Sareak

☉ Arrigorriaga

Euskaraldia: euskaldunon sarea zabaltzeko aukera

Euskaraldiak bere hizkuntz ohituretan aldaketa handirik ekarriko ez duela onatu dio GEURIAri Iker Albizua Uriondok, eguneroko bizitza euskaraz egiten duelako, baina lotsak gainditzeko eta hiztun berriak erakartzeko aukera dela uste du

|

Hamaikakoaren aurkezpena // Geuria

S hizkia egokitu zitzaion Iker Albizua Uriondo arrigorriagarrari Euskaraldiaren talde argazkian, eta hamaikakoaren izenean erantzun die GEURIAren galderei. “Hamaikakoan parte hartzeko gonbidapena luzatu zidatenean ez nuen zalantzarik izan, eta baiezko borobil batekin erantzun nien”.

Martxoaren erdialdean egindako aurkezpen egunean, neurri batean euriak eta eguraldi kaskarrak baldintzatu zuena, sorpresa atsegina hartu zuen Albizuak, berarekin batera hamaikako horretan daudenetako batzuk ez zituelako ezagutzen: “sorpresa atsegina izan zela diot balio izan zidalako konturatzeko herrian gero eta euskaldun gehiago dagoela, eta halako ekimenetan askotariko jendeak parte hartzen duela”.

Euskaraldiari zerbait aitortzen badio hori da, jende berria erakartzeko ekimen baliagarria izan daitekeela: “Euskaraldia ezin da izan dagoeneko euskaraz bizi garen edo bizitzen saiatzen garenontzako akuilu bakarrik, baizik eta euskararen mundura hurbildu nahi dutenen aterpe ere”. Zentzu horretan, nabarmendu du “euskaldunak egon badaudela”, baina euskaraz aritzeko guneak eta aukera “falta” direla bai Arrigorriagan eta bai inguruko herrietan ere.

“Euskaldunak egon badaude, baina euskaraz aritzeko guneak eta aukera falta dira bai Arrigorriagan eta bai inguruko herrietan ere”

Adibide moduan, berak ondo baino hobeto ezagutzen duen sektorea hartu du hizpide, tokiko merkataritzarena. Albizuak Amalur liburudenda gidatzen beste lankide batzuekin batera, eta bere esperientzia baliagarria izan daitekeela uste dut: “onartu behar da tokiko merkataritzan euskaraz aritzea ez dela erraza, eta tabernetan are gutxiago. “Hala ere”, gaineratu du, “gure kasuan lehen hitza euskaraz egiten saiatzen gara, eta harremana gaztelaniaz hasita ere, seme-alabekin euskarara jotzen duela ikusten badugu aukera baliatu eta elkarrizketa euskaraz egiten jarraitzen saiatzen gara”.

Zentzu horretan, jendearen jarrera “bikaina” izaten dela nabarmendu du: “asko eskertzen dute euskaraz hitz egin ahal izatea, eta hizkuntza guztiz menperatzen ez duenak ere badaki gurekin lasai eta gustora aritu daitekeela, ez dugula epaituko eta ahalegina eskertuko diogula. Zenbakitan jarrita, hamar bezerotik euskaraz zenbat artatzen dituzten galdetuta, ez luke erantzuten jakingo, baina “jende pila” dela zehaztu du, “gero eta gehiago”.

Ahobizi, 365 egunez

Aurreko Euskaraldietan ere parte hartu du Albizuak, eta aurtengoari begira atentzioa eman dion zerbait aipatu du: “data aldaketa onuragarria izango da. Azken finean, eguraldia hobea izaten da udaberri partean, jende gehiago ibiltzen da kaletik, beste alaitasun batekin gainera, eta horrek aukera gehiago emango dizkigu”. Txapak ikustarazteko neguko jakak eta jertseak ez direla aproposak, nonbait.

