☉ Basauri
Aylena Gomez Molina: “Orain agertzen ari dira Japoniak Korea okupatu zuen garaian egindako sarraski guztiak”
Iazko urtarriletik bizi da Hego Korean Aylena Gomez Molina basauriarra, osasun mentalean erizaina, eta margolaria ere bai. Ia urtebeteko egonaldiak eragin handia izan du orain arte mundua ikusteko izan duen moduan.

Zerk darama Basauriko erizain bat ia hamar mila kilometrora dagoen hiri batera bizitzera? Amodioak. Hori da Aylena Gomez Molinaren (Basauri, 1996) kasua. Iazko urtarriletik dago Seulen (Hego Korea) bizitzen eta hizkuntza zein kultura ikasteko aprobetxatu du egonaldia. Kultura oso bat urte bakar batean ezagutzea zaila dela aitortzen duen arren, beregan eragina izan duela baieztatzen du, batez ere bere margolanetan. Bere egonaldian gertatutakoak partekatze aldera Instagram kontu bat sortu du: @aylenaencorea.
Zerk eraman zintuen Koreara?
Korear munduarekin lehen aldiz 2018an izan nuen kontaktua, espezialitaterako azterketa prestatzen ari nintzenean. Edozer gauza bilatzen nenbilen ikasten ez nuen bitartean beste zerbaitetan aritzeko. Horrela, egun batean Youtuben bideoak ikusten ari nintzela Hego Koreako musika talde baten inguruko bideo bat topatu nuen: BTS. Lanpostua gertu ikusi nuenean erabaki nuen Koreara lehen bidaia egitea; eta kontraturik ere ez neukan sinatuta!
Lehenengo aldi hartan hamabost egunetarako joan nintzen, eta orduan ezagutu nuen gaur egun nire bikotea dena. Hurrengo urtean, 2019an, berriz joan nintzen Koreara, eta ostean pandemia etorri zenez, ezinezkoa egin zitzaigun elkarrekin egotea. Azken erabaki hau, urtebetez munduko beste puntara bizitzera joatearena, nire bikotearekin egoteko hartu nuen.
Nolakoak izan ziren lehen egunak?
Aldaketa erabatekoa da. Lehenengo egunak zoramena izan ziren. Izan ere, korear asko dakizula pentsa dezakezun arren, ez da horrela. Nik oinarrizko gauza batzuk banekizkien, urtebetez hizkuntza ikasten ibili bainintzen joan aurretik, baina Koreara heldu eta lehenengo egunetan kafe bat eskatzea ere kosta egiten zitzaidan. Niretzat hori izan zen latzena, hizkuntza; ez duzulako kontrolatzen zure inguruan gertatzen dena. Hori dela-eta, nire ingurukoekiko dependentzia sentitzen nuen. Bestetik, edozein emigrantek pasa ditzakeenak pasa ditut, galduta egotearen sentsazioa, esaterako. Baina azken hau egunak igaro ahala desagertzen da.

Aylena Gomez Molina // Utzitakoa
Zer ezberdintasun sumatzen dituzu arkitekturan?
Koreako arkitektura oso ezberdina da Euskadin dugunarekin alderatuta. Europako hiriburuetan etxe orratzak izan baditugu, baina ezin dira alderatu Seulen daudenekin, hemen masiboak dira. Nire koinatua, esaterako, 27. solairuan bizi da, eta ez da hiriburuan bizi. Arkitekturari dagokionez, auzoen arteko ezberdintasuna azpimarratuko nuke baita ere: etxe orratzez eta milaka argiz eratuta daudenetatik, etxe tradizionalez osatuta daudenetara. Japonia beste herrialde bat den arren eta kultura guztiz ezberdina duen arren, arkitekturari soilik erreparatzen badiogu, antzekotasun anitz dituzte. Betiko etxetxo hauek ‘Shin-chan’ saioan ikusi daitezkeenak bezalakoak dira, hau da, baxuak eta kable-sarea kanpoan dutenak. Gerra ostean mantendu ahal izan duten arkitektura paregabea da.
Eta biztanleengan?
