☉ Galdakao
Aurten ez dute San Silbestre lasterketarik antolatuko Galdakaon
Gabon Zahar eguneko Galdakaoko ekitaldirik adierazgarrienetarikoa ez dute aurten antolatuko. Datorren urteari begira ari da dagoneko Galdakao Atletismo Taldea 2021eko Sal Silbestre lasterketa antolatzeko.

Gabon Zahar eguneko Galdakaoko ekitaldirik adierazgarrienetarikoa ez dute aurten antolatuko. Hala erabaki du Galdakao Atletismo Taldeak: “Abendura arteko lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira eta ez dirudi pandemiaren bilakaerak hobera egingo duenik. Ez genuen bermatua Galdakaoko San Silbestre lasterketan ohiko maila altuko atletak biltzeko aukera eta, ondorioz, ez du merezi proba hau antolatzeak dakarren esfortzu ekonomikoa eta denbora-ahalegina egitea”, dio Ramon Ramirez Galdakao Atletismo Taldeko presidenteak. Aurtengoa 51. edizioa izango zen.
Hain zuzen ere, hilabeteko lana egin behar dute antolatzaileek proba egin aurretik. Hala nola, babesleak eta publizitatea bilatzea, ordezkariekin harremanetan jartzea, Afrikako herrialdeetatik etorri ohi diren atletentzako bisak kudeatzea -urtero, Marokotik, Kenyatik, Etiopiatik eta beste hainbat herrialdetatik etorritako munduko atletarik onenetako batzuek aukeratzen zuten Galdakao San Silbestre lasterketa egiteko- edota beharrezko materiala aldez aurretik erostea. “Nekez beregana genezakeen inbertsioa da, batez ere kontuan izanda ez dagoela bermatuta osasun-egoerak proba egitea edo aurreko urteetako korrikalarien mailari eustea ahalbidetuko duenik”, dio Ramirezek.
Datorren urteari begira ari da dagoneko Galdakao Atletismo Taldea 2021eko Sal Silbestre lasterketa antolatzeko: “Espero dugu datorren urtean inoiz baino indartsuago itzultzea Galdakaoren kirol arloko ikur bihurtu den proba garrantzitsu hau”, dio Ramirezek.
Estatuko zaharrena
Estatu mailan egiten diren San Silbestre lasterketarik zaharrena da Galdakaokoa. 1961ean ospatu zuten lehena eta iaz 50. ediziora heldu zen. Egun herrigunetik egiten den arren, hastapenetan Zuhatzu inguruetatik egiten zen proba eta argirik ez zegoenez bidea argi-zuzi edo antortxekaz argitu behar zuten.
1973. urtetik geroztik herrigunean egiten da lasterketa, Zamakoa eta Juan Bautista Uriarte inguruetan. “Jendeak izugarren gozatzen du lasterketan korrikalariak hainbat aldiz ikusteaz. Izan ere, hori ez da batere ohikoa zirkuitu luzeagoak dituzten beste proba batzuetan. Korrikalariak bertatik bertara ikusten dituzu etengabe, eta Galdakaoko erdialdean jokatzen denez, zaleek sortzen duten giroa aparta da”, dio Ramirezek. Aurten, ordea, mundu osoa astindu duen Covid-19aren pandemiak tradizioa eten du.
☉ Galdakao
Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon
Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.
Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.
Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.
Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.
Haurren ideiak lehen lerrora
Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.
Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.
Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.
“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.
Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.