Bere rolari dagokionez, ahobizi izango da aurten ere: “nire eguneroko bizitzan ez du aldaketa handirik suposatuko, euskaraz bizi naizelako edo saiatzen naizelako behintzat, baina hiztun berriekin aritzeko aukera bikaina izango da”.

“Kontua ez da hainbeste hamabost egun horietan zer egiten duzun, baizik eta ondoren Euskaraldian zehar hartutako hizkuntz ohiturak mantentzeko gai garen edo ez. Hor jarri behar dugu indarra”

Hori horrela, erronka ondoren datorrela uste du Amalur dendako merkatariak: “Kontua ez da hainbeste hamabost egun horietan zer egiten duzun, baizik eta ondoren Euskaraldian zehar hartutako hizkuntz ohiturak mantentzeko gai garen edo ez. Hor jarri behar dugu indarra”. Bere ustez, Euskaraldia urte osora zabaldu ahal izatea izan beharko litzateke azken helburua, “naturaltasunez” eta ez beharrizan bat bezala.

Zentzu horretan, aurreko Euskaraldietan bai nabaritu izan duela badaudela herritarrak “kristalezko sabai antzeko bat hautsi dutenak”eta eremu erdaldunetan euskaraz egiten hasi direnak: “hori gertatzen denean ederra izaten da” borobildu du Albizuak, itxaropentsu, baina zorrotz: “ezin dugu atzerapauso gehiagorik eman, ezagutza datuak onak dira, erabileran eman behar dugu jauzia”.

Herritarrak, Bateraren aurkezpenean // Geuria

Euskaraldiarekin Batera

Albizuak aipatutakoaren ildotik, Arrigorriagako datuek, beste hainbat herritan bezala, arrigorriagarrak esandako berretsi egin dute: Azken azterketa soziolinguistikoen arabera, Arrigorriagako herritarren %45 elebakarrak dira, baina 20 urte baino gutxiagoko herritarren artean, ia guztiak dira euskaldun oso (%89) edo euskaldun hartzaile (%9). Hala ere, erabilerari dagokionez, haurren kasuan %7 eta %8 artean kokatzen da, eta gazteen kasuan %2an.

Errealitate honetatik abiatuta, orain dela urtebete baino gehiago Arrigorriagako Euskarri elkarteak, Udalak eta Taupak bultzatutako Batera Arrigorriagan proiektua martxan jarri zuten. Batera Arrigorriagan proiektuak hainbat pertsona bildu ditu azken hilabeteotan — adin, ideologia, lanbide eta euskararekiko hurbiltasun maila desberdinetakoak —, helburu komun batekin: euskararen erabileran urrats esanguratsu bat emango bagenu gure herria nolakoa izango litzatekeen irudikatzea eta aurrerapen hori zein baldintzek posible egingo luketen zehaztea. Herritarrek azken hilabeteetan landutako proiektuaren ondoren aurkezpen publikoa egin zuten, Kike Amonarriz aurkezleak gidatutako saio jendetsuan: Azokea aretoan 50 lagun inguru bildu ziren.

GEURIA bertan izan zen eta proiektuaren bultzatzaileen berbak jaso zituen: “Prozesu honetan planteatu dugun helburua honako hau izan da: Arrigorriagan Euskararen erabileran jauzia ematea, gure hizkuntzaz naturaltasunez bizitzeko”, azaldu du Leire Sagastizabal (Arrigorriaga, 1967) Batera proiektuko parte-hartzaileak, eta Euskaraldiaren hamaikakoko kideak. “Horretarako, danok partekatuko dugun ikuspegi bat irudikatzen saiatu gara, baldintza eta lehentasun batzuk zehazten. Horrek, eman beharreko pausuak zeintzuk izango diren definitzen lagunduko digu”.

