☉ Zaratamo
Elexaldeko plazako taberna denda ere izateko aukera jasoko du baldintza-agiri berriak
Negozioaren aukerak zabaltzeko asmoz, oinarrizko produktuen salmenta, etxez etxeko janari zerbitzua, jatetxea eta taberna bilduko ditu, ‘Taberna-denda’ kontzeptuari helduz

Nork ez ditu ezagutzen herri txikietako plazan egon ohi diren denda eta taberna? Komertzio gutxi egon arren, inoiz ez da falta oinarrizko produktuak saltzen dituen herriko denda eta lagunekin egoteko plazako taberna. Praktikoak, gertukoak eta beti prest. Halakoak izan ohi dira eta herritarren artean harrera ona izaten dute. Bada, kontzeptu horri helduta, Zaratamoko Udalak Elexalde auzoan duen plazako taberna biziberritu gura du.
Aurten bukatuko da kontratua eta baldintza berriak prestatu ditu Udalak. Orain taberna itxita dago -ez da alokairurik kobratu- eta azken urteotan kudeatu dutenek ez dute lehiaketa berrian parte hartzeko asmorik agertu. Kontratu berriaren baldintzak ekainaren erdialdean egingo den osoko bilkuran onartzea aurreikusten dute udal ordezkariek.
“Orain arte plazako taberna baliabide bat izan da, diru iturri bat jasotzeko bidea, bai Udalarentzat, bai esleipendunarentzat. Diru eskaintza zen baldintzetan nagusi. Orain, ostera, proposamen ekonomikoari garrantzia kendu nahi diogu, kobratu behar dugun gutxienekoa kobratu, eta ustiaketa proiektua gehiago baloratu”, adierazi du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
Zaratamoko Elexaldeko guneak inguruan ez dauka komertziorik. Herrigunea berpizteko eta gutxieneko zerbitzua emateko proiektu bezala aurkeztu gura dute. Horretarako, ‘taberna-denda’ ideia berreskuratu dute. “Gure ustez, kontzeptu hori sortzea litzateke aproposena. Aspaldiko ostatuen estilokoa, herriko denda, taberna izateaz gain, oinarrizko produktuak saltzen zituena. Oraingo kafetegi-jatetxe izatetik, taberna-denda izatera. Uste dugu herritarrentzat proiektu hobeak aurkez daitezkeela, zerbitzu zabalagoa eta erabilgarriagoa emateko”, dio Ugarrizak. Berarekin plazako tabernara inguratu gara eta bertan langileak ari ziren lanean. Itxialdian taberna itxita egon denez, egin beharreko moldaketak egiteko aprobetxatu du Udalak: “Begira, jatetxearen zati batean apalak jarri ditugu, eta txoko horretan denda jartzea da asmoa. Txukun-txukun jartzeko ahalegin handia egiten ari gara”.
NEGOZIOA ZABALDU. Gai honekin bueltaka ari baziren ere, osasun krisiak eragindako itxialdia izan da klika. Herritarrek hilabete hauetan faltan bota dute oinarrizko produktuak gertu erosteko aukera: “Ideia herritarrekin partekatu dugu eta gustatu zaie, batez ere, negozioa zabaldu egiten delako. Ogia, esnea, letxugak, jamon york, solomoa, arrautzak… Hori guztia etxetik gertu edukitzea gauza handia da”. Horrekin batera, etxez etxeko zerbitzua edo prestatutako janaria saltzeko aukerak ere aipatu dituzte udal ordezkariek: “Sukalde elegante bat ere badauka, jatetxea ere izan baita. Baina, etxez etxeko zerbitzua edo janaria bertan prestatzea ere aukera bat da, denda bat izaki, oinarrizko produktuak bertan edukiko dituztelako. Etxez etxe janaria eraman, tabernan bertan prestatu eta jendeak bertan erostea… Aukera asko daude. Eta terraza ere badu, toki handia dago plazan bertan”.
Datozen egunetan taberna-denda izango dena ahalik eta hoberen atontzen jarraituko dute, proiektu berriak inbertsio handirik behar ez dezan.
☉ Zaratamo
Mugikortasunaren Diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko ditu Zaratamoko Udalak Arkotxan
Urriaren 20an plazaratuko dituzte joan den ekainaren 10etik 24ra egindako Mugikortasun Diagnostikoaren emaitzak, Arkotxako elizan

