☉ Basauri
Marieneako Korrikalariak: «Emakume korrikalarien sare bat egitea da gure helburuetako bat»
Marienearen 10. urteurrenaren harira, Emakumeon Herri Korrikaldia lasterketa parte-hartzailea antolatu du Marieneako Korrikalariak taldeak. Eurekin solasean izan gara.

Marienearen 10. urteurrenaren markoan, Emakumeon Herri Korrikaldia antolatu dute maiatzaren 15ean. Marieneako Korrikalariak taldeak antolatu du lasterketa herrikoia. 2020ko otsailean eratutako taldea da, eta Emakumeon Herri Korrikaldia aitzakia hartuta, Maria Apellaniz Garro (Basauri, 1977) eta Itziar González Bilbao (Basauri, 1970) kideak elkarrizketatu ditugu.
Marieneako Korrikalariak zarete. Noiz sortu zenuten taldea?
Itziar González: Marieneari esker sortutako emakume talde bat gara. Jabekuntza Eskolak antolatutako korrika egiteko ikastaro baten ondoren sortu genuen. Elkarrekin korrika egiten jarraitu behar genuela sentitu genuen. 2020ko otsailean jaio zen taldea, ibilbide laburreko korrika taldea gara.
Pandemiak, beraz, bete-betean harrapatu zizuen.
Maria Apellaniz: Pandemia garaia, denok bezala, ahal dugun moduan pasatzen ari gara. Baina soilik etxetik atera ezin ginenean utzi genion elkarrekin geratzeari. Batzuk gure etxe barruan korrika egiten genuen… Musukoarekin korrika egin behar zenean ere halaxe egiten genuen. Pandemiak eragin bai baina onerako, korrika egiteko gogoak areagotu dizkigu eta gure artean gehiago egoteko gogoa ere bai. Askotan hainbeste gauza izaten ditugu elkarrekin konpartitzeko entrenamendu osoa hitz egiten ematen dugula.
Esango zenukete korrika egitea modan dagoela gaur egun?
M.A.: Egia da gero eta jende gehiago dagoela kirola egiten. Edozein kirol egiteak osasun-arazoak prebenitzen ditu, indarra areagotzen du eta estresa murrizten laguntzen du.
I.G.: Pandemia honekin korrika egitea izan da gure ihesbide bat aire librean egoteko. Korrika egitea gainera doakoa da, beraz, irisgarriagoa da denontzat ikuspegi ekonomikotik begiratzen badiogu. Gaur egun gimnasioak ditugu handik eta hemendik, baina ezin dugu ahaztu denok ez dugula dirua horretan gastatzeko aukerarik. Kalean korrika egitea doakoa da!

Astero irteten dira korrika bederatzi emakume inguru // Geuria
Emakumeez soilik osatutako taldea zarete.
Maria Apellaniz: Hala da. Emakumeei irekitako gunea da. Ezin dugu ahaztu berdintasuna aldarrikatzen dugula eta espazio hau emakumeok protagonista izateko dela.
I.G.: Bederatzi emakumek osatzen dugu taldea eta adin-tartea nahiko zabala da, 30 urtetik 55era bitartekoa.
Pentsatzen dut taldea ez dela itxia.
I.G.: Ez, noski. Talde irekia gara parte hartu nahi duten emakume guztientzat. Horregatik hazi nahi dugu, eta horretarako, Basauriko emakume guztiak gonbidatu nahi zaituztegu ‘Marieneako Korrikalariak’ taldera. Gurekin esperientzia honetaz gozatzera etortzea nahi dugu. Bakoitzaren erritmo eta uneetara egokitzen gara. Gonbidatzen zaituztegu gurekin etor zaitezten korrika egitera: inoiz korrika egin ez duzuenak, korrika egin ohi duzuenak, korrikalari profesionalak eta, batez ere, kirol hau praktikatu nahi baina bultzada bat falta zaizuenak. Ez izan zalantzarik, zuen zain gaude. Oraingoz, astean behin elkartzen gara, baina taldearen beharretara egokitzen gara. Beraz, korrika egitera animatzen zareten emakumeak Marienearekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaituztegu 946 124 102 telefonoan edo mariena@basauri.net helbide elektronikoan.
