☉ Zaratamo
[Sakonean] Arkotxa lotu zuen Pasioa

1965ean Arkotxako auzotarrak elkartzeko helburua bere gain hartu zuen Flavio Bujanda abadeak. Garai hartan Praderenako eta Dinamitako langileek ez zuten elkarren berri izaten. Bakoitzak berea, Jaingokoaren legea
Industria sektorea Zaratamoren bihotzean izan da. Alde batetik, Pradera Hermanos enpresa 1838. urtean sortu zuten Benito eta Gregorio Pradera Maguregui anaiek. Ibaizabal ibaiaren ertzean kokaturik garatu zuten burdingorriaren fundizioa. Bestetik, La Dinamita deritzona 1872. urtean errotu zen Santa Marina mendiaren hego-magalean eta 1880ko hamarkadaren hasieran Galdakaoko Zuhatzu tren-geltoki ondora lekualdatu zuten, Pagatza mendian. Enpresa honek izen aldaketa ugari izan ditu eta egun Explosivos Rio Tinto izenez ezagutzen dugu. Bi komunitate horiek, nahiz eta Arkotxa auzoaren eremu berdinean egon, ez zuten elkarrekin harremanik: “Elkarri bizkarra ematen zioten bi errealitate ziren, hartu-emanik gabe”, dio Jon Ajuria Zaratamoko alkateak.
Urteak joan eta urteak etorri, egoerak ez zuen onera egin, baina 1965ean haize berriak etorri ziren Arkotxara. Urte hartako abuztuaren 8an heldu zen Flavio Bujanda Jauregui (Bilbo, 1922-2006) abadea eta Arkotxako erretore izendatu zuten. Auzoko egoera sozialaren diagnosia eta auzoko alderdi desberdinak batzeko lehen neurriak hartu zituen Bujandak. Horiek guztiak Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburuan jasotzen dira, Arkotxako Pasio Bizidunaren 50. urteurrenean Zaratamoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu duten horretan. Jon Penchek idatzi du liburua eta honakoa dio Bujandari buruz: “Ideia asko zituen gizona, oso irekia, aire berriak eta modernoak zituen, baita gizarte kezka ugari ere”.
Auzo zatitua
Don Flaviok bere abadetza hasi zuenean aurkitutako Arkotxako auzoa ez zen inolaz ere herri homogeneoa, eta are gutxiago herri batua. Jon Penchek honakoa biltzen du liburuan: “Lehenengoko bereizketa garrantzitsua geografikoa izan zen: Dinamitako langileen etxeak mendiaren magal aldapatsuan aurkitzen ziren, Pradera Hermanos langileenak beheko aldean, eta Arkotxatik hurbil dagoen Basauriko auzoa den Etxerrekoenak San Vicente elizatik ehundaka metrora. Bigarrena, auzo bakoitzaren sorrerari buruzko desberdintasun argia zegoen, batez ere Dinamita eta Praderenako etxeei zegokienez, lehenengoetan Espainiako beste alde batzuetatik etorritakoak zeudelako, eta bigarrenak herrikoak bertakoak zirelako gehienak. Hirugarrenez, eta lehen esandakoagatik, ez zegoen inolako erlaziorik Arkotxako gune bien artean, bizitza guztiz desberdinak egiten zituztelako. Helduen lanetan ez zegoen inolako interakziorik lantegi ezberdinetan egiten zutelako lan, ezta umeen artean ere, eskolak ere desberdinak zirelako. Horrek guztiak auzoko gazteen artean tirabirak sortzen zituen. Ez gara ekintza bortitzez ari, auzo ezberdinetakoak izanik garai hartan sortzen zen lehiari buruz baizik. Elkarrizketatuek harri-borrokak kontatu dizkigute, tiragomen erabilera, makilak eta auzoko onena nor zen jakiteko futbol partidak ere bai. Marcial Simarrok esaten zuen bezala, hiru auzo zeuden: Dinamita, Fango eta Etxerre, eta bakoitzarentzako bere auzoa zen onena”.
