Sareak

☉ Basauri

Lova Lois: “Rockein lehiaketak asko lagundu dit nire lehen EPa kaleratzen”

|

Lova Lois astrabuduarrak iaz irabazi zuen Rockeineko sari nagusia eta gaur bere lehen EParen bideoklipa aurkeztu du // Geuria

Rockein lehiaketako 12. edizioa martxan da. Gaur bertan ireki dute epea Hego Euskal Herriko taldeek eta bakarlariek izena emateko epea.

Euskadiko eta Nafarroako talde edo bakarlari interesdunek izena eman dezakete gaurtik uztailaren 11ra arte, eta ondoren, epaimahai profesional batek sei finalista aukeratuko ditu azaroaren 16an izango den finalean Basauriko Social Antzokian jotzeko.

Aurten nobedadeekin dator lehiaketa. Lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaldu du bere estaldura-eremua. Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute. Gainera, beste berrikuntza bat da tokiko taldeak bideoklip bat grabatuko duela.

Iaz Lova Lois astrabuduarrak irabazi zuen lehiaketako sari nagusia eta horri esker bost abestiz osatutako EPa kaleratu du: ‘Todo son señales’. Gaur Rockeinen 12. edizioaren prentsaurrekoa izan da Lova eta bere lehehengo EParen bideoklipa aurkeztu du:

“Ikaragarria izan zen iaz lehiaketa irabaztea. Sekulakoa da eta beharrezkoa da horrelako lehiaketak martxan egotea. Amets bat egi bihurtu dut. Disko propioa kaleratu nahi nuen, baina ez nuen baliabiderik horretarako. Orduan, Rockeinek laguntza handia eman dit horretan. Oso eskertuta nago lehiaketari”, adierazi du Lovak GEURIAk galdetu dionean zer suposatzen duen Rockein bezalako lehiaketa batek bere ibilbidean. Hain zuzen ere, GEURIA Rockeinen komunikabide ofiziala izango da hemendik aurrera, aurreko urteetan eman zaion babesa indartuz, lehiaketak eskualde osoaren aldeko apustua egin eta gero.

Iazko finalak “zapore oso ona” utzi zion Lovari: “Ikaragarria izan zen publikoaren berotasuna sentitzea eszenatokitik. Asko gustatu zitzaion publikoari nire musika eta horrek pozez betetzen nau”.

Estilo desberdinak nahasten ditu Lovak: “Abesti asko nituen idatzita eta Jon Agirrezabalaga Bilboko El Tigre estudioko ekoizlearen laguntzarekin lortu dut EPari forma ematea. Oso garrantzitsua da ekoizlearen figura. Jon oso profesionala da eta asko lagundu dit”.

“Nire abestiekin transmititzea gustatzen zait. Estiloak ez dit inporta: transmititu besterik ez dut egin nahi. Poesia idazten hasi nintzen mundua aldatu nahi nuelako. Eta orain, poesia idazten jarraitzen dut, baina erritmoa jartzen diot. Horrela egiten dut musika”, dio Lovak.

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin

Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

|

Emantzipazioari buruzko saioak martxoaren 5ean eta 10ean izango dira // Jakub Zerdzicki, Pexels

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).

Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.

Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.

Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.

Emantzipaziorako bidea

Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.

Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.

Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.

Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da

Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

|

Lan istripua Agirre Lehendakaria kaleko 57-59. zenbakian gertatu da // Geuria

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.

Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan

Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

|

Argazkian Angela de Miguel, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia --Gonzalo Burgosen bizi da-- // Argazkia: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.

Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.

Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.

“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko

Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

|

Laneratu aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute hautatuek // Basauriko Udala

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.

Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.

Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.

Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.

Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.

Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.

“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.

Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.

Osorik irakurri