bila programan ere. Saio mordoa irabazi nituen batean zein bestean. Imajinatu, 10-12 urterekin, telebistan, kameren aurrean, eta kantuan! Izugarri gozatu nuen garai hura.
Telebistan bakarrik ez, Kantu Txapelketetan ere parte hartu duzu luzaroan.
Euskal Kantu Txapelketa etorri zen ondoren. Bizkaiko fasean aritu nintzen lehenengo, herri askotako kantariekin, eta Euskal Herriko finalean parte hartzeko aukeratu ninduten! 14 urtetatik aurrera etengabe parte hartu izan dut txapelketa hauetan, eta txapel mordoa irabazi ditut! Pentsa, ama izanda ere, lehiaketara aurkeztu izan naiz!
Eta Euskal Herriko talde mitiko baten abeslaria ere izan zara: Amaiur erromeria taldea.
Mimo handiz gogoratzen ditut urte horiek. 2002. urtea izango zen, 17 urte nituen nik eta institutuan ikasten ari nintzen oraindik. Hasieran Amaiurrek ez zuen erromeria talde bat izan behar, folk taldea baizik. Guk behintzat asmo horrekin sortu genuen: lagun eta musikari talde bat, kantatzeko abestiak jotzen. Zolloko jaietan jo genuen talde horrekin lehen kontzertua. Garai hartako errealitateak, baina, bestelako bide bat aukeratu zuen taldearentzat. Urte haietan ez zegoen egun existitzen den erromeria taldeen eskaintzarik, oso gutxi zeuden eta horretan aritzeko aukera proposatu ziguten. Ideia ona iruditu zitzaigun eta erromeria taldea izatera igaro zen Amaiur. Hortik aurrera, abentura itzela bizi izan genuen. Erromeria talde erreferente bihurtu ginen: jendea Amaiur ikustera joaten zen plazetara, ez erromeria bat zegoelako, baizik eta Amaiurrek jotzen zuelako. Taldean aritu nintzen bi urteetan gozatu ederra hartu nuen Euskal Herrian barrena, kontzertua gaur eta bihar ere bai. Oso gogorra izan zen ere, institutuan nengoen eta bizitza gauez egiten genuen. Naroa etorri zen gero, eta nik beste bide bat hartu nuen.
Buelta gaitezen unibertsitate garaietara. Eneko Martinez ezagutu zenuen bertan.
Karrerako klaseetan ezagutu nuen Eneko, musikan ni bezalako ‘flipaua’ bera! Oso harreman ona sortu genuen gure artean eta pentsatu genuen proiektu polita izan zitekeela musika eskola elkarrekin sortzea. Ugaon ez zegoen horrelakorik, eta magisteritza bukatuta, Sortuz Musika Eskola ireki genuen bertan. Izan ere, musikari dagokionez indar handia duen herria da Ugao, baina hura finduko zuen kalitatea falta zen garai hartan. Genekien guztia transmititu behar genuela erabaki genuen, eta horretan ari gara ordutik. Ehun ikasle inguru ditu eskolak eta zortzi irakasle ari dira bertan lanean.
Kultura alorrean Ugaok indar handi duela diozu.
Nire ustez, 4.000 biztanle inguru dituen herria dela kontuan edukita, ez dago zalantzarik, Ugaok izugarrizko eskaintza kulturala dauka: euskal dantzetan, musikan, antzerkian… Izugarrizko zerbitzuak eskaintzen ditugu kultura alorrean. Tamalez, herrian ez dago momentuz erakusteko dugun guztia modu duin batean agertzeko aretorik. Jane Jauregia hobeto dago orain, eraberritze lanen ondoren, baina oso txikia izaten jarraitzen du. Emanaldi asko eta asko elizan egin behar izaten ditugu, eta batzuetan ondo egon daitekeen arren, ez da horietarako leku aproposa. Akaso, eliza bat izate hutsagatik bertara sartzen ez den jendea egon daiteke, eta hori ere ulertu beharra dago. Gure herriak duen erronka nagusienetako bat da aretoarena, dudarik gabe.
Sarea Txiki abesbatzarekin jaietako pregoia abestu duzu aurten. Haren sorreraren atzean bazabiltza zu ere, ezta?
Nola ez! (kar, kar). Oker ez banabil, Sarea Abesbatza 2003an sortu zuten eta lau urte geroago Sarea Txiki sortu genuen. Haur Kantu txapelketari eta amaren ekiteari esker gertatu zen guztia. Esan bezala, ni hamaika aldiz aurkeztua nintzen lehiaketa horretara, eta esperientzia polita izan zela gogoratuta, dantza taldeko umeak batu eta bertara aurkezteko erronka luzatu zidan amak. Bi talde osatu genituen 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin eta Bizkaiko Txapelketara aurkeztu ginen. Aurkeztu eta irabazi. Arriaga Antzokian ospatu zen finala eta esperientzia ederra izan zen. Bizkaiko txapeldun gisa Euskal Herriko finalera joan ginen ondoren, Biarritzera, eta izugarrizko bidaia egin genuen elkarrekin. Hain ondo pasatu genuen, non umeen gurasoek abesbatza sortzeko ideia luzatu baitzidaten. Horretan gabiltza ordutik. Lehen talde hartako ume asko nagusiak dira orain eta leku egin diete beste batzuei. Nire ilusioak, ordea, berdina izaten jarraitzen du. 6 urtetik aurrerako edozein ume batu daiteke taldera! Erdu!
Zeberioko eskolan Musikako andereñoa zara.
Guretzako gorde beharrean, dakigun guztia erakutsi beharra dugula sinisten dut nik, eta horregatik izugarri maite dut irakasle izatea. Hezkuntza oposizioak gainditu ditut aurten eta Zeberioko eskolan nago orain. Niretzako egon daitekeen gauzarik ederrena da umeekin lan egitea. Ez da bakarrik irakastea, pilo bat ikasten duzu haiekin! Kantuan eta dantzan aritzen gara beti, eta uste dut haiek nik bezainbeste gozatzen dutela musikarekin!
Zeharkako txirularekin egindako inber- tsioa ondo irten zaie gurasoei, ezta?
Izugarri harro daude, eta izugarri eskertua ni. Nire seme-alabekin ere bide bera jarraitzen ari naiz, ikusiko dugu nora doazen gero!
☉ Ugao
Venancio Martinez “perretxikozale nagusia” izendatuko dute Ugaoko Jardunaldi Mikologikoetan

