☉ Galdakao
Kronoeskalada solidarioa antolatu dute Elexalden, Born to Learn erakundearen alde
Indarrean dauden neurriak direla eta, Galdakaoko eta Usansoloko herritarrek baino ezingo dute parte hartu. Proba abenduaren 5etik 8ra bitartean egin ahal izango da, partaideek nahi duten egunean.

Helburu solidarioa duen kirol-ekitaldi bat antolatu dute Xabier Urritikoetxea usansolotarrak eta Javi Delgado Palenque galdakoztarrak: Elexaldeko Kronoeskalada, alegia. Abenduaren 5etik 8ra bitartean, partaideek nahi duten egunean, izango da Elexaldeko igoera. Indarrean dauden neurriak direla eta, Galdakaoko eta Usansoloko herritarrek baino ezingo dute parte hartu. Bilduko duten dirua Born to learn GKEra bideratuko dute, Tanzaniara bidaltzeko.
“Egitasmo xumea da. Javi Delgado Palenqueren deia jaso nuenean sortu zen idea, urte batzuk daramazkit ‘Born to Learn’ GKEa laguntzen eta aurten, koronabirus egoera honek horrelako gauza txikietara bultzatu gaitu laguntza pixka bat Moshi herrira bidaltzeko”, dio Xabier Urrutikoetxeak: “Oso gauza sinple bat antolatu dugu. Tanzaniara edozein kopuru bidalita be, asko iten dogu ta!”. Elexaldera igoera norberak nahi duenean egingo du: “Hau da, pandemia dela eta kirola bakarka egin behar denez, abenduko zubian zehar, nahi dutenean, egingo dute partaideek igoera”. Strava mugikorreko aplikazioa erabili behar da proba egiteko eta Cronoescalada Elexalde bilatu. Abenduaren 8an sinbolikoa izango den sari banaketa egitea da asmoa.
Ekimenean parte hartzeko izena ematea doakoa da, baina diruz lagundu nahi duenak 10 euro dohaintzan eman ditzake. Informazio gehiagorako 677 765 248 telefono zenbakia dago interesdunen eskura.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.










