Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Berdegunea izango da Arrigorriagako haurreskolako haur-parke berrituaren indargunea

Guztira 103.455 euro bideratu dituzte “herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko”, udal ordezkariek adierazi moduan

|

Langileak, haurreskolako parkea berritzeko lanetan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak hasi ditu haurreskolako haur-parkea berritzeko lanak. Guztira 103.455 euro bideratu ditu “herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko”, udal ordezkariek adierazi moduan. Obrek hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.

“Proiektuaren helburua da 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako parkea eraikitzea, Haurreskolako jolastoki gisa erabiltzen baita. Hala ere, sarbide publikoko parkea denez eta Udalak familiek erabiltzea sustatu nahi duenez, 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzako elementuak jartzea aurreikusten dute ere”, azaldu dute Udaletik.

Berritze lan hauetan lehentasuna eman diote umeen mugikortasuna eta psikomotrizitatea sustatzen duten jolasei eta bertan sortuko duten berdeguneari, jolas eremua handituko dute eta.”Gainera, berdegunea itzalgune batez hornituko dute haurrak eguzkitik babesteko”.

Egun hauetan haurreskolakoa ez da obretan dagoen jolas parke bakarra; duela egun batzuk Ollarganeko jolas parkean ere obrak hasi zituzten eta lan horien helburua antzekoa da: jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea.

☉ Arrigorriaga

Bidaiari bik asteburuan Ollarganeko geltokian grafitero batzuen eskutik jasandako erasoa salatu du Renfek

Tren enpresak gertakariari buruz dagoen informazio guztia agintari eskudunei helaraziko dietela iragarri du. Gainera, Ollarganeko geltokiko segurtasun-neurriak indartzen ari dela jakinarazi du

|

Aldiriakeko tren bat, Ollarganeko geltokian // Geuria

Joan den otsailaren 7ko gauan Renfeko C3 lineako trenean zihoazen bidaiari bik grafitero talde baten erasoa jasan zuten, margotzaileek bagoi bat pintatzen ari ziren bitartean.

Renfeko adierazpenen arabera, Grafiteroak Ollarganeko geltokiko trenbidean zeuden, Aldiriakeko tren bat margotzen. “Segurtasun enpresako langile bat bertara hurbildu zen eta gutxienez 10 lagun ikusi zituen trenbideetan”, azaldu dute Renfeko komunikazio taldetik.

Tren enpresaren arabera, bidaiariek arreta deitu zieten grafiteroei eta erantzun modura erasotu zituzten: “Berehala, Renfek osasun-laguntza eskatu zuen erasotako bidaiarientzat”, azaldu dute. “Ertzaintza Abandoko geltokian egotea ere eskatu zuten. Azkenik, bidaiariak Basurtuko Ospitalera eraman zituzten”.

Asteburuan zehar ez dute inor atxilotu. Hala ere, tren konpainiak gertakariari buruz dagoen informazio guztia agintari eskudunei helaraziko dietela iragarri du: “Baita gertakariak ikus daitezkeen bideozaintza-sistemaren grabazioak ere”.

Atzo, otsailak 10, salaketa jarri zuen Renfek Ertzaintzan grafitiek eragindako kalte materialen haritik.

Renfek berriro gaitzetsi ditu bi bidaiariek jasandako erasoak, eta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko lanean jarraituko duel jakinarazi du.

Ildo horretan, tren enpresak Ollargango geltokiko segurtasun-neurriak indartzen ari dela jakinarazi du, RS3 proiektuaren esparruan segurtasun-kamerak ipiniz, “estaldura eta funtzionaltasun handiagokoak”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Batera proiektuak arrigorriagarrek euskararen inguruko beldurrak eta lotsak gainditu behar direla ondorioztatu du

Batera proiektuaren helburua Arrigorriagan Euskararen erabileran jauzia ematea da, gure hizkuntzaz “naturaltasunez bizitzeko”

|

Kike Amonarriz, Batera proiektuaren aurkezpenean // Geuria

Arrigorriagako Euskarri elkarteak, Udalak eta Taupak bultzatutako Batera Arrigorriagan proiektuaren aurkezpena eta mahai-ingurua egin dute gaur Edurne Garitazelaia kultur etxean.

Batera Arrigorriagan proiektuak hainbat pertsona bildu ditu azken hilabeteotan — adin, ideologia, lanbide eta euskararekiko hurbiltasun maila desberdinetakoak —, helburu komun batekin: euskararen erabileran urrats esanguratsu bat emango bagenu gure herria nolakoa izango litzatekeen irudikatzea eta aurrerapen hori zein baldintzek posible egingo luketen zehaztea.

Herritarrek azken hilabeteetan landutako proiektuaren ondorioak aztertu dituzte, Kike Amonarriz aurkezleak gidatutako saio jendetsuan: Azokea aretoan 50 lagun inguru bildu dira.

GEURIA bertan izan da eta proiektuaren bultzatzaileen berbak jaso ditu: “Prozesu honetan planteatu dugun helburua honako hau izan da: Arrigorriagan Euskararen erabileran jauzia ematea, gure hizkuntzaz naturaltasunez bizitzeko”, azaldu du Leire Sagastizabal (Arrigorriaga, 1967) Batera proiektuko parte-hartzaileak. “Horretarako, danok partekatuko dugun ikuspegi bat irudikatzen saiatu gara, baldintza eta lehentasun batzuk zehazten. Horrek, eman beharreko pausuak zeintzuk izango diren definitzen lagunduko digu”.

