Sareak

☉ Basauri

Lopez Garai basauriarra Mauritaniako 20 urtez azpiko selekzioko entrenatzaile izendatu dute

|

Mauritanian jarraituko du Lopez Garaik, oraingoan "erronka berri" batekin // Argazkia: @Garai14

Aritz Lopez Garai basauriarrak etorkizuna Afrikan du finkatuta. Izan ere, Mauritanian geratuko da basauriarra, baina oraingo honetan beste eginkizun batean: Mauritaniako 20 urtez azpiko selekzioko entrenatzaile bezala, alegia.

Gaur egun FC Nouadhibou futbol taldeko entrenatzailea da Lopez Garai. Urtebete darama bertan, eta lehen aldiz Afrikako Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu du taldea. Bikoitza da albistea, Mauritaniako talde bat txapelketa hori jokatzeko sailkatzen den aurreneko aldia ere baita.

Mauritaniako 20 urtez azpiko selekzioan gaur egun duen lantaldearekin lan egingo du basauriarrak, besteak beste, Cristian Bustos alacantarrarekin.

“Erronka berria”

Mauritaniako 20 urtez azpiko selekzioko entrenatzaile izatea “erronka berri” bat dela adierazi du Lopez Garai bere sare sozialetan: “Erronka berri bat nire bizitza profesionalean”.

Duela astebete ‘África Futbolera’ Youtube kanalean elkarrizketa eskaini zuen basauriarrak eta Álvaro Jover Ortega kazetariari adierazi zion bere nahia zela Afrikan geratzea, eta aurreratu zuen berbetan zegoela Mauritaniako Futbol Federazioarekin.

☉ Basauri

San Migelen hiri-altzariak berritu, iturri berriak jarri eta oinezkoen pasabideak egokitu ditu Basauriko Udalak, herritarrek eskatuta

117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten, eta horietatik hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak. Lanak dagoeneko bukatu dituzte

|

Besteak beste, frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztaiak berritu dituzte // Geuria

Auzoegin proiektuaren barruan, obra txikiak egin ditu Basauriko Udalak San Migelen herritarrek hala eskatuta.

Zehazki, honako jarduketak egin ditu Udal Brigadak: bi zaborrontzi jarri dituzte Gernika eta Ramon Kareaga kaleak lotzen dituen igogailuaren pasealekuan; txakurrek edateko ontziak ipini dituzte parke-eremuen iturrietan; kendu egin dute San Migeleko sarreran zegoen erloju-panela; eserleku bat jarri dute futbol zelaiko aldagelen atzekaldean; kaleko eserlekuak konpondu eta barnizatu dituzte; frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztailak berritu dituzte; iturriak jarri dituzte saskibaloi kantxan eta anbulatorio ondoko haur-parkean; egokitu egin dituzte Gernika eta Kebrantebarri kaleetako zebra-bideak; eta seinalizazio horizontala hobetu dute San Migeleko 70 oinezkoen pasabidetan.

Prozesu parte hartzailea martxan jarri zuen Udalak ekainean eta 117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten.

“Jaso ziren 243 proposamenek zerikusia zuten, nagusiki, kaleen konponketa, garbiketa eta irisgarritasunarekin eta errepideen zaintzarekin, eta, neurri txikiagoan, kirol-instalazio, parke, hiri-altzari edo ingurumenarekin”, diote udal ordezkariek.

Guztira hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak eta dagoeneko lanak bukatu dituzte. Udal arduradunek zehaztu dutenez, egindako esku hartzeen berri emango diete auzotarrei, “azalpen-orri bat bidalita etxe guztietara”, diote. Gainera, ados.basauri.eus plataforman ere informazio guztia jarriko du Udalak.

“2013. urtean, Basauriko Udalak martxan jarri zuen Auzoegin Auzoetan Eragiteko Ekintza Plana, hobekuntza, modernizazio eta hiri-berroneratze lanak egiteko udalerriko hainbat lekutan, kontuan hartuta beti herritarrek, elkarteek eta taldeek parte-hartze kanalen bitartez eginiko eskaerak. Egitasmo horren bidez, beste urrats bat egin nahi izan du Udalak, herritarren parte-hartze bidezko prozesu espezifikoak sustatzeko, udalerriko auzo edo leku jakin batzuei begira, horiek hobetzeko, bizilagunekin elkarlanean”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Soloarte parkeko estalki berria aurten eraikiko du Basauriko Udalak

Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, zakarrontzi eta banku gehiago jarriko dituzte

|

Zakarrontzi eta banku gehiago jarriko ditu Udalak // Geuria

Soloarte parkeko atzealdeko banku-eremu berria estali egingo du Basauriko Udalak. Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.

Zehazki, futbol zelaiaren atzealdean dagoen eremua da estali egingo dutena, zubi gorriaren aurrean dagoena. Herritarrek herriko gune gehiago estaltzea eskatu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan.

Gainera, zaborrontziak eta zenbait eserleku berri jarriko dituzte parkearen sarreran eta estalkia joango den gunean.

Soloarteko futbol zelaia eta Mercabilbaora arteko ibaiertzeko horma egonkortzeko lanak bukatu ostean jarriko dituzte zakarrontziak eta banku gehiago, eta gune hori estaliko dute.

Horma indartzea

Soloarteko pasealekua eta horma Mercabilbaotik futbol zelairaino doan zatian birgaitzeko lanak amaitu zituen Udalak abenduan, hamar hilabeteko lanak eta gero.

