☉ Galdakao
Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko obretan 9,5 milioi euro bideratuko ditu URAk Galdakaon
Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko hirugarren faseko lanak martxan dira. Obrak Bengoetxeko presa txikitik Plazakoetxeko zubiraino egingo dituzte eta 2022. urte hasieran bukatuko dituztela aurreikusi dute URA Agentziako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.
URA Uraren Euskal Agentziak abian jarri ditu Galdakaon Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko hirugarren faseko lanak. Obrak Bengoetxeko presa txikitik Plazakoetxeko zubiraino egingo dituzte, hau da, 1.640 metroko tartean esku hartuko du URAk. Zehazki, ibaiaren egokitzapen hidraulikoa egingo dute, ibilguaren arroka-ohearen kota jaitsiz eta ur gutxiko ibilgu bat sortuz. Horretarako, 190.000 metro kubiko harri eta lur induskatuko dituzte, hau da, 19.000 kamioi inguru.
Mercadillo zubiari dagokionez, hustutze-ahalmena handitu egingo dute eta begi berri bat irekiko diote zubiari. Gainera, eraginkortasun hidraulikoa eta ondare kulturala babestea eta balioestea da URA eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Hain zuzen ere, zubi hori monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatuta dago 2016tik Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean. “Balio historiko eta kulturadun ondare gisa babestua, emariaren joanari oztopo egiten dio nabarmen, eta aldamenean sor litezkeen uholdeak asko areagotu lituzke. Ondorioz, ur-goraldi errepikakorrek arrisku handia sortzen dute: inguruko pertsonentzat, komunikazio-bideei eta zerbitzu-azpiegiturei eragin diezaieketelako, eta galera ekonomiko handiak eragin diezazkioketelako inguruko industria-jarduerari”, dio Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak: “Lanok zubiaren ondarea lehengoratzea ahalbidetuko dute. Hori egin ahal izateko, besteak beste, gaur egungo ibilguaren parean, ibilgu berri bat sortuko da: aurrerantzean, ohiko emaria ibilgu-ibilbide berritik joango da, eta Mercadilloko zubiaren arkuen azpitik ur askoko sasoietako emariak igaroko dira”, dio Aizek.
“Ibaizabal ibaiaren ibilgua, Galdakaotik igarotzean, estutu egin zen uholde-lautaden okupazioaren ondorioz. Hori zela eta, ibilguari ez zitzaion sekzio edo zabalera nahikorik utzi, zer eta, Euskadiko Kantauri isurialdeko ibairik jariotsuenaren ur-goraldien emariei eusteko. Beraz, geroztik, ageriko arriskua sortzen die biztanleei eta ibaiaren lurraldeetan finkatu diren erabilerei”, dio Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak: “Euskadin uholdeei aurre egiteko lehentasunezko obretako bat da”. Antonio Aiz eta Amaia Barredo bera Mercadillo zubiaren parean aurkeztu dute datozen hilabeteetan Ibaizabal ibaian burutuko duten proiektua.
Lanok 9,5 milioi euroko inbertsioa beharko dute, eta 15 hilabeteko epea aurreikusi dute obrak amaiatzeko: “Aurreikuspenen arabera, 2022ko martxora arte luzatuko dira obrak”, dio Barredok. Nerbioi-Ibaizabal ibaia bideratzeko lanen hiru faseetan 32,1 milioi euro inbertitu dituzte guztira URAk eta Eusko Jaurlaritzak.
Neurri gehiago
Ibaizabal ibaia Galdakao parean berregituratzeko obra horiek egiteko beste jarduketa batzuk egin beharko dituzte. Hala nola, Plazakoetxeko zubiko pilak indartzea edota Bengoetxeko presa txikia egokitzea. Era berean, Galdakaoko Udalak Zuhatzu auzoa eraldatzeko plan berria aurkeztu zuen azaroan. Ibaizabal ibaiko bideratze lanez gain, bi esku hartze nagusi proposatu ditu Galdakaoko udal gobernu taldeak: alde batetik, biribilgune berri bat egingo dute N-634 errepidean, Plazakoetxera heldu aurretik norabide aldaketa dagoen gunean; eta bestetik, Txomin Egileor kalea norabide bakarreko bihurtuko du, oinezkoen eta bizikleten mesedetan.
Zuhatzu auzoa eraldatuko du Udalak, URAk Ibaizabal ibaia hobetzeko lanak hasi ondoren
Txomin Egileor kalean dauden hiru etxebizitza eraitsiko dituzte, Zaratamoko Arkotxa parean. Hiru blokeetako bat Zaratamoko udalerriari dagokio eta beste biak Galdakaokoari. “URA Euskal Agentziarekin batera gauzatu ditugu Txomin egileor kaleko blokeen etxegabetzeak”, adierazi zuen azaroan Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak: “Urte osoan zehar negoziazioak egiten egon ostean adostasuna erdietsi dugu auzotarrekin eta akordioa sinatu dugu”. Etxebizitzak abenduan zehar bota eta Ibaizabaleko ur bideraketaren obrak berehala hasiko dituzte.
Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza botako dituzte Ibaizabal proiektuko hustubiderako
Ibaiertzak landareztatzea ere sartzen da proiektuaren barruan, eta horretarako espezie autoktonoak jarriko dituzte: Salix alba, S. atrocinerea eta S. purpurea, alegia. “Ibilgutik hurbil dauden eremuetan, landaredia ahalik eta gehien errespetatuko da, landaretza eta sastrakak kentzea saihestuz”, diote arduradunek: “Neurri horiek guztiek nabarmen hobetzen dute uholdeekiko segurtasuna: lanok gauzatutakoan, ibaiaren ibarretako eremurik ez du kalterik jasango 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldietan”.
Ibaizabalen Galdakao parean egingo duten jarduketa horrek uholdeei aurre egiteko eta jada egindako lanen lehenengo faseko (Nerbioi ibaiaren 2.020 metroko tarte batean egindako jarduketa, Euskotren zubian hasi eta Basauriko Ariz zubiraino iritsi zena) eta bigarren faseko (Ibaizabal ibaian egindako jarduketa, Nerbioi ibaiaren eta Bengoetxeko presa txikiaren arteko 3.240 metroko zati batean) defentsa-eraginkortasuna areagotuko du. Hirugarren faseko obrak 2022ko martxoan bukatzea aurreikusi dute URAko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan

Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.