Bateraren aurkezpena, Edurne Garitazelaia kultur etxean // Geuria

Batera proiektuaren arabera, euskara guztiok biltzen gaituen erronka da. “Zentzu horretan, begirada zabaldu dugu eta prozesu honetan ahots ezberdin asko entzuteko aukera izan dugu: bai euskaratik hurbil daudenak, bai urrunago daudenak, bizipen, sentipen eta iritzi trukaketen bidez. Benetan aberasgarria da”, aitortu du Leirek.

Baterak Arrigorriagako euskararen egoeraren inguruko analisia egin du eta datuen arabera, ezagutzari dagokionez, herritarren heren bat euskalduna da: “Beste herena euskaldun hartzailea da: hau da, ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna dauka bigarren talde honek”. Biztanleen hirugarren herenak ez du ulertzeko ezta komunikatzeko gaitasunik.

“Prozesu honek, besteak beste, lehentasunak ezartzeko eta etorkizunean eman beharreko pausuak definitzeko balio izan digu”, gehitu du Leirek. “Aldi berean, gaur egun hizkuntzaren inguruan ditugun beldur, lotsak eta ezinegonak gainditu behar ditugula erakutsi digu elkarrizketa prozesu honek: askotan euskara inperfektu bat egiten dugula uste dugu eta uste hori alde batera utzi behar da. Elkarrizketa elebidunak normalizatu behar ditugu, euskararekiko errespetuz betiere”.

Haurrak, hamaikakoaren aurkezpenean // Geuria

Elkar mugituz egingo dugu!

Euskaraldira bueltatuz, laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era ospatuko da, lehen aldiz udaberrian, “Elkar mugituz egingo dugu” lelopean. Antolatzaileek ekimenaren ikuspegi berria aurkeztu dute, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta euskararen erabilera soziala sustatzeko asmoz.​

Berrikuntza nagusien artean honako hauek daude: Udaberriko ospakizuna: Aurreko edizioak udazkenean izan ziren; oraingoan, udaberrian egingo da, kaleetan jende gehiago ibiltzen delako eta bizitasun sozial handiagoa izaten delako garai honetan. Horrek ariketaren ikusgarritasuna eta parte-hartzea handitzea espero da. ​”Hika” erabileraren sustapena: Parte-hartzaileek izena ematean adierazi ahal izango dute “hika” (euskarazko tratamendu informala) erabili nahi duten ala ez. Ez da beharrezkoa aurretik “hika” ezagutzea; ikasi edo entzuteko prest egotea nahikoa da. ​

Euskara aktibatzaileen gida-liburua: Herritarren aktibazioa sustatzeko tresna berria sortu dute, ekintzak antolatzeko laguntza emango duena. ​

“Hamaikakoa” talde berria: Euskararen erabilera sustatzeko erreferente izango den “hamaikakoa” aurkeztu dute, hainbat esparrutako euskaldunek osatua. ​

Parte-hartzea eta izen-ematea: Parte hartu nahi dutenek “ahobizi” (euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dutenak) edo “belarriprest” (euskaraz entzun eta ulertzeko prest daudenak) roletan izena eman dezakete. Izen-ematea martxan dago, eta www.euskaraldia.eus webgunean egin daiteke.​

Helburuak eta ikuspegia: Euskaraldiaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza-ohiturak aldatzea. Antolatzaileek azpimarratu dute ekimenak ez duela kanpaina hutsa izan nahi, baizik eta ariketa sozial eraginkorra, herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen duena. ​Euskaraldiaren laugarren edizio honek berrikuntza eta ikuspegi berriarekin dator beraz, euskararen erabilera soziala indartzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko bidean aurrera egiteko.

☉ Arrigorriaga

Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan, hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzeko

Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean

|

Saltokiak, Arrigorriagan // Geuria

Hurrengo hilabeteetan Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan Udalak eta Adeckak, Ikertalderen laguntzarekin.