Arrigorriagako euskaraz

Batera proiektuaren arabera, euskara guztiok biltzen gaituen erronka da. “Zentzu horretan, begirada zabaldu dugu eta prozesu honetan ahots ezberdin asko entzuteko aukera izan dugu: bai euskaratik hurbil daudenak, bai urrunago daudenak, bizipen, sentipen eta iritzi trukaketen bidez. Benetan aberasgarria da”, aitortu du Leirek.

Batera proiektua: “Arrigorriagako biztanleen bi herenek euskara ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna dute. Beste herenak ez”

Baterak Arrigorriagako euskararen egoeraren inguruko analisia egin du eta datuen arabera, ezagutzari dagokionez, herritarren heren bat euskalduna da: “Beste herena euskaldun hartzailea da: hau da, ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna dauka bigarren talde honek”. Biztanleen hirugarren herenak ez du ulertzeko ezta komunikatzeko gaitasunik.

“Prozesu honek, besteak beste,  lehentasunak ezartzeko eta etorkizunean eman beharreko pausuak definitzeko balio izan digu”, gehitu du Leirek. “Aldi berean, gaur egun hizkuntzaren inguruan ditugun beldur, lotsak eta ezinegonak gainditu behar ditugula erakutsi digu elkarrizketa prozesu honek: askotan euskara inperfektu bat egiten dugula uste dugu eta uste hori alde batera utzi behar da. Elkarrizketa elebidunak normalizatu behar ditugu, euskararekiko errespetuz betiere”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Apirilean amaituko dituzte Arrigorriagako Ollargan auzoko haur parkea berritzeko lanak

Helburua jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea da eta garrantzi berezia emango diete jarduera fisikoari, orekari eta mugikortasunari

|

Obrak, Ollarganeko parkean // Geuria

Arrigorriagako Udalak 97.898 euro bideratu ditu Ollarganeko haur parkea berritzeko eta hilabete bitan amaitzea aurreikusi dute udal ordezkariek. Duela egun batzuk lanei ekin zieten langileek.

Helburua jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea da, zoladura barne eta baita elementuen arteko trantsizioak ere: “Hainbat jolas motaren eta adinaren araberako guneak sortuko dituzte, eta garrantzi berezia emango diete jarduera fisikoari, orekari eta mugikortasunari.

Orain arte bertan burutu diren jarduketekin batera, haur-parke berria auzoko haurren aisialdirako erreferentziazko gune bilakatuko da, Ollarganeko jolasgunearen proiektuari osotasuna emanez”, azaldu dute ordezkariek.

Egun hauetan udalerriko beste jolas parkeetan lanak egiten ari dira. Horien artean haurreskolakoan berritze lanak egiten ari dira eta bertan ere lehentasuna emango diote haurren mugikortasun eta psikomotrizitateari.

“Arrigorriagako Udalak lanean jarraitzen du, herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko, beharrezkoa den kasuetan, haur-parkeak egokituz, hobetuz eta berrituz”, laburbildu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako zazpi saltokik hartu dute parte Elhuyarren ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ egitasmoan

Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da

|

Arrigorriaga eta Hego Uribe eskualdeko Udal ordezkariak STEAM hitzarmena sinatu zutenean, 2021ean // Geuria

Otsailaren 11ra arte ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimena abiarazi du Elhuyarrek Arrigorriagako Udalarekin batera eta bertan udalerriko zazpi saltokik hartu dute parte: Farmacia Ainara y Eunate Isasi CB, Eva bitxi artisau tailerra, Amalur Liburudenda, Di-da kopiak, Clinica dental Arrigorriaga, Taller-estudio Rakel Izquierdo eta Kreta loreak.

Ekimen honen helburua emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutaraztea da, hilaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna delako.

“Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik. “Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten”.

Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da

Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da, gainontzekoak hauek direlako: Abanto- Zierbena, Arrasate, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.

Emakume zientzialari bat // Cdc, Unsplash

“STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei”, gehitu dute Arrigorriagako udal ordezkariek. Bertan, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Lurra esnatu dute Arrigorriagako txikiek Santa Ageda bezperan

17:30ean, puntual-puntual, makilak hartu eta eztarriak berotu ostean Xabier Zabala musikariaren ‘Oles Oles’ abestia kantatu diote amalurrari, Arrigorriagako udaletxeko plazan

|

Arritxikerrako protagonistak, Argala plazan // Geuria

Santa Ageda bezpera da gaur eta Arrigorriagako Arritxikerrak dinamikako txikiek hasiera eman diete arrastiko kantuei.

17:30ean, puntual-puntual, makilak hartu eta eztarriak berotu ostean Xabier Zabala musikariaren ‘Oles Oles’ abestia kantatu diote amalurrari, Arrigorriagako udaletxeko plazan. Lurra esnatzeko doinu zoragarria ipini dute txikienek, horietako batzuk saiakeran lokartu badira ere.

Oles, oles
lurra esna zaitez!
Oles, oles
lurra esna zaitez!!!

Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
kantuan hasi dira
birigarroak eta zozoak.

Oles, oles…

Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
dantzari hasi dira
azeriak eta otsoak.

Oles, oles…

Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
berriro entzun dezan
taupadaka mundu osoak.

Oles, oles…

Osorik irakurri