☉ Ugao
Izaskun Landaida: “Teknologia berrien bidez, bikotekideak neska kontrolatu nahi du”

2013. urtean Izaskun Landaidak (Ugao, 1969) Ugaoko alkatetza uztea erabaki zuen Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari izateko proposamena jaso zuenean. Bere bizitzako erronkarik garrantzitsuenetarikoa izan zela adierazi dio Geuriari, “nire ibilbide pertsonalean eta profesionalean benetan beharrezkoa eta sinisten dudan lana delako”. Bide erraza ez zela izango jakin arren, “oso pozik” onartu zuen Emakundeko zuzendari izateko erronka.
Emakundeko zuzendaria zarenetik bi urte igaro dira. Hasierako erronkak gainditu dituzula uste al duzu?
Lan egiteko giro aproposa dagoela uste dut, hori erronka nagusienetako bat zelakoan nago eta, beraz, bi urte hauetan aurreratutako eta lortutakoaren ispilu dela uste dut. Emandako aurrerapausoak denon lanari, inplikazioari eta konpromisoari esker eman direla azpimarratu nahiko nuke, atzetik askoren lana dagoelako.
Hala ere, administrazio publikoek eta gizarteak lan handia egin behar dute.
Genero ikuspegia plan guztietan txertatzen jarraitu behar dugu. Gobernuarekin, Foru Aldundiarekin eta Udalekin lan egiten dugu euren programa guztietan eta euren politika guztietan emakumeak eta gizonak kontuan izan ditzaten eta berdintasuna susta dezaten. Horretarako Emakundek neurri eta plan batzuk diseinatzen ditu, hala nola, Legegintzaldi bakoitzeko Berdintasun plana, baita legeak ere, eta langileen prestakuntza bultzatzen du berdintasunaren kontzientzia handiagoa izan dezaten.
Berdintasun Legeak 10 urte bete ditu aurten. Urte horien guztien inguruan zer hausnarketa egiten duzu?
Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz. Ibilbide honetan askoren lana eta konpromisoa azaleratu da eta uste dut hori dela bidea, bakoitzak bere esparrutik eta duen erantzukizunagatik pausoak ematen jarraitzea, argi baitago ez garela oraindik helmugara heldu.
Berdintasun Planaren ardatz nagusia balioen aldaketa bultzatzea da.
Argi daukagu balioak aldatu ezean ezin dela gizartea eraldatu. Eta hori izaten da lanik zailena, balioak aldatzearena. Izan ere, sinesmen horiek txikitatik ikasi ditugu eta oso zaila izaten da ikasitakoa alde batera uztea. Horregatik uste dugu dela hain inportantea txikitatik hastea neska mutilei eredu berdinzaleak erakusten, ez eskolan bakarrik, baita familian eta komunikabideen aldetik ere. Berdintasun Planak administrazioen politiketan berdintasuna hobetzeko neurriak hartzen ditu, antolaketa sozial erantzunkidea garatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko.
BALIOAK ALDATU EZEAN, EZINGO DUGU GIZARTEA ERALDATU
Bi generoen artean berdintasun hitzak ba al du zerikusirik gaur egun?
Emakumeek orain dela hogei urte baino eskubide gehiago dituztela uste dut. Jendeak gaur egun ez ditu onartzen orain dela hogei urte onartzen zituen diskriminazio batzuk. Dena den, oraindik asko dago egiteko. Gazteen artean, adibidez, errespetuzko harremanak sustatzen jarraitu behar dugu, ikusi baitugu bikoteetan zenbait kontrol jarrera onartzen dituztela gazte batzuek, eta jarraitu behar dugu alor guztietan lan egiten. Ikusten ari garenez, kasu askotan teknologia berrien bitartez bikotekideak neska kontrolatu nahi du, une oro galdetuz non dagoen, norekin eta abar. Desberdintasunak handiak dira oraindik. Eta arazo larri bat dugu “berdintasun itsuarekin”: berdintasunaren aldeko lanaren beharrik ez ikusteak eta ez sentitzeak, eta berdintasuna lortuta dagoela pentsatzeak, arlo honetan lan egiteko beharra ez onartzea dakar.
Enplegu-soldatari dagokionez, emakumeek gizonek baino %26 gutxiago irabazten dute.
Egun, emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasuna 7.000 euro ingurukoa da EAEn. Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretutara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Gainera, kontuan izan behar da askotan emakumeak malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituela, lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen duela. EAEn zatikako kontratua duten lanpostuen %85,3 emakumeek betetzen dituzte.
LANPOSTUEN BEREIZKETA BERTIKALAK ETA HORIZONTALAK ZENBAIT KARGU KONKRETUTARA BIDERATZEN DU EMAKUMEA
Administrazio publikoan emakumeen presentzia handitu dela esango al zenuke?
Bai, eta gainera handitzen doa, baina uste dut emakumeok genero ikuspegia barneratuta izateko lan egin behar dugula. Politikariak garen emakumeok gai hauez hausnartzeko, estrategiak bilatzeko gure ahalduntzeak garatu behar ditugu. Eta normalean prozesu hauetan gure aurreko emakumeen lana aitortzeko aukera izateaz aparte, genero ikuspegia txertatuta izateak, gure atzetik datozen emakume gazteei bidea erraztea suposatu ahal duen aldetik.
☉ Ugao
Ugaoko Jute fabrika ohian lan egindako emakumeen inguruko liburua salgai ipini dute Janen
Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian

‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historia’ liburua salgai ipini dute Ugaoko Jane jauregian. Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian.
Ugaoko ondarea izandako fabrika eta bertan lan egin zuten emakumeen historia jaso eta zabaltzeko ‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historian’ liburua idatzi du Josu Hernando Perez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Belen Alcalde lankidearekin batera. Jute ehungintza fabrikaren historia “lurperatuta” zegoela dio Hernandok: “Lantegiaren historia guztiz desagertuta zegoen, eta Udalak horren ikerketa bat egiteko proposamenaren haritik erabaki genuen liburu hau idaztea”.
Liburuaren helburua erreminta dibulgatiboa izatea da: “Urtebeteko dokumentazio eta artxibo lan handia dago liburuaren atzean baina helburu nagusia jendeak Jute Ehungintza Fabrikaren berri izatea da”.
Liburuak atal nagusi bi ditu: lehena, fabrikaren lehen mende erdia azaltzen duena, artxiboko informazioarekin osatu dute. Lan zaila izan dela azaldu du liburuaren egileak, informazioa “desagertuta” zegoelako eta Foru Aldundiko artxiboetatik jaso dute. Bigarren atala sei emakume langile ohien adierazpenekin osatu dute: “Elkarrizketen bidez mendearen bigarren zatiko historia ezagutu ahal izan dugu”, gehitu du Josuk.

Asun, Maritere eta sara // Geuria
Omenaldia, Udiarragan
Asun eta Maritere Ortiz de Zarate ahizpek eta Sara Ferrerok ez dute inoiz ahaztuko Ugaoko Jute fabrikan lan egin zuten garaia. Joan den martxoaren 13an bertan lan egin zuten emakume guztiak omendu zituen Udiarragako amabirjinaren elizan eta lehen ilarako bankuan eserita zeuden Asun, Maritere eta Sara.
14 urterekin haria egiteko makina erraldoiekin egiten zuten lan Ugaoko lantegian. Baina, esan bezala, omenaldiaren egunean irribarretsu zeuden Udiarragako eleizan, urte horietako oroitzapenak elkarren artean kontatzen eta bertan proiektatu ziren antzinako argazkiak adi-adi begiratzen.
☉ Ugao
Kontzertuak, triki poteoa, eta hitzaldiak antolatu dituzte Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean
Jarduera guztien artean DJ Pipi hirukotearen saioa antolatu dute azaroaren 1eko gauean

10 urte bete dira Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna berriztu eta ibilbide berria martxan ipini zutenetik. “Heldu da! Hemen da Dorretxea Herriko Tabernaren urteurrena! 10 urte pasa dira herriko taberna berriztu eta ibilbide berri hau martxan jarri genuenetik. Guzti hau ospatzeko asmoarekin, egitarau zabala prestatu dugu. Autegestioan oinarritutako proiektu hau, bizirik eta indartsu jarraitzeko, zuetako guztien laguntza ezinbestekoa da: ikusle, bisitari, kudeatzaile, bazkide, txandalari, laguntzaile, garbitzaile… Denon artean egiten dugu proiektua errealitate bihurtzea”, azaldu dute antolaketa taldetik.
Jurgi Ekizak hasiera eman zion ospakizun jarduerei joan den urriaren 2an ‘Argitzala’ lanaren aurkezpen kontzertuarekin, eta hurrengo ekitaldiak hilabete honetan programatu dituzte: hilaren 17an kontzertu bi antolatu dituzte: Dena eta Zeinke. Izan ere, Zeinke talde arratiarrak agur biraren kontzertua eskainiko du 21:30ean; 21ean ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ liburuaren aurkezpena egingo dute Ahoztar Zelaieta idazle eta hizlariarekin, 19:00etan; urriaren 24an ’10 urte 11 ekimen’ azken hamarkadan egindako ekintzen erakusketaren inaugurazioa antolatu dute 18:00etan; Hilaren 31n luntx herrikoia egingo dute 20:30ean, eta 21:00etan Amaiur eta Garaziren kontzertu akustikoa.
Azaroaren 1ean triki poteoa antolatu dute herrian zehar 13:00etan. Gero, 15:00ak aldera herri bazkaria prestatu dute eta jarraian, bazkaloste musikatua. 18:00etan poteo musikatua eta tributu gaua antolatu dute 21:00etatik aurrera Txalainak (Hertzainak taldearen bertsioak) eta La Txirla Records (La Polla Records) taldeekin. Eguna amaitzeko DJ Pipiren musika saio berezia egingo dute.
Egitaraua | Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrena 2025
Urriak 2, osteguna
19:30 ‘Argitzalak’ diskoaren aurkezpena (Jurgi Ekiza)
Urriak 17, ostirala
21:30 Kontzertuak: Dena + Zeinke (agur bira)
Urriak 9, osteguna
19:00 Hitzaldia: Txiki & Otaegi 50. urteurrena: ‘Euskal Herria askatzearen loturak (Andoni Olariaga)’
Urriak 21, asteartea
19:00 ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ (Ahoztar Zelaieta)
Urriak 24, ostirala
18:00 Erakusketa inaugurazioa: ’10 urte, 11 ekimen’
Urriak 31, ostirala
20:30 Luntx herrikoia
21:00 Kontzertu akustikoa: Amaiur eta Garazi
Azaroak 1, larunbata
13:00 Triki poteoa, herrian
15:00 Herri bazkaria + bazkaloste musikatua
18:00 Poteo musikatua
21:00 Tributu gaua: Txalainak + La Txirla Records + DJ Pipi
☉ Ugao
‘Artearen Ibilbidea’ erakusketa urriaren 12ra bitartean egongo da ikusgai Ugaon
‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza daude ikusgai Herriaren Enparantzan