Bada gauza bat hemen egunerokotasunaren parte dena eta oraindik ohitu ez naizena: Korean igogailura sartzen zarenean ez zaitu inork agurtzen. Are gehiago, jendeak hemen ez du atea zabalik mantentzen zu sartzeko. Hego Uriben dugun bizitzarekin alderatuta, hemengoa askoz azkarrago doa. Ohituta daude mahaia oso azkar zerbitzatua izatera, azkar kobratuak izatera edota administrazio kontuak bizkor egitera. Hau ez bada horrela, errespetu falta bat da haientzat. Edonon baino lan gehiago egiten da hemen. Oso langileak dira.
Korearra ikastean ez duzu soilik hizkuntza ikasten, haien kulturaren inguruko zenbait zertzelada ematen dizkizute baita ere. Haiek azpimarratzen dute oso langileak direla. Izan ere, korearren ustetan, lanarekiko inplikazio hori dela medio lortu dute hain suntsitzailea izan zen gerra baten ostean horrelako abiaduran berpiztea, mundu mailako potentzia bat izatera heltzeraino.
Egia esan ez daramat hainbeste denbora hemen; urtebete ez da nahikoa kultura baten inguruan guztiz sakontzeko. Nahiz eta nire amarentzat nahikoa denbora den! [Barreak] Hori dela-eta, esaten dudana nik bizi eta entzun dudana da soilik, ez egia osoa.
Zer ari zara ikasten bertan?
Korearra ikasten ari naiz, hizkuntza. Ikasle bezala etortzea zen erarik errazena bisa lortu ahal izateko. Korearra ikasteaz gain, tatuaje kurtso bat egin dut. Bi gauza hauek eginda urtebeteko egonaldia aprobetxatu dut. Korearrek hitz bat dute hezkuntzarekiko haien jarrera adierazteko; euskaratuta “hezkuntzarekiko sukarra” izango litzateke. Normala da emaztea eta seme-alabak Estatu Batuetara joatea ikasteko xedez, eta senarrak ahal dituen bezain beste ordu lan egitea hau ordaintze aldera. Hemen oso garrantzitsua da unibertsitatean sartu eta ikasketa batzuk izatea. Zoramena da. Egia da familia bakoitza ezberdina dela eta korear oro ez dela horrelakoa; baina esan beharra dago gehiengoa sukar honen mende bizi dela.
Nire bikotearen kasuan, adibide bat jartzeagatik, eskolara astelehenetik larunbatera joaten zen. Egun debekatuta dago hau, baina lehen zerbait normala zen. Goizeko zortzietan sartzen ziren eskolara eta han zeuden gaueko hamarrak arte, beste ekintza bat ez bazenuen, kirol bat praktikatzea, esaterako. Justifikaziorik ezean, han egoten ziren etxerako lanak egiten edo ikasten. Akademiak, duela gutxira arte, gau osoan zehar zeuden zabalik, eta Covid-19arekin, gaueko hamabietan ixten zituzten.

Nola bizi da bi Koreen arteko gatazka?
Giroan sumatzen den gaia da. Baina, ez dute fokua gatazkan jartzen, bateratzean baizik. Hala ere, badago jendea uste duena ezinezkoa dela, hainbeste urteren ondoren, berriz ere batzea; aukerarik onena dela aitortzen duten arren. Nabaritzen da bat izan nahi dutela, baina, beti ere, hegoaldeko ezaugarriekin. Komunismoarekin erlazioa duen oro gaitzesten dute.
Azkenean, guri frankismoarekin gertatzen zaiguna gertatzen zaie haiei, egoera bakoitzaren ezberdintasunak kontuan hartuz. Hala ere, ez da itsutzen dituen zerbait. Nire ustez ez dute gaiaren inguruan txantxarik ere egiten. Nik bizi izan dudanaren arabera, esango nuke tentsio handiagoa dagoela Japoniarekin, kolonizatzaileak izan zirelako. Egia da gizonak oraindik soldaduska egitera behartuta daudela iparraldearekin gerta daitekeenagatik, baina gero eta mugimendu abolizionista gehiago daude.
Baina arazo handiagoa dute Japoniarekin. Japoniak Korea okupatu zuenean emakumeak hartu eta prostitutak izatera behartzen zituzten. Tamalez, horrelako egoeretan hau gertatzea normala da. Ez dute inoiz barkamenik eskatu honengatik, eta orain, hainbat urteren ostean, orduan egindako sarraskien egiatasuna aitortu dute. Honek amorru handia eragiten du korearren artean.