Azaroaren 1ean eta 2an Ugaoko XX. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte Udalak eta Ugaoko Historia eta Ingurumena ezagutzeko Zentroak.
Urtero lez, ekintza nagusi bi antolatu dituzte udazkenean hain tipikoa den hitzordu honetan: alde batetik goizeko mendi irteera egingo dute azaroaren lehen egunean eta arrastian jasotakoa sailkatu eta aukeraketa egingo dute.
Irteeran izena eman gura duten interesdunek Jane jauregira jo beharko dute edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Izen emateak helbide elektronikoz egiteko aukera izango dute ere kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.
Beste alde batetik, hurrengo egunean, azaroaren 2an, omenaldi berezia egingo diote Perretxikozale Nagusiari, 11:00etatik 14:00ak arte. Arrastian urteroko perretxikoen erakusketa antolatu dute.

Egitaraua | Ugaoko Jardunaldi mikologikoak 2025
Azaroak 1, larunbata
08:00 Mendi irteera, perretxiko bila (izena ematea beharrezkoa da)
Arratsaldean: mendian jasotakoaren sailkapena eta aukeraketa
Azaroak 2, igandea
11:00 Perretxikozale Nagusiari omenaldia
Eguerdian: Perretxikoen erakusketa
☉ Ugao
Ugaoko Udalak bi peoi eta administrari laguntzailea kontratatuko ditu sei hilabetez