Zaratamoko Udalak ekainean egindako Mugikortasun Diagnostikoaren emaitzak plazaratuko ditu urriaren 20an, Arkotxako elizan. Ekainaren 10etik 24ra Mugikortasun Diagnostikoa egin zuen Zaratamoko Udalak, RAZ Advanced Solutions eta Hiritik At bulego teknikoekin batera, ondoren Bizkaiko Foru Aldundia burutzen ari den azterketa orokorrari udalerriaren behar partikularrak gehitu ahal izateko.
Diagnostiko horretan herritarren mugikortasun ohitura, behar, nahi eta proposamenak jaso dituzte Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den azterketa horri begira, udalerriaren behar partikularrak eskema orokor horren barruan txertatu ahal izateko. “Azterketa honek mugitzeko modu guztien inguruan eta mugikortasunarekin loturiko espazio publikoaren inguruko lanketa ere egin du, baina nagusiki garraio publikoaren berrantolaketa posible bati begira dago enfokatuta, horregatik garraio publikoaren erabilera, gabezia, aukera eta bestelako alorrak aztertu dira sakonen”, azaldu zuten udal ordezkariek joan den ekainaren amaieran.
Proposamen horien artean Elexalde eta Arkotxa Bi-3701 errepidetik lotuko lukeen Bizkaibus linearena ageri da. Auzo bien arteko komunikazio falta “arazo handia” bezala definitu zuten udal ordezkariek eta 2024ko irailean Sonia Perez Ezquerra Garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko foru diputatuarekin bildu zen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea, “Zaratamoko garraio publikoaren arazoak aztertzeko”.
☉ Zaratamo
Zaratamon lantegia duen Pekos enpresako langileek greba egingo dute lan-hitzarmen berria aldarrikatzeko
ELA sindikatuaren arabera, PekosGroupeko enpresak “onura handiak” izan ditu azken urteetan “baina horiek, ordea, ez dira neurri berean islatu langileen soldatetan”. Gaurtik hasita urriaren 8ra bitartean egingo dute greba

Pekos Fabricacion enpresako Zaratamo eta Arteako langileek greba hasiko dute gaurtik urriaren 8ra arte. “Grebaren helburua da irabazi handiak dituen enpresa batean soldata igoera nabarmenak ekarriko dituen hitzarmena adostea”, azaldu dute ELA sindikatutik.
Pekos Fabricacion balbulak sortzen dituen PekosGroup taldeko enpresa da. Bizkaian lantoki bi ditu: Zaratamon eta Artean. Guztira 80 pertsonek egiten dute lan bertan eta ELAren arabera “onura handiak” izan ditu azken urteetan: “Onura horiek, ordea, ez dira neurri berean islatu langileen soldatetan”.
Horiek horrrela, urte hasieran negoziazioak hasi zituen enpresako zuzendaritzarekin aurreneko enpresa hitzarmena adosteko: “Hitzarmen horrek soldata igoera garrantzitsuak eta lanaldi murrizketekin, eskubide sozialen hobekuntzekin, baimenen eta lizentzien hobekuntzekin eta prekarietatearen aurkako neurriekin lotutako beste hobekuntza batzuk jasoko lituzke”, zehaztu dute sindikatutik.
Aurten hainbat bilera egin dituzte sindikatuko ordezkariek enpresa zuzendaritzarekin eta azken hauek “soldaten hobekuntza eskasa” negoziatu izan duela azaldu dute ELAtik. “Ondorioz, ELAk greba deitu du urriaren 6, 7 eta 8rako, plantillaren lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak ekarriko dituen hitzarmen bat adosteko”.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetan aste bi daramatzate edateko urik gabe
Zaratamo eta Usansoloko Udalek Ur hornidura sistema berria ipiniko dute Lekuetik Urdinbide eta Gutioloraino. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta eman beharreko hurrengo urratsa Udaletako ordezkariek proiektu horri forma ematea da

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetako bizilagunak joan den irailaren 19tik daude edateko urik gabe. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela dio Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini duen kartel batek.
“Aste bi daramatzagu ur edangarririk gabe Gutiolon”, azaldu du Iciarrek. Arazoak dirauen bitartean, Ur Partzuergoko kamioi batek zortzi litroko botila edo txanbil bi eramaten dizkie bi auzoetako bizilagunei, eguneroko beharrizanei aurre egin ahal izateko.
“Txorrotako ura ezin dugu edan edo sukaldatzeko zein fruta garbitzeko erabili”, gehitu du Gutioloko auzotarrak. Uraren kalitatearen zergatia aztertu arte iraungo du ez edatearen debekuak. Hala azaldu dute Zaratamoko Udaletik.
Arazoa ez da berria, auzotarren eta udal ordezkarien arabera: “Orain arte, arazoak egon direnean Udalera deitu dugu eta Udala Ur Partzuergoarekin harremanetan ipini ohi izan da. Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko zein Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan. Ordutik botiletan ekarritako ur hau edaten ari gara”, dio Gutiolokoak zortzi litroko botila bat erakutsiz.
“Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko eta Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan”
Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain airean dagoen ur biltegi bat dago, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen dituen ur sistema.

