Sareak

☉ Arrigorriaga

Erreportajea | Alfonbra gorria Javi Chuecari Lonbo Aretoan

Javi Chueca aktore arrigorriagarra “El Poder del Silencio” filmaren protagonistetako bat da. Aitzakia horrekin, bere sorterrira ekarri zuten aurrestrenaldia, eta Lonbo Aretoa lepo bete zen filma ikusteko eta ondoren egin zuten mahai-inguruaz gozatzeko

|

Javi Chueca, 'El poder del silencio' filmaren aurrestreinaldian, Lonbo aretoan // Bruno Itxaso Caldevilla

“El Poder del silencio” Saul Perez zuzendari espainiarraren aurreneko film luzea da. Pederastia, ustelkeria eta komunikabideen jarduna ardatz dituen thrillera da, eta azaroaren 7an estreinatuko dute estatu mailako 60 zinematan, ekoizpen independiente batek nekez gainditzen duen langa, dena esate aldera.

Filmak irratsaio bat du ardatz, hasi eta buka garatuko den elkarrizketa eskandalagarria baita “El poder del silencio”ren azala eta mamia: Nuria Santos aktorea urkia da, Maira Damas kazetariaren paperean, eta Javi Chueca arrigorriagarra, aldiz, ifrentzua, Santiago Rueda funtzionario ustelaren azalean.

Rueda biharamunean epaitu behar dute, eta epaiketaren atarian estatu mailako handi mandi talde bati eragiten dion (tartean elkarrizketa egingo dion irrati katearen buruari) pederastia eta ustelkeria sare bat azaleratzea erabakiko du, horretarako irratsaioa bera eta sare sozialetan zabalduko duen bideo sorta erabiliz. Bere jarreraren atzean damua, interesa edo beste ezer ezkutatzen den elkarrizketak aurrera egin ahala jakingo du ikusleak.

Kazetariak berak ere zalantza egingo du filmaren hainbat unetan, aurrera jarraitu ala ez, bai estudio barruan eta bai kanpoan giroa gaiztotuko duten gertakariak kateatuko baitira: mehatxuak, azpijokoak, hilketak… Filmaren hirugarren hanka Jonatan Fernandez Txakartegi aktore bizkaitarrak osatzen du: irratsaioko teknikaria da, eta minutuek aurrera egin ahala pisu handia hartuko du bere pertsonaiak.

Gidoia ardatz

Filma zuzentzeaz harago, gidoiaren ardura ere Saul Perezena da. Emanaldiaren atarian GEURIAri azaldu bezala, buruan zeukan proiektuak “leherketak, jazarpenak eta tiroketak” zituen ardatz, baina gidoia filmagarria izan zedin hainbat egokitzapen egin behar izan zituen, “azken finean, 40.000 euro genituen proiektua aurrera eraman ahal izateko”. Zinema aretoetara helduko den luzemetraiak gidoia, eta batez ere hiru aktoreen lana, bereziki Santosena eta Chuecarena, du ardatz.

Zentzu horretan, eta agian hori da proiektu honen indargune nagusia, filmak irauten duen ordu bat eta erdia ez zaio luze egingo ikusleari: irrati estudio horretan bizi den giro itogarria ondo baino hobeto islatzen dute bi aktore protagonistek, euren ahots sarkorrek lagunduta. Perezek berak filmaren osteko solasaldian aipatu zuen Chueca eta Santos aukeratzerako orduan kontutan hartu zituen aldagaietako bat hori izan zela: “Irratsaio bat izanda, argi neukan ahotsari berebiziko garrantzia eman behar geniola. Zentzu horretan, bete-betean asmatu genuela argi daukat. Lan ikusgarria egin dute, filmak momentu bakoitzean eskatzen zuen ñabardura emanez”.

Lehen aldia

Aktoreen lana goraipatzerako orduan, Perez ez zen ahotsera mugatu, eta suziri batekin alderatu zituen Chueca eta Santos,”eztanda egin dute,nik orbitan jarri ditut, eta ziur naiz hemendik aurrera oso goian egingo dutela hegan”.

Lantaldeko kideak, filmaren osteko solasaldian // Bruno Itxaso Caldevilla

Bai batarentzat zein bestearentzat euren ibilbideko lehen paper protagonista izan da “El poder del silencio”n jokatu dutena. Chuecaren arabera, “erronka handia” izan da Santiago Ruedaren azalean sartzea: “bat-batean 80 orrialdeko gidoi pisutsua jartzen dizute eskuen artean, eta orduan konturatzen zara zure ardura dela hori guztia buruz ikasi bakarrik ez, baizik eta zure egitea ere”.