Desberdintasunak konponduz
Flavio Bujanda egoera horretaz jabetu eta konpontzeko asmoarekin hasi zen lanean “behar zituen baliabideak erabiliz”. Elizako bizitzari bultzada bat eman gura zion gazteenak hurbiltzeko helburuarekin.
Lehenik eta behin, Gazte Klub bat eratu zuen. San Vicente elizako azpiko lokal bat gorde zuen horretarako: zinema txiki bat zegoen bertan, eta filmak ikusteaz gain, antzerkiak egin edota abestu egiten zuten bertara gerturatzen ziren gazteek. Finean, Arkotxako eremuetako gazteak batzartzeko lekua apaindu zuen. Kontuan izan, 60. hamarkada hartan –Frankismoan, alegia- biltzeko eskubidea erabat murriztuta zegoela, eta are gehiago neskak eta mutilak batera egotea genero errepresioagatik. Hala ere, Bujandak aurrera egin zuen ekimenarekin eta 1968ko martxoaren 19an zabaldu zuen Arkotxako Gazte Kluba.
Gazteek eurek kudeatzen zuten lokala eta eurek erabakitako ekintzak jorratzen zituzten bertan, hala nola, txangoak, hitzaldiak eta eztabaidak, baina politika kontuak debekatuta zeuden. Liburuaren arabera, Nicolás Yébenes herritarra zen buru-belarri aritzen zenetakoa. Berak proposatzen zituen berba egiteko gaiak, besteak beste, sexualitatea eta musika. Horiek horrela, Arkotxako Gazte Kluba ezaguna bihurtu zen inguruan, ahoz aho zabaldu zen, eskualdeko gazte asko ere bertara hurbiltzea lortu zuen arte.
Gazte Klubaz gain, parrokiko bizitza dinamizatzeko beste jarduera batzuk martxan jarri zituen Bujandak, Don Flavio ezizenez ezagunagoa. Alde batetik, Errege Eguneko kabalgata antolatu zuen, liburuan Manoli Mellado auzotarrak gogoratzen duen bezala. Era berean, hiru talde sortu zituen Don Flaviok: Jacinto Batizek nagusien taldea zeraman, Nicolás Yébenesek gazteen taldea koordinatzen zuen eta umeentzat katekesi klaseak eskaintzen zituen Bilboko katekista talde batek.
Nahiz eta abadeak egindako jarduera hauek guztiak elizako bizitza dinamizatzea lortu, auzoko gazteak lotzeko emaitza ez zen hain ona izan. Izan ere, Klubean Dinamitako gazteak ziren gehiengoa, auzoko beste lekutakoak oso gutxi izanik. Banaketak eta elkar ez ezagutzeak jarraitzen zuen, beraz, beste aukera batzuk bilatu behar izan zituen Bujandak.
Pasio bizidunaren jatorria

1968ko Pasio Biziduna :: Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburua
Nicolás Yébenes, Agustin Ibarretxe, Antonio Vargas eta Flavio Bujandaren artean Aste Santuko Pasio Biziduna egitea erabaki zuten. Zorte onekoak eurak! Baldintza bereziek bat egin zuten hori lortzeko. Alde batetik, Don Flaviok Balmasedako antzezpena oso ondo ezagutzen zuen, izan ere, Arangurenen aritu zen abade, Enkarterriko udalerritik gertu. Beste alde batetik, Ibarretxe, marista-ordena utzi eta 1967an Zaratamora itzuli zen. Horrek ere Balmasedako Pasio Bizia ondo ezagutzen zuen. Hirugarrenez, Yébenes oso kezkatuta zegoen auzoko egoeraz eta ziur zegoen Pasio Bizidunera Gazte Klubera baino jende gehiago animatuko zela. Azkenik, Arkotxako San Vicente elizako azpiko aldean zegoen lokalean antzerkia egiten zuten Francisco Valle kide zela, interes handia izan zuten.
