☉ Zeberio
Zeberioko Agustin Aurrekoetxea parrokoak erretiroa hartu du herrian mende laurdena eman ostean
Eskualdeko hainbat herritako tenpluetan abade lanak egin dituen Agustin Aurrekoetxea Olabarrik (Dima, 1952) erretiroa hartu du

Eskualdeko hainbat herritako tenpluetan abade lanak egin dituen Agustin Aurrekoetxea Olabarrik (Dima, 1952) erretiroa hartu du: Edurne Intxaurraga Beaskoetxea Zeberioko zinegotzia, Juan Manuel Etxebarria katedradun eta filologoa eta Iñaki Garcia Uriberen datuen arabera, Arrigorriaga, Arakaldo, Orozko, San Migel eta beste hainbeste lekutan lan egindakoa dugu. Zeberion 25 urtez egin du lan: 1996ko irailaren 2tik 2021eko irailaren 26ra, hain zuzen ere. Pasa den igandean, irailaren 26an azken meza santua eman zuen Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomasen, 13:00etan. Iñaki Garciak domekako argazkiak helarazi dikigu.
Bizkaiko Ermiten Lagunak taldeak deialdia egin zuen Ermitabarriko Taberna Zaharrera hurbildu eta bertatik parrokiara oinez joateko. “Aitzakia ezinhobea izan zen Olabarrietako Santo Tomas tenplua ezagutzeko, bertan inoiz izandako lagunentzat”, azaltzen zuen egun batzuk lehenago Iñaki García Uribe Ugaoko estankoko jabeak eta Bizkaiko Ermiten Lagunak taldeko kideak. “Meza bukatu ostean sakristia ikusteko aukera izan genuen”, eta museotxoa ikusteko momentu ezinhobea izan zen. Garcíaren hitzetan, Zeberioko eta zonaldeko eliztarrek agur berezia prestatu zioten Agustini: Juan Inazio Intxaurragak Agustinen bizitzaren ekintza nagusiak goraipatu zituen irakurriz. Gero, Juan Manuel Etxebarriak Etxepareren poesiaren metrikagaz sortutako bertsoak kantatu zizkion herriagaz. Horrez gainera, Zeberio eta inguruetako eliztarrek eskerrak eman zizkioten eta baita zenbait opari eman ere: plaka bat, organo elektroniko bat…

Olabarrietako Santo Tomas // Geuria
“Ekitaldia benetan polita izan zen”, izan dira Juan Manuel Etxebarria katedradunaren hitzak. Etxebarriak harreman estua du Agustinegaz: “Derioko Seminarioan 1960an hasi banintzen, Agustin 1963an sartu zan”, gogoratu du katedradun zeberioztarrak. Gertutik ezagutzen dute elkar gizon biek, eta domekako mezatik irten eta aterpeko luncha atzean utzi ostean Taberna Zaharrera joan ziren 16 laguneko taldeagaz, euren artean Patxi Malo apaiz berria eta Karlos Idirin alkatea egon zen, antzinako garaiak gogoraratzera: “Bazkaltzen hasi eta 20:00ak arte egon ginen bertan”, azaldu dio Etxebarriak GEURIAri irribarretsu. “Abaderaren lana txalogarria izan da. 25 urte eman ditu Zeberion, abadeen lan bakartia modu isilean egiten. Agustinek tratu berdina eman izan die herritar danei, bereizmenik gabeko tratua emanez”.

