Sareak

☉ Arrigorriaga

‘El poder del silencio’: Javi Chueca aktore arrigorriagarra protagonista duen filma berria

Film honetan, Chuecak kontaktu askodun pertsona bati bizia eman dio. Espainiako Estatuko politikan gertatzen diren azpijokoen informazio garrantzitsua du. Bere isiltasunaren prezioa berebizikoa izango da

|

El poder del Silencio filmeko filmaketa // Saul Perez Ruano

Duela urtebete, Javier Chueca Corrok (Arrigorriaga, 1972) pantaila handira salto egingo zuela iragarri zuen. ‘El poder del silencio’ izenburua dauka filmak eta apirilean zinema aretoetan ikusgai egongo da.

Aurre-estreinaldia Malagako Albeniz aretoan izango da datorren apirilaren 24an. Estatu mailako aretoetan apirilaren 30ean estreinatuko da Saul Perez Ruano zuzendariaren filma.

“Gogorra bezain aberasgarria izan da esperientzia”, aitortu zion iaz Arrigorriagako aktoreak GEURIA komunikabideari. Chueca protagonista izango da apirilean estreinatu den lan honetan: “Nire lehen lana izan da film bateko protagonista lez, eta testu asko ikasi behar izan dut, 80 orriko gidoia hain zuzen ere”.

Saul Perezek zuzendutako film honetan, Chuecak informazio asko izango du esku artean, politika eta enpresaren munduarekin lotutako azapijoko eta sekretu asko ezagutuko ditu, eta isiltzen duenak esaten duenak beste edo gehiago balioko du.

Chueca, GEURIA komunikabideko estudioetan // Geuria

Zinta toki bakarrean filmatu zuten, Santoñako Kultura Zentroan eraikitako fikziozko irrati set batean, eta horrek aktorearen lanak zaildu dituela aitortu du. 10 egun eman zituzten filmaketa lanetan, eta denbora horretan lantalde “zoragarri” batekin aritu da Chueca: “Aktoreekin feeling izugarria izan dut eta Saulekin ezinhobeto komunikatu naiz”.

The Godfather, abiapuntu

Francis Ford Coppolaren ‘The Godfather’ filmak liluratu zuen aspaldi Javi, eta hortik aurrera zinemaren munduan murgildu zen  “Ez dut ez zinemagintzarik, ez antzerkigintzarik ikasi, baina hamaika pelikula ikusi ditut”, aitortu zion GEURIAri aktoreak 2021ean.

Chueca eta bere lantaldea, iaz Balmaexpressen lehiaketan // Javi Chueca

Laburmetraietan lan egiten hasi zen orduan, eta 2017an aktore onenaren saria jaso zuen Elcheko 2º Erotic & Bizarre Art Film Jaialdian eta New Yorkeko American Filmatic Arts Awardsen,Pajero’ izeneko laburmetraian egindako lanagatik. Horiez gain Optura Factoría AudiovisualenLove Blood‘ (2008) eta ‘Love‘ (2019) lanetan hartu zuen parte ere, besteak beste.

‘The Godfather’ filmak zabaldu zizkion zinemaren mundurako ateak Javiri eta hortik aurrera zinemagintzako hasi-masietan murgiltzen hasi zen

Santanderren gidoigintza ikasketak egin zituen: “Zentroko zuzendariak gidoigintza ikastaro bat egiteko animatu zidan eta nik ez nion ezetz esaten jakin”. 2023an, jai batean zegoela, zuzendariarekin topo egin zuen Chuecak eta laburmetrai batean antzezpen-lanak egiteko eskatu zion Javiri. Arrigorriagarraren lana ikusita, ‘El poder del silencio‘ filmeko protagonista izateko gonbidapena luzatu ziola esan digu.

‘El poder del silencio’k Malagako zinema jaialdian hasi zuen ibilera, eta hortik pantaila handira salto egingo zuela iragarri zuen Chuecak iaz.

☉ Arrigorriaga

7.000 Arrigobono jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera Arrigorriagan

Astelehenean jarriko dituzte salgai bonoak, eta azaroaren 16a arte luzatuko da kanpaina, 40 saltokitan. 40.000 euro bideratu ditu Udalak

|

Arko dendaren aurrean egin dute argazkia // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak eta ADECKA merkatari elkarteak martxan jarri dute beste urtebetez Arrigobono kanpaina. Urriaren 6tik aurrera izango dira eskuragarri izena eman duten 40 saltokitan, eta azaroaren 16ra arte iraungo du ekimenak —bonuak lehenago agortzen ez badira behintzat—. Guztira 7.000 bonu banatuko dira, udalaren aldetik 40.000 euroko laguntzarekin.

Bi formatu egongo dira aukeran: 30 euroko bonua (bezeroak 20 euro ordaindu eta 10 euroko hobaria jasoko du) eta 10 eurokoa (7,50 euroko gastuarekin eta 2,50 euroko hobaria). Pertsona bakoitzak gehienez 30 euroko bi eta 10 euroko lau bonu erosi ahalko ditu.