Horiek horrela, elizako Klubeko gazteek, 1968ko Errege kabalgataren arrakasta ikusita, Pasio Bizidunaren errepresentazioa egitea proposatu zioten Bujandari. Liburuak dioenez, hasieran ez zuen ideia gustuko izan, agian beldurturik, elizgizon batentzako kontu serioa zena ez zuelako parodia bihurtu gura. Hala ere, Arkotxako gazteen gogoa abadearen trabak baino handiagoa zen. Don Flavioren oniritzia jaso arte, auzoko Margariren eta Soleren tabernetan entseiatzen hasi ziren. Frankismoan, gazte talde bat tabernetan elkartzea Pasio Biziduna antzeztea baino arriskutsuagoa zela iritzi zion Bujandak, eta egitsmoarekin aurrera egitea erabaki zuen.
Elkartzeko bideak
Pasio Bizidunaren ideia lau haizeetara zabaldu zen eta albisteak berehala piztu zuen bertan parte hartzeko grina. Batez ere, Praderenako gazteen artean; ordura arte bertako auzotarrek apenas parte hartzen zuten elizako Gazte Klubeko ekintzetan. Hortaz, beste jarduerek ez bezala, auzoko eremu guztiak batzea lortu zuen Pasio Bizidunak.
Yébenes eta Ibarretxe izan ziren Arkotxako Pasio Biziaren lehen zuzendari artistikoak. Dinamitako eta Praderenako gazteen arteko harremana estutzeko helburuarekin, Praderenako auzotarra zen Francisco Valle aukeratu zuten lehendabiziko Kristoa izateko eta Ama Birjina moduan Dinamitako Manoli Mellado izan zen.

Lehen Kristo eta Ama Birjina (1968) :: Aste Santua bizi, besteek bizi dezaten liburua
Don Flaviok Pradera Hermanos enpresaren laguntza jaso zuen eta bertako arotzek, dohainik, eraiki zituzten errepresentaziorako oholtzak. Yébenesen esanetan, lehenengo antzezpena katarsi hutsa izan zen eurentzat. Hala ere, poza handia izan zen, haiek guztiek auzo berekoak zirela onartu baitzuten behingoz. Jatorri ezberdinetako jendea batzea lortu zuen Pasio Bizidunak, egun egiten duen modura. Orduko elizgizonek lortu zuten ezjakintasun eta tirabirak zeuden lekuan, errespetua eta elkartasuna haziak ereitea.
☉ Zaratamo
Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.
Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza
☉ Zaratamo
Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak
Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.
Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.
Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.
Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
☉ Zaratamo
Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da
Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.
Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.
Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.
Basaurin hautsi zen anphora
2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsitatean nenbilenean Bilbon, Pozokoetxeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitateko ikasketak egiten nituen bitartean. Lagun batekin batera irakasten nuen euskara gure kabuz, inolako erakunderen parte izan gabe”.
Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indartsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.
Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Bernardo Atxaga Bilbora bizitzera etorri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musikatu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez nizkion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoetxeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.
Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.
Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.
‘Alkolea’, Txabiri tabernan
Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.
1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.
Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.
Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.
Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez
1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.
Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.
Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.
“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.
Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.
☉ Zaratamo
Bideoa | Uxue Oleagordia: «Herriko erromeriak aukera aparta dira ikasitakoa praktikan jartzeko»
Dantza ikastaro batek dantza talde bat sortzera eraman du herritar talde bat. Eskola zaharretan egiten dituzte entseguak eta udako egun bero batean izan gara beraiekaz

Dantza ikastaro batetik jaio zen ‘Zaratamoko Dantzariak’ izeneko dantzari taldearen proiektua. Berez, izen hori behin behinekoa bada ere, proiektua sendotzeko eta ikastaroa dantza talde bilakatzeko prozesua martxan dago. Hori dela eta, Uxue Oleagordia (Basauri, 2003) dantza ikastaroko irakaslearekin elkartu gara. Herriko hainbat ekitalditan parte hartu ostean eta dantza ikastaroak izandako harrera ona ikusita, talde berria sortuko dute aurten.
Entseguak ostiralero egiten dituzte Elexaldeko eskola zaharretan eta ateak zabalik dituzte euskal kulturaz janzteko interesa duen edonorentzat. Momentura arte egindako lana @zaratamokodantzariak izeneko Instagram kontuan sareratu dute.
