Sareak

☉ Zeberio

Verónica Martín: «Elikatzen ikastea ibiltzen hastea bezalakoa da: heltze-prozesua, irakatsi behar ez den zerbait»

Nutrizio teknikaria eta iridiologoa da Verónica Martín. Zeberioko Hasihazi Jatenen eskaintzen du aholkularitza, terapia alternatiboak elikaduraren inguruan dituen ezagutzekin osatuz

|

Verónica Martín iridiologiarako luparekin lanean // Geuria

Ezkutatzen ari zarena zer den jakiteko, begietara begiratu baino ez du egin behar Verónica Martín Requenak (Barakaldo, 1983). Iridiologian aditua, irisa aztertuta jakin dezake zure organoak gaixorik dauden edo etorkizunean gaizki egoteko probabilitatea duten. Bertan “orbanak agertzen direnean, elikaduraren bidez arazoa nola konpondu erakutsi diezaieket etortzen direnei”, dio Martínek. Terapia alternatiboa erabiltzeaz gain, izan ere, nutrizio teknikaria ere bada Zeberioko Hasihazi Jaten kontsultategiaren jabea, eta hiru arlotan espezializatutako aholkularitza eskaintzen du: haurdun edo edoskitzen dauden emakumeen nutrizioari buruz eta baby-led weaning (BLW) metodoari buruz. Azken honekin, haurrei jakiak haien kabuz probatzen erakusten die, nagusiek behartu gabe. Azken finean, “umeak pertsonak dira, gu baino txikiagoak, baina gizakiak” — dio Martínek— “Beraz, badakite noiz diren gose eta noiz ez”.

Zerk eraman zintuen nutrizioa ikastera? Unibertsitatean biologia ikasten hasi nintzen, baina ez zitzaidan asko gustatzen. Orduan, nutrizio teknikari izateko erabakia hartu nuen, konturatu nintzelako hutsune handia zegoela horri lotutako eremuetan. Jendeak dietak egin egiten zituen garai hartan, baina, zeintzuk? Bada, auzokoak gomendatzen zizkionak, Pronto aldizkarian irakurtzen zituen asteroko otorduak… Eta beti pentsatzen nuen, neure artean, dieta horiek izugarri txarrak zirela; ezin zirela, inolaz ere, osasuntsuak izan jendearentzat. Horregatik erabaki nuen elikadura osasuntsuaren alderantz lerratzea, ez soilik arazo patologikoren bat zuen jendea artatzeko, baizik eta, orokorrean, gaizki sentitzen zen jendeari nola elikatu behar zuen aholkatzeko. Ohikoa izaten den bezala, argaltzeko dietak egiteaz aparte, helburua egoki jatea da, hobeto sentitzeko eta organoek ondo funtzionatzeko; betiere, norbere beharrizanen arabera. Izan ere, badakigu zenbat barazki jan behar ditugun, zenbat haragi, zenbat arrain… Baina ez dugu kontuan hartzen, gure organoen egoeraren arabera, elikagai mota bakoitzeko zein jaki espezifiko (zein lekale edo esneki, adibidez) eta kozinatzeko zein modu diren onenak guretzat. Aspektu horretan sakontzeko, besteak beste, ikasi nituen naturopatia eta iridiologia, terapia alternatiboak.

“Alternatiboak” diren heinean, ez daude ikasketa formaltzat araututa. Ez, ez daude araututa. Ez daukate erregearen sinadura ofizialik, nolabait esateko, nutrizio teknikari ikasketek duten bezala. Baina nire lanerako osagarriak diren jakintzak dira, eta horregatik neukan ezagutzeko interesa. Nutrizio ikasketen ondoren, haur txikiei jaten emateko baby-led weaning (BLW) elikadura motan espezializatu naiz, eta baita ugalkortasunean, haurdunaldian eta edoskitze garaiko elikaduran ere. Unibertsitatean ikasten baduzu, adibidez, ez dago master mailako ikasketarik gai horietan aditu bihurtzeko, eta, beraz, ikasketa ez arautuetara jo behar duzu. Halaber, terapia alternatiboekin ere gauza bera gertatzen da, naturopatiarekin eta iridiologiarekin bezala.

Agian, noizbait entzun bai, baina ez daukagu iridiologiaren definizio zehatzik. Zertan datza terapia alternatibo hau? Terapia ezaguna eta ezezaguna da, aldi berean: ezaguna, guztiok izan dugulako noizbait haren berri; eta ezezaguna, terapia alternatiboa izateagatik, alde batera utzi ohi delako. Baina jendeak hobeto ezagutuko balu, iridiologook egiten duguna egia dela jakingo luke.