Meza santuaren momentua // Iñaki García Uribe
Nerbioiko Azken ‘moikanoa’
Agustin Aurrekoetxea Arratia eta Nerbioiko azken abadea dugu: “Oso zaila da gure zonaldeko abadeak izatea”, azaldu du Iñaki Garcia Uribek. “Praktikak egiten ari den gazte bilbotar bat dago Arrankudiagan”. Hitz gutxiko apaiza xumeak aldaretik berba egin arren, bere eliztarrak ondo baino hobeto ezagutzen zituela kontatu digu Garcíak eta domekako agur bereziaren ostean ez zuen denborarik eskaini nahi izan komunikabideei. Elizgizona isiltasunez irten zen eleizatik, harreman estua duen lagunekin iraganeko momentu oroigarriak otorduan berriro gogoratzera.
Juan Manuel Etxeberriaren oparia bertso formatuko agur hitzak izan ziren, B. Etxepareren metrika erabiliz eta Jon Lopategi bertsolariaren musikagaz lagunduta:
Agustin zuk egin dozuz abade-lan ederrak
Zeberiok emon gura deutsuz pozik eskerrak.
Herriz Diman munduratu zintzan euskal giroan
haurtzaroa emon zendun Olazabal auzoan,
eleizgizon izatea zeunkalarik gogoan
bide hori ez da eten zeure bizi osoan.
Agustin zuk egin dozuz abade-lan ederrak
Zeberiok emon gura deutsuz pozik eskerrak.
Deriora abadegai sartu zintzan gazterik
abadetza lortuteko ilusioz beterik,
ordenatu zintzan gogoz eleizaren legetik
pastoraltzan ekiteko Jainkoaren bidetik.
Agustin zuk egin dozuz abade-lan ederrak
Zeberiok emon gura deutsuz pozik eskerrak.
Mungiatik Axpera-ta Ondarruan jarraitu
eta gero gure herri Zeberio onartu,
Zeberion mende lauren egin dozu osatu
eta zure lan ederra egin dogu gozatu.
Agustin zuk egin dozuz abade-lan ederrak
Zeberiok emon gura deutsuz pozik eskerrak.
Agustin gaur heldu jatzu jubilatze epea
hainbat urte lan eginez lortu dozu ospea,
osasunez bizi beti zure ibil bidea
gogoratuz Zeberion badozula etxea.
Agustin zuk egin dozuz abade-lan ederrak
Zeberiok emon gura deutsuz pozik eskerrak.
Juan Manuel Etxebarria Ayesta. ( Zeberio, 2021-09-26 )
☉ Zeberio
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egingo dute Zeberioko Gau Beltzan
Zeberioko plazan antolatu dute, urtero lez, Gau Beltza, 18:00etatik aurrera

Gutxi falta da Gau Beltza edo Arimen Gaurako eta Zeberion programa interesgarria prestatu dute Txubelasu Guraso Elkarteko kideek herritar guztientzat, herriko plazan.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa – Sanduli Manduli, Lamien dantza… eta musika, jatekoa eta edatekoa izango dute bertara gerturatuko direnek.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Gaztainerrea
18:30 Ibilbide magikoa – Sanduli Manduli
20:00 Lamien Dantza
☉ Zeberio
Asier Jul Alaiz: «Zoritxarrez, gure eskualdean ez da MTB lasterketarik egiten gaur egun»
Zeberiokoak, lasterketetan parte hartzeaz gain, Youtubeko ‘AJBiker’ izeneko kanalean partekatzen ditu mendian eta errepidean bizitako abentura eta desbentura guztiak