Forman egon behar da zuekin korrika ateratzeko?
M.A.: Ez. Baldintza bakarra korrika egin nahi izatea da. Egun horretan dugun energiara egokituko ditugu ibilbidea eta iraupena.
Astean behin irteten zarete korrika. Noiz? Eta nora zoazte?
M.A.: Astearte arratsaldeetan ateratzen gara korrika egitera. Marienean arratsaldeko 18:00etan elkartzen gara. Berotze-ariketak egin, ibilbidea zehaztu, korrika egin, Marieneara itzuli eta luzapenak egiten ditugu. Luzatze- eta berotze-ariketa finko batzuk ditugu, eta ariketak eta ibilbidea taldearen energiara moldatzen ditugu.
I.G.: Gehienetan San Migelerantz abiatzen gara, Arrigorriagara doan bidegorritik itzuliz. 5 kilometro inguru egin ohi dugu korrika, baina gurean ezer ez da finkoa, korrikalarion aldartearen arabera eta nahien arabera ibilbidea aldatu, laburtu edota luzatzea erabakitzen dugu.
Modu jarraian korrika ateratzen den norbaiten aholkularirik edo prestatzailerik duzue?
I.G.: Hasieran, korrikalari bat izan genuen, iron woman baterako entrenatzen ari zena, eta hark erakutsi zigun luzatzen, berotzen, arnasketa kontrolatzen eta giharrak berotzen. Orain taldean badaukagu korrikalari profesional bat, Edurne, eta aholku asko ematen dizkigu korrika egiterakoan zein beroketetan.
Maiatzaren 15ean Emakumeon Herri Korrikaldia antolatu duzue.
M.A.: Bai! Basaurin lasterketa parte-hartzailea egiteko ideia asko gustatzen zitzaigulako eta helburu bat bilatzen genuelako antolatzea erabaki genuen. Lasterketa hau antolatzeak izugarri motibatu gaitu. Helburua ahalik eta emakume gehien gustuko dugun zerbait egiteko elkartzea da, bide batez espazio publikoa okupatuz eta ahalduntzea landuz. Emakume korrikalarien sare bat egitea ere bada gure helburua. Beraz emakume guztiak gonbidatzen ditugu, ez soilik ekimen honetan parte hartzera, baita gurekin urte osoan zehar korrika egitera ere.
I.G.: Kalera ateratzeko eguna izango da, beste behin ere, feminismoaren ahots eta aldarrikapenekin. Kaleak hartuko ditugu argi uzteko oraindik bide luzea dugula egiteko eta konkista asko defendatzeko.
Zein izango da ibilbidea?
I.G.: Maiatzaren 15ean 12:00etan irtengo gara Marieneatik. Handik San Migelerantza abiatuko gara Lapatza plazaraino, jarraian Eleuterio Villaverdetik Renferaino egingo dugu, hortik gasolindegira igo eta berriro Marieneatik pasatuko gara udaletxeraino. Nagusia kalea hartu eta Agirre Lehendakaritik Bentako plazan bukatuko dugu. Bertan, DJ batekin emango zaio bukaera korrikaldiari.
M.A.: Maider, ez esan ez zaizunik gurekin etortzeko gogoa piztu! (kar, kar, kar)
Kamiseta barne 5 euroko prezioa jarri diozue lasterketari, baina doakoa ere bada.
M.A.: Kamisetak, berez, gehiago balio du. Marienea Elkarteak bere gain hartu du 5 eurotik gorako kostua. Eta noski, gu, biziki eskertuak gaude. Beraz, ez dugu batere etekinik aterako korrikaldi honekin. Korrikaldi hau herrikoia da, ahalik eta emakume gehien parte hartzea da gure helburua, horregatik doan korrika egiteko aukera eskaintzen dugu. Gainera, ibilbidea ibiltzen egiteko aukera eskaintzen dugu eta horregatik ez dugu inolako saririk banatuko. Parte hartuko dugun emakume guztiok izango gara irabazleak.