Guk lupa batekin eta argiarekin egiten dugu lan. Batzuek erresoluzio handiko kamera batekin begiaren argazkia ateratzen dute, baina nik luparekin ikusten dudana zuzenean apuntatzen dut irisaren irudia daukan eskema batean. Esklerotika (begiaren zati zuria) eta irisa (begiari kolorea ematen dion atala) behatzen ditut: lehenak patologia jakin batzuen inguruko informazioa ematen du, eta besteak, gorputzeko organo jakin batzuez hitz egiten du. Irisaren kasuan, organo bakoitzak kokaleku jakin bat dauka: sabelak, gibelak, azalak… Eta horren arabera jakin dezaket organo bat kaltetuta dagoen edo etorkizunean kaltetuta egoteko probabilitatea daukan. Nola? Bada, orban bat badauka, kaltetuta egongo da, eta orban bat izateko espazioa badauka, kaltetzeko arriskua izango du.

Horrela, orbanak agertzen direnean, nik elikaduraren bidez (edo belar medizinalekin) arazoa nola konpondu erakutsi diezaiekete etortzen direnei. Halaber, organoek toxikotasuna pilatzeko probabilitatea dutela ere ikusi dezaket (normalean, herentzia izan ohi da kausa, familiako kideek organo horietan izan dituzten arazoak), eta problema bihurtu baino lehen, prebenitzeko pausoak ematen dizkiet pazienteei. Hori bai, oso kaltetuta dauden organoen kasuan, nik nutrizioari buruzko aholkuak eman ditzakedan arren, espezialista batengana bideratzen dut jendea; hau da, ahal dudanera arte tratatzen dut arazoa, baina ez naiz medikua, eta uste dut oso garrantzitsua dela noraino heldu zaitezkeen jakitea, eta beste norabait bideratu behar duzunean ere horrela egitea.

Orduan, irisean ikusten duzunaren araberako elikadura da gomendatzen duzuna? Bai, nutrizio ezagutzak iridiologiarekin lotzea oso lan sakona egitea iruditzen zait. Imajinatu norbait ez dela sabeletik ondo sentitzen, eta kontsultara datorrela aholku eske: aztertu ondoren, gibelean inflamazioa duela ikusi dezakezu, eta horren arabera, barazki jakin batzuk eskaini eta kozinatzeko modu bat gomendatu, bakoitzak patologia jakin batean lagun dezakeelako.

Dena den, nutrizioari buruz galdezka datozen askok ez dute terapia hau probatu nahi: eszeptikoak dira, sinesten ez dutenak. Beste batzuek, aldiz, ez dute etorkizunean izan ditzaketen arazoez ezer jakin nahi, eta horregatik ez dira saiatzen, beldurragatik. Baina 20 urte dituzunean arazorik izan ez arren, esango nuke, organoek toxikotasuna pilatzeko joera badaukate ondo dagoela jakitea, terapia eginez gero, zure esku dagoelako etorkizunean ez gaixotzea.

Nagusiak garenean baino ez gara hasten elikaduraz arduratzen? Normalean, arazoren bat sortzen zaigunean hasten gara nutrizioaren garrantzia kontutan hartzen. Helduak egiten goazen heinean, arazoak pixkana-pixkanaka hasten dira heltzen, eta orduan konturatzen gara aurretiaz elikadura ez zaintzeagatik ditugula problemak epea luzera. Esango nuke elikadura iraupen-lasterketa bat bezalakoa dela: ondo jan behar dugu, gaizki ez egoteko. Baina, orokorrean, alderantziz ikusten dugu, txarto sentitzen garenean edo gehiegizko pisua dugunean egiten dugulako dieta.

Era berean, ezagutza falta handia ere badago nutrizioaren inguruan, eta zaintzen saiatu arren, ez dakigu hori ondo nola egin. Adibidez, haurdun dauden emakumeen kasuan, umekiarentzako arriskutsua dena jateari uzten diote, baina analisiak egin ondoren, askotan gertatu ohi da gluzemia mailak altuegi izatea. Zergatik, medikuak esandakoa egin badute? Bada, zer egin behar ez dugun badakigulako, baina ez gauzak ondo nola egin.

Haurdun edo edoskitzen dauden emakumeen nutrizioan espezialista zara. Zuk ere sufritu izan duzu informazio falta hori noizbait? Bai. Ume bi dauzkat, eta hasieran, ama bihurtu ahal izateko, ez nekien zein motako elikagaiak ziren egokienak, edo haurrak izatea errazteko zeinek lagundu zezaketen. Azido folikoa eta bestelakoak lagungarriak dira, baina medikuek pilulak ematen dituzte beti. Eta beharrezkoak dira, dudarik gabe, elikadurarekin lortu ezin dena osatzeko balio dutelako. Baina nutrizioarekin lortu daitekeenari garrantzi gutxi ematen zaio.

