☉ Hego Uribe
Bakardadea hautatu ez dutenek elkarrekin bizi dezakete
Biztanleria zahartzearen ondorioz, gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak Hego Uriben. Bakarrik bizitzea hautua izan daiteke, baina “azken aukera” denean, egoera berean dauden nagusiak saretu egin behar dira aurrera jarraitzeko

Gaztetan beltz-beltza zen buruan ile zuri bat agertzen denean hasten dira arazoak. Ispiluan begiratzen dugun hurrengo aldian, lehen ez zeuden bi zimur agertzen dira bat-batean kopetan. Ez ote gara zoratzen ari? Telebistan azaltzen diren iragarkiek lagunduko digutela diote, eta hor goaz, supermerkatura ileko tintearen eta azalerako krema miragarriaren bila. Baina “arazoak” ez dauka atzera bueltarik. Zahartzen ari gara. Eta ez gu bakarrik, gizarte osoa baizik.
Euskal Herrian gizon-emakumeen bizi esperantza 84 urte ingurukoa da. Baldintzen hobekuntzei eta osasun sisteman egondako aurrerapenei esker, gero eta gehiago bizi gara, eta, beraz, gizartea pixkanaka-pixkanaka zahartzen ari da. Hego Uribeko zazpi herrietan, adibidez, 20 urtetik beherakoek populazioaren % 17 baino ez dute osatzen, 2021ean Eustatek emandako datuen arabera. Emaitzak bestelakoak dira adinean aurrera egin ahala: 20 eta 59 urte bitarteko nagusiek biztanleriaren % 61 osatzen dute, eta 60 urtetik gorakoek, % 32. Duela bi hamarkada, 2001ean, % 22,3koa baino ez zen adinekoen ehuneko osoa: 10 puntu igo da.

Kolektibo horren ehuneko handi bat, gainera, gizartetik nahiko aldenduta bizi da. 2021 urtearen amaieran EDE Fundazioak eta Basauriko Udalak egindako ikerketa baten arabera, Basaurin, eskualdeko herririk populatuenean, 65 urtetik gorako 2.558 lagun bizi dira etxean bakarrik. Horietatik ia % 75 emakumeak dira, gehienak, senarra hil zelako bakarrik gelditu diren alargunak, eta kasuen % 50ean, hamarkada bat baino gehiagoz bizi izan direnak egoera horretan.
Erradiografia bat
Gustura edo ez? Bada, pertsona bezainbeste erantzun eman dituzte adinekoek beren egoera azaltzeko. Nahita bilatutako bakardade egoeran dauden lagunak izan ez arren, ikerketarako elkarrizketatutako pertsonen % 57k erantzun du egoerarekin konforme dagoela; gainontzekoak, ez horrenbeste. Tristura, antsietatea eta beldurra medio, osasun emozionalarekin arazoak dituzten lagunak eta irisgarritasun arrazoiengatik egoerarekin “oso deskonforme” dauden 80 urtetik gorako adinekoak identifikatu dituzte Basauriko ikerketan.

Konpainia beharra
Basauriz gain, eskualdeko gainontzeko herrietan ere antzeko problematikak aurkitu dituzte: “Nahita bilatutako bakardade egoeran dauden pertsonen kolektiboa oso ugaria da, eta ahalik eta lasterren landu behar den zerbait iruditzen zaigu”, kontatu digu Soiartze Unzueta Arrigorriagako Gizarte Zerbitzuetako langileak. Herriko Osasun Foroa izeneko taldean (hilean behin biltzen dira bertan herriko anbulatorioko ordezkariak, farmazietakoak, eskolakoak, Gaztegunekoak, AMPAkoak, kiroldegikoak, Berdintasun Saila, elkarte feministak eta beste hainbat), hori da pandemiaz geroztik identifikatu duten kezka nagusietako bat.
Herriko kontsultategia gainezka dagoenean, ondo ikus daiteke adinekoen errealitatea. 80 urteko gizon bat sorbaldako mina sentitzen duelako hurbildu da osasun zentrora. Medikuarekin ordu erdi egon ostean, irten egin da. Baina datorren astean, bueltan da: bizkarreko mina dauka; bi aste barru, beste behin, sorbaldakoa. Farmazietan ere, berdin: adineko asko medikazioaren bila doazenean, bost minutu behar izaten dituzte pilulak hartzeko eta ordubete farmazialariarekin hitz egiteko. Osasun fisikoarekin izan ditzaketen arazoez gain, izan ere, bakarrik bizi direnen kasuan, osasun mentala ere zaindu behar da: askotan, arta medikoa jasotzera baino, nagusiak hitz egiteko norbaiten bila doaz zentroetara.
Saretzeko lana
Kasu batzuetan, gainera, adinekoek herritarrekin izan dezaketen hartu-eman labur hori ere ezinezkoa suertatzen da: Arrigorriagako Kubon, adibidez, mugikortasun arazoak dituzten lagun asko ezin dira etxetik irten ere egin. Auzoa industriaren hazkunde garaian sortutako gunea denez, zaharra da eta irisgarritasun arazoak ditu, bai kaleetan, baita etxebizitza barruetan ere (igogailu falta, kasu). Gainera, auzoan egiten den bizitza eskasa dela diote Osasun Forotik: Kubon ez dago dendarik, tabernarik, ezta farmaziarik ere, eta jende gazteak herrigunean denbora gehiago igarotzen du auzoan baino, bertan daukatelako lantokia, umeentzako eskola, parkea eta taberna.
Udalak aurten jarri du martxan Kubo berrurbanizatzeko plana, auzuneko muga arkitektonikoak kendu eta irisgarritasuna bultzatzeko. Bakardade egoerak identifikatzeko eta ekiditeko ekintza komunitarioak bultzatzeko, berriz, programa pilotu bat jarri dute abian bertan: Bizkaia Saretu II. Herri gobernuak, BBKk eta Grupo SSI enpresak lankidetzan garatutako planak auzoan bakardadearen sentsibilizazioan lagunduko duten eragile ezberdinak identifikatzea eta hauen sarea osatzea du helburu, auzolanean adinekoei laguntzeko ekintza kolektiboak garatzeko. Irailean jarriko dute martxan.
Zaintzaileak herrian
Bitartean, laguntzarako beste programekin aurrera jarraitzen dute; horietako bat Etxebarrin eta Ugaon ere abiatu duten Zaintzaileak programa da. Europako Next Generation funtsekin finantzatutako dinamikarekin, epe luzeko langabezian dauden edota zaurgarritasun egoeran dauden bizilagunei hilabete bateko prestakuntza eskaintzen diete adinekoak zaintzen irakasteko ikastaroarekin. Gero, % 75eko lanaldian jardun dute sei hilabeteko epean (abuztu ingurura arte), hirugarren eta laugarren adineko jendea zaintzen.
“Hasieran, herri txikia denez, bazirudien jendeari beldurra ematen ziola laguntza jasotzeko izena emateak”, azaldu du Oihane Artetxe Ugaoko programaren koordinatzaileak. “Baina gero, ahoz aho zabaldu da, eta askoz gehiago animatu dira”. 8 laguntzaileak kalera irteteko, ospitalera joateko, paseatzeko, hitz egiteko eta beste hainbat gauzatarako egon dira adineko ugaotarrekin. “Arratsaldeetan kartetan jolasteko ere gelditu izan dira, eta kuadrilla osatzea lortu dute!”, dio Artetxek.
Aisialdiko tarteak
Izan ere, eskualdeko herrietan laguntzaileak saretzea lortzeaz aparte, berebiziko garrantzia ematen ari dira adinekoen artean loturak sortzeari ere. Udalek garatu dituzten dinamika gehienek nagusiak harremanetan jartzea eta elkar ezagutzea dute helburu. Ohikoenak bidaiak eta irteerak, tailerrak eta kirola egiteko ikastaroak dira.
Zaratamon, adibidez, osasun fisikoari lotutako hainbat dinamika jarri dituzte martxan. Adinekoen osasuna sustatzeko programaren barruan, 2022-2023 tarteko epean, gimnasia ikastaroak eta ibilbide osasungarriak egin dituzte Arkotxan eta Elexalden, hurrenez hurren. Herri erdialdeko tailerrean izena eman duten 16 lagunek 9,25eko nota jarri diote dinamikari, herriko Gizarte Zerbitzuek jakinarazi bezala. Paseoek bere helburuak betetzen lagundu diete adinekoei: %38,46k eman zuen izena gainontzekoekin harremanetan egoteko; %33,33k, aldartea hobetzeko; eta %28,21ek, osasuna sustatzeko.
Galdakaon, berriz, ikastaroak egiteaz gain, adinekoentzako irteerak eta bidaiak antolatzen dituzte (Bilboko Itsasadar Museora, Jakara…). Mari Carmen Zarandona galdakoztarrak 83 ditu, eta Udalak antolatzen dituen ekintza ia guztietan hartzen du parte. “Bakarrik bizi garenontzat laguntza handia da horrelako ekintzak eskura izatea”, azaldu digu Zarandonak: “Udaleko webgunean sartzen naiz; hor dator informazio guztia, eta interesatzen zaidan zerbait ikusten badut, izena ematen dut”. Dinamiketan ezagutzen duen jendearekin, gainera, oso harreman ona daukala onartu du galdakoztarrak. “Asko hitz egiten dugu gure artean, aurrez aurre ezin bada, WhatsApp bidez, azkenean, pertsonentzako garrantzitsuena komunikatzea baita”.
Nork zaintzen ditu adinekoak?
Bakarrik bizi diren adinekoen kasuan edo lagunduta bizi direnei dagokionez, kasu gehienetan, nagusiek norbaiten beharra izaten dute eguneroko lanak egiteko. EDE Fundazioak egindako inkestaren arabera, Basaurin bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen % 85ek seme-alabak ditu, eta hauen laguntza izan ohi dute zerbait behar dutenean. Azterketan esaten denez, 10 kasutik 9tan, familiako kideak zaindu behar duten pertsonarengandik hurbil bizitzeak egiten du posible arta hori eman ahal izatea.
Dena den, badaude zaintza zailtzen duten beste faktore batzuk ere, adibidez, adina. Arrigorriagan pertsonaren baten zaintzaz arduratzen diren bizilagunentzako egiten duten laguntza programan (Zainduz), 87 pertsonak hartu dute aurten parte: horietatik 77 izan dira 60 urtetik gorako lagunak eta 10 baino ez adin horretatik beherakoak. Guztira 69 emakumek eta 18 gizonek eman dute izena Zainduz dinamikan.
Nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Foru Aldundiak martxan jarri duen programa horrek, hain zuzen, zaintzaileak zaintzeko helburua dauka. Dependentzia duen norbaiten gaineko ardura izateak eragin ditzakeen zailtasun sozioemozionalak kudeatzeko Foru Aldundiak bultzatutako programa da Zainduz. Eta eskualdeko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek garatzen dituzte bere dinamikak herri bakoitzean. Hainbat ildo lantzen dituzte, bost oinarritan banatuta:
- Aholkularitza: mendekoak eta ezgaituak dituzten familientzako informazioa, kontsulta eta aholkularitza
- Prestakuntza: hitzaldiak, mintegiak eta ikastaroak
- Laguntza taldea: zaintzaileen ongizate emozionala zaintzeko eta hobetzeko
- Banakako saioak
- Adinekoentzako tailerrak: psikoestimulazioa
☉ Hego Uribe
Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean
Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.
Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.
☉ Hego Uribe
Hezur muina ematea ikusarazteko mezua Andaluzian zabaldu dute Ugaoko eta Basauriko txirrindulariek
Arkaitz eta Beñat Santamaria ugaotarrek eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak Leyenda de Tartessos lasterketa gogorrean hartu dute parte, Huelvan

Arkaitz eta Beñat Santamaria anai ugaotarrak, Jose Manuel Rodrigo basauriarrak eta Joseba Urrutikoetxea arrigorriagak pedalkadak ematen jarraitzen dute hezur muina ematearen garrantziaz ohartarazteko.
‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin txirrindulari taldea sortu dute eskualdeko lau herritar horiek, eta iazko urrian Almeriako Titan Desert proban parte hartu ostean, duela egun gutxi Leyenda de Tartessos lasterketa egin dute Santamaria anaiek eta Rodrigo basauriarrak
—Rafa Yurrebaso galdakoztarrak ere egin zuen lasterketa—.
“Proba oso gogorra izan da, gainera, Andaluzian izan diren ekaitzek are gogorrago egin dute”, diote. Hala ere, pozik daude hezur muina ematearen garrantzia ikusarazi dutelako beste behin ere.
Taldearentzat urteko lehen proba izan da Tartessosekoa, baina ez da bakarra izango: hurrengo erronka Leongo Itzulia BTT izango da, maiatzean. Bertan, laurek hartuko dute parte.

☉ Hego Uribe
Arratiako Korua Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da Santa Ageda bezperan
Usansolon goizean izango da Arratiako Korua eta Galdakaon arratsaldean. Ordutegi zehatza jaso dugu albistean

Santa Ageda bezpera izango da bihar, otsailak 4. Eta tradizioa jarraituta, Hego Uribe eskualdean hainbat eta hainbat talde kalera aterako dira koplak abestera.
Era berean, Arratiako Koruaren bisita ere izango dugu eskualdean: Usansolon eta Galdakaon geldialdiak egingo ditu.
Goizeko 08:25ean hasiko du kalejira Koruak Zeanurin eta Arantzazutik, Igorretik, Dimatik, Lemoatik eta Bediatik igaro ostean, Usansolon egingo du geldialdia 10:15ean [2024an Usansolon harrapatu zuen GEURIAk Korua].
Ondoren, Zornotzara joango dira eta handik Bilbora. Bizkaiko hiriburuan 11:30etik 20:00ak arte egongo da Arratiako Korua leku batetik bestera.
Eta, etxerako bidean, 20:40ean eguneko azken geldialdia egingo dute Galdakaon. Iaz Iturrondo plazan ikusi ahal izan genituen [ikusi bideoa].
☉ Hego Uribe
Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk
Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.
Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).
Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.
“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.
Sarratu-Aperribai tartea
Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.
“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.
Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.
Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.
Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.
Aperribai-Galdakao tartea
Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.
“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.
Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.
“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.
Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.
“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.
☉ Hego Uribe
‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte Basaurin eta Galdakaon
Jaialdia martxoaren 21ean izango da Durangon. Sarrerak salgai daude Basaurin eta Galdakaon

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da, eta helburua da “Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzea”.
Musika nagusi izango da jaialdian, eta dagoeneko honako artistek eta taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Ødei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta.
Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza ere izango dira jaialdian. Eta, izen gehiago iragartzeko daudela adierazi dute antolatzaileek.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 edo 25 euroan. “Ekimen honen helburua erresistentzia sustengatzea denez, bi prezio dituzue aukeran. Ez dago alderik sarreran, ekarpen ekonomikoak baizik. Ekitaldi solidarioa izanik, bakoitzak bere ahalmenaren edo nahiaren arabera erabaki dezala zenbatekin lagundu nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta errepresioaren aurkako kutxa”, diote.
Hego Uribe eskualdean Basaurin eta Galdakaon jarri dituzte sarrerak eskuragarri: Fissions eta Berezi tabernetan Basaurin, eta Zurrut tabernan Galdakaon.