2023an luizia antzeman zuten horman, esku hartutako zatian, eta Udalak erabaki zuen horma indartzeko eraikuntza-obraren proiektua idazteko lanak kontratatzea, narriadura lehenbailehen gelditzeko. Horrez gain, prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa, Udalak pasealekuaren zati hori itxi zuen oinezkoentzat, eta lurra kentzeko lanei ekin zien, hormaren zama arintzeko.

“Proiektua idazten ari ziren bitartean, ordea, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoaren gaineko instalazioei buruz. Bada, Planaren testu berriak xedatutakoarekin bat, URAk ebatzi zuen ezin zuela baimena eman horma berreraikitzeko, eta xedatu zuen Basauriko Udalak horma berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Arau-aldaketak ez zuenez ahalbidetzen proiektua hasierako baldintzen arabera idaztea, Udalak birmoldatzeko eskatu zuen, betebehar berrietara egokitu zedin”, diote udal arduradunek.

Proiektuaren birmoldaketa egin ostean, horma berria eraiki du Udalak. Harri-lubetazkoa da horma berria, eta hobekuntza estrukturalak, hidraulikoak, ingurumenekoak eta estetikoak ekarri ditu.

Obra egiteko 1,3 milioi euro bideratu dituzte: Basauriko Udalak % 60 finantzatu du eta URAk % 40.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Basaurin urtarrilaren 15ean

|

24. Korrikaren nondik norakoak azalduko dituzte aurkezpenean // AEK

Martxoaren 19tik29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].

Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEK Basaurin. Urtarrilaren 15ean, ostegunez, izango da Ibaigane Kultur Etxean, 18:30ean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketa jokatuko da urtarriletik martxora Artunduagan

Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

|

Pala-kirolariak // Bidebieta Pilota Kluba

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekingo diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira, eta lehenengo mailan 10 bikote.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasiko da eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Euskarazko 11 ikuskizun antolatu dituzte urtarriletik maiatzera Basauriko Social Antzokian

Guztira 40 ikuskizun antolatu dituzte: antzerkia, komedia, opera, musika, dantza, magia eta haurrentzako emanaldiak

|

Umeentzako 'Semaforoa' ikuskizuna taularatuko du urtarrilean Logela Multimediak Social Antzokian // Argazkia: Logela Multimedia

Social Antzokiak aurkeztu du urtarriletik maiatzera bitarteko programazioa. Guztira 40 ikuskizun antolatu dituzte: antzerkia, komedia, opera, musika, dantza, magia eta haurrentzako emanaldiak.

Carlos Sobera, Lara Dibildos, Kiti Manver, Carlos Hipolito, Jon Plazaola, Imanol Arias, Maria Barranco, Aitziber Garmendia, Goazeneko aktoreak, Miren Arrietan, Klara Badiola, Kepa Errasti, Nieves Concostrina eta Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore igoko dira Basauriko antzokiko oholtzara urte berriko lehen sei hilekoan.

Eta, ohi bezala, umoregileak ere izango dira Social Antzokian: Juan Carlos Ortega, David Cepo eta JJ Vaquero.

Antzokiko arduradunek azaldu dutenez, denboraldi honetako berrikuntza nagusia da Opera eta Zarzuela berriro taularatuko dituztela Basauriko eszenatokian. “Otsailaren 28an ‘Album de Zarzuela’ obraz gozatuko dugu, zarzuelaren onena biltzen duen antologia, eta martxoaren 21ean Giacomo Pucciniren ‘La Boheme’ opera”, diote.

11 euskaraz

Seihilabete honetarako programatu dituzten 40 emanaldietatik 11 dira euskara hutsean: ‘7 urte’ antzezlana (urtarrilak 23, 20:00 —Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Gastesi, Jon Olivares, Kandido Uranga eta Aitor Beltran—), ‘Goazen.12’ antzerki-musikala (otsailak 1, 17:00 eta 19:00 —Ainhoa Tabuyo, Leire Nuñez, Jon Alonso, Yan Pinto, Josu Iriarte eta Luken Urruzmendi), ‘Arizona’ antzezlana (otsailak 27, 20:00 —Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola—), ‘Rikardo III eta ni’ antzezlana (apirilak 24, 20:00 —Leire Ucha, Ion Zumelaga, Eneritz Artetxe Aranaz, Pette Jaragoiyhen/Iurgi Arrieta—), eta ‘Desobedienteak’ antzezlana (maiatzak 15, 20:00 —Miren Arrieta, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somai—).

Social Txiki programazioaren barruan hauek izango dira euskaraz: ‘Semaforoa’ ikuskizuna (urtarrilak 18, 12:30 —Logela Multimedia—), ‘Bazen behin…’ antzerkia (otsailak 22, 12:30 —Tiritirantes—), ‘Hodei guztien gainetik’ (martxoak 15, 12:30 —Markeliñe), ‘Arrainak bihotzean’ (apirilak 26, 12:30 —Mar-mar Teatroa), ‘Zorionak Marimotots’ (maiatzak 17, —Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore—), eta ‘Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria’ (maiatzak 24, 12:30 —Udaberriko kontzertuak—).

Sarrerak dagoeneko salgai daude Social Antzokiko leihatilan, socialantzokia.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan.

Osorik irakurri