Eta haurdunaldian? Elikagai jakin batzuk jateko esaten dizute: adibidez, urdaiazpikoa plasmosiarengatik. Orduan, jakin badakizu zer den egin behar ez duzuna, baina ez egoki nola elikatu behar zaren. Dudak sortzen zaizkizu: Zer egin behar dut ondo sentitzeko? Gluzemia maila altua ez izateko? Preeklamsia ez sufritzeko? Zer, orokorrean, arazoak ekiditeko? Horri buruzko aholkuak ematen ditut kontsultan: Zeberioko 15 laguni, hemen, eta Bilboko eta Erandioko amatasun zentroetan, beste hainbati.

Tailerrak ere eskaintzen dituzu, baby-led weaning (BLW) delakoari buruz. Zer da BLW-a? Haurrei elikadura osagarria modu autoerregulatuan tartekatzeko modu bat da. Umeek esnearekin elikatzen jarraitzen dute, hori delako oinarrizko jakia, baina 6 hilabetetik aurrera, gutxi gorabehera, elikagai solidoak probatzen hasi daitezke. BLWean hori da egiten dena: jaki horiek zatituta eskaini umeari, bere erritmora probatzen joan dadin, pixkanaka-pixkanaka. Bertan jartzen zaizkio zatiak, eta berak bakarrik jaten ditu, inork behartu gabe. Horrela, umeak asetuta dagoenean uzten dio jateari, eta lortzen duguna haurrak txikitatik elikadurarekin harreman osasuntsua garatzea da, helduagoa denean ondo elikatzen jakin dezan. Azken batean, nik ez dut inoiz esan ume bat jatun txarra denik, baizik eta horrelakoa dela inoiz ez zaiolako elikagaiekin modu egokian jokatzen utzi.

Elikatzen ikastea, orduan, norberak bere kabuz erabakitzea da, noiz jan nahi duen eta noiz ez? Hori da. Umeak pertsonak dira, gu baino txikiagoak, baina gizakiak. Beraz, badakite noiz diren gose eta noiz ez. Imajinatu, bestela, jaten zabiltzan bitartean norbait daukazula ondoan, uneoro, koilararekin, etengabe ematen dizula jaten, eta berak erabaki arte, jaten jarraitu behar duzula. Egoera nahiko desatsegina izango litzateke. Baina umeekin ondo ikusita dago. Ez galdetu zergatik. Agian, nagusiok dena kontrolatzeko joera edo beharrizana daukagulako, eta uste dugulako umeei dena erakutsi behar diegula guk geuk. Baina elikatzen ikastea ibiltzen hastea bezalakoa da: heltze-prozesua, irakatsi behar ez den zerbait. BLW-arekin, hain zuzen, prozesua nola gidatu irakasten da.

Eta nola funtzionatzen du? Normalean, zatitu egiten dira jakiak, oso zati espezifikoetan, elikagaiak modu jakin batean sukaldatuta eta era zehatz batean ebakita. Instagramen eta antzeko sare sozialetan nola egin azaltzen duten kontu asko daude, baina informazioa, askotan, ez da fidagarria, aita-ama batzuentzako ondo funtzionatu duen modu bat azaltzen dutelako, baina nutrizioarekin lotutako ezagutza edo oinarri asko alde batera uzten dituztelako. Kasu horietan, beraz, arazoak sor daitezke: gaizki eginez gero, umeari kontrako eztarritik joan ahal zaizkiolako jakiak. Hain zuzen, horren beldurra daukate BLW metodoa ezagutzen ez duten gurasoek. Baina, ondo eginez gero, informazioa izanez gero eta jakinez gero, ez dago janaria kontrako eztarritik joateko arriskurik. Guztiz segurua da.

Nola edo zenbaterik behin sartzen dira elikagai berriak umearen dietan? Umeak alergiarik ez daukala ziurtatzeko, hiru egunetik behin ematen zaizkio jaki berriak. Horrela, gutxinaka, denetarik probatzen eta elikagaiak ezagutzen doa. Frutak, zerealak, barazkiak, proteinak, karbohidratoak eta abar probatu dituenean, ikasten joaten da, loturak sortzen, eta badaki elikagai bakoitzak zertarako balioko dion. Adibidez, ibiltzen ikasten ari denean, umea muskulatzen ari da, eta proteinak beharko ditu; energia azkarra behar duenean, berriz, karbohidratoak etorriko zaizkio ondo. Orduan, aldez aurretik mota horretako elikagaiak probatu baditu, berak bakarrik jakingo du une bakoitzean zerekin bete beharko duen daukan hutsune nutrizional hori. Inork esan gabe jakingo du zein elikagai jan behar duen momentu konkretu horretan.

