Sareak

☉ Arrigorriaga

Montefuerte eta Padura futbol taldeak “eskertuta” eta “ilusioz” daude Arrigorriagako jaiei hasiera emateko

Arrigorriagako jaiak uztailaren 21ean hasiko dira, eta festari hasiera emateko, Udalak Padura eta Montefuerte herriko futbol taldeei eman die lekukoa. Kategoriaz igo dira lehenengoak; bigarrenek, 25 urte bete dituzte aurten.

|

2019ko Arrigorriagako jaietako txupina // Geuria

Arrigorriagako jaiak uztailaren 21ean hasiko dira, eta Udalak Padura eta Montefuerte herriko futbol taldeei eman die txupina pizteko lekukoa. Kategoriaz igo dira lehenengoak; bigarrenek, 25 urte bete dituzte aurten. Taldeak ilusioz agertu dira Madalenetako lehen egunari hasiera emateko.

“Oso eskertuta gaude Udalarekin, eskainitako aukeragatik eta ikusgarritasuna emateagatik”, esan dio GEURIAri Joseba Laiseca Padura futbol taldeko presidenteak. 2020an, ehun urte bete zituen CD Padurak; halere, Laisecak azaldu duenez, orduan ezin izan zuten urteurrena “merezi bezala” ospatu, egoera zela-eta. Aurtengo aukera, beraz, ezin hobea iruditzen zaie taldearen ibilbide luzeari omenaldia egiteko.

Jaiei senior taldeetako bi jokalarik emango diote hasiera: Ander Gonzalo Padura A taldeko kideak eta Oier Arellano Padura Bkoak. Lehen taldea kategoriaz igo da aurten, RFEFko hirugarren mailara, eta meritua aitortzeko aukera izango dute uztailaren 21ean. B taldea, berriz, jaitsi egin da (erregionaleko bigarren mailara): azken bueltan partidu guztiak irabazi arren, ezin izan diote mailari eutsi.

CD Padura taldea mailaz igo direla ospatzen // Geuria

Aldaketaz blaitutako denboraldia izan da, egoera zaila, jokalari aldaketak… Baina emaitzak gorabehera, presidenteak azaldu du Padurako talde osoaren baloreak islatzen dituztela: “Lan gogorra, gogoa, intentsitatea, eta batez ere, konpromisoa”, zailtasunekin bada ere, aurrera egiteko. Eta hori da taldetik txupinaren egunean erakutsi eta eskertu nahi dutena herritar guztien aurrean.

Montefuertek 25 urte

Montefuerte futbol taldeak ere, beste horrenbeste. Zuzendaritza taldeko Alberto Románek esan du hasieran “harrituta” jaso zutela Udalaren gonbidapena, ez baitzuten espero. Halere, “oso eskertuta” daude jasotako aukeragatik, eta taldearen 25. urteurrena ahalik eta giro onenean ospatzeko aukera dela esan dute.

Arrigorriagako jaiei herriko beste talde batekin hasiera ematea ere aukera ona iruditu zaie, bi taldeen artean giro ona eta lagunkoia baitago. Padurako bi jokalariez gain, CD Montefuertetik aurreikusten dute presidenteak eta zuzendaritza taldeko beste kide batek emango diela hasiera Madalenei.

CD Montefuerte // Utzitakoa

☉ Arrigorriaga

Haurrentzako Breakdance ikastaroa antolatu dute Arrigorriagan, urtarrilera bitartean

Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean

|

Witxillo // instagram.com/witxillo/

Altzoan Zaintza Sareak eskolaz kanpoko Breakdance ikastaroa antolatu du urritik urtarrilera Arrigorriagako eskolako frontoian  4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat.

Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean. Ordubeteko saioak izango dira hilabeteko astearte bitan: 4 eta 5 urteko haurrena 17:15etan programatu dute eta 6 eta 8 urte bitarteko umeen taldearen saioa 18:15etan izango da.

“Helburua eskolaz kanpoko ekintza ezberdinak eskaintzea da”, azaldu dute Altzoan Zaintza Saretik. “Kirola egiteko jarduerak ere martxan ipiniko ditugu eta baita gorputz adierazpena susatzen dituztenak ere, adin tarte horretan oso garrantzitsua baita umeentzat norberaren gorputza ezagutzea, kontrolatzea eta maitatzea, ‘Dantza & Jolasa Familiartean’ jarduerarekin bezala”.

Eskolaz kanpoko ekintzen maiztasunari dagokionez, helburua da haurren denbora eta jolas librea ez moztea. Hori dela eta programatu dituzte bi astean behin: “Horrela, familiei bestelako jarduerak egiteko aukera ematen diegu”.