Bizikletatik jaitsi barik, Asier Jul Alaiz (Zeberio, 1997) txirrindulariarekin elkartu gara Ermitabarriko basoetan barrena. Errepideak, basoak, mendiak, ibaiak… edozein leku da aproposa kilometroak egitea maite duen zeberioztarrarentzat. Makina bat lasterketatan hartu du parte Asierrek eta horren inguruan aritu gara bereagaz.
Txirrindularia eta abenturazalea. Horrela definituko zenuke zeure burua edo ba al dago bestelako deskribapenik? Bai, horrela deskribatuko nuke oraingoz. Mendian bi gurpilen artean gozatzen dudan arren beste abentura batzuekin ere gozatu egiten dut: alpinismoa, trail, etab.
Nolako uda igaro duzu, Asier? Nondik ibili zara azken boladan? Ba, aurretik egin dugun deskribapenaren islada izan da nire uda. Uztaila furgonetan pasatu nuen nire bikotearekin, Frantziatik, Italiatik, Suitzatik eta Alemaniatik. Bertan, bizikletarekin portu mitikoak igo, mendi txango politak eta beste hainbat abentura eta esperientzia bizi izan ditugu. Alemaniako garagardoak barne. Ondoren bidaia amaituta, abuztuan lasterketetara bueltatu nintzen, Burgosen mendi duatloi bat egin nuen, Amurrion eta Laudion errepideko elite lasterketa, Friasen BTT txapelketa, etab. Aspertzeko tarterik ez dut izan!
Galdakaoko Santa Kurtza saria izan da azken bizikleta proba. Nolako esperientzia izan da? Nahiz eta errepideko bizikleta ez izan nire indargune edo diziplina, etxean lasterketa izanda eta Zeberiotik pasatzen zela aprobetxatuz parte hartzea erabaki nuen. Prestaketak ez dauka zerikusirik mendi lasterketekin, mendian %100 zoaz denbora luzean erresistentzia aerobikoa landuz. Errepidean azken batean pelotoian zoaz, lasai eta bat batean erasoak, esprintak eta ihesaldiak ematen dira. Ondorioz, ohituta nagoena baino serie laburragoak eta potentzia oso altuak landu behar dira edozein egoeretarako prest egoteko. Hasiera batean urduri negoen, baina denbora igarota ikusi nuen egun ona nuela. Azken aldapan, ordea, indar gehiegi txorakerietan xahutu ondoren lehen taldearen burua galdu eta helmugara irabazletik 50 segundora heldu nintzen, gutxi gorabehera.

Zein izan ohi da txapelketa berri bat prestatu behar duzunean egiten duzun prestaketa? Lehenik eta behin modalitatea kontuan izanda, distantzia, desnibela eta ibilbidea ondo aztertu behar dugu, eta behin hori prest daukagula planifikazioa hasten da. Nire aste arrunt bat horrelakoa da: Astelehenak atseden, asteartean serie laburrak (20, 15, 10 segundotakoak) asteazkenetan entrenamendu luzea (bizpahiru ordu), ondoren ostegunetan serie gehiago egiten ditut (hauek luzeagoak izaten dira minutu bat eta hiru tartekoak), ostiraletan atseden aktiboa (ordu eta erdi astiro) eta zapatuetan (domekan lasterketa badaukat) aktibazioa egiten dut (gorputza prestatzea lasterketarako). Lasterketarik ez dudanean erresistenzia lantzen dut hiru, lau edo bost orduko entrenamendu saioetan.
Nola hasi zinen bizikletaren munduan? Txikitan bizikletan anitz ibiltzen nintzen aitarekin (horiek bai gehiegikeriak). Nerabezaroan beste kirol batzuk praktikatu nituen (errugbia, trail runninga…) eta bizikleta alde batera utzi nuen. Tamalez, belauneko min batzuen ondorioz korrika egiteri utzi eta bizikletan ibiltzen hasi nintzen berriro. Azkenean, neukan maila ikusirik txapelketetan parte hartzen hasi nintzen, eta begira 5 urte ondoren hemen jarraitzen dut gozatzen, lehen egunean bezalaxe.