Inguruko herrialdeetara bidaiatzeko aukerarik izan duzu?
Egia esan, koronabirusa dela-eta ezinezkoa izan zait inguruko herrialdeetara bidaiatzea. Azkenean, hamabost eguneko berrogeialdia egin beharra baduzu ez du merezi aste baterako inora joatea. Hala ere, ondo etorri zait egoera hau, herrialdea ondo ezagutzeko aukera eman didalako. Esaterako, Jeju irlara joateko aukera izan dut, eta ederra dela baieztatu dezaket.
Zer da Koreatik gehien eta gutxien gustatu zaizuna?
Hemengo bizitzatik gehien maite dudana janaria da. Ez naiz janari pikanteen zale sutsua, baina behin ohituta, pila bat gozatzen duzu. Gainera, jende askok ez dakien arren, pikanteak ez diren hamaika korear errezeta daude ederrak direnak. Hala ere, egia da Euskadin bezala ez dela inon jaten, baina etxera bueltatzen naizenean gauza asko faltan botako ditut. Kimchia, aza ondua, oso gozoa da, lehen begiratuan munduko gauzarik zaporetsuena ez dirudien arren. Izan ere, Basaurin nagoenean txinatar merkatura noa horrelako jakiak erostera. Etxe zaporea daukate niretzat.
Eta gutxien gustatu zaidana, bada kanpotar gehienak ados gaude ideia berdinarekin: korearrak oso hotzak direla. Baina oso jende adeitsua da. Adibidez, adineko jendearekin ez duzu hitz bat bera ere gurutzatuko, baina egun batean euria ari badu haien dendatik irtengo dira zuri euritako bat uztera. Hain dago erroturik jarrera hau gizartean, definitzeko hitz bat erabiltzen baitute: chong. Baina egia da ez direla oso festa-zaleak. Izatez, kanpotarren auzoak dira “parrandazaleenak”. Korearrak ezagunak dira askotan esaten dizutelako: “hurrengo batean ikusiko gara”. Gero ez dituzu inoiz ikusten, kortesiagatik soilik esaten dizute. Bada hemen urte asko daraman jendea, Koreako gizartean integratu ez dena.
Estereotipoak benetakoak dira edo jende gehiena ez da zaku horretan sartzen?
K-popak arrakasta handia izan du korear gizartean. Metroa hartu eta dena idolei [k-pop musika taldeetako abeslariak] eginiko erreferentziak eta zorion-agurrak dira. Auzo batzuetan konturatzen zara mugimendu kultural horrek eragin handia izan duela, denek kolore ikusgarriko ilea daramate eta azken moda jarraitzen dute. Seul hiriburu bat da azken finean, eta hauetan errazagoa da horrelako mugimendu kulturalak aurkitzea. Gero hemendik irten eta konturatzen zara jende gehiena ez dela horrelakoa. Baina, hala ere, egia da K-popak berarekin ekarri duen kulturak asko eragin duela korearrengan.
Eta Netflix-eko ‘Txipiroiaren jolasa’?
Telesaila asko gustatu zaie, arrakasta handia izan du. Uste dut hainbatek gizartearen inguruko hausnarketa egin duela horren ondorioz. Nire ustez ezinezkoa da jakitea ‘Txipiroiaren jolasa’-k erakusten duen gizartea benetakoa den edo ez; leku askotan jendeak zorrak baititu, ez dut uste korearren ezaugarri bereizgarri bat denik. Hala ere, gizarte oso harroa denez, uste dut kapazak direla, zorrak izatekotan, ezer ez esan eta aurrera jarraitzeko. Agian telesailak pertsona bat baino gehiago gogaitu du, baina nik oraindik ez diot inori nabaritu.
Osasun mentalean espezializatutako erizaina naiz eta egia da Koreako gazteen suizidio tasak munduko altuenak direla. Horri buruzko teoria asko daude, baina gazteei izugarri exijitzen zaie; lehen aipatutako “hezkuntzarekiko sukarra”. Honi bullying-a gehitu behar zaio, hemen itzela dena. Nire ustez hainbat faktore batzen dira; ez dut uste soilik kanpoko zergatiengatik gertatzen denik.
