Sareak

☉ Etxebarri

Etxebarri eta Galdakao ‘gorriz’, Arrigorriaga eta Basauri bide bera har lezakete laster

Galdakao bezala, Etxebarri ere ‘gune gorrien’ zerrendan sartu berri du Osasun Sailak. Arrigorriaga eta Basauri 500eko tasatik gertu daude.

|

Arrigorriaga eta Basauri 500eko tasatik gertu daude // Argazkia: Geuria

Galdakao bezala, Etxebarri ere ‘gune gorrien’ zerrendan sartu berri du Osasun Sailak. 100.000 biztanleko 511,55 kasu positibo diagnostikatu dituzte jada Etxebarrin. Azken asteko datuei dagokienez, urriaren 26tik azaroaren 1era bitartean 36 PCR positibo baieztatu dituzte Etxebarrin: urriaren 26an lau; 27an sei; 28an bost; 29an lau; 30ean bederatzi; 31n bost; eta azaroaren 1ean hiru.

“Udalean kezkatuta gaude egoerarekin, eta erantzukizun osoa eskatzen dugu birusaren eragina minimizatzeko eta martxan jarritako neurriak zorrotz betetzeko”, diote udal ordezkariek. Gainera, Etxebarriren egoera epidemiologikoa dela eta, eta arriskuak gutxitzeko, neurri batzuk areagotu dituzte. Hala nola, haur-parkeen edukiera mugatzea (gehieneko pertsona-kopurua erabilera-arauekin batera ezarriko da) eta Udaltzaingoak kontrolak areagotuko ditu. “Neurri horien helburua da, batetik, tasa jaistea, neurri murriztaileagoak hartu behar ez izateko, baina, batez ere, eta are garrantzitsuagoa, arriskuak minimizatzea, zu zaintzea, gu zaintzea”, diote udal ordezkariek.

Galdakaoren eta Etxebarriren bide bera jarrai dezakete Arrigorriagak eta Basaurik datozen ordu edo egunetan. Izan ere, semaforoa ‘laranja’ kolorean dago bi udalerri horietan: 100.000 biztanleko 454,47 tasan dago Arrigorriaga eta Basauri 439,68an. 

Osasun Saila semaforoen koloreak udalerrika erabiltzen hasi zenean, aparteko prebentzio neurriak hartzen zituzten gorriz zeuden herrietan. Orain, ordea, ez dago aparteko neurririk, eta EAE osoan neurri berdinak hartzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak: herri guztiak isolatuta, aukera dago herri batetik bestera igarotzeko jarduera sozioekonomikoak egiteko (besteak beste, lanera, ikastera, sendagilearengana, senitartekoak zaintzera edota erosketak egitera joateko baldin eta zure herrian ezin bada), gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea 23:00etatik 06:00etara, edota espazio publikoetan zein pribatuetan gehienez sei pertsonako taldeak ezartzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du zehazten zenbat proba egiten diren udalerri bakoitzean, baina Hego Uribe eskualdean urrian zehar 768 PCR positibo antzeman dituzte: 295 Galdakaon, 259 Basaurin, 86 Arrigorriagan, 81 Etxebarrin, 40 Ugaon, 4 Zaratamon eta 3 Zeberion. Hamalau eguneko inzidentzia tasaren arabera 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ezartzen dituzte semaforoaren koloreak: berdea, horia, laranja eta gorria. Hego Uribe eskualdean, hortaz, semaforotik kanpo geratzen dira Ugao (996,60), Zaratamo (245,25) eta Zeberio (187,79).

142 HILDAKO HEGO URIBEN

Azaroaren 1era bitartean, 3.043 herritar kutsatu dira Hego Uribe eskualdean Covid19az pandemia hasieratik: 337 Arrigorriagan, 1.271 Basaurin, 302 Etxebarrin, 957 Galdakaon, 115 Ugaon, 27 Zaratamon eta 13 Zeberion.  Bizkaian 36.258 herritar kutsatu dira koronabirusaz eta EAEn 69.507 (urriaren 25era arte. Eusko Jaurlaritzak publikatutako azken datuak).