Bere pertsonaiari buruz galdetuta, ohi duen zintzotasunez erantzun zuen Chuecak: “Rueda putaseme galanta da”, zehaztu zuen, baina “ez Teleberrietan eta ikusten ditugunen oso ezberdina”, eta “esaten duenagatik baino isiltzen duenagatik balio” duten horietakoa, nahiz eta isiltzen duen hori pederastia sare erraldoi bat izan.

Txanponaren beste aldean Maira dago, “egiaren eta kazetaritza zintzoaren alde lan egiten duen profesionala”, Nuria Santos aktorearen hitzetan. “Desinformazioaren garaian bizi gara, eta bera bezalako kazetariak behar-beharrezkoak dira kontrabotere moduan, edo behintzat gezurra guztiz gailendu ez dadin” borobildu du. Asmo horrekin aurre egingo dio Ruedari film osoan zehar, argi izan gabe funtzionari ustela biktima edo borreroa den, edo biak aldi berean.

Bi protagonisten arteko ahari talkak betetzen du pantaila ia luzemetrai osoan zehar, “oso bitxia izan dena”, zuzendariaren arabera: “Javi txantxazale hutsa da, alaia eta filmaketan giro ona sortzen duten horietakoa. Berak eta Ruedak ez dute ezertan antzik, eta ikusgarria zen grabaketa hasten zenean bere baitan ematen zen eraldaketa bertatik bertara bizitzea”.

Eraldaketa horrek eman zuen zeresana Lonbo Aretoan batu ziren ikusleen artean ere. Irteeran batek baino gehiagok onartu zuen filmean murgiltzea kostatu egin zitzaiola hasierako minutuetan, ohikoa duen umoretik eta komediatik guztiz aldendu baita Chueca azken lan honetan.

“Bizipen zeharo ezberdina izan da, arrisku puntu batekin, zure erosotasun eremutik atera behar zarelako, baina baita oso aberasgarria ere” adierazi zuen aktore arrigorriagarrak aurrestreinaldiaren osteko solasaldian. “Egia esan, pertsonaia prestatzea oso erraza izan da, telebista piztu, irratia entzun eta egunkaria irakurri besterik ez dago. Ustelkeria, mota guztietako gehiegikeriak, boteretsuen zigorgabetasuna… gaurkotasun handiko gaiak dira, gure egunoroko ogia, protagonista Rueda edo Abalos dela ere”.

Boterearen eta boteretsuen alde ilun eta ankerrena ondo baino hobeto ezagutzen duten horietakoa da Santiago Rueda, eta urteetan zehar pilatu duen informazio eta zabor guztia bere alde baliatzen saiatuko da, helburu bakar batekin: onik ateratzea. “Damututa dagoen edo ez… batek daki. Batzuetan badirudi baietz, eta bestetan kontrakoa ematen du. Kontraesan eta ñabardura horiek aberastasuna ematen diote Ruedari, eta aktore batentzat opari bat da hainbeste geruza dituen norbaiten azalean sartzea” nabarmendu zuen Chuecak.

Azkar eta ondo

Aho bizarrik gabe aritu ziren “El poder del Silencio”ko lan taldeko kideak solasaldian, eta halako proiektu bat aurrera eramateak sorrarazi dizkien arazoak, kezkak eta buruhausteak azaldu zituzten, umoretik baina aho bizarrik gabe. Saul Perez gidoilari eta zuzendariak hartu zuen hitza lehenik eta behin: “Proiektu honek pandemian zehar hasi zuen bere bidea. Egia esan, oso aspertuta nengoen, eta lanari ekin nion. Aurretik banuen gidoia pentsatuta eta erdi idaztear, eta 20.000 euro aurreztuta. Diru horrekin film bat ekoiztea ia ezinezkoa da, bataz beste bi miliotik gorako aurrekontua izaten baitu zinema aretoetara heltzen den proiektu batek. Horrela ikusita, zorakeria zirudien, ameskeria hutsa, baina aurrera jotzea erabaki genuen”. Filmak ez du diru laguntzarik jaso, eta horrek zailtasun ekonomikoak areagotu dituen arren, “askatasun erabatekoa eman digu, gauzak nahi ditugun eran egin eta antolatzeko”.

Film honen atzean dagoen barne bulkada ere argi eta garbi azaldu zuen Perezek: “isiltasun handia dago pederastiaren inguruan, ez dakit oso ondo zergatik. Hau da, ulertzen dut egiten dutenek ezkutatzea, baina tira, gizarte moduan gure ardura da haien kontra egitea, aurre egitea, isiltasun hori pitzatzea”.

