☉ Galdakao
June Oleaga: “Euskara gutxi erabiltzen dutenek maiztasun gehiagorekin hitz egitea lortu nahi dugu”
Galdakaok izena eman du Euskaraldian. Dinamika hori zeinen garrantzitsua den azaldu digu Jone Oleaga dinamizatzaileak

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da. Aurreko edizioan baino lau egun gehiago izango ditu ariketak eta oraingoan ere belarriprestak eta ahobiziak izango ditu protagonista. Gainera, ariguneak agertuko dira: entitateetan euskara sustatzeko guneak, alegia. Edizio berriak aurreko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu.
“Portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean”, diote sustatzaileek. Lehen Euskaraldian herri batzordeek garrantzi zentrala izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, herriz herri eraiki baitzen ekimena. Aurten ere herri batzordeek garrantzia bera izango dute. June Oleaga (Galdakao, 1986) Galdakaoko Euskaraldia dinamizatzailea da. Dagoeneko, Ahobizi eta Belarripresten izen-emateak izenematea.euskaraldia.eus estekan online egin daitezke, baita herrian bertan zabaldutako lokalean ere.
Galdakaoko herri batzordea martxan da. Noiztik ari zarete lanean?
Otsailaren amaieran hasi ginen martxan, eta ia martitzenero batzartzen ginen, martxa hartzeko. Ezustean, konfinatu gintuzten eta online batzartu izan gara. Orain bueltan, ikasturte hasierarekin bultzada berri bat eman nahi diogu. Aurreko edizioko batzordekideek eta udal batzordeak osatzen dugu herri batzordea. Egia da konfinamenduaz geroztik parte hartzeak behera egin duela, eta laster batzar zabal bat egingo dugu Herri Batzorde anitz bat osatzeko.
Konfinamenduak zuen lanean erabateko eragina izan du.
Bai. Konfinamenduak, edozein arlotan moduan, ez digu batere lagundu. Gure egunerokotasuna hankaz gora ipini eta ostera ere egunerokotasun berri bat eraiki eta moldatu behar izan genuen; kontuan hartu gabe norberarengan zelango eragina izan duen egoera berri honek.
Hala eta guztiz ere, Etxealditik Euskaraldira dinamikan ibili izan gara eta kontzientzia txiki bat sortu izan dugula uste dugu. Etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko helburua izan zuen dinamika horrek.

Galdakaoko Euskaraldiaren lokala Ganekogorta 3 kalean / Euskaraldia Galdakao
Eskualdeko gainerako batzordeekin harremanik izan duzue?
Euskaltzaleen Topagunekook astero batzen gara eta bertan Arrigorriagako koordinatzailea ere badago. Eskualdetik aparte, Txorierri, Leioa eta Zaldibarrekoekin astero batzartzen gara.
Ariguneak agertuko dira lehen aldiz bigarren Euskaraldian. Sektore jakin batean gehiago eta sakonago eragiteko asmoa duzue?
Ez daukagu sektore jakin batean sakonago eragiteko asmorik. Baina egia da, azkenean herrigintzari indar gehiago ematen diogula eta merkataritza eta ostalaritza, irakaskuntza eta kultur eta kirol elkarteak eskurago ditugula.
Baduzue dagoeneko herrian entitaterik arigune moduan aritzeko?
Bai, jada 120 entitatek baino gehiagok eman dute izena. Eta era askotako Ariguneak daude: bai handiak, bai txikiak.

Ariguneen aurkezpen ekitaldia / Euskaraldia Galdakao
Eragin kualitatiboa bilatzen da aurten, agian kuantitatiboaren gainetik.
Hala da. Hau da, Ariguneak gutxi badira ere, onak izan daitezela, dinamika bete eta denboran iraun dezatela. Gure erronka handienetakoa da hori, euskararen garrantziaren kontzientziazio maila areagotzea, alegia.
Gaur egun zein da euskararen egoera Galdakaon?
Gutxi gorabehera % 65a euskaldunak edo ia euskaldunak gara baina erabilera % 11koa izango da Galdakaon. Berez euskaldun zaharrak eta berriak badaude; beste kontu bat da gure egunerokotasunean zein jarrera daukagun euskararekin. Kontzientziazio hori lortu nahi dugu. Hizkuntza erabiltzen dutenak ekiteko, gutxi erabiltzen dutenek maiztasun gehiagorekin erabiltzeko eta ez dakitenek pausoak emateko, txikiak badira ere, euskararen aldeko bidean jar daitezen.
Ohiko txapa banaketaz gain, ekintza zehatzen bat antolatuko duzue Galdakaon?
Nahiko genuke. Baina ezin dugu ezer aurreratu. Orain erdigunean osasuna dago eta hilabete barru ez dakigu nola egongo garen eta egoera zein izango den. Gauzak ondo bidean, ekintzen berri aurrerago emango dugu.
Zuk zeuk parte hartu zenuen lehen Euskaraldian?
Aurreko edizioan Bilbon egiten nuen nire bizitza eta bertan parte hartu nuen. Hala ere, nire egunerokotasunean egunero bai ahobizi bai belarriprest izateko jarrera izaten saiatzen naiz. Proiektu oso polita izan zela iruditu zitzaidan. Hamaika egun berezi izan ziren. Aurtengoan lau egun gehiago izango ditu dinamikak, beraz, gogotsu.
Zer behar du Galdakaok euskaraz gehiago aritzeko?
Euskaraldiako dinamikan egunero jardutea (kar, kar, kar). Kontzientziazio maila hori ez ahaztea eta ekitea!
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