2025eko toki ekintzetarako dirulaguntza deialdiaren baitan Ugaoko Udalak hiru kontratazio egingo ditu. Hiru lanpostuak lanaldi osokoak izango dira, eta abenduan hastea aurreikusten dute, gehienez ere sei hilabeteko iraupenarekin.
Ugaoren kasuan, bi peoi (4 hilabete eta erdiz) eta administrari laguntzaile bat (6 hilabetez) hasiko dira lanean, eta hautaketa prozesua Lanbidek emandako hautagai zerrendaren artean egingo dute, baldintza jakin batzuk betez: langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea edota Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza eta egoera soziolaborala zein familiarra ere kontuan hartuko dira.
Parte hartzeko Lanbideren webgunean izena eman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a arte: Zerbitzu anitzeko peoia eta Administrari laguntzailea.
☉ Ugao
Jardueraz betetako Gau Beltz “beldurgarria” antolatu dute Ugaon
Makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa… askotariko jarduerataz gozatu ahalko dute etxeko txiki eta gazteek

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute Hego Uribe eskualdeko hainbat herritan (Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri…) eta Ugao horien artean ageri da.
Izan ere, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera zenbait jarduera prestatu ditu arrastitik gaualdera bitartean, Herriaren enparantzan eta inguruetan: makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa…
Eguraldi txarra eginez gero, Herriaren enparantzako jarduerak Jane jauregira lekualdatuko lituzketela iragarri dute udal ordezkariek.
Egitaraua | Ugaoko Gau Beltza 2025
Urriak 31, ostirala
17:00 Makilaje beldurgarria, udaletxeko arkupeak
17:00 Karraju beldurgarria, Historia Ezagutzeko Zentroa
17:30 Photocall, Herriaren enparantza
17:45 Mozorro lehiaketa, Herriaren enparantza
18:30 Diskofesta, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Zuriñe Suarez Moja: «Emakumeak arduratu dira beti baserriko lanez, kontrakoa ikusarazi den arren»
Ugaotarrari omenaldia egin diote GastroUgao azokako lehen edizioan, eta Landa Eremuko Emakumearen Egunaren atarian (urriak 15), igorren duen gaztandategian izan gara

Urriaren 15a Landa-Eremuko emakumeen eguna da, eta aitzakia horrekin elkartu gara Zuriñe Suarez Mojarekin (Ugao, 1976). Aurten Gastrougao Azokako lehen edizioa izan da eta ekitaldi horren harira omendu dute ugaotarra.
Baserri giroan hezi bazen ere, amak etxean bizitako lan gogorra ikusi eta gero baserri bizitzatik urruntzen saiatu zen, baina bidean Andoni ezagutu zuen, landa eremua maite duen basauriarra. Ezkondu eta elkarrekin hainbat proiektutan lan egin ostean Askibil izeneko gaztandegia zabaldu zuten Igorren. Bere bizitzaz, lan esperientziaz, ahuntzez eta nola ez, gaztaz mintzatu gara Suarezekin, Igorreko gaztandegiko ahuntz kuxkuxeroen artean.
Hilabete honetan omenaldia jaso duzu Gastrougao Azokan. Zer esan nahi du honek guztiak zuretzat, Zuriñe? Ilusio izugarria egin dit aintzatespen honek. Beti sentitu izan dut nire herriaren babes handia, baina errekonozimendu hori jaso dudala jakiteak… ez dut hitzik! Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, lehen GastroUgao honetan egindako aintzatespen honengatik eta egin diren merkatuetan parte hartzeko aukera eman didan aldi guztiengatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, tokiko produktuekin sentsibilizatuta dauden eta horiek eskuratzen dituzten, baloratzen dituzten eta jendeari helarazteko borrokatzen diren denda horiei guztiei, hainbeste urtez gure atzetik ibili diren eta jarraitzen gaituzten guztiei.