Hildakoei dagokienez, azken datuak urriaren 25era artekoak dira eta Osasun Sailak dio 142 pertsona hil direla koronabirusarekin Hego Uribe eskualdean: 12 Arrigorriagan (% 3,9), 80 Basaurin (% 7), 8 Etxebarrin (% 3), 39 Galdakaon (% 4,6), 2 Ugaon (% 2,2) eta 1 Zaratamon (% 3,8). Zeberion ez da koronabirusarekin herritarrik hil, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Osasun Sailak ez du zehazten herri bakoitzean izan diren hildakoak koronbirusak jota zuzenean hil direnik edo beste patologia batzuekin hil direnik. EAEn 2.153 pertsona hil dira urriaren 25ra arte (% 3,1).

Azaroaren 1era bitartean metatutako datuen berri emango du aste honetan Eusko Jaurlaritzak.

☉ Etxebarri

Etxebarriko Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago urriaren 3ra arte

|

Etxebarriko Euskaltegira ikasleak sartzen // Artxiboa: Geuria

Etxebarriko Euskaltegian matrikulatzeko epea zabaldu dute. Eskolak urriaren 3an hasiko dituzte eta aurrez aurrekoak zein online eskolak eskainiko dituzte, aurreko ikasturteetan egin bezala.

Izena emateko epea irailean zehar dago zabalik. Interesdunek etxebarrikoeuskaltegia.com webgunearen bitartez egin dezakete matrikula.

Bestela, Euskaltegiko bulego-ordutegia zabalik dago irailaren 30era arte 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

Ikasturte berriari begira, A1 eta A2 oinarrizko mailetako ikasleek eta C1 mailan komunikatzeko gaitasuna hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteek doan dute matrikulazioa.

Gainerako mailetan, Udalak tasa eskuragarria eskaintzen du, eta gainera, dirulaguntzak eskainiko ditu, “zati batean edo osorik matrikularen prezioa berreskuratzeko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Lezama Legizamon jauregiaren birsortze birtuala egingo dute aurten Etxebarrin, Ondarearen Europako Jardunaldietan

Ondarearen Europako Jardunaldietan Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek urrian

|

Legizamon jauregia // Etxebarriko Udala

Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira eta, besteak beste, Etxebarrik bat egingo du ekimenarekin.

Aurten ondare arkitektonikoa izango da hizpide eta Etxebarriren kasuan, Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek.

Zehazki, jauregiaren eta haren inguruaren bisita gidatua eta birsortze birtuala egin ahal izango dituzte herritarrek.

“Gaur egun industrialdeak okupatzen du penintsula eta proiektuak penintsulako egungo aireko irudiak konbinatuko ditu, jauregiaren kanpoko egoerari arreta berezia eskainiz, bai eta itxura historikoaren birsorkuntza birtuala ere”, diote udal ordezkariek.

Bisita gidatuak eta birtualak urriaren 25ean eta 26an antolatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, eskatuz gero, zeinu-hizkuntza bermatuta egongo dela adierazi dute.

Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta edo kultura@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Euskara ikastaroak diruz laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak

2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte

|

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 30era arte // Artxiboko irudia

2024-2025 ikasturtean aurrez aurreko euskara ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, murgiltze-egonaldiak eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu Etxebarriko Udalak.

Zehazki 10.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara. Deialdia Etxebarrin erroldatutako 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta arreta berezia eskaintzen diete familiei eta begiraleei, “euskararen transmisioa eta normalizazioa indartzeko eguneroko bizitzako arlo guztietan”, diote udal ordezkariek.

Laguntza horiekin, Udalak erraztu nahi du pertsona gehiagok prestakuntza euskaraz jaso ahal izatea, “oztopo ekonomikoak kenduz eta hizkuntza-maila hobetzea erabakitzen dutenen ahalegina babestuz”, diote.