Mendi bizikleta da zure espezialitatea, baina duela urte bi errepideko txirrindularitzarekin ere hasi zinen. Hasiera batean mendi bizikleta bakarrik egiten nuen, baina hobetzeko asmotan Gravel bizikleta bat erostea erabaki nuen zeukan polibalientziagaitik (gurpilak aldatuta errepideko bizikleta baten antzekoa da) eta horrela Gravel munduan ere sartu nintzen. Hasieran esan dudan moduan abenturak gustatzen zaizkit eta Gravela abenturak bizitzeko primerako baliabidea da edozein terrenotik sartu zaitezke eta.
Errepideko txirrindularitzari dagokionez, oso desberdina da errepideko disziplina, pelotoian 50 edo 60km orduko joatea hasieran bertigoa ematen du. Gainera, Amurrio eta Laudioko lasterketetan profesionaletara helduko den jendearekin borrokan zaude eta Caja rural edo beste talde handiekin lehian ibiltzeak bere tokian jartzen zaitu. Maila handia dago eta pelotoitik apurtxo bat aldentzen bazara akabatuta zaude.

Baina txirrindularitza ez da bizikletako pedalei eragitea soilik; zure kasuan proba fisikoak ere egiten dituzu. Zergatik eta zertarako? Gaur egun bizikleta gainean egiten dugunaren zati handi bat neurgarria da, eta hor sartzen dira testak. Nik potentziaren bidez lan egiten dut eta Trainnning Performancen FTP, Laktato eta beste hainbat testen bitartez nire entrenamendu zonaldeak ezagutu ditut. Zonaldeen gaia nahiko konplexua da azaltzen, baina laburtuz 7 potentzia zonalde daude (errekuperazio, erresistentzia, tenpoa, unbrala, vo2 gorena, anaerobikoa eta neuromuskularra) eta frogen bitartez zonalde bakoitzari baloreak egozten dizkiogu (batioak). Ondoren, zonalde bakoitzean gure indargune eta ahuleziak ikusten ditugu eta ondorioz hauetan lan egiteko eta hobekuntza lantzeko zein batiotan lan egin behar dugun ezagutzen dugu.
Ba al duzu bizikletan ibiltzeko leku kuttunik Hego Uribe eskualdean edo inguruetan? Niretzako leku kutunenak Sarasola, Mandoia eta Zollo direla esango nuke. Badakizu zer dagoen goian, baina igotzen zaren bakoitzean ingurunea gozatzea ederra da.
Nora eramango zenuke zure kirola praktikatzen duen pertsonaren bat entrenamendu saio bat egitera Hego Uribetik? Argi eta garbi, Mandoiako aldapa gogorretara edo Galdakao eta Etxebarri gainean (Vivero) dauden jaitsiera zirraragarrietara. Posible bada, guztia egun berdinean egingo genuke, noski (barreak).

Gure eskualdeko lasterketei dagokionez, zeintzutan ibili zara eta horietako zein da berezia zuretzat? Berezienetarikoa Tierra Estella Epic dela esango nuke, 90km eta 3.000m +eko proba oso teknikoa da. Honek, fisikoki eta mentalki izugarri zigortzen zaitu, baina, behin helmugara heltzen zarenean sentitzen duzun poztasun eta gogobetetasuna deskriba ezina da. Tamalez, gure eskualdean ez da BTT edo MTB frogarik egiten gaur egunean, lehen Zeberion Zeberioxtrem egiten zen, eta inguruan beste froga batzuk, baina mendien jabegoen trabak eta erakundeen zailtasunak inguruko frogak desagertzea ekarri du.
Ikusi dugu ere lan handia egiten duzula mendian edo errepidean bizitako esperientziak sareratzeko. 2013an zabaldu zenuen Youtube kanala eta gaur egun 138 bideo dituzu 1.310 harpidedunekin eta 228.522 ikustaldirekin. Zein da helburua? Hasiera baten AJbiker kanala niretzako eta lagunentzako zabaldu nuen, lasterketak grabatu eta oroitzapen modura. Denborarekin, gero eta jende gehiago ikusten hasi zen bideoak eta azkenean Youtuber edo bilakatu nintzen (naiz eta deskribapen hori ez gustatu). Like eta harpidetu zaitez! (barreak).

