Hezkuntza
Iritzia / Gozoki pozoitsua
Zalantzaz eta urduritasunez beteta heldu zaigu aurtengo eskolako buelta. Ez da inor libratu: Gurasoak, irakasleak, ikastetxeetako zuzendariak, medikuak, aitite-amamak eta une honetan burura etortzen ez zaizkidan beste asko ere. PCR eta kontziliazio hitzak dira azken egunotan gehien entzun ditudanak, urria hasi baino ez denean egin, piloa baitira gurean konfinatuta dauden gelak eta baita sortutako dudak eta haserreak ere.
Egoera bakoitzaren aurrean hamaika galdera. Norbera gaixorik egotea, bikotekideak edo seme-alabek sintomak izatea, azken hauen ikasgela edo ikastetxea ixtea, PCR-aren emaitzaren zain egotea, senide bat fokuren batean egotea, positiboa den pertsona batekin egon izana… Kasuistikak eta dagozkien protokoloak (“kontziliazioa” bermatzearena alde batetik eta Osakidetzarena bestetik) hainbeste eta hain ezberdinak izanda, eroen moduan gabiltza.
Nire alabaren gelan, oraingoz, mundu guztiaren ahotan dagoen zomorroa saihesten ari garen arren, gertu dabil, eta argi daukat modu batean edo bestean ia guztiok egin beharreko prosesua izango dela. Noiz eta zenbatetan? Auskalo!
Geroz eta gehiago dira kaosa bizitzen ari diren lagunak eta ezagunak. Kaosa diot inork ez daukalako argi zer egin, zalantzen zerrenda bukaezina da. Noizko koronabirusaren gida-liburua? Noizko irizpide bakarra?
Etxetik lan egiteko aukera duena, gainera, estresatuta dabil, telelana, etxeko txikienak gurasoekin egonda, ez delako kontziliazioa, ‘bakoitzak ahal duena egitea’ baizik, biziraupen hutsa. Gauza onuragarri gisa saldu digute, baina gozoki pozoitsua da. Lana eta familia uztartzen denean beti aterako da familia bizitza kaltetua. Test azkarrek ekarriko ote digute lasaitasun pittin bat?
☉ Etxebarri
Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak
Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.
Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.
“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.
Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.
“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.
Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.
“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.
☉ Etxebarri
Bideoa | Ainhoa Artesano, Etxebarriko Institutuko zuzendaria: “Eraikuntza berri honekin gure hezkuntza kalitatea hobetuko dugu”
Bi urteko obren ostean, estreinatu dute dagoeneko Etxabarriko ikasleek eta irakasleek institutu berria

Hego Uribe eskualdeko ikasleek eta irakasleek hasi dute dagoeneko ikasturte berria. Eta Etxebarrin institutu berria estreinatu dute.
Atzo, ikasturteko lehen egunean Imanol Pradales lehendakariaren eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren bisita jaso zuten Etxebarriko zentroan.
Ainhoa Artesano Goñi Etxebarriko Institutuko zuzendariarekin berba egin genuen GEURIAn.
☉ Etxebarri
Pradales lehendakariak Etxebarriko Institutu berria bisitatu du gaur ikasturteko lehen egunean
Imanol Pradales lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gertutik ezagutu dute Etxebarriko Institutu berria. Ikastetxeak 531 ikasle eta 73 irakasle hartuko ditu aurten

Ikasturte berriari ekin diote gaur Hego Uribeko ikasleek eta irakasleek, eta Etxebarrin Bigarren Hezkuntzakoek eta Batxilergokoek Institutu berria inauguratu dute.
Hori baliatuta, aurten ikasturte berriko lehen egunean bisita berezia izan dute Etxebarriko zentroan: Imanol Pradales lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak bisita egin dute gaur bertan.
Liburutegia, laborategia, teknologia tailerretako gela bat eta institutuaren teilatuan dauden eguzki-panelak bisitatu dituzte.
Ainhoa Artesano Goñi Etxebarri BHIko zuzendaria da eta berarekin berba egin dugu GEURIAn: “Pozik gaude eraikuntza berria estreinatu dugulako. Institutu berri honetan aukera asko biderkatuko dira gure hezkuntza kalitatea hobetzeko”, dio Artesanok.

