Sareak

☉ Basauri

Entzumen-desgaitasuna dutenei gailu bereziak eskainiko dizkie Basauriko Social Antzokiak

Martxoaren 8tik aurrera entzumen-laguntzarako gailu bereziak eskainiko dituzte Social Antzokian: begizta magnetikoa, banakako begizta magnetikoa eta entzungailu bidezko soinu anplifikatua

|

Social Antzokiko besaulki-patioa // Kultur Basauri

Basauriko Social Antzokiak entzumen-laguntzarako ekipamendu berriak izango ditu martxoaren 8tik aurrera: begizta magnetikoa, banakako begizta magnetikoa eta entzungailuekin egindako soinu anplifikatua.

“Horrela, desgaitasuna edo entzumen zailtasuna duten pertsonei beren funtzio guztietan soinua transmititzeko FM sistema horiek emateko moduan egongo da”, diote udal ordezkariek.

Social Antzokiko langileek aretora sartzean entzumen-laguntzako sistema eskatzen duten pertsonei emango dizkiete gailuak.

“Gailuok ez dute instalaziorik behar, ikusleak antzokiko edozein lekutan eser daitezke, eta hartzaileek bolumena banaka kontrolatu ahal izango dute”, diote.

Social Antzokiak begizta magnetikoko sistema bat du instalatuta areto nagusian, soinu seinalea entzumen-protesietara edo inplanteetara transmititzen diren uhin magnetiko bihurtzen duena eta soinu-mezuaren kalitatea nabarmen hobetzen duena. “Erabiltzaileek euren audifonoak eta inplanteak T posizioan jarri beharko dituzte”, diote.

Begizta magnetikoaren sistema besaulki-patioan instalatu dute: “Espazio horretan, nahikoa izango da erabiltzaileek inplanteak modu egokian izatea”, diote.

Anfiteatroetan banakako gailuak jarriko dituzte: alde batetik, banakako begizta magnetikoa entzumen-protesiak edo T posizioa duten audifonoak dituzten erabiltzaileentzat; eta bestetik, entzungailuak T posiziorik gabeko audifonoak dituzten erabiltzaileentzat eta entzumen-galera duten pertsonentzat, edo, besterik gabe, funtzioa hobeto entzun nahi dutenentzat.

☉ Basauri

Agertu da martxoan Basaurin desagertu zen 27 urteko emakumea

|

Agertu da martxoaren 25ean Basaurin desagertu zen 27 urteko emakumea.

SOS Desaparecidos elkarteak zabaldu du mezua bere X kontuan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

27 urteko emakume bat desagertu da Basaurin eta bere bila ari dira

|

AGERTU DA. SOS Desaparecidos elkarteak zabaldu duenez, Valentina izeneko 27 urteko emakumearen bila ari dira.

Martxoaren 25ean desagertu zen Basaurin: ile gorria darama eta tatuajeak ditu aurpegian, lepoan eta klabikulan.

Edozein informazio izatekotan, 649 952 957 edo 644 712 806 telefonoetara deitzeko edo info@sosdesaparecidos.es helbide elektronikora mezua idazteko esan dute SOS Desaparecidos elkartetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Beste hiru greba egun deitu dituzte apirilean Basauriko Bridgestone fabrikan

Apirilaren 24an, 25ean eta 26an deitu dute greba. Gaurko greba-aldiak erabateko jarraipena izan du Basaurin eta Usansolon

|

Apirilaren 8an manifestazio jendetsua egin zuten, grebaren lehen egunean // Geuria

Bridgestoneko sindikatuek beste hiru greba egun deitu dituzte apirilean Basauriko fabrikan. Apirilaren 24an, 25ean eta 26an egingo dituzte lanuzteak.

“Enpresaren erabateko gelditasunagatik, enpatia faltagatik eta langileen pazientziarekin eta animoarekin jolasteagatik deitu ditugu beste hiru greba egun”, diote.

Batzordeak ohar bidez adierazi duenez, gaurko greba-aldiak erabateko jarraipena izan du eta ekoizpena etetea lortu dute.