Kamisetak bereizgarririk badu?
M.A.: Ez pentsa kolorearen hautaketa erreza izan denik (kar, kar, kar), baina azkenean kamiseta laranja kolorekoa izatea erabaki dugu. Laranja kolorea energia, oreka eta laguntasunaren kolorea delako eta gainera urrunetik ikusiko zaigulako. Kamiseta teknikoa da; aurreko partean emakume bat agertzen da korrika egiten eta atzekaldean gure logoa agertzen da, MarieneaKO KOrrikalariak.
Emakumeon Herri Korrikaldia urtero antolatzeko asmorik baduzue?
I.G.: Auskalo! Aurtengo lasterketaren antolakuntzan murgilduta gaude. Egia esan, asko gozatzen ari gara; beraz, litekeena da datorren urtean errepikatzea.
Zer da zuentzat korrika egitea?
M.A.: Guretzat, korrika egitea errebeldia eta ahalduntze kolektiboa da. Korrika egiten dugu nahi dugulako, ez inorengandik ihes egiteko, ezta egunaren amaierara iristeko ematen ez digulako ere. Gure helburua ez da argaltzea ere. Korrika egiten dugu energia eta zaintza eskaintzen digulako, errutinatik abstraitzen gaituelako eta gure egoera fisiko, mental eta emozionalean laguntzen digulako. Azken batean, ondo sentiarazten gaituelako.
Eta 10 urte bete dituen Marienea?
I.G.: Marienea gure etxea da; emakume asko “bizi” gara bertan. Emakumeok elkartzeko, elkar zaintzeko eta sareak egiteko espazio izugarri potentea da, eta batez ere, ahalduntze gune bat da guretzat.
Parte hartzen duzue Marieneak antolatzen dituen bestelako ekintzetan?
M.A.: Marieneako erabiltzaile aktiboak gara beraz parte hartzen dugu Marieneak antolatzen dituen hainbeste ekintzatan. Gutako batzuk gainera BasFemBand bandako partaideak gara eta beste batzuk Basauriko Asanblada Femnistako militanteak.
Marienea, feminismo eta berdintasun politiken erreferente hamar urtez
☉ Basauri
Yera Marcos da Herriko Taldeakeko lehendakari berria Basaurin

Herriko Taldeakeko zuzendaritza batzordea berritu dute urtero bezala, eta aurten Yera Marcos izango da presidentea, Aldatxa kuadrillakoa.
Batzordean honako hauek ere izango dira: Mikel Salcedo (Edurre) lehendakari ordea, Ander Beltran de Nanclares (Txikerrak) diruzaina, Naiara Hurtado (Zoroak) idazkaria, eta Dionisio Higueruelo (Alaiak), Jonatan Galas (Alaiak), Aitor Arego (Hauspoak), Ivan Hierro (Txanogorritxu ta Otso Maltzurra) eta Raquel Martin (Aldatxa) batzordekideak.
Aurtengo prozesuan bi hautagaitza aurkeztu dira eta Yerak zuzendutakoak 8 boto jaso ditu. Bigarren hautagaitzak 6 boto jaso ditu, eta abstentzio bat eta boto zuri bat ere izan dira.
Hautagaitza irabazleak Laguntasuna, Mozkorrak, Basajaunak eta Itsaslapurrak kuadrillen babesa izan du.
Aurreko bi urteetan Ane Garcia izan da presidentea, eta oraingoan ere beste emakume batek zuzenduko du Herriko Taldeak.
Elkartearen historian, 1968tik 39 lehendakari izan ditu elkarteak eta horietatik zazpi izan dira emakumeak: Sonia Martinez (2001-2003), Izortze Gandiaga (2008-2009), Irene Garcia (2010), Itxaso Urionabarrenetxea (2012-2014), Begoña Frutos (2019), Ane Garcia (2024-2025) eta Yera Marcos (2026).
☉ Basauri
Lapatzako argiak berritu eta Gernika kaleko zati bat berriro asfaltatu du Basauriko Udalak
Basauriko Udalak 165.000 euro bideratu ditu bi esku hartze horietara

Basauriko Udalak Lapatzako hoditeria eta argiak berritu ditu, eta, horrez gain, Gernika kaleko 26. zenbakitik 60. zenbakira –Ixatxak parketik Taberna Nagusira– asfaltatze lanak egin ditu.