Noiz eta zer dela eta sortu egiten da Zaratamoko Dantzariak taldea? Duela urte eta erdi Untzurbe Elkarteak planteatutako proiektua da honako hau. 2024ko otsailetik ekainera bitartean dantza ikastaroa egin genuen eta harrera oso ona izan zuen. Beraz, proiektuarekin jarraitzea erabaki genuen eta jarduera berriro ekarri genuen irailean, ikasturte osoko ikastaroa egiteko. Berriro ere, dantza ikastaroak emaitza oso onak izan zituen eta gure asmoa ikastaro hartatik dantza talde berri baten proiektuari ekitea izan da.
Zein da zuen erronka nagusia talde modura? Bizirautea eta Zaratamoko antzinako dantzak berreskuratzea, gure kultura zazpi haizetara zabaltzeko.
Trebatutako dantzaria zara, Uxue. Nola heldu zitzaizun Zaratamon dantza eskolak emateko aukera? Alboko herrietan dantza ikastaroak antolatzeko lan eskaintza izan nuen. Euskal kulturgintzaren inguruan ikastaro bat eskaintzeko pertsona bat behar zuten. Zuzenean jarri ziren harremanetan nirekin eta nik baiezkoa eman nien. Azken batean, lau urtekin hasi nintzen euskal dantzetan, eta hori da nire betidaniko pasioa. Beraz, herritarrek erromerietan parte hartzen animatzeko ikastaro bat prestatu nuen. Horixe landu genuen otsailetik ekainera bitarteko ikastaro labur hartan. Ekainean erakustaldi bat prestatu genuen Zaratamon, eta jendea animatuta zegoela eta gero eta jende gehiagok parte hartu nahi zuela ikusita prestatu genuen ikasturte osoko ikastaro osotuago hura.

Nolako ekintzak landu dituzue azken ikastaroan? Ekintza asko landu ditugu: Bostak eta Lauren taldearekin elkarlan polita egin genuen: kontzertu bat eskaini zuten herrian eta hiruzpalau abestitan parte hartu genuen. Inauterietan, Zaratamoko eskola gurekin harremanetan jarri zen eta elkarren artean erromeria antolatu genuen Elexaldeko plazan. Euskaraldiako herriko batzordekideak harremanetan ipini ziren gurekin ere aurtengo ariketa dela eta, Elexaldeko plazan beste erromeria bat antolatzeko. Ekainean, Arkotxako jaiak direla eta, auzoan dantzatzeko gonbidapena luzatu ziguten. Azken batean, dantza ikastaroan herriko auzo askotako eta inguruetako herrietako dantzariak daude eta horien artean Arkotxako bizilagunak daude. Jaietan erakustaldia egiteko proposatu zuten eta hala egin genuen. Ekainaren amaieran kurtso bukaerako erakustaldia egin genuen Elexaldeko plazan.
Agerraldi guztiak Zaratamon egin dituzue. Herritik kanpo dantzatzeko asmorik duzue? Erromeriak egiten dituzten herriko plazetan dantzatzea oso ondo legoke. Horietan parte hartzeko taldetxoa sortzen badugu, animatu eta Basauri, Arrigorriaga edo Galdakaoko dantzaldietan parte hartzeko ez genuke arazorik izango. Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea da herriko erromerietan dantzatzea.
Zuen instagrameko kontuan emakumeak ageri dira dantzan bakarrik. Emakumeei zuzendutako ikastaroa da zuena? Ez. Mutilak egon badaude gure taldean, ikastaroaren hasieratik gainera. Baina gauza bat gertatzen zaie: ez dira ausartzen emanaldietan parte-hartzera. Gurekin ez dira jantzita etortzen erakustaldietara, baina plazan egoten dira. Dantza pare batean parte hartzen dute, baina arropa arruntekin jantzita betiere. Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan. Hasieran erromerietan borobilean egiten diren dantza horiek egiten ditugu eta poliki-poliki arkudantza edo makil txikiak bezalako dantzak gehitzen joan gara. Mutilek entseguetan parte hartzen dute baina plazara irtetea beste kontu bat da.
“Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan”
Zein da horren arrazoia, beldur eszenikoagatik agian? Ez dakigu. Nik uste dut gutxi direlako. Gainera, arropa jakin batzuk janztea ez omen dute gustuko, agian beren buruak ez dituztelako euskal jantziekin identifikatzen. Hasieran euskal dantzetako jantzi barik egiten genuen dantza eta gero jendea euskal jantzi horiek prestatzen eta plazaratzen joan da. Gaur denok janzten ditugu euskal jantziak. Hala ere, euskal jantziak ipintzera animatzen ez badira ere, modu batean edo bestean dantza egitera animatu egiten dira mutilak.

Zenbatero dituzue entseguak eta nori zuzendutakoak dira? Entseguak ostiralero antolatzen ditugu: 17:00etatik 19:00ak arte egoten gara eskola zaharretan, eta tarte horretan talde bi daude: 17:00etatik 18:00ak artekoa eta 18:00etatik 19:00ak artekoa. Mundu guztiari zuzendutako saioak dira eta ikasturtean zehar inork proba egin gura badu erraztasunak ipiniko dizkiogu. Umeen taldea sortzea gure zereginen artean dago oraindik. Haurrek izena ematen badute ez da arazorik egongo txikien talde bat sortzeko, nola ez!
Adin tarte berezirik dago gaur egungo taldean? Nik esango nuke talde bi bereizi daitezkela adinari erreparatzen badiogu: 23-27 urte bitarteko gazteena eta “amena”, 40–50 urte ingurukoena. Hala ere, badira ere gorputza mugitzeko prest duten amamen adina duten dantzariak ere.
Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana? Ikastaroa Untzurbe elkartetik sortu dutenez guk elkartearekin dugu harremana. Hala ere, herrian egindako ekimenekin zein lokala lagatzeko orduan Udalaren laguntza izan dugu lehen momentutik.
Eskualdeari begira eta bertako herrietan dauden dantza taldeak ikusita, zelan ikusten duzue folklorearen osasuna Hego Uriben? Dantza talde nahikotxo ditugu gure eskualdean eta hainbat ekintza antolatzen dituzte. Hego Uriben, izan ere gutxienez jarduera bat antolatzen dute hilero. Dantza talde horiekin harremanetan ipintzea benetan erraza da. Guk, esaterako, ez ditugu txistularirik, eta musikariak behar ditugunean Arrigorriagako dantza taldekoak hurbildu ohi dira. Hego Uribeko dantza taldeekin harremana izatea benetan garrantzitsua da eta egia esateako, erraztasun handiak ipintzen dituzte beren partetik.
“Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea”
Ni bi dantza taldetan ibili izan naiz eta beste hainbatekin harreman zuzena izan dut, eta eskatu izan didatenean laguntzeko prest agertu naiz beti. Hala ere, konpondu beharreko zenbait kontu badaude ere: dantza talde batzuei askotan laguntza ekonomikoa falta zaie, eta diruz ez bada, Zaratamoko Udalak egiten duen bezala, Udalek erraztasun gehiago eman beharko lizkieke taldeei, lokalak utziz, esaterako. Bestalde, ume eta gazteen arazoa ere hor dago: guraso askok, umeak nagusitzen direnean kirol jakin batzuetara bideratzen dituzte, euskal dantzak alde batera utziz. Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea: balioak, talde lana…denetarik ikas daiteke bertan.

Behin taldea sortuta, non gustatuko litzaizueke dantzatzea? Herriko hainbat ekimenetan parte hartu nahi dugu, eta ateak zabalik izango ditugu jaietan, ospakizunetan, auzoetako jai txikietan edo Upoko San Segismundo baselizan urtero egiten den festan ere. Herritik kanpora begira, taldean planteatuko genuke eta dantzariak prest egon ezkero bertara joango ginateke. Azken batean, oso aberasgarria da taldea elkartzeko herritik kanpo egiten diren ekitaldietan parte hartzea, beste taldeetako dantzariekin harreman berriak sortuz.
Bizkaiko edo Euskadiko Dantzari Egunetan parte hartuz, esaterako? Oso egun politak izan ohi dira dantzarientzat. Egun horietan bizitzen diren esperientziak zoragarriak izan ohi dira. Batek, daki: agian egunen batean bertan parte hartzeko aukera izan ahalko genuke!