Prozesu parte-hartzailea izango da eta urritik 2030. urterako iraupena izango du. “Helburua da hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzea, tokiko garapena dinamizatzea eta merkataritza, ostalaritza zein zerbitzuen ehuna sendotzea”, zehaztu dute udal ordezkariek. Plana udalerriko politika lokalak eguneratzeko estrategia orokorrean kokatzen dela gehitu dute Udletik: “Modu transbertsalean barne hartzen ditu mugikortasuna, kultura, kirola eta hiri-ekonomia bezalako arloak”.

Plan honek gobernu planean jasotako konpromiso bi hartzen ditu barne: 21 neurria (udalerriko saltoki hutsen zerrenda egitea eta horien balizko merkataritza-kudeaketa aztertzeari buruzkoa) eta 23.a (merkataritza-negozioen erreleboa sustatzeko programa diseinatzea eta abian jartzeari buruzkoa).

Hilabete honetan bertan abiaraziko dute plana, tokiko merkataritza-proiektuetan esperientzia duen Ikertalde aholkularitza-enpresaren laguntzarekin: “Emaitza izango da 2030era arteko ibilbide-orri bat, sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko diseinatua”.

Izan ere, Ikertalden Estatistika zerbitzu publikoekin elkarlanean aritzen dira, analisi konplexu kuantitatibo eta kualitatiboen garapenerako informazioa sortu eta ustiatzeko; pertsonak zein enpresak hartuta helburu eta plan estrategikoak burutzen eskarmentua dute: “Erreferentziazko enpresa gara azterlanak zein plan estrategiko instituzionalak gauzatzen, lurralde-eskala desberdinetan: udalerrietan, eskualdeetan, lurralde historikoetan…).”

Herritarrei galdetuz

Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean. Udaletik azaldu dute telefono bidezko inkestak eta lansaioak izango direla: “Gainera, partaidetzarako kanalak gaituko dira tokiko eragileen eta Arrigorriagako bizilagunen ekarpenak jasotzeko”, gehitu dute.

Udaletik deia zabaldu diete herritarrei prozesu parte-hartzaile honetan parte hartzera. “Arrigorriagako merkataritzak etorkizuna izan dezan nahi dugu, garai berrietara egokituz baina gertutasuna galdu gabe, eta gure auzoen bizitzaren motor izaten jarrai dezan. Diagnostiko hau urrats beharrezkoa da estrategia partekatu baten bidez aurrera egiteko”, izan dira Gaizka Ibarretxe Ekonomia, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren berbak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

7.000 Arrigobono jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera Arrigorriagan

Astelehenean jarriko dituzte salgai bonoak, eta azaroaren 16a arte luzatuko da kanpaina, 40 saltokitan. 40.000 euro bideratu ditu Udalak

|

Arko dendaren aurrean egin dute argazkia // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak eta ADECKA merkatari elkarteak martxan jarri dute beste urtebetez Arrigobono kanpaina. Urriaren 6tik aurrera izango dira eskuragarri izena eman duten 40 saltokitan, eta azaroaren 16ra arte iraungo du ekimenak —bonuak lehenago agortzen ez badira behintzat—. Guztira 7.000 bonu banatuko dira, udalaren aldetik 40.000 euroko laguntzarekin.

Bi formatu egongo dira aukeran: 30 euroko bonua (bezeroak 20 euro ordaindu eta 10 euroko hobaria jasoko du) eta 10 eurokoa (7,50 euroko gastuarekin eta 2,50 euroko hobaria). Pertsona bakoitzak gehienez 30 euroko bi eta 10 euroko lau bonu erosi ahalko ditu.

Maite Ibarra alkateak azpimarratu du kanpainaren helburua “tokiko merkataritza indartzea eta merkatarien lana balioan jartzea” dela. ADECKAko ordezkarien hitzetan, berriz, ekimenak «arnasa ematen dio hurbileko merkataritzari eta inbertsio kolektiboa bihurtzen da, gure kaleetako bizitza eta enplegua indartuz”.