Askibil gaztandegia, Igorren // Geuria
Gero eta gehiago dira baserri esparruko negozioak zuzentzen dituzten emakumeak, hala nola baserriak edo gaztandegiak, tradizioz gizonek egiten duten lana, edo gutxienez hori izan da esan digutena. Nola ikusten duzu gaur egungo panorama sektore horretako emakumeari dagokionez? Kontrakoa esango nizuke. Ahotsik izan ez duten emakume asko eta asko entzutea besterik ez dago: nik uste dut baserriko lanak beraiek egin dituztela betidanik; gizonak, berriz, kanpora joaten ziren lanera. Eta gizonak beti ikusarazi dituzten arren, emakumeek egiten zituzten benetan etxeko, baratzeko eta animaliekin egin beharreko lanak.
Hiru urte nituela, ama alargundu zen (‘kableko neska’ izan zen aitarekin ezkondu arte), eta baserria eta bi seme-alaba hezteko gai izan zen. Amari musutxo bat bidaltzeko aprobetxatzen dut, niretzat inspirazioa izan baita, bera aitaginarrebarekin batera baldintzarik gabeko laguntza eman didatelako. Ahalegin izugarria egin zuen amak. Hori dela eta, nire ideia ez zen landatik, abereengandik… baserri bizitzatik bizitzea; administrari ikasketak egin nituen.
Baina, azkenean, inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean, eta Andoni ezagutu nuen. Andonik baserri bizitza maite du eta hara nora, berarekin ezkondu nintzen azkenean! Elkarren artean lan-proiektu bat hasi genuen eta orduan, ahuntzak, esne-ahuntzak eta jezte-ahuntzak aukeratu genituen, eta horrela, 1996an, lehen 12 txibatxoak ekarri genituen Murtziatik amaren baserrira. Inguruko askok esaten ziguten gure ideia hura zoramena zela eta ez genuela ondo amaituko. Hala ere, jendearen laguntza ere izan genuen, gure proiektua aurrera ateratzen lagundu ziguten lagunak, alegia.

Zuriñe, gaztandategiko lagun iletsuekin // Geuria
Esan beharrekoa da zaila eta neketsua izan zela. Ezer ezatik hasi ginen, eta oztopo ugari izan ditugu bidean, baina burugogor bi garenez, bizimodu hau izatea lortu dugu azkenik. Bestalde, emakumeek egunetik egunera ez duten hain zail mundu hau. Egia da lan asko dagoela egiteko, errealitatea ikusarazteko. ‘Landa XXI Euskadi’ko landa-eremuko emakumeen elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidea naiz gaur egun, eta emakumeek eskubidez izan beharko lituzketen kontuak babesten eta defendatzen saiatzen gara. Esan bezala, oraindik lan asko dago egiteko eta borrokatzeko, baina hor dihardugu.
Baserri batean jaio arren zure lan-etorkizuna ez zenuen abeltzaintzan ikusten. Gauzak espero zenuen bezala atera ez arren… pozik zaude? Bizitzak behar duzun lekura eramaten zaitu, eta ez naiz ezertaz damutzen, guztiz kontrakoa. Bizitza hau sakrifikatuegia da, baina urteekin lortutakoa ikusten duzu, eta poztasun handia ematen du horrek. Ezerezetik abiatzeak lan asko ematen du, eta guztia lan gogorrarekin lortu dugu; beraz, harropuzkeria eman arren, pozik nago nire baserriarekin eta nire produktuekin. Oso pozik nago kontsumitzaileek nire produktuak gustoko dituztelako, eta penintsula osoko abeltzainek errespetatzen nautelako. Zer gehiago eska dezaket?

