☉ Basauri
Umeentzako 24 jarduera antolatu dituzte Basaurin, euskaraz eta doan

‘Olgetan Udaberria’ umeei zuzendutako programari hasiera eman diote Basauriko kultur eta gizarte etxeetan.
Programaren helburua da umeek aisialdian ondo pasatzeaz gain, euskaraz ere jardutea, eta horretarako 24 jarduera prestatu dituzte doan 0 eta 12 urte bitartekoentzat.
Hala nola, tailerrak, sormen esperientziak, antzerkia eta ipuin kontalaria izango dira maiatzera bitartean. Egitaraua albistearen amaieran topatuko duzu.
Emanaldiak Basozelai Gizarte Etxean, Kareaga Gizarte Etxean, Pozokoetxe Kultur Etxean eta San Migelgo Taberna Nagusian egingo dira, martxotik maiatzera.
Toki kopurua mugatua da eta parte hartzea, doakoa. Hala ere, izena eman beharko dute interesdunek; antolakuntzak eskaintza bakoitza hasi baino hamar egun lehenago zabalduko du izen-emate prozesua, eta interesdunek zerrendan egoteko dagokion zentroarekin jarri beharko dira harremanetan.
Egitaraua / Olgetan Udaberria 2024
Martxoak 5, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Martxoak 12, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Kareaga Gizarte Etxea
Martxoak 13, asteazkena
Ipuin kontaketa: ‘Kontaketa bat basamortuan’ (+4 urte). Mikel Susperregi
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Martxoak 18, astelehena
Tailerra: Sormen esperientziak familia giroan (+0 urte). Mama Espacio Creativo
17:30-18:30 Basozelai Gizarte Etxea
Martxoak 19, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Apirilak 9, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Apirilak 10, asteazkena
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Apirilak 15, astelehena
Tailerra: Sormen esperientziak familia giroan (+0 urte). Mama Espacio Creativo
17:30-18:30 Basozelai Gizarte Etxea
Apirilak 16, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Kareaga Gizarte Etxea
Apirilak 17, asteazkena
Ipuin kontaketa: ‘Katiluen kontua’ (+4 urte). Aitziber Izquierdo eta Dani Carsi
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Apirilak 23, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Apirilak 24, asteazkena
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Apirilak 24, asteazkena
Tailerra: ‘Matraka ma non troppo’ (+1 urte). Trakamatraka
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Maiatzak 4, larunbata
Antzerkia: ‘Urpekariak’ (+4 urte). Lanku Bertso Zerbitzuak
12:00-13:00 Pozokoetxe Kultur Etxea
Maiatzak 6, astelehena
Ipuin kontaketa musikatua: ‘Ezberdin bezain eder’ (3-8 urte). Naita Produkzioak
17:30-18:30 Basozelai Gizarte Etxea
Maiatzak 7, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Maiatzak 8, asteazkena
Tailerra: Antzerki musikala (6-12 urte). Musicology
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Ipuin kontaketa: ‘Uxa, uxa beldurra’ (4-8 urte). Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado
17:30-18:30 Kareaga Gizarte Etxea
Maiatzak 15, asteazkena
Antzerkia: ‘Txuri-beltza da ta!’ (+4 urte). Xabier Lizaso
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Maiatzak 17,ostirala
Antzerkia: ‘Txuri-beltza da ta!’ (+4 urte). Xabier Lizaso
17:30-18:30 Kareaga Gizarte Etxea
Maiatzak 21, asteartea
Tailerra: Ipuin musikatua familian (1-6 urte). Musicology
17:30-18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea
Maiatzak 22, asteazkena
Tailerra: Antzerki musikala (6-12 urte). Musicology
17:30-18:30 Taberna Nagusia
Maiatzak 24, ostirala
Pailazoak: Monda eta Lironda pailazoak, ‘Desioak’ (3-8 urte)
18:00-19:00 Basozelai Gizarte Etxea
Maiatzak 29, asteazkena
Ipuin kontaketa: ‘Ipuinak jo eta musika kontatu’ (+4 urte). Badut
17:30-18:30 Taberna Nagusia
☉ Basauri
Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.
Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:
- 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
- 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
- 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
- 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)
Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.
San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.