Zehazki, argiteria-sarearen kanalizazioa eraiki eta lurperatu dute, eta zutabe eta luminaria berriak jarri dituzte Lapatzan, energia aurreztea ahalbidetzen duten LED argiekin.
Gainera, lurperatzeari ekiteko egindako zangaren inguruko galtzada konpondu eta asfaltatu dute. Guztira Lapatzako esku hartzean 87.000 euro inbertitu ditu Udalak.
Bestetik, Gernika kaleko zatia berriro asfaltatzera 78.000 euro bideratu ditu Udalak.
Herritarrek eskatuta
2024ko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek bozkatu zuten herriko hainbat tokitan argiteria publikoaren sarea hobetzea, eta horregatik gauzatu ditu Udalak lan horiek.
“Auzoegin Auzoetan Esku Hartzeko Ekintza Planaren barruko ekimenak dira biak. Plan horren xedea da udalerriko zenbait tokitan eraberritze eta berroneratze urbanistikoko esku hartzeak egitea eta irisgarritasuna hobetzea, herritarrek, elkarteek eta taldeek egindako eskaerei erantzuteko”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Basauriko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ez daude ados atxilotuen jatorria publikatzearekin
Erabakiak “aurreiritziak elikatzeko” eta “alarma soziala” sortzeko balio duela adierazi dute oposizioko taldeek

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iazko urrian ezarritako irizpideari jarraituz, Basauriko Udalak atxilotuen jatorriaren berri emango du aurrerantzean.
Irizpide hau, baina, ez da udalerri guztietan betetzen ari, dagoeneko Bilboko, Barakaldoko, Leioako edo Erandioko udalek jakinarazi baitute ez dutela atxilotuen jatorriaren berri emango.
Basauriko gobernu taldeko (EAJ-PSE) ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA eta adierazi dute Udalaren jarrera izango dela datuak publiko egitea, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”.
Oposizioan dauden EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udaltaldeen ordezkarien balorazioa ere jaso dugu GEURIAn. PPk, bere aldetik, gobernu taldearen erabakia babestu du.
Exabier Arrieta alderdi soberanistako bozeramaileak adierazi duenez, “segurtasuna eta bizikidetza negoziaezinak dira, eta horiek errespetatzen ez dituen edonork ez du lekurik gizarte honetan, bere jatorria edozein dela ere”.
“EH Bildutik erabat aurka gaude honelako neurrien aurrean; izan ere, ez dute ezer eraikitzailerik ekartzen eta, aldiz, kolektiboen estigmatizazio arriskua areagotzen dute eta alarma soziala sortzen dute. Are gehiago, immigrazioa ultraeskuinaren aldetik arma jaurtigarri gisa erabiltzen ari den une honetan, neurri horiekin mesede handia egiten baitzaie”, aipatu du Arrietak, eta gaineratu du: “Ez dugu ulertzen nola izan daitekeen jarduteko modu hau bateragarria Udalak martxan jarritako beste dinamika batzuekin, hala nola, zurrumurruen aurkako estrategiarekin”.
Gainera, EH Bildutik deitoratu dute gobernu taldeak ez diela jakinarazi udal talde gisa gai honen inguruan neurririk hartu denik.
Elkarrekin Podemos ere erabaki horren aurka agertu da: “Ez da gardentasuna, seinalatzea baizik. Oso ondo baitakigu datu horrek ez duela balio segurtasuna hobetzeko, baina bai aurreiritziak elikatzeko eta jatorriagatik bakarrik mesfidantza handiagoz begiratzen zaion jendea egoteko”, esan du Marian Cantero bozeramaileak.
Alderdi moreko zinegotziaren arabera, “delituak banakako erantzukizunak dira, ez komunitate osoenak, eta herri honetan auzotar asko daude beste leku batzuetatik datozenak, lan egiten dutenak, zaintzen dutenak, egunero auzo egiten dutenak, eta beren nortasuna titular susmagarri bihurtzea merezi ez dutenak”.