Pradales lehendakaria, Pedrosa sailburua eta Iker Lopez Etxebarriko alkatea, Etxebarriko Institutuko ordezkariekin // Geuria
Era berean, agintarien bisita nolakoa izan zen azaldu digu: “Liburutegi berrian DBHko 1. mailako ikasleak egon dira tertulia literarioa egiten eta Imanol Pradales lehendakariarekin berba egiteko aukera izan dute. Ondoren, DBHko 3. mailako ikasleekin kristilizazio esperimentua gertutik ezagutu dugu. Eta Batxilergoko lehenengo mailan teknologia tailerretako gela bat bisitatu dugu, eta auto elektrikoa zelan egin eta 3D inprimagailua zelan erabili erakutsi digute. Azkenik, teilatuen instalatuta dauden eguzki-panelak ikusi ditugu; hain zuzen ere, ikastetxe honen ezaugarrietako bat da efizentzia energetikoa”.
Etxebarriko Institutuak 531 ikasle eta 73 irakasle hartuko ditu, metodologia berritzaileak eta eskola-giro positiboa sustatzeko diseinatutako instalazio moderno eta jasangarrian.
Eraikin berria egiteko obrak 2023an hasi zituen Jaurlaritzak eta aurten bukatu dituzte. Inbertsioa 10,7 milioi eurokoa izan da eta espazio berriak sortu dituzte, hala nola, aipatutako tailerrak, laborategiak, liburutegia eta eguzki-energiaren instalazioa.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak 360.000 euro bideratuko ditu eskolako patioa berritu eta egokitzeko
Interesdun enpresek uztailaren 29ra bitartean aurkeztu ditzakete beren proposamenak

Arrigorriagako Udalak abian ipini du lizitazio prozesua herriko eskolako patioa berritu eta egokitzeko eta enpresek uztailaren 29ra bitartean aurkeztu ditzakete proposamenak. Udalak 360.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara eta lanak “laster” hasteko asmoa dute.
Udaleko ordezkariek azaldu bezala, lanek patioaren eraberritze fisikoa izango dute ardatz. Jolas, atseden eta harreman gune berriak sortuko dituzte, eta gainera gune berdeak sortuko dituzte ere, “espazioa atseginagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko”.
“Helburua da espazio inklusibo, hezitzaile eta guztiontzat irekia sortzea”, azaldu dute Udaleko ordezkariek. Izatez 2023/24 ikasturtean hezkuntza-komunitatearekin batera prozesu parte-hartzailea egin zuten. Proiektu horretan, eskolako ikasleek, irakasleek eta familiek beharren diagnosia egin eta jolastoki berriak izango dituen ezaugarri nagusiak adostu zituzten.

Patioko proiektuaren planoa // Arrigorriagako Udala
Udan, martxan
Joan den ekainaren amaieran Udal Gobernu planaren balantzea aurkeztu zuen Maite Ibarra herriko alkateak Gorka Etxebarria eta Gaizka Ibarretxe zinegotziekin.
Udalerrian burututako proiektuen artean eskolako patioko eraldaketa proiektuaren inguruan mintzatu zen Gorka Etxebarria Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzia. Momentu hartan azken proiektu teknikoaren zain zegoen Arrigorriagako Udala, eskolako patioaren obren proiektua lizitatzeko.
“Lizitazio publikoa eginda, asmoa da obra horiek udan zehar egin ahal izatea”, izan ziren Etxebarriaren berbak GEURIAk proiektuaren egoeraz galdetu zionean. “Jakin badakigu nolakoa den eskola baten dinamika etra ezin dugu denbora luzez oztopatu ikasturtea martxan dagoen bitartean. Hilabete baino gehiagoko lanak aurreikusten ditugu”, aurreratu zuen.