Alfonbra azpian ezkutatzen den “kaka” guzti hori haizatzeko asmo horrekin lanean hasi ziren 2023ko udan. Aurrekontu eskasiak berarekin dakarren denbora eta lokalizazio faltari “irudimenez” eta “aktoreen prestaketa lan handiarekin” aurre egin zioten. Are gehiago, “behin bakarrik irakurri genuen gidoia denon artean, ikusi genuelako buruz zekitela, hasi eta buka, hitzez hitz. Lehen egunetik filmatzeko prest zeuden”.

Filmaketaren oroitzapen bikaina gordetzen dute hiru aktoreek, baina hainbat unetan zalantza handiak izan zituztela ere onartu zuen Nuria Santosek: “Egia esan, kosta egiten zitzaidan ulertzea zergatik Mairak ez duen hasieratik pikutara bidaltzen Santiago Rueda. Zentzu horretan, asko eskertu nuen Saulek nirekin egindako lana, nire pertsonaia hobeto ezagutzeko behar nituen heldulekuak eman zizkidalako”. Ia bi urte hauen errepasoa borobiltzerako orduan, eta Jonatan Fernandezek “negar ez egiteko” promesa egin arren, hunkituta agertu ziren aktoreak, “esperientzia ahaztezina” izan delako eurentzat, “arrastoa uzten duen horietakoa”.

Soinu banda Arrigorriagatik

Arrigorriagak protagonismo handia izan zuen “El poder del silencio” filmaren aurrestreinaldian, ez bakarrik Javi Chuecaren parte hartzeagatik edo Lonbo Aretoa lepo bete zelako. Soinu bandaren zati bat ere, bukaerako abestia, hain zuzen ere, Boogie Riders taldearen “Who´s goona save your soul”kanta ederra da. Bluesrockean kokatzen dute euren burua arrigorriagatarrek, eta abesti honek ere kutsu hori bera dauka. Taldeko kideak eszenatokira igo ziren argiak piztearekin batera, lan taldearen eskutik, eta zuzendariak egindako “lan bikaina” eskertu zien. Herritarren txalo zaparrada jaso zuten trukean.

Alfonbra gorria jarri zion Arrigorriagak “El poder del silencio” filmari. Berau iragartzeko trailer eta iragarkietan zera aipatu izan dute etengabe: “Hau da zuk ikustea nahi ez duten filma”. Javi Chuecaren sorterrian, baina, asko dira filma ikusteko eta gozatzeko irrikitan daudenak, eta datorren azaroaren 7an zinema aretoetara hurbilduko direnak, Santiago Ruedak ezkutzatzen dituen sekretu guztiak ezagutu nahian.

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

|

Gaurko elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan // Geuria

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.

Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.

LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria

Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.

LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”

Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.

Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute

Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

|

Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan egingo dute elkarretaratzea, astelehenan // Geuria

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.

Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.

“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.

Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.

ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”

“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.

“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte

Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

|

Osasun eta Higiene auzoa // Geuria

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.

“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.

Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko

Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

|

Mendizale bi, Nordic Walkinga praktikatzen // Anders Nielsen, Unsplash

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking  tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.

Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.

10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).

Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.

Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.

Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.

Antzinako beharretik

Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.

Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.

Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan heriotza salatu du

Udal Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala iragarri du eta herritarrak heriotza-istripua salatzeko ekimen guztietan parte hartzera deitu ditu

|

Arrigorriagako udaletxea // Geuria

“Arrigorriagako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ-PNV, PSE eta NOA alderdien ordezkari gisa, astekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, asteazkenean Arrigorriagan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero”. Horrela hasi du Arrigorriagako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo Heidelberg  enpresan izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren ondorioz iragarri duen adierazpen instituzionala.

Bozeramaile Batzordeak, era berean, heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, horiek senide eta hurbilekoie helarazi ahal izateko.

“Udaletik salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik ekidin behar direla, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.

Horiek horrela, erakunde guztiei eskatu die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, “lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu arte”.

“Gertatutako istripua salatzen dugu eta heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan parte-hartzera deitzen ditugu herritarrak”, gehitu dute Bozeramaileen Batzordetik.

Elkarretaratzea, ostiralean

LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du bihar, urriak 24, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzoko lan-istripua salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik.

Istripua gertatu eta ordu batzuk geroago Padura futbol taldeak izen-abizena jarri zion heriotza lazgarri honi: “Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean”. Jagoba klubeko bazkide, ordezkari, eta bi jokalariren aita ere bazela zehaztu zuten futbol taldetik.

Osorik irakurri