Gainera, Ugaoko El Jaro kiroldegian monitore lez ari zara lanean. Zer eskaintzen duzu bertan? Laster 10 urte egingo ditut bertan lanean, jeste asko ezagutu dut, baita lagunak egin ere, esango nuke hori lan honen politena dela. Jarraituz, edozer gauza egiten gustatzen zaidanez jarduera anitz ematen ditut Ugaoko polikiroldegian, Gimnasio begirale, Espinning klaseak, Kardioboxing, multikirolak, igeriketa ikastaroak, etab.
Denboraldi berriari begira, nolako erronkak dituzu aurretik, Asier? Aurten denboraldi desberdina izango da, lasterketa gutxiago baina prestakuntza hobeagoarekin. Aurtengo erronka esango nuke Igualadako Volcatt lasterketa izango dela, bertan Jon Lopez Bediarrarekin bikote mailan lehiatuko naiz, espero ondo ateratzea eta garaipenarekin itzultzea.
☉ Zeberio
Datorren urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan ipini dute Zeberion
Argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 31 izango da eta sari bakarra egongo da: pertsona birentzako bazkari edo afaria, Zeberio

Zeberioko Udala 2026ko egutegia osatzen ari da eta herritarren argazkiak behar ditu, edukiak ilustratzeko.
Horretarako, Zeberioko argazkiak bilatzen ditu Udalak: bertako natura, eguraldia, pertsonak, baserriak, animaliak, lanak, inguruak… “Argazkiak horizontalak izan beharko dira, baina ez panoramikoak”, argitu dute udal ordezkariek. Herri galdeketaren bidez erabakiko dira egutegiko argazkiak, baita irabazlea ere.
Argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 31 izango da eta sari bakarra egongo da: pertsona birentzako bazkari edo afaria, Zeberion.
Parte hartzeko Udalak argitaratutako kartelean ageri den QR kodea eskaneatuz edo esteka honetan topa daitekeen inprimakia betez egin daiteke.
☉ Zeberio
Kortabaso eta haustarrien inguruko hitzaldia eta ibilbidea antolatu du Zeberioko Austarri Kultur Elkarteak
Urriaren 16an ‘Haustarriak eta kortabasoak’ izeneko hitzaldia eskainiko du Kepa Perez Urraza Austarriko kideak eta 18an Kortabaso eta haustarrietatik erakusketa-ibilbidea prestatu dute

Austarri-Korta Kultur Elkartearen 25. urteurrenaren testuinguruan hainbat jarduera antolatu dituzte, duela aste batzuk GEURIAn iragarri lez.
Horien artean, urriaren 16an ‘Haustarriak eta kortabasoak’ izeneko hitzaldia eskainiko du Kepa Perez Urraza Austarriko kideak Zubialdeko ermita zahar aretoan (Hogarrean), 19:00etan. Zeberioztarraren erakusketan power point bat proiektatuko dute eta bertan Ganekogorta-Gorbeia inguruko 200 kortabasoen inguruan arituko dira.
Bestalde, urriaren 18an, zapatua, Kortabaso eta haustarrietatik erakusketa-ibilbidea prestatu dute datorren 09:00etatik 14:00ak arte. Hitzordua Ermitabarriko frontoia izango da. Bertan erakusketa egin eta ibilbideari hasiera emango diote Zeberioko elkarteko kideek.
Jarduera hauek Austarri Mendi Taldea eta Zeberioko Udalaren laguntzaz antolatu du Austarri Kultur Taldeak.
☉ Zeberio
‘Dantza Plaza’ ekimenak zeberioztarrak ipini gura ditu dantzan, ostiralero
Austarri Kultur Elkartearen helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da

Austarri Kultur Elkarteak ‘Dantza Plaza’ ekimena ipini du martxan, Zeberioko Udalaren laguntzarekin.
Helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da. Hori dela eta, 18:30etik 19:30era ipini dute hitzordua bertan.
“Etorri eta parte hartu!” animatu dituzte herritarrak kultur elkartetik.