Zer antzekotasun nabaritzen dituzu Hego Uriberekiko?
Bioi gustatzen zaigu ondo jatea eta edatea. Hori da daukagun antzekotasunik handiena. Gainera, euskaldunoi eta korearrei hotzak eta itxiak garela esaten digute. Hala ere, esan beharra dago Hego Uriben Korean baino irekiagoak garela. Azken finean, esan dezakegu korearrei eta euskaldunoi estereotipo berdinak egozten dizkigutela. Baina, ezberdintasun nabariak daude bi kulturen artean, normala denez, bakoitza munduko punta batean bizi baikara.

Tatuatzailea da Aylena // Utzitakoa
Margolaria izanda, uste duzu Korean bizitzeak zure artean eragiten duela?
Pila bat eragin dit. Gehien eragin nauen alorretako bat da. Gauza oso zehatzak dituzte, kolore oso berezikoak, hala nola jauregiak eta arropa tradizionalak. Gaur egun teknologian oso murgildua dagoen herrialdea bada ere, antzina oso gizarte langilea eta zorrotza zen, non dena beren eskuekin egiten zuten. Eta, bitxia bada ere, gauzak oso modu pausatuan egiten zituzten, ez orain bezala, erritmo motelean, xehetasun guztiak perfektuak izan zitezen. Margolaritzari soilik dagokionez, minhwa ezagutu dut, korearra den margotzeko era berezi bat.
Orain, tatuajeak direla-eta, beti nago diseinuak egiten. Pintura tradizionalaren inguruan ikasi ditudanak bertan islatzen saiatzen naiz. Gainera, Basaurira itzultzen naizenean, seguru asko nire koadroetan islatuko dut hori guztia. Inoiz ez digute arte honen inguruan hitz egin eta oso interesgarria iruditzen zait. Izan ere, nik beti izan ditudan erreferenteak mendebaldekoak izan dira. Asiari dagokionez Errusia eta Txina gainetik ikusten ditugu eta beste dena alde batera uzten da, existituko ez balitz bezala. Hona denbora batez bizitzera etortzeak hori eman dit, aurretik ondo ezagutzen ez nuen kultura batez jabetzea.
Zuregan, pertsona bezala, eraginik izan du?
Orain, nituen harremanak gehiago baloratzen ditut. Nik jada maite nituen asko nire lagunak eta nire familia, baina haiengandik urrun egon ostean beraien garrantziaz jabetu naiz. Edozein herrialdetan jaiota familia bat izango nukeen, baina Euskadin familiarekiko dugun harremana ez dute beste inon.
☉ Basauri
Argazkiak | Olentzero eta Mari Domingi lagunez inguratuta iritsi dira Basaurira!

Euriak ez du zapuztu Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira Basaurin. Galtzagorriak, dantzariak, Mari eta Sugaar, eta Basajaun lagun izan dituzte bidean, baita kalejirara batu diren herritarrak ere.
☉ Basauri
San Migeleko lanzaderak Basauriko geltokia lekuz aldatuko du 2026an: udaletxetik Kareagara
Urtarrilaren 1etik aurrera izango du aldaketa. Maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da eta autobus berri batek emango du zerbitzua

San Migeleko lanzadera zerbitzuak aldaketak izango ditu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Basauriko Udaletik azaldu dutenez, lanzaderaren Basauriko geltokia lekuz aldatuko dute eta urtarrilaren 1etik aurrera Kareaga Goikoa 83 kalean egongo da geralekua, Kareagan, Kutxabanken ondoan.
“Gaur egun autobusa Basozelaiko metro geltokiaren aurrean gelditzen da, baina sarbide hori ez da irisgarria. Horregatik, urtarrilaren 1etik aurrera Bidasoa kaleko metro geltokiaren aurrean geldituko da; hango sarbidea irisgarria da”, esan dute udal ordezkariek.
Modu horretan, honakoa izango da lanzaderak San Migeletik Basaurira egingo duen ibilbidea: Eleuterio Villaverde 22 (San Migel)-Gernika 5 (Abaroa)-Kareaga Goikoa 83 (Kutxabank).
Ondoren, Boketean norabide aldaketa egin ostean, Basauritik San Migelerako ibilibidea hau izango da: Kareaga Goikoa 26 (Bidasoa metro geltokia)-Gernika 8 (Abaroa)-Eleuterio Villaverde 22 (San Migel).