Informazio gehigarri guztia arrigobono.eus web orrian aurkituko daiteke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren laguntza eskatu dute Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana egiteko

Prozesuaren lehen fasean herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du Udalak, arrigorriagarren kezkak identifikatzeko

|

Alkohola, jaietan // Geuria

Arrigorriagako Adikzioen prebentziorako tokiko planaren helburua bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, substantzien kontsumoari eta bestelako jokabide adiktiboei lotutako arriskuak murriztea, eta laguntza eta baliabideak eskaintzea da behar dituzten pertsona eta familiei.

Udalak tokiko plana martxan ipini du eta prozesu parte-hartzailea prestatu du herritarren kezkak ezagutzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute eta horren bidez osasuna sustatuko duen eta arriskuak murriztuko dituen neurriak zehaztuko dira.

“Ekimen komunitarioa da”, azaldu dute udal ordezkariek, “eta gizarte-eragileak zein herritarrak inplikatu nahi ditu ingurune osasungarri eta seguruago bat eraikitzeko”.

Horiek horrela, lehen fase honetan arrigorriagarren kezkak jaso nahi dituzte esteka honetan topa daitekeen galdetegia erantzunez eta inkestatik aterako diren emaitzek “ekintza espezifikoak zehazteko” balioko dutela azaldu dute Udaletik, “arrigorriagarren
kezka nagusiei erantzuna emateko”.

Galdetegian “Azken lau urte hauetan teknologia berrien adikzioak zein joera izan du Arrigorriagan?” edo “zer egin beharko litzateke Arrigorriagan adikzioen prebentzioa sustatzeko?” bezalako galderak agertzen dira. Minutu gutxitan burutu daitekeen inkestatxoa da.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Dozenaka autoren arteko legez kanpoko lasterketa eragotzi dute Mendikosolon

Polizia Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteizetik etorritako 100 auto baino gehiago topatu zituzten parkeko inguruetan

|

Mendikosolo parkeko aparkalekua / GMaps

Arrigorriagako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Mendikosolotik Abusura doan errepidean ospatu behar zen legez kanpoko lasterketa bat eragotzi zuten igande goizaldean.

Joan den igande goizaldean, 00:45ak aldera, Mendikosolo inguruko auzotarrek “ohi baino trafiko handiagoa” sumatu zuten auzoko inguruetan, eta abisua eman zioten Arrigorriagako udaltzaingoari.

Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteiztik bertaratutako dozenaka auto batu ziren parkeko inguruetan. “Era honetako ekintzak egiten diren lehen aldia ez dela” azaldu dute zenbait auzotarrek sare sozialetan.

Ertzaintzak lasterketa ilegal hartan parte hartuko zuten gidariak identifikatu ditu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek

|

Emakumeak // Melissa Askew, Unsplash

Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan.

Programak, Jabekuntza Eskolaren esparruan, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburua du, emakumeen egoera-aniztasunari erreparatuta.

“Ikasturtean zehar, hainbat emakume eta horien ahalduntze-estrategiak ezagutaraziko dituzte, autoestimua eta segurtasun pertsonala landuko dituzte eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean jarrera arduratsuak eta aktiboak bultzatuko dituzte ikuspegi feminista batetik”, azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek.

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek.

Izen emateak

Herriguneko saioei dagokienez, aurkezpena urriaren 7an egingo dute udaletxeko prentsa aretoan, 17:00etan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira eta talde bi antolatu dituzte: 16:00etatik 17:30era bitartekoa eta 17:30etik 19:00ak artekoa. Lehen saioa urriaren 14an izango da.

Abusuri dagokionez, programa Abusuko Zentro Soziokulturalean prestatu dituzte eta aurkezpen eguna urriaren 8an izango da, 17:00etan. Talde bakarra egongo da bertan, 16:00etatik 19:00ak arte. Lehen saioa urriaren 15ean izango da.

Izen emateak herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZn) egin daitezke. Informazioa 944 020 200 telefono zenbakian edo berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatziz lor daiteke.

Osorik irakurri