Ahuntz bat, eguzkitan // Geuria
1999an, Andonirekin batera, ‘Askibil’ gaztandegia zuzentzen hasi zinen, Igorren. Nola sortu zen proiektua? Negozioaren bideragarritasuna bilatuz bururatu zitzaigun ideia. Esnea saltzen soilik ez ziren kontuak ateratzen. Ganadutik bizitzeko gazta saltzea eraginkorragoa izango zela ikusi genuen, eta horixe egin genuen.
Zuen esnea ahuntz murtziar-granadarren arraza batetik dator. Ahuntz horien jatorrizko klimak ez du zerikusirik Euskal Herrikoarekin. Zergatik arraza hau eta ez bertako arraza bat? Jatorrizko arraza ez da berez esne-arraza bat, haragi-arraza bat baizik. Esne-azienda nahi genuen guk, eta eskura izan genituen arrazak Saanen, Alpina eta Granadako murtziarrak ziren. Azken arraza honek bereziki maitemindu gintuen, eta klima berokoa bada ere, ondo moldatu da Euskal Herriko klimara. Gainera, arrak bakarrik ekarri genituen; eme guztiak etxean jaioak dira, bizkaitarrak. Dena esan behar da eta aitortu beharrekoa da hasierak ere zoro samarrak izan zirela: nola maneiatu, elikatu, zer gustatzen zaien, zer zainketa behar diren… Dena ikasketa bat da eta esango dizut mundu hau etengabeko ikaskuntza prozesu bat dela. Etengabe birziklatu behar gara abeltzaintzan.

Andoni eta Zuriñe, Askibilen // Geuria
Antzina esnea saltzen zenuen Gamizen. Zergatik ahuntzena eta ez ardi edo behiena? Ugaotik Gamizera eraman genituen lehen 12 ahuntzekin hasi ginen. Bertan ukuilu bat alokatu genuen, ahal genuen neurrian handitzen joateko ideiarekin. Aurrerago, 1998an, baserri bat alokatu genuen Markinan. Han, Igorren ukuilurako pabiloia eta gaztandegia eraikitzen genituen bitartean, esnea saltzen genuen.
1999an Igorreko Loiate auzora lekualdatu ginen. Ahuntzak, ardiak edo behiak hautatzeko erabakiari dagokionez, erantzuna ahuntzak gustatzen zitzaizkigulako da. Nik, ez nuen ez ardirik ez behirik nahi. Euskal Herrian egiten den ohiko erabakitik urruntzen zen apustua iruditu zitzaigun eta ideia atsegin genuen. Esan eta egin!

Askibilek zer gazta mota eskaintzen dio kontsumitzaileari eta nolako bilakaera izan du urteetan zehar? Gaur egun, Askibilek gazta freskoa egiten du. Txuriak esne gordinez ondutako gazta, hau Auntzai Ondua da, gazta laktikoa, ruloa, Auntzai Leuna. Hiru horiek dira Euskal gazten gamakoak. Labeldun gaztetatik kanpokoak, esne berarekin eginak, Camenbert, Samurra motako gazta bat egiten dugu, iaz Loiate izenarekin birbataiatu genuena, gure etxaldea dagoen auzoa, jogurt naturalak ere egiten ditugu. Eta familiarekin bat egiten duen azkena ‘El Azulito’ izan da, gazta urdin bat, Bilbori keinu bat eginez bere izena jarri geniona: salgai jarri genuen urtean hiriko mikrobusaren urteurrenarekin eta merkatu berriarekin bat egin zuelako.

Gaztandegiko ahuntzak // Geuria
Esneki guztiak gure ahuntzen esnearekin bakarrik egiten ditugu; ez dugu bestelako esnerik erosten eta eskuz eta modu naturalean egiten dugu. Gure berme-zigilua da, abeltzainarengandik kontsumitzailearengana, hurbileko lokala, kimikarik gabea, tratamendurik gabea, badakigu zer saltzen dugun, eta horrela jendeak badaki zer erosten duen. Negozioaren garapena oso oparoa izan da.
Nire gazta ondua saltzen hasi nintzenean, egiten hasi ginen lehen gazta izan zen, eta jendeak jakin-minez eta mesfidantzaz probatzen zuen. Zorionez, hemen, ardia zen gehien estilatzen zena, publikoak ohiturak aldatu zituen eta beste esneki mota batzuetara zabaldu zen. Eta gure lurraldean, txikia izan arren, aberastasun handiko esnekiak egiten dituzten etxalde asko ditugu.