Asoziazioak modu naturalean egiteko modua da, orduan? Bai. Eta, kontua da, horretan ere nagusiok gaizki egiten ditugula gauzak. Beti dauzkagu oinarrizko nutrienteen gabeziak: proteinenak, karbohidratoenak… Orokorrean, esango nuke oso gaizki elikatzen garela, baina ez nahi ez dugulako, baizik eta informazio eta ezagutza falta handia daukagulako.

☉ Zeberio

Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan

Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

|

Suhiltzaileak, Zeberion // Geuria

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.

Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.

Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.

Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian

Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

|

Liburuak, Arkotxako liburutegian // Geuria

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.

Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.

Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Kirol jardueretan izena emateko epea zabaldu dute Zeberion

Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera

|

Erabiltzaileak, Basauriko Artunduaga kiroldegian // Geuria

Irailaren 29a izango da Zeberioko heziketa fisikoan, muskulazioan eta mantentze-lanetan izena emateko azken eguna.

Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera eta izena emateko 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.

Zeberioko Udaletik iragarri dute edukiera mugatua izango dela eta taldea betetzekotan, zozketa egingo dutela irailaren 29an bertan.

Ordutegiak | Zeberioko kirol jarduerak

17:00 – 17:55 Mantentze-gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze-gimnasia

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko mendizaleek asteburuko irteera antolatu dute Nafarroara, urrian

Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da. Beti bezala, aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

|

Pic d 'Anie edo Auñamendi // Wikipedia

Urriaren 4an eta 5ean Izaba aldera abiatuko dira Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak, Auñamendei/Anie tontorrera. Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da.

Izatez, Auñamendi eta Anie mendi berari ematen zaion izena da: Anie tontorra (frantsesez, Pic d ‘Anie), 2.507 metroko altuera duen Pirinioetako tontorra, Larrako eta Belaguako erreserba naturalen arteko mugan. Anie frantsesezko izena da, baita izen ofiziala ere. Auñamendi, ostera, mendiaren euskarazko izena da.

Irteera urriaren 4an egingo dute 07:30ean, Zeberioko plazatik. Anie/Auñamendi 2.500 metroko altuera gainditzen duen Pirinioetako lehen tontorra da, Kantauri itsasotik datorrena. Piramide-forma du eta Larrako karst ikusgarriak inguratzen du. Kareharrizko paisaia da, leize eta arrakala ugarirekin. Tontorretik dauden ikuspegiak ikusgarriak dira. Mendizaleek larunbatean egingo dute igoera hau.

Larunbateko aukeran dago ere Utziagañara igotzea (Zuberoa, 1.618 mt). El Ferial – Ütziagaña – Erraitzeko txabolak- Erraitzeko lepoa izango da oraingo honetan aukeran izango duten ibilbidea. “El Ferial iraupeneko eski estazioaren aparkalekutik bidexka bat irtetzen da. Hori bera jarraituz Ütziagaña mendi magalera iritsiko gara”, azaldu dute Austarritik. “Bide honetan zehar, kare harria oinarri duen formazio geologiko bitxi bezain interesgarriaz gozatzeko aukera izango dugu”.

Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke

Bertan Europa osoko pinu beltzez estalitako lur karstiko zabaleneetakoa aurki daiteke. Pinu beltz hauek harri biluzian ere bizitzeko gaitasuna edukitzeaz gain oso zuhaitz gogor eta zaharrak dira, batzuk 350 urte bizitzera hel daitezke. “Paisaia berezi honen azpian leize zein zima mugagabeak daude. Hori dela eta, ibilbide honen barnean dagoen bizitza ikaragarria da”.

Ardibidegainatik topa daitezkeen ikuspegiak // Inigocia, Wikiloc

Igandean, Ardibidegainara

Etxera itzuli baino lehen, igandean, ibilbide zirkularra egingo dute mendizaleek Izabatik bertatik irteten den bide batetik.

Lehenik Ardibidegaina gailurra zeharkatuko dute mendizaleek, bog labirinto batetik. Ondoan begiratoki bat dago, Nafarroako Pirinioetarako bista ederrekin. Ondoren, GRtik jarraituko dute ibilbidea, Armotoara igotzeko metro batzuk desbideratu arte.

Itzuleran GRaren arrastoei jarraituko diete eta Tejerias labea eta Ibón haitzuloa ikusteko aukera izango dute. Mendizaleak urriaren 5ean itzuliko dira Zeberiora, 20:00ak inguruan.

Izena emateko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Mendi Taldearen lokalean. Telematikoki egiteko aukera ere badago austarrimenditaldea@gmail.com helbidera e-posta idatziz edo 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek

Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

|

Peñako mendiak // https://desdelasierradelademanda.blogspot.com

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.

“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.

Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek  665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.

Osorik irakurri