30 minutuko maiztasuna
Lanzadera astelehenetik igandera bitartean ibiliko da, 06:05etik 23:15era, eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da.
Eta, udal arduradunek zehaztu dutenez, 11:ooetan eta 18:30ean ez da zerbitzurik egongo.
Urtarrilaren 1etik aurrera lanzaderaren maiztasuna txikiagoa izango da (abenduaren 31ra arte 20 minuturik behinekoa da): “Hala ere, San Migeletik igarotzen diren Bizkaibusen lineekin konbinatuz gero, garraio-zerbitzu integrala 15 minuturik behinekoa izango da. Gainera, badaude bizkaitarrontzako zenbait garraio-laguntza publiko”, esan dute.
Autobus berria
Aldaketa horiez gain, ingurumenaren alorreko hobekuntzak ezarriko ditu Basauriko Udalak. Zehazki, autobus berri batek emango du zerbitzua, “katalizatzailea eta ad blue teknologia erabiltzen dituena”.
“Orain arte zerbitzua eman duten autobusak baino efizienteagoa da eta ingurumenaren alorreko hobekuntzak ditu. Gainera, kutsadura akustikoa gutxituko da, lanzadera ez delako Basozelaitik igaroko”, diote udal ordezkariek.
Bestetik, epe laburrera eta ertainera, “eta san migeldarrei metrorainoko garraioa bermatzen jarraitzeko”, Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikortasun jasangarriaren eredu berrian sartuko da Basauriko Udala.
“Aurreikusten da eredu hori bi urteko epean hasiko dela martxan, eta, beraren bidez, zerbitzu publikoak bikoiztea ekidingo da, Bizkaiko garraio osoa arrazionalizatuko da, eta mugikortasun jasangarriranzko urratsak egingo dira”, diote.
Eredu berrian dohainik izango dira garraioen arteko aldaketak, “eta, horri esker, San Migeleko auzotarrek Bizkaibus eta Metroa lotu ahalko dituzte, metroraino heltzeko edo metroa erabili osteko ibilbidean kostu gehigarririk izan gabe”, esan dute.
Eredu berria abiarazi aurretik, Bizkaibusek parte-hartze bidezko prozesua abiaraziko du, bizkaitarrek euren iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izateko.
☉ Basauri
Itziar Ituño basauriarrak parte hartuko du euskaraz bizitzeko ‘Pizkundea’ ekitaldian
Abenduaren 27an, larunbatez, izango da Bilbao Arenan. Ekimenaren helburua da mezu argia helaraztea: euskara guztion ardura dela

Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, indarraldi berri baterako bidea zabaldu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Eta, horretarako ekitaldia antolatu du abenduaren 27an, larunbatez, Bilbao Arenan, Miribillan. ‘Euskaraz bizitzeko Pizkundea’ lelopean, ekitaldia 17:00etatik 19:00etara izango da.
“Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakusteko ekitaldia izango da”, esan dute antolatzaileek.
Besteak beste, ‘Euskararen soinu-banda’ taularatuko dute, hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriz. Amets Aranguren (Ibil bedi taldea), Anari, Beñat Goitia (Benizze), Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena (Flako Fonki-Chill Mafia), Maia Iribarne (Habia taldea) eta Miren Narbaiza (MICE) musikariek hartuko dute parte.
Era berean, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, tartean, Itziar Ituño basauriarra, Edurne Azkarate, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre.
Oholtzara igoko dira ere Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.
Ekitaldia zuzenean ikusteko oraindik ere sarrerak sagai daude 10 euroan webgune honen bitartez.
Sarreraren kostua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzera bideratuko dela adierazi dute Kontseilutik.
☉ Basauri
Bizkaiko tokiko merkataritza omentzeko gala antolatuko dute Basaurin abenduaren 27an
Bizkaiko saltokien Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara sarituko dituzte. Era berean, Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte

Bizkaiko merkatariak eta merkataritza omentzeko Bizkaidendak Gala hartuko du Basaurik abenduaren 27an, larunbatez. Social Antzokian izango da 20:00etan.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Bizkaiko hiru denda sarituko dituzte, hiru kategoriatan banatuta: Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara. Guztira, 2.250 euro banatuko dituzte saritan.