“Basauri seguruagoa nahi dugu, noski baietz, baina segurtasunak ez ditu betikoak seinalatuko. Eskubideak, berdintasuna, zerbitzu publiko indartsuak eta bizikidetza. Eta hau, benetan, kontrako norabidean doa”, zehaztu du Canterok.
☉ Basauri
Basauriko Udalak atxilotuen jatorria publikatuko du, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”
Oposizioan dauden EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udaltaldeen ordezkarien balorazioa ere jaso dugu GEURIAn

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iazko urrian ezarritako irizpideari jarraituz, Basauriko Udalak atxilotuen jatorriaren berri emango du aurrerantzean.
Irizpide hau, baina, ez da udalerri guztietan betetzen ari, dagoeneko Bilboko, Barakaldoko, Leioako edo Erandioko udalek jakinarazi baitute ez dutela atxilotuen jatorriaren berri emango.
Basauriko gobernu taldeko (EAJ-PSE) ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA eta adierazi dute Udalaren jarrera izango dela datuak publiko egitea, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”.
Oposizioan dauden EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udaltaldeen ordezkarien balorazioa ere jaso dugu GEURIAn. PPk, bere aldetik, gobernu taldearen erabakia babestu du.
Exabier Arrieta alderdi soberanistako bozeramaileak adierazi duenez, “segurtasuna eta bizikidetza negoziaezinak dira, eta horiek errespetatzen ez dituen edonork ez du lekurik gizarte honetan, bere jatorria edozein dela ere”.
“EH Bildutik erabat aurka gaude honelako neurrien aurrean; izan ere, ez dute ezer eraikitzailerik ekartzen eta, aldiz, kolektiboen estigmatizazio arriskua areagotzen dute eta alarma soziala sortzen dute. Are gehiago, immigrazioa ultraeskuinaren aldetik arma jaurtigarri gisa erabiltzen ari den une honetan, neurri horiekin mesede handia egiten baitzaie”, aipatu du Arrietak, eta gaineratu du: “Ez dugu ulertzen nola izan daitekeen jarduteko modu hau bateragarria Udalak martxan jarritako beste dinamika batzuekin, hala nola, zurrumurruen aurkako estrategiarekin”.
Gainera, EH Bildutik deitoratu dute gobernu taldeak ez diela jakinarazi udal talde gisa gai honen inguruan neurririk hartu denik.
Elkarrekin Podemos ere erabaki horren aurka agertu da: “Ez da gardentasuna, seinalatzea baizik. Oso ondo baitakigu datu horrek ez duela balio segurtasuna hobetzeko, baina bai aurreiritziak elikatzeko eta jatorriagatik bakarrik mesfidantza handiagoz begiratzen zaion jendea egoteko”, esan du Marian Cantero bozeramaileak.
Alderdi moreko zinegotziaren arabera, “delituak banakako erantzukizunak dira, ez komunitate osoenak, eta herri honetan auzotar asko daude beste leku batzuetatik datozenak, lan egiten dutenak, zaintzen dutenak, egunero auzo egiten dutenak, eta beren nortasuna titular susmagarri bihurtzea merezi ez dutenak”.
“Basauri seguruagoa nahi dugu, noski baietz, baina segurtasunak ez ditu betikoak seinalatuko. Eskubideak, berdintasuna, zerbitzu publiko indartsuak eta bizikidetza. Eta hau, benetan, kontrako norabidean doa”, zehaztu du Canterok.
☉ Basauri
Basaurin errekara erori den pertsona bat erreskatatu dute suhiltzaileek

Bizkaiko suhiltzaileek euren sare sozialetan jakitera eman dutenaren arabera, pertsona bat errekara erori da Basaurin, eta erreskate lanetan aritu dira suhiltzaileak.
Ezbeharra Arizko zubi alboan gertatu da, 19:00ak aldera, eta ez da azken asteetan eman den antzeko gertakari bakarra: urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen.
[INFORMAZIOA OSATZEN]