2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte. Interesdunek udal webgunearen bitartez edo aurrez aurre CIMEra bertaratuz (08:00etatik 15:00etara) aurkez dezakete eskaera.

Informazio gehiagorako 944 267 005 telefono zenbakia eta euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikoa dute eskura herritarrek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Sormena, ongizatea eta teknologia berriak landuko dituzte Etxebarriko udal-ikastaroetan

Ikastaroak urrian hasiko dira eta 16 urtetik gorako herritarrentzat daude zuzenduta. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 9tik 19ra

|

Argazkia: Dinh Pham, Unsplash

Etxebarriko Udalak hamaika ikastaro eta tailer antolatuko ditu 2025-2026 ikasturtean 16 urtetik gorakoentzat.

Besteak beste, sukaldaritzari, arte sortzaileei, literaturari, zinemari eta norberaren zaintzari lotutako ikastaroak prestatu dituzte urritik aurrera.

“Sukaldaritza-tailerretan menu orekatuak egiten ikastea, patchwork, puntu edo kakorratz-teknikak perfekzionatzea, edo zinemaren munduan lehen urratsak ematea telefono mugikorra bakarrik erabiliz. Programazioak aukera ugari ditu aisialdiaz modu praktiko eta aberasgarrian gozatzeko”, diote udal ordezkariek.

Ongizatean oinarritutako jarduerei dagokienez, luzatze eta erlaxazio espazioak eskainiko dituzte. Era berean, altzariak zaharberritzeko ikastaroa eta birziklatzekoa ere antolatu dituzte.

“Irakurketarako eta elkarrizketa literariorako lekua ere egongo da, eta hilero topaketa bat izango da, hainbat lanen inguruko hausnarketa kolektibora gonbidatzen duena”, diote.

Udal-ikastaroen bitartez herritarren ikaskuntza, sormena eta ongizatea sustatu nahi ditu Kultura arloak.

Herritarrek ikastaro eta tailerretan izena eman dezakete irailaren 9tik 19ra bitartean CIMEra eta Kultur Etxera bertaratuz. Udal webgunearen bitartez ere izena eman dezakete interesa dutenek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Programa | Kukullagako jaiak 2025

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak. Egitaraua osorik jaso dugu albistean!

|

Igandean apar jaia antolatu dute Kukullagako jaietan // Geuria

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin. Haurrentzako jarduerak, gastronomia lehiaketak, musika eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak Etxebarriko Udalaren laguntzarekin.

Egitaraua | Kukullagako jaiak 2025

Irailak 12, ostirala
18:30 Auzoan poteoa animazioarekin kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbideko aparkalekutik
21:00 Herri afaroa San Antonio etorbidean
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan
00:45 Rool DJ

Irailak 13, larunbata
09:30 Indaba eta tortilla lehiaketen hasiera
11:15 Ginkana familiarra Eskenatoki plazatik
12:05 Haurrentzako puzgarriak eta jolasak Eskenatoki plazan
14:30 Indaba eta tortillak aurkeztea
18:00 Haurrentzako animazioa kiroldegian
19:30 Borroka ikuskizuna: Euskal Wrestling
19:30 Edaria eta hirugiharra Coto tabernan eta La Plaza tabernan
21:30 Kontzertua San Antonio etorbideko aparkalekuan: Calentando la Banda
23:30 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan: Melecia
00:30 Bingo herrikoia San Antonio etorbideko aparkalekuan

Irailak 14, igandea
09:30 Paella eta sangria lehiaketen hasiera
11:45 Hegazti harraparien erakusketa atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paella eta sangria aurkeztea
17:30 Igel lehiaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
18:30 Haurrentzako Euskal Jaia San Antonio etorbideko aparkalekuan
20:30 Sari banaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak

Osorik irakurri