Sareak

☉ Basauri

Paul Rios, Jakindun kanala: “Hezkuntza demokratizatzen dute online baliabideek”

2017an Basaurin sortu zen Jakindun YouTube kanala helburu argi batekin: “DBHko eta Batxilergoko ikasleen zalantzak argitzea haien ikasketa prozesua erraztea”.

|

Paul Rios eta Xabier Urizarbarrena // Geuria

2017tik ikasleen zalantzak argitzen dabil. Basaurin sortutako proiektu hau DBHko eta Batxilergoko ikasleek zientziekin -zentzu zabalenean ulertuta- izan ditzaketen arazoak konpontzen saiatzen da. Jakindun izena jarri zioten sortzaileek: YouTube plataformaren bidez, proiektuan parte hartzen duten irakasle ezberdinek argibideak ematen dituzte bideoen bidez. Gaur egun jorratzen dituzten gaiak, batik bat, DBHko zientziak dira: fisika, kimika eta matematika. Konfinamenduak argi utzi du online ikasketek badutela tokia egungo hezkuntzan. Egun, Jakindunek YouTuben duen kanalak ia 130.000 ikustaldi ditu. Pozik begiratzen dute etorkizuna, online hezkuntzaren hazkundeari helduz eta plataforman, oinarrizko zientziekin batera, bestelako gaiak jorratzeko asmoz. Xabier Urizarbarrena ekoizlearekin (Gasteiz, 1984) eta Paul Ríos elkarteko presidentearekin (Getxo, 1974) bildu gara. 

Nola sortu zen Jakindun?
Xabier Urizarbarrena: Jordi Monedero da gure kide basauriarra. Taldean hasi ginen hausnartzen ea zer zegoen sareetan eta zeintzuk ziren beharrak eta hutsuneak. Ikusi genuen YouTuben arrakasta handia zutela Unicoos bezalako kanalek; beraz, pentsatzen hasi ginen ea nola lor genezakeen euskarazko hezkuntzari bideratuta. Konturatu ginen ikasle askok interneten bilatzen zituztela euren ikasketetan laguntzeko baliabideak, baina ia eskaintza osoa gazteleraz dago. Hasieratik argi genuen zerbait txukuna egin nahi genuela.

Paul Ríos: Guraso talde bat gara eta askotan tokatu izan zaigu etxeko lanekin laguntzea. Momentu horietan nabari genuen hutsune hori. Gure seme-alabek euskaraz ikasten dute eta batzuetan ez dakite gauza batzuk gazteleraz esaten, esaterako, nire semeek ez zekiten zelan esan ‘erro karratua’ gazteleraz. Beraz, interneten informazioa bilatzen duzunean haiei laguntzeko, konturatzen zara ez dela baliagarria gehiena gazteleraz edo ingelesez dagoelako. Gainera, umeek naturaltasun osoz erabiltzen dute YouTube informazioa bilatzeko. Beraz, hutsune hori bete behar zela ondorioztatu genuen.

Arbela zuri bat eta irakasle bat. Horiek dira bideoen bi protagonistak // Jakindun

Zein da Jakindunen helburu nagusia?
X.U.: Ikasleei kalitatezko baliabideak eskaintzea euskaraz. Zaila da interneten baliabide zientifikoak topatzea. Egon badaude bideo batzuk oso azalpen onak ematen dituztenak, euskaraz, baina bisualki pobreak. Alderantziz ere gertatzen da: irudiz bideo onak, baina material pedagogikoari dagokionez hutsuneak dituztenak. 

Hortaz, aurrez aurreko hezkuntza online hezkuntzarekin konbinatzea.
X.U.: Bi irakaskuntzak konbinatzeak abantaila asko ditu. Adibidez, itxialdian, Jakindunen online irakaskuntza bideoen ikustaldiek gora egin zuten, baina konfinamendutik atera ostean, jaitsi egin dira. Hala ere, audientziaren parte handi bat mantendu dugu eta bideoak gehiago erabiltzen dituzte. Era berean, irakasleek gero eta gehiago gomendatzen dute halako baliabideetara jotzea, fidagarriak direlako. Egia da zaila dela interneten hezkuntzaren inguruko eduki txukunak topatzea, baina aurkitzen denean ikasleen hezkuntzan laguntzeko tresna oso erabilgarria dira. 