Lauhilekoaren prezioa 65 eurokoa da. Informazio gehiagorako eta izena emateko ipini harremanetan altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek

Domus VI taldeko langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko

|

Langileak, gaur goizean // Geuria

Gaur goizean kalera irten dira berriro Arandia egoitzako langileak, beren lanpostuetan “osasuna arriskuan dagoela” salatzeko.

GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin dute zentroaren aurrean.

“Arrigorriagako egoitzan ez dago langile nahikorik”, gehitu dute ELA sindikatuko ordezkariek. “Garabi falta, aldagelak, ohe barrak, gortinak… eta infekzio gaixotasunei aurre egiteko prebentzi-protokolo eguneraturik ez dago. Horri gehitu behar zaizkio inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehazpen-espedienteak”.

Gainera, sindikatuko ordezkariak azaldu du Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.

ELA: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”

Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Langileak, Arandia zentroko leihoetan // Geuria

Langileak eta egoiliarrak, kaltetuak

Gaurko mobilizazioak egoiliarren eta langileen arreta erakarri du eta horietako batzuk kalera irten dira, langileen borrokarekin bat egitera.

GEURIAk bertako familia batekin berba egiteko parada izan du eta egoera honek egoiliarrengan eta beren familiengan eragin zuzena duela azaldu dute. Ez dute izen abizenik eman nahi, “horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta”. Hala ere, familiaren arabera, 43 egoiliar daude solairu bakoitzean eta horiek artatzeko pertsona bi baino ez daude kasurik onenean. Guztira 132 egoiliar daude Arrigorriagako egoitzan: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”, kexatu dira.

Familiaren arabera egoerak nabarmen egin zuen txarrera 2019an, zentroak zuzendaritza aldatu zuenean: “Kudeaketa guztiz aldatu zen pribatizatu zenean langile eta janari kopuruan eta zainketan aurreztu zuen enpresa berriak. Langileak leher eginda daude: ordutegi txarrak dituzte, soldata kaxkarrak… eta lanez gainezka daude beti”. Enpresari langileek bizi duten egoeraren berri ematen dieten bakoitzean “egin beharrekoak egiten dituztela” izaten da erantzuna, familiaren arabera.

“Kudeaketa oso txarra izaten ari da, baina momentu txarrena itzalaldi masiboa gertatu zen bezperan bizi izan genuen Arandian”, gehitu dute. “Joan den apirilaren 28an izan zen eta zentroa argindarrik gabe egon zen bi orduz. Elektrogeno-taldea ez zebilen eta ez zegoen larrialdi egoetarako planik ere ez. Zentroko zuzendaritza oporretan zegoen eta inprobisazioz egin behar izan zuten lan bertako langileek. Onartezina da”. Sindikatuaren arabera, gaur egungo lan-giroa “tirabiratsua” izaten ari da eta “egungo zuzendaritzarekin ezinezkoa da elkarrizketa adeitsua izatea”.

Elkarretaratzeko langileak // Geuria

Egoiliarren osasuna eta ongizatea lehentasuna dira guretzat, eta hori bermatzeko konpromisoz eta profesionaltasunez lan egiten jarraitzen dugu”, azaldu dute ELAtik. “Baina premiazkoa da egoera hau aldatzea, langileen osasuna jokoan dagoelako”

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bihar da Gure Magalean Arrigorriagako elkarteko eskolaz kanpoko ekintzetan izena emateko azken eguna

“Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik

|

Neska bi, xakean jolasean // Geuria

Irailaren 19a da Gure Magalean Guraso Elkarteak antolatutako eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko azken eguna.

Balleta, eskalada, batukada, xakea, jolas kooperatiboak, irristaketa, margogintza, multikirola… eskaintza zabala plazaratu dute guraso elkartetik: “Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magaleanetik.

Gure Magalean | Eskolaz kanpoko jarduerak 2025

4-5 urteko haurrak
Ingelesa Ludoteka: 4 urtekoak, astelehenetan; 5 urtekoak, asteazkenetan
Balleta: astezkenetan
Dantza Modernoa: 4 , ostegunetan; 5 urtekoak, ostiraletan
Taekwondo: 5 urtekoak, astelehenetan; 4 urtekoak, asteazkenetan
Irristaketa: 5 urtekoak, ostiraletan (16:45-17:45)
Jolas kooperatiboak: 4 eta 5 ustekoak, asteartetan

1. 2. eta 3. mailakoak
Margogintza: 3. maila, astelehen eta asteartetan; 1. eta 2. maila, asteazkenetan; 1. maila, ostegunetan; 2. maila, ostiraletan
Ingelesa Ludoteka: 1. maila, ostiraletan
Balleta: 1. maila, asteazkenetan
Eskalada: 1. 2. eta 3. maila, astelehenetan eta ostegunetan
Batukada: 1. eta 2. maila astelehenetan; 2. eta 3. maila, asteazkenetan
Dantza modernoa: 1. 2. eta 3. maila, astelehen, astearte eta asteazkenetan
Xakea: 2. eta 3. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta asteazkenetan
Esku Pilota: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta ostiraletan
Irristaketa: 1. 2. eta 3. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 1. 2. eta 3. maila, asteartetan

4. 5. eta 6. maila
Margogintza: 5. maila, astelehenetan; 4. maila, astearte eta ostegunetan; 6. maila, asteazkenetan; 5. eta 6. maila, ostiraletan
Eskalada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta ostegunetan
Antzerkigintza: 5. eta 6. maila, asteazkenetan
Batukada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Dantza modernoa: 4. eta 5. maila, astelehenetan; 6. maila, ostiraletan
Hip Hop: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Xakea: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Irristaketa: 4. 5. eta 6. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 4. 5. eta 6. maila, asteartetan

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Familiartean dantzatzeko eta jolasteko saioak antolatu dituzte Arrigorriagan

Lehen saio irekia hilaren 22an antolatu dute 17:30ean, Arrigorriagako Lamiaenan

|

Haur bat, dantzan // Johnny Mcclung, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak ‘Dantza & Jolasa Familiartean’ izeneko saioak antolatu ditu urritik urtarrilera Arrigorriagako Lamiaena emakumeen etxean.

Esti Olabarri dantza mugimendu terapeutak eskainiko ditu saio horiek eta ordubete eta erdikoak izango dira hilabeteko astelehen bitan. Jarduera 4 urtetik gorako umeei zuzendu dute eta lehen saio irekia hilaren 22an antolatu dute, 17:30ean.

Lauhilekoaren prezioa 80 eurokoa da. Informazio gehiagorako eta izena emateko ipini harremanetan altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Egun osoko irteera antolatu du Nabarnizko Illuntzar mendira Arrigorriagako Gure Magalean elkarteak

Urdaibaiko eta Kantauri itsasoko ikuspegirik ederrenetako bat eskaintzen du Iluntzarrek eta igoera ohikoa Nabarnizetik egiten da

|

Illuntzar // urdaibai.eus

Gure Magalean Mendi Taldeak egun osoko irteera prestatu du datorren irailaren 21ean Nabarnizko Illuntzar mendira.

Abiapuntua Arrigorriagako osasun zentroa izango da. Mendizaleak bertan ezarri dute hitzordua 09:30ean. Autobusera igo eta Nabarnizera abiatuko dira. Txangoa egin ostean Laga hondartzan emango dute arrastia eta 19:00etan itzuliko dira Arrigorriagara.

Bizkaiko Lea-Artibai eskualdeak Iluntzar mendia (726 metro) hartzen du, Urdaibaiko eta Kantauri itsasoko ikuspegirik ederrenetako bat. Igoera ohikoa Nabarnizetik (363 m) egiten da, eta Gorritiz Gorostizagako Santa Maria, Iluntzar (727 m), Irurkitza, Mandalesta eta Intxaurragatik igaroko dira. Ibilbidearen luzeera 7,72 kilometrokoa da eta iraupena ordu bi eta 20 minutukoa, ondo bidean.

Illunzar tontorretik (726 m) Urdaibai eta Lea-Artibai haranen gaineko ikusmira paregabea dago, gure geografiaren irudi ezin ederragoa. Leku oso estrategikoan dagoenez, ez da harritzekoa erromatarrek hemen kanpaleku militar bat jarri izana. Eta, esan ohi da izena erromatar kokaleku horrekin lotuta dagoela: «Illum» (hirigune edo bizigune esan gura duena), eta «zahar». Beraz, «hiri zaharra» edo «bizigune zaharra».

Kanpaleku honek 1.000 legionario baino gehiago eta setio-makinak hartzen omen zituen bere harresien barruan. Baina nori egin behar zioten eraso, ziotenez bertako biztanleak baketsuak baldin baziren? Beharbada, Arrolako auzo-herrixka gotortua (Marueletza) ikusita, pentsatu zuten, badaezpada, hobe zela edozein erasotarako prestatzea.

Egun osoko txangoaren zenbatekoa 4 eurokoa da. Izen emateak Gure Magalean Guraso Elkartearen bidez egin daitezke.

Osorik irakurri