Udalak Gutiolo eta Urdinbiden ipini dituen informazio-kartelak // Geuria
“Lau urte daramatzagu gur egungo ur hornidura sistema aldatzeko prozesuan”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”.
Zaratamoko Udala: “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”
Azken bilera joan den irailaren 23an deitu zuen Osasun sailak. Bertan Zaratamoko eta Usansoloko udal ordezkariek eta Bizkaiko Ur Partzuergoko arduradunek hartu zuten parte. “Duela hiru urte konpromiso batzuk hartu zituen Zaratamoko Udalak kontu honetan Galdakaoko udal ordezkariekin batera, ur horniduraren sistemari azpiegitura berri bat egiteko helburuarekin”, azaldu du Zaratamoko alkateak.
Usansolotik Zaratamora
“Ur Partzuergoak hiru proposamen egin zituen 2022ko bilera hartan eta Zaratamo zein Galdakaoko Udaletako ordezkariek horietako bat aukeratu genuen. Orain exekuzio proiektu hura diseinatzen egon dira eta Ur Partzuergoko ordezkariek joan den maiatzean aurkeztu zuten. Baina, jakina denez, proiektu honetan Usansolo dago Galdakao beharrean”, argitu du Ugarrizak.
Martxan ipini beharreko proiektu berri honek gaur egungo sistema prekarioa gainditu beharko lukeela adierazi du Zaratamoko alkateak: “Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean eta ibilbidea honakoa litzateke: Usansoloko Lekue partetik Artetara joango litzateke ura eta bertatik Zaratamoko Otzagaraira helduko litzateke hodi baten eta ur-ponpa sistema baten bidez. Bertan biltegi berria ipiniko lukete eta biltegi horretatik iritsiko litzateke ura Urdinbide eta Gutiolo auzoetara”.
“Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean”
Ur hornidura sistema berriaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da (1.343.751 euro, zehazki, BEZa barne). “Eman beharreko hurrengo urratsa hauxe da: Usansolo eta Zaratamoko ordezkariok proiektu horri forma ematea. Obra handia baino luzeera handiko kontua da. Azken batean, hodia errepide ondotik ipintzea da asmoa biltegietara heltzeko, eta bertatik herriko auzoetara”.
☉ Zaratamo
Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko ur-azpiko arrantza txapelketa irabazi du
Irailean, joan den asteburuan, motokroseko Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Camponen eta sentsazio oso onekin itzuli da etxera

Zaratamokoak Kobaronen antolatutako Euskadiko ur-azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du, joan den irailaren 6an.
‘Kobarongo basamortua’ bezala ezagutua, Atxak hiru ordu eman zituen bertan arrantzan.
“Zonalde bereziki zaila da arrantza egiteko, arrain gutxi baitago bertan”, azaldu du Zaratamokoak. “Harrapa zitezkeen Korrokoi guztiak hartu nituen, baita hiru musarra, aker bat eta baita krabarroka bat ere”.
Motorrean ere, fin
Mikelek txapelketa ugaritan hartu du parte azken hilabeteetan. Izan ere, joan den apirilean Ourenseko A Peroxan antolatutako ‘Hard Enduro A Peroxa’ Txapelketan hartu zuen parte: “Txapelketa zoragarria izan zen eta Espainiako Txapelketako bost lasterketa egin zituzten bertan”. Yamaha YZ125 kros motor batekin lehiatu zen Zaratamokoa: “Gainontzekoekin alderatuta maila baxukoa izan zen, enduro motako 300cc-koekin aritu zirelako. Baina tira, lehenengo egunean “fin” aritu nintzen. Bigarrenean hutsegite batzuk izan nituen baina hala ere Junior kategoriako hirugarren postua eskuratu nuen”.

Mikel, Zaratamon // Geuria
Irailean, joan den asteburuan, Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Campónen (Palentzia): “Azken lasterketa hau askoz garrantzitsuagoa izan zen, munduko motor-gidari onenekin”. Txapelketa honetan Yamaha YZ 250cc batekin batekin lehiatu da eta bere burua “eroso” ikusi duela azaldu dio GEURIAri. “Kronoan hirugarren parrillan irten nintzen eta 29. postua eskuratu nuen eta 5. postua Junior kategorian”.
Zaratamoko motozaleak azaldu du zonalde harritsua eta gune zail ugarikoa izan dela: “Zorionez, ura emanda bazegoen ere, ez zen lokatzik egon eta lasterketa polita egin nuen”.
Duela urte bi elkarrizketa egin genion Atxari Zaratamon. Hemen irakur dezakezu.
☉ Zaratamo
Argazkiak | Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken esku pilota partida hunkigarria jokatu du Bizkaia frontoian
Gaurko behin betiko agurrean momentu hunkigarriak utzi ditu Zaratamokoak Bizkaia frontoian: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa bizi izan dira bertan

Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken partida jokatu du esku pilotari profesional lez, Bilboko Bizkaia frontoian.
Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin die Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio ugari, txapelketa garrantzitsu asko… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.
“Arin batean, ibilbide polit honekin harro nagoela esango nuke”, laburbildu zuen Urrutikoetxeak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri zuenean, joan den martxoan. “Baina dena ez da beti hain polita izaten. Momentu txarrak ere bizi izan ditut”. Gaurkoan, ostera, momentu politak ekarri ditu Bizkaia frontoira: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa.
Martxoan aurreratu lez, “zuriz jantzitako azken partida” izan da, eta ikuskizun paregabea utzi du Zaratamokoak pilotalekuan. Bere argazkia beste pilotari zaratamar batenaren ondoan eskegi dute Bizkaia Frontoiaren sarreran: Danel Elezkanorenarekin, hain zuzen ere.
Horra hor GEURIAk egindako argazki erreportajea.