BBK Fundazioak ‘Artearen Ibilbidea’ izeneko erakusketa martxan jarri du gaurtik hasita urriaren 12ra bitartean.
“‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza aurkezten dira guztira –pintura, collage, akuarela, eskultura, kartela, argazkia eta bideoa–, mendebaldeko arteari buruzko ibilbide homogeneo eta plurala eskaintzen dutenak”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Lan horiek lotzen dituen haria da beraien egileak historian zehar hainbat izaera eta jatorritako iturri literarioetan inspiratu izana da”.
‘Artearen Ibilbidea’ 2020an jaio zen, museoaren zabalkunde eta hezkuntza-jarduera bere egoitzatik harago eramateko apustuaren barruan, kultura artistikoa hizpidera ekarri eta espazio publikoetan haren ondarearen aberastasuna ezagutaraztea xede. Horretarako, edizio bakoitzean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panel batzuez osatutako gailu mugikor berri bati forma ematen zaio.
Ugaoko erakusketaren azken eguna urriaren 12an izango da. Hilaren 13tik 19ra Etxebarrira eramango dute eta 20tik 26ra, Basaurin egongo da ikusgai.
☉ Ugao
Oihane Artetxe ugaotarrak haurren babesaren inguruko hitzaldia eskainiko du Bilbon
Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz

Azaroaren 8an ‘Euskadiko Indarkeria Bikarioa, Instituzionala eta haurren Sexu Abusuak Ikusarazteko jardunaldien’ bigarren edizioa antolatu dute Bilbon, La Bolsa eraikiniean, 10:30ean.
Bidaure elkarteak antolatutako jardunaldi hauetan hainbat hizlarik hartuko dute parte, eta horien artean Oihane Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ugaotarra dago. Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz.
Oihanerekin batera Amaiur Diez Friera gizarteratze teknikaria eta haurtzaroko abusu sexualen biziraulea, Ane Jauregizar indarkeria bikario eta sexu-abusuen biktima baten ama babeslea, Maria Jesus Carmona haurtzaroan eta nerabezaroan aditua den osasun-psikologoa eta Jennifer Osorio gizarte hezitzailea arituko dira.
“Genero arloko aurrerapen normatiboak izan arren, azken ikerketek erakusten dute oraindik ere badaudela indarkeria matxistaren aurkako babesa zailtzen duten praktika instituzionalak, bereziki haurtzaroari eragiten diotenean. Zoritxarrez, Euskadi ez da salbuespena. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu ikusgarritasun jardunaldi honetara. Bertan, lehen aldiz Bilbon biktimak eta arlo honetako profesionalak parte hartuko dute”, azaldu dute Bidauretik.
Elkarte berria da Bidaure eta lau urteko haurrei egindako abusuen ondorioz sortu zuten. Lehendakaria Oihane Artetxe bera da, eta bertan txikitan sexu abusuak edo biolentzia bikarioa jasan izan duten emakumeek eta ama babesleek hartzen dute parte.
Sarrera doakoa da baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, interesdunek esteka honetan topa daitekeen formularioa bete behar dute.
☉ Ugao
Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ albuma aurkeztuko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean
Kontzertua urriaren 2an antolatu dute, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenaren atarian, kontzertu berezia aurkeztu dute urriaren 2an.
Willis Drummondeko Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ izeneko bigarren album aurkeztuko du egun horretan, 19:30ean, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz. “Album hori modu berezi batean aurkeztera dator: bakar bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina bestetik, abesti batzuk modu apainduago batean proposatuz”.
Aukera berezia da orduan, disko berri hori zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko. Sarrera doakoa da.