P.R.: Hezkuntza tradizionala bezala ezagutzen dugunaren osagarri dira online baliabideak. Batzuek uste dezaketenaren aurka, bi eredu hauek ez dira kontrajarriak. Pobrezian edo bazterketa egoeran dauden haurrekin lan egiten dut beste erakunde batean. Haien egoera oso konplikatua da, baina guztiek mugikor edo ordenagailu bat dute. Nire ustez, online ikasteko aukerak hezkuntza demokratizatzen du. Askotan zaila da goi-mailako kalitate batera heltzea, eta gure helburua hori da, kalitatezko zerbait eskaintzea eta edonoren eskura jartzea. Agian nire aurreiritzi bat da, baina beti dago lehia bat bi ereduen artean, eta esan dudan moduan, osagarriak dira. 

Eta zeintzuk dira, presentzialaren aldean, onlineak dituen abantailak?
X.U.: Materia jakin bati buruzko bideo argigarri bat existitzea, horixe bera bada abantaila bat. Esaterako, itxialdian, irakasleak eskolak prestatzeko orduan hau kontuan izan dute: klasea egokituz Jakindunen bideoan jorratzen denera, edo ikasleei zuzenean baliabide hau eskainiz, klasea hasi baino lehen edo ondoren ikusi dezaten. Bideoa gelditu daiteke, atzera edo aurrera egin, eta hori abantaila garrantzitsua da. 

P.R.: Larrialdi egoeran geunden. Zoramena izan zen hura ikasleentzat zein irakasleentzat. Plataforma honek egoera berezi horrek eragindako ‘arazoak’ konpontzeko balio du. Baina, birusak eragindako egoeratik at, hezkuntzan joera berri bat dago: edukiak eman, ikasleak bere kabuz landu eta geroko klaseak erabili zalantzak argitzeko. Horretarako oso baliagarriak dira Jakindun bezalako baliabideak, irakasleek aukera daukatelako bideo horiek ikasleei eskaintzeko eta hezkuntza presentziala beste modu batean bideratzeko. Gu ez gara adituak, baina hezkuntzako profesionalekin ari gara lanean beti. 

Asmoa dute datorren urtean filosofiarekin hasteko // Geuria

Euskara eta eremu digitala. Apurka-apurka bidea irekitzen ari da hizkuntza, baina trabak ez dira gutxi.
P.R.: Jakin badakigu zer egoeratan dagoen gure hizkuntza eremu digitalean. Eta bidea  irekitzeko plataforma bat da Jakindun: eskolan euskaraz ikasten duen ikasle batentzat errazagoa da euskarazko baliabideekin ikasgaiak errepasatzea etxean dagoenean. Baina, tira, ez da dirudiena bezain erraza. Adibide bat jartzearren: polinomioak abenduan ikasten dituzte gazteek; bada, polinomioen inguruko bideoak ikustaldiak abenduan izango ditu, gero, urtean zehar, ez du inork ikusiko. Baina gakoa da polinomioen bideoak abenduan egon behar duela eskuragarri eta orduan merezi duela bideoa YouTuben egotea, nahiz eta urtean zehar inork ez ikusi, eskuragarri egon arren. Gazteentzat internet egunerokotasunean sarturik dagoen zerbait da.

X.U.: Egia da YouTuben euskarazko kanal bat izateak desabantailak dituela. Kanalak ikustaldiei esker mugitzen dira, eta ezin dugu gaztelera edo ingelesa bezalako hizkuntzekin alderatu, batik bat, ikasle kopuruari dagokionean. Baina guk ez badugu egiten, nork egingo du?

Zientziez gain, bestelako esparruren bat jorratzen hasiko zarete?
X.U.: Zientziekin jarraituko dugun arren, matematikak direlako ikasleek laguntza gehien behar duten esparrua, beste gai batzuk jorratu nahiko genituzke. Asmoa dugu datorren urtean filosofiarekin hasteko eta storytelling eran agertzeko. Horrela, agian, ikasleekin beste lotura bat lor dezakegu. Gure bideoak orain arte DBHra egon dira zuzenduta, beraz, gustatuko litzaiguke batxilergorako eta selektibitaterako erabilgarriak diren baliabideak sortzea. Horrez gain, nahiko genuke irakasle gehiagok parte hartzea gure ekimenean.

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan

Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

|

Brigadako langileak Basozelaiko Gizarte Etxean lanean // Geuria

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.

Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.

“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.

Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.

Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).

Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.

Izena ematea

Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.

“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.

“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.

Beste 40 kontratazio

36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).

Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.

Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.

Osorik irakurri