Hain zuzen ere, gaur hirugarren greba eguna dute Basauriko Bridgestonen: apirilaren 8an egin zuten lehena, bigarrena hilaren 11n eta hirugarrena gaur.

Enpresa batzordeak greba erregistratu du apirilaren 24tik maiatzaren 31ra bitartean, baina momentuz, lehen hiru egunak baino ez dituzte deitu.

Apirilaren 25ean 11:00etan asanblada orokor batera deitu dituzte langileak eta beste mota bateko protestak egitea ere aurreikusi dute.

Hego Uribe eskualdean Basauriko lantegiaz gain, Usansolon ere fabrika du Bridgestonek. Usansolon ez dute kaleratzerik igarri, baina bertako langileek ere greba egin dute gaur (bigarrena eurentzat) Basauriko lankideei babesa adierazteko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erakunde publikoek eta Bridgestonek harremanetan jarraituko dutela adostu dute, “maila guztietan”

Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkarien arabera, “Bridgestoneko zuzendaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa irekiak eta gardenak izateko”

|

Apirilaren 10ean lehen bilera izan zuten euskal erakundeek eta Bridgestoneko zuzendaritzak // Geuria

Bridgestoneko zuzendaritzak Basauriko fabrikan 335 kaleratze iragarri zituen apirila hasieran. Eta erakunde publikoek euren kezka adierazi dute hasieratik.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkariak sindikatuekin eta langileekin bildu ziren apirilaren 4an, eta hilaren 10ean Bridgestoneko zuzendaritzarekin izan zuten bilera.

Euskal erakundeetako ordezkariek enpresako zuzendaritzarekin egin zuten lehenengo bilera izan zen, eta handik aurrera bi aldeek harremanetan jarraituko dutela adostu zuten, “maila guztietan”.

“Bridgestoneko zuzendaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa irekiak eta gardenak izateko, horrelako prozesu batek behar duen diskrezioarekin, Bridgestone Basauriren egoerarako irtenbide guztiak zorrotz aztertu ahal izateko”, adierazi dute euskal instituzioetako ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkariek Bridgestoneko zuzendaritzari eskatu diote Basaurirako “etorkizuneko industria-plan bat eta negoziazio-prozesu bat, enpresaren iragarkiak sor ditzakeen gizarte-ondorioak minimizatzeko eta enpresaren jarduera Basaurin mantentzen dela bermatzeko”.

Erakundeen aldetik bileran izan ziren Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia.

Bridgestoneren aldetik Gaizka Prieto Basauriko lantegiko zuzendari eta Bridgestone Hispania Manufacturingeko Board-eko kidea eta Constanza Pasqual Bridgestoneko hego-mendebaldeko eskualdeko Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako zuzendaria bertaratu ziren.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bridgestoneko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur, grebaren hirugarren egunean

Basauriko, Usansoloko eta Puente San Migueleko lantegietan hirugarren greba eguna dute gaur: “Borrokan jarraituko dugu”

|

Apirilaren 8an, grebaren lehen egunean, elkarretaratzea ere egin zutenekoa // Geuria

Grebaren hirugarren eguna dute gaur Basauriko Bridgestonen. Zuzendaritzak 335 kaleratze iragarri zituen hilabete hasieran Basauriko fabrikan eta horregatik greba hasi zuten apirilaren 8an (hilaren 11n eta 15ean ere deitu dute greba).

Gaur 12:00etan elkarretaratzea deitu dute Basauriko lantegiaren aurrean. “Bertan, egungo egoerari, hurrengo ekintzei eta planteatuko diren proposamenei buruzko informazio zehatza emango dugu”, diote CCOO, UGT, BUB, SITB eta ELA sindikatuetako ordezkariek.

“Bridgestoneko zuzendaritzak bere estrategiarekin jarraitzen du eta alde batera uzten du langileek, erakundeek eta gizarteak eskatzen dutena: lantegien jarraipena bermatuko duen industria-plