Sareak

☉ Arrigorriaga

‘Egin Urruma’ bideoklipa estreinatu dute, Arrigorriagako emakumeen sororitatearen aldeko lana

M8an Lamiaenako kanpoko horman proiektatuko du lana Urruma Asanblada Feministak

|

Rakel Izquierdo, Urruma Asanblada Feminista // Utzitakoa

Badira lau urte Andere Molinuevo arrigorriagarrak herriko feministen lema sortu zuela: “Egin Urruma, askatu kate astuna”. 2019an, Rakel Izquierdo artistarekin batera, soinua jarri eta koroa egin zioten Urruma Asanblada Feministako kideek, eta danborrekin kalera irten ziren, andrazkoei letra banatu eta leloa batera abesteko. “Duela gutxi oroitu nintzen horretaz, eta pena sentitu nuen letra hori galdu egingo zela uste nuelako”, onartu du orain Izquierdok. “Beraz, errekuperatzeko beharra ikusi nuen, eta horregatik hasi dugu bideo hau behinolako lema erabilita”.

Musikariak estrofa batzuk idatzi zituen letra horrekin, eta melodia eta ahotsa jarri zizkion. “Abesti osoa neukanean, laguntza eskatu nion Artizarra Musika Eskolari eta Saioa Miguel herriko sortzaileari, eta baietz esan zidaten biek”. Horrela, hilabete eskasean, hainbat musikari bildu, kanta grabatu eta herriko emakumeak agertzen diren bideoklipa egitea lortu dute: Egin Urruma, lau egunetan 700dik gora bisita jaso dituen ikus-entzunezko lana.

Gloria Orta, Karmele Felipe, Maite Garai, Irati Leal, Eneko Peral, Itsaso Azkona eta Rakel Izquierdo musikariek hartu dute parte sorkuntzan. Jon Arenasen Arrigorriagako Klap Studion bildu dira zazpiak, eta bertan grabatu dute pianoa, biolina, gitarra, bateria, baxua eta beste hainbat instrumentu uztartzen dituen doinua.

Baina herriko emakumeak eta taldeak batzeko, herriko kaleetatik zehar ere egin dute bira. Bideoklipean Padura Mendi Taldeko zuzendaritza-batzorde berria, ArrigoKorrika taldea, Padura Saskibaloiko neskak, eta herriko beste hainbat emakume agertzen dira: Ainhoa Galdeano patinatzailea, Maite Ibarra alkatea, Ruth Morgado lorezaina…

Arrigorriagako emakume guztiek “gogotsu” parte hartu dutela onartu du Izquierdok: “Hurbiltze sentsazioa izan dugu, konplizitatea sentitu dugu, grabaketen ondoren herrian haiekin egon garenean”. Eta ikus-entzunezkoak izan dezakeen arrakastaz aparte, abestia egiteko prozesu osoa “taldea sortzeko” ezinbesteko pieza izan dela azaldu du musikariak.

Sororitateari merezi duen lekua ematea izan da “Egin Urruma” sortzearen helburua, emakumeak batuz, “feminismoaren bidean ahizpatasuna zein boteretsua eta baliagarria den ez ahazteko”. Izan ere, askotan, talde feministen artean konpetentzia sentsazioa egon daitekeela deitoratu du Izquierdok, eta horrekin hautsi egin behar dela elkartasunari bide emateko.

Bideoklipa grabatzen // Utzitakoa

Estreinaldia, M8an

Horregatik, Emakumeen Nazioarteko Egunean (martxoak 8), bideoklipa batera ikusteko aukera eskainiko du Urruma Asanblada Feministak. 19:00etan, herriko plazan batuko dira performance bat ikusteko, eta gero, kalejira egongo da udaletxetik Lamiaena Emakumeen Etxera. Eraikinaren kanpoaldean proiektatuko dute ikus-entzunezko lana.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan

Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

|

Garrikoko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.

Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.

Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea

Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea

Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea

Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea

Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea

Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea

Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra

Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra

Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9

Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra

Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4

Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea

Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak

Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

|

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.

Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.

“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.

Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Makina bat berritasun

Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.

Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.

Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.

Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz

Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.

Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026

Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)

Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik

Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

|

Iker Albizua, Amalurreko jabea // Geuria

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat.  Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.

Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Errege Magoen Kabalgatak eta epifaniak jendez bete du Arrigorriagako plaza

Arrigorriagarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei udaletxe aurreko plazan, 3ºtan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeekin, udaletxeko arkupeetan // Geuria

Iritsi dira Hiru Errege Magoak Arrigorriagara! Beste urte batez, Arrigorriagako udaletxeko plaza jendez beterik egon da 19:00etan eta hotzak ez du ikuskizuna geldiarazi.

Aurtengo 51. edizioan 150 pertsona baino gehiagok hartu dute parte eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera izan dute. Urtero lez, udaletxeko plaza antzinako herri batean bihurtu da,

19:00ak aldera 3ºC erregistratu dituzte termometroek, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

150 herritarretik gora hartuko dute parte gaur Arrigorriagako Errege Magoen kabalgatan eta epifanian

Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte Arrigorriagan, 19:00etan, kabalgataren orduan, azken urteetako tenperatura hotzenak

|

2025eko Errege Magoen iritsiera / Geuria

Aurtengo Arrigorriagako Errege Magoen kabalgata eta epifania gaur antolatu dute 19:00etan, Arrigorriagako udaletxeko plazan.

Aurten 150 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte ikuskizunaren 51. edizioan eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera berri bat izango dute. Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Iaz bezala, udaleteko plaza jendez beteko dela aurreikusi dute eta ekintza nagusi bi egingo dituzte: Armando Astarloa arrigorriagarrak idatzitako gidoiaren epifaniaren kontakizuna (sei ekitaldi guztira: Ume-Jainkoaren jaiotza, Hiru Errege Magoek Herodes erregeari egindako bisita, aingeruaren iragarpena artzainei, Magoen gurtza, inuzenteen hilketa eta Egiptora egindako ihesa) eta Errege Magoen kabalgata, herriko kaleetan barrena.

Meltxor, herriko haurrak agurtzen, 2025eko kabalgatan // Geuria

Arrigorriagako epifaniak garrantzi berezia dauka Hego Uribe eskualdean: bertan behera utzi behar izan zuten 1983 urteko uholdeak eta Koronabirusaren eraginagatik, baina hala ere aurrera jarraitu izan duen ekitaldia izan da.

Gaur egun etxeko txikienei ilusio handia egiten dien ikuskizuna da eta herriko plaza jendez gainezka egon ohi da, eskualde osoko herritar asko erakarriz.

Osorik irakurri