Maite Ibarra alkateak azpimarratu du kanpainaren helburua “tokiko merkataritza indartzea eta merkatarien lana balioan jartzea” dela. ADECKAko ordezkarien hitzetan, berriz, ekimenak «arnasa ematen dio hurbileko merkataritzari eta inbertsio kolektiboa bihurtzen da, gure kaleetako bizitza eta enplegua indartuz”.

Informazio gehigarri guztia arrigobono.eus web orrian aurkituko daiteke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren laguntza eskatu dute Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana egiteko

Prozesuaren lehen fasean herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du Udalak, arrigorriagarren kezkak identifikatzeko

|

Alkohola, jaietan // Geuria

Arrigorriagako Adikzioen prebentziorako tokiko planaren helburua bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, substantzien kontsumoari eta bestelako jokabide adiktiboei lotutako arriskuak murriztea, eta laguntza eta baliabideak eskaintzea da behar dituzten pertsona eta familiei.

Udalak tokiko plana martxan ipini du eta prozesu parte-hartzailea prestatu du herritarren kezkak ezagutzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute eta horren bidez osasuna sustatuko duen eta arriskuak murriztuko dituen neurriak zehaztuko dira.

“Ekimen komunitarioa da”, azaldu dute udal ordezkariek, “eta gizarte-eragileak zein herritarrak inplikatu nahi ditu ingurune osasungarri eta seguruago bat eraikitzeko”.

Horiek horrela, lehen fase honetan arrigorriagarren kezkak jaso nahi dituzte esteka honetan topa daitekeen galdetegia erantzunez eta inkestatik aterako diren emaitzek “ekintza espezifikoak zehazteko” balioko dutela azaldu dute Udaletik, “arrigorriagarren
kezka nagusiei erantzuna emateko”.

Galdetegian “Azken lau urte hauetan teknologia berrien adikzioak zein joera izan du Arrigorriagan?” edo “zer egin beharko litzateke Arrigorriagan adikzioen prebentzioa sustatzeko?” bezalako galderak agertzen dira. Minutu gutxitan burutu daitekeen inkestatxoa da.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Dozenaka autoren arteko legez kanpoko lasterketa eragotzi dute Mendikosolon

Polizia Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteizetik etorritako 100 auto baino gehiago topatu zituzten parkeko inguruetan

|

Mendikosolo parkeko aparkalekua / GMaps

Arrigorriagako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Mendikosolotik Abusura doan errepidean ospatu behar zen legez kanpoko lasterketa bat eragotzi zuten igande goizaldean.

Joan den igande goizaldean, 00:45ak aldera, Mendikosolo inguruko auzotarrek “ohi baino trafiko handiagoa” sumatu zuten auzoko inguruetan, eta abisua eman zioten Arrigorriagako udaltzaingoari.

Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteiztik bertaratutako dozenaka auto batu ziren parkeko inguruetan. “Era honetako ekintzak egiten diren lehen aldia ez dela” azaldu dute zenbait auzotarrek sare sozialetan.

Ertzaintzak lasterketa ilegal hartan parte hartuko zuten gidariak identifikatu ditu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek

|

Emakumeak // Melissa Askew, Unsplash

Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan.

Programak, Jabekuntza Eskolaren esparruan, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburua du, emakumeen egoera-aniztasunari erreparatuta.

“Ikasturtean zehar, hainbat emakume eta horien ahalduntze-estrategiak ezagutaraziko dituzte, autoestimua eta segurtasun pertsonala landuko dituzte eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean jarrera arduratsuak eta aktiboak bultzatuko dituzte ikuspegi feminista batetik”, azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek.

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek.

Izen emateak

Herriguneko saioei dagokienez, aurkezpena urriaren 7an egingo dute udaletxeko prentsa aretoan, 17:00etan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira eta talde bi antolatu dituzte: 16:00etatik 17:30era bitartekoa eta 17:30etik 19:00ak artekoa. Lehen saioa urriaren 14an izango da.

Abusuri dagokionez, programa Abusuko Zentro Soziokulturalean prestatu dituzte eta aurkezpen eguna urriaren 8an izango da, 17:00etan. Talde bakarra egongo da bertan, 16:00etatik 19:00ak arte. Lehen saioa urriaren 15ean izango da.

Izen emateak herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZn) egin daitezke. Informazioa 944 020 200 telefono zenbakian edo berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatziz lor daiteke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gizon bat hil da auto istripu batean, Arrigorriagan, autoa errepidetik irten eta AP-68ra erori ostean

lau metroko erorikoa egin ostean AP-68 errepideko bazterbidean gelditu zen autoa, Bilborako sarreran

|

Suhiltzaileak, artxiboko irudia // Geuria

Atzo eguerdian, 15:45ak aldera, auto istripu bat gertatu zen Arrigorriagan. Abusu parean, BI-3723 errepidetik zihoan auto batek kontrola galdu, errepidetik irten eta lau metroko erorikoa egin ostean AP-68 errepideko bazterbidean gelditu zen autoa, Bilborako sarreran.

Segurtasun Sailak eman dituen datuen arabera, hildakoa 44 urteko gizon bat izan da. Auto barruan ez zegoen beste inor.

Osorik irakurri