☉ Zeberio
Amalia Domingo: “Nire etxea daukat faltan. Bertan egotea”
Amalia Domingo (97 urte) Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitzako egoiliarra da. Berarekin izan dugu solasaldia
Txokolate beroarekin ospatzen dituzte urtebetetzeak Zeberion. Eusebio Aldekoa egoitzako nagusiek askotan egin diete putz kandelei, baina ia mendea beteta, inoiz baino garrantzitsuagoa da egun bereziak partekatzea. Amalia Domingo Rodriguez (Granada, 1926) eta Mari Carmen Kortabarria Basterretxea (Abadiño, 1932) egoiliarrek beren ospakizunetara gonbidatu gaituzte: 97 eta 91 urte beteko dituzte, hurrenez hurren. Bi emakumeek beren etxea utzi eta egoitza batean bizitzea zer den azaldu digute, eta adinean aurrera egin ahala, etorkizuna nola ikusten duten.
Zenbat urte dituzu?
Ekainaren 1ean 97 beteko ditut. Txokolatea prestatuko dugu, etorri nahi baduzue.
Granadatik etorri zinen Euskal Herrira. Zenbat urte daramatzazu hemen?
Ia ahaztuta daukat. Jaio nintzen lekuan baino denbora gehiago egon naiz hemen. 1966an edo 1967an heldu nintzen.
Zein izan zen etortzeko arrazoia?
Bizitza hobearen bila etorri ginen. Granadan ez geneukan ezer, eta hemen lana zegoen (orain ez dagoen arren). Oroitzen naiz trenera heldu ginenean, nire seme nagusiak bidaian aurkitu zuela lana.
Non egiten zenuen zuk lan?
Etxekoandrea nintzen. Familiako lau gizonekin bizi nintzen.
Zenbat denbora daramazu Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitzan?
Urtebete.
Pandemiaren ostean heldu zinen.
Hori da.
Gustura zaude hemen?
Bai, oso.
Zelan tratatzen zaituzte?
Izugarri ondo.
Harreman ona daukazu gainontzeko egoiliarrekin eta langileekin?
Bai, oso ondo konpontzen gara. Asko maite naute eta nik asko maite ditut haiek.
Zer egiten duzu egun normal batean egoitzan?
Nik oso gutxi ikusten dut, eta ezin izaten dut ezer egin: eserita egon baino ez. Egun osoan eserita egonda aspertu egiten naiz, ez dudalako ezer gehiago egiten. Lehen, puntua egitea gustatzen zitzaidan; kakorratzarekin denetarik egin nezakeen. Baina orain, ez.
Eta zein aukera ematen dizkizute denbora pasatzeko?
Egin dezakedana eskaintzen didate. Mahai gainean gauzak jartzen dizkidate, denetarik, eta nahaste horretan objektu jakin bat bilatzeko esaten didate. Nik gauza guztiak mugitu behar ditut, alde batera bota, eta esaten didatena aurkitu.
Hona etorri baino lehen, non bizi zinen?
Nire etxean. Laguntzaile bat neukan, neska bat, egunean zehar. Baina gauetan bakarrik gelditzen nintzen.
Zeren falta sumatzen duzu egoitzan zaudenetik?
Nire etxea daukat faltan. Bertan egotea. Baina hemen ere oso gustura nago, konpainia daukadalako, jendea. Etxean nengoenean, nire semeak ezin ziren nirekin egon. Hala ere, etxearen falta sumatzen dut.
Bisitan etortzen zaizkizu semeak?
Bai, bai. Bat lanean dagoenez, igandeetan etortzen da Zeberiora, eta besteak, astean zehar. Ahal dutenean etortzen dira.
☉ Zeberio
Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan
Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.
Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.
Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.
Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.
☉ Zeberio
Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian
Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.
Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.
Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.
☉ Zeberio
Kirol jardueretan izena emateko epea zabaldu dute Zeberion
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera

Irailaren 29a izango da Zeberioko heziketa fisikoan, muskulazioan eta mantentze-lanetan izena emateko azken eguna.
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera eta izena emateko 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Zeberioko Udaletik iragarri dute edukiera mugatua izango dela eta taldea betetzekotan, zozketa egingo dutela irailaren 29an bertan.
Ordutegiak | Zeberioko kirol jarduerak
17:00 – 17:55 Mantentze-gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze-gimnasia
☉ Zeberio
Zeberioko mendizaleek asteburuko irteera antolatu dute Nafarroara, urrian
Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da. Beti bezala, aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Urriaren 4an eta 5ean Izaba aldera abiatuko dira Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak, Auñamendei/Anie tontorrera. Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da.
Izatez, Auñamendi eta Anie mendi berari ematen zaion izena da: Anie tontorra (frantsesez, Pic d ‘Anie), 2.507 metroko altuera duen Pirinioetako tontorra, Larrako eta Belaguako erreserba naturalen arteko mugan. Anie frantsesezko izena da, baita izen ofiziala ere. Auñamendi, ostera, mendiaren euskarazko izena da.
Irteera urriaren 4an egingo dute 07:30ean, Zeberioko plazatik. Anie/Auñamendi 2.500 metroko altuera gainditzen duen Pirinioetako lehen tontorra da, Kantauri itsasotik datorrena. Piramide-forma du eta Larrako karst ikusgarriak inguratzen du. Kareharrizko paisaia da, leize eta arrakala ugarirekin. Tontorretik dauden ikuspegiak ikusgarriak dira. Mendizaleek larunbatean egingo dute igoera hau.
Larunbateko aukeran dago ere Utziagañara igotzea (Zuberoa, 1.618 mt). El Ferial – Ütziagaña – Erraitzeko txabolak- Erraitzeko lepoa izango da oraingo honetan aukeran izango duten ibilbidea. “El Ferial iraupeneko eski estazioaren aparkalekutik bidexka bat irtetzen da. Hori bera jarraituz Ütziagaña mendi magalera iritsiko gara”, azaldu dute Austarritik. “Bide honetan zehar, kare harria oinarri duen formazio geologiko bitxi bezain interesgarriaz gozatzeko aukera izango dugu”.
Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke
Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke. Pinu beltz hauek harri biluzian ere bizitzeko gaitasuna edukitzeaz gain oso zuhaitz gogor eta zaharrak dira, batzuk 350 urte bizitzera hel daitezke. “Paisaia berezi honen azpian leize zein zima mugagabeak daude. Hori dela eta, ibilbide honen barnean dagoen bizitza ikaragarria da”.

Ardibidegainatik topa daitezkeen ikuspegiak // Inigocia, Wikiloc
Igandean, Ardibidegainara
Etxera itzuli baino lehen, igandean, ibilbide zirkularra egingo dute mendizaleek Izabatik bertatik irteten den bide batetik.
Lehenik Ardibidegaina gailurra zeharkatuko dute mendizaleek, bog labirinto batetik. Ondoan begiratoki bat dago, Nafarroako Pirinioetarako bista ederrekin. Ondoren, GRtik jarraituko dute ibilbidea, Armotoara igotzeko metro batzuk desbideratu arte.
Itzuleran GRaren arrastoei jarraituko diete eta Tejerias labea eta Ibón haitzuloa ikusteko aukera izango dute. Mendizaleak urriaren 5ean itzuliko dira Zeberiora, 20:00ak inguruan.
Izena emateko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Mendi Taldearen lokalean. Telematikoki egiteko aukera ere badago austarrimenditaldea@gmail.com helbidera e-posta idatziz edo 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
☉ Zeberio
Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek
Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.
“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.
Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek 665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.