Murtzia eta Granadako ahuntzak kuxkuxeroak dira // Geuria
Gaur egun Euskal Gaztak proiektuaren parte zarete. Zer esan nahi du honek? Guretzat ardura garrantzitsua zen Hazi Fundazioa Eusko Labelaren familiari lehenagoko errezeta berreskuratuen gaztak eranstea eta horren parte izatea, 1999tik aurrera ahuntzain eta gazta egileak izanik. Ez genuen birritan pentsatu: horretan hasi ginen, bertako partaide izateko. Beheko mailatik sortzen diren produktuak ikusarazteko modu bat da, kalitatezkoak edo, orain esaten den bezala, egileenak direla adierazteko.

Askibil duela 25 urte hasi zen. Nolakoak izan dira ia hiru hamarkada hauek eta zer etorkizun iragartzen diozu? Bidea gogorra izan da, oso gogorra. Jende gutxik sinesten zuen gure proiektuan, eta ezer gabe hastea, lursail edo etxalde bat izatearekin alderatuta, zailagoa da. Edo, ganadua, zurea egin arte, aklimatatu egin behar da, ondo aukeratzen jakin behar da… eta hori lan izugarria da. Produktu desberdin batekin merkatua zabaltzea asko kostatzen da.
“Jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen”
Garai hori igarota, eta jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen. Eta belaunaldien arteko erreleboa egotea, aurrera ateratzeko bizitza behar izan duten proiektu horiek gal ez daitezen. Badakigu abeltzaintzan denetarik gerta daitekeela eta arrisku handia dagoela, baina dena behar bezala joango dela pentsatu behar dugu.

Ahuntz kuxkuxero bat, GEURIAko kazetariaren zorroa miatzen // Geuria
☉ Ugao
Ugaoko Jute fabrika ohian lan egindako emakumeen inguruko liburua salgai ipini dute Janen
Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian

‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historia’ liburua salgai ipini dute Ugaoko Jane jauregian. Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian.
Ugaoko ondarea izandako fabrika eta bertan lan egin zuten emakumeen historia jaso eta zabaltzeko ‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historian’ liburua idatzi du Josu Hernando Perez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Belen Alcalde lankidearekin batera. Jute ehungintza fabrikaren historia “lurperatuta” zegoela dio Hernandok: “Lantegiaren historia guztiz desagertuta zegoen, eta Udalak horren ikerketa bat egiteko proposamenaren haritik erabaki genuen liburu hau idaztea”.
Liburuaren helburua erreminta dibulgatiboa izatea da: “Urtebeteko dokumentazio eta artxibo lan handia dago liburuaren atzean baina helburu nagusia jendeak Jute Ehungintza Fabrikaren berri izatea da”.
Liburuak atal nagusi bi ditu: lehena, fabrikaren lehen mende erdia azaltzen duena, artxiboko informazioarekin osatu dute. Lan zaila izan dela azaldu du liburuaren egileak, informazioa “desagertuta” zegoelako eta Foru Aldundiko artxiboetatik jaso dute. Bigarren atala sei emakume langile ohien adierazpenekin osatu dute: “Elkarrizketen bidez mendearen bigarren zatiko historia ezagutu ahal izan dugu”, gehitu du Josuk.

Asun, Maritere eta sara // Geuria
Omenaldia, Udiarragan
Asun eta Maritere Ortiz de Zarate ahizpek eta Sara Ferrerok ez dute inoiz ahaztuko Ugaoko Jute fabrikan lan egin zuten garaia. Joan den martxoaren 13an bertan lan egin zuten emakume guztiak omendu zituen Udiarragako amabirjinaren elizan eta lehen ilarako bankuan eserita zeuden Asun, Maritere eta Sara.
14 urterekin haria egiteko makina erraldoiekin egiten zuten lan Ugaoko lantegian. Baina, esan bezala, omenaldiaren egunean irribarretsu zeuden Udiarragako eleizan, urte horietako oroitzapenak elkarren artean kontatzen eta bertan proiektatu ziren antzinako argazkiak adi-adi begiratzen.