“Sari hauek urteetan zehar merkataritza eraikitzen aritu direnen dedikazioa, berritzen dutenen ikuspegi eraldatzailea eta eguneroko jardunean euskeraz hitz egiten duten enpresen ahalegina nabarmentzen dituzte”, esan du Jose Cebrecos Bizkaidendak Federazioaren lehendakariak.
Horiez gain, Bizkaiko erakusleihoen zazpigarren lehiaketako saridunak ezagutaraziko dituzte galan.
Asier Iragorri Basauriko alkatea “pozik eta harro” agertu da Bizkaidendak Gala herrian antolatuko delako: “Tokiko merkataritzak kalitatezko zerbitzua eta profesionala eskaintzen du eta horri garrantzia eman behar diogu”.
Era berean, merkataritza dagoen lekuan “bizitza” dagoela ere azpimarratu du: “Leloak hori dio, baina horrez gain, lana eta etorkizuna ere eskaintzen dituzte tokiko dendek. Tokiko ekonomia suspertzen laguntzen dute”, esan du Iragorrik, eta Udaletik lan-ildo hori laguntzen jarraituko dutela adierazi du.
Basauriko erakusleihoak
Bestetik, galaren barruan Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Guztira herriko 42 saltokik hartu dute parte lehiaketan.
“Duela urte asko ez genuela Basaurin tokiko erakusleihoen lehiaketarik antolatzen, eta aurten berriro egitea erabaki dugu. Gure herriko denden sormena bultzatu nahi izan dugu, eta gizartean erakutsi oinarri sendoa direla”, adierazi du Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak.
Basauriko erakusleiho onenaren sarian ere hiru sari banatuko dituzte, eta 450, 400 eta 350 euro banatuko dituzte.
Gainera, Basauri Merkatari Elkartearen lankidetzarekin erakusleiho onenaren saria irabaziko duen saltokian bideo bat grabatuko dute, eta herri zozketan parte hartu duten herritarren artean zozketa antolatu dute.
Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak esan du “pribilegioa” dela Bizkaidendaken Gala Basaurin antolatzea: “Eguneroko ahaleginaren aitorpena da”.
☉ Basauri
Bridgestoneko langileek soldatan % 25,3ra arteko igoera izango dute, Basaurin eta Usansolon
2027ra arteko akordioa da: oinarrizko urteko soldata 45.000 eurotik 48.736 eurora igo daiteke. Gainera, kontziliazioan ere aurrerapenak adostu dituzte

Basauriko eta Usansoloko Bridgestoneko langileek % 25,3ra arteko soldata igoera izango dute. Horrela zehaztu dute enpresako zuzendaritzak eta BUB, UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako akordioaren ondoren.
Akordioak Estatuko 2.409 langileri eragingo die, horietatik 700 Basaurin eta 30 Usansolon.
Zehazki, hau da adostu dutena: 45.000 euroko urteko oinarrizko soldata 48.736 eurora arte igo daiteke 2027an, eta guztira 9.831 euroko igoera izango dute sei urtean, 2021etik aurrera.
Gainera, hitzarmen berriari esker 2025ean izandako soldata-atzerapenak ordainduko dizkiete langileei 2026ko lehen hiruhilekoan.
Lanaren antolaketari dagokionez, hitzarmenak aparteko orduen borondatezkotasuna indartzen du, makinak gelditzeko eta abiatzeko denborak blindatzen ditu, eta errendimendu txikiagatiko soldata-kenkariaren aukera kentzen du.
Era berean, kontziliazioan eta eskubide sozialetan aurrerapenak onartu dituzte, ospitaleratzeagatiko edo gaixotasun larriagatiko baimenak eta LGTBI berdintasun-neurri espezifikoak barne.
Akordio berria duela bi urte adostutako hitzarmen kolektiboan oinarritzen da, eta sindikatuen arabera, langileentzako egonkortasun-esparru bat ezartzen du berregituraketek markatutako urte baten ondoren, eta soldatak berreskuratzeko etapa berri bat irekitzen du.
SITB sindikatuak ez du hitzarmena sinatu, euren esanetan bere proposamenak ez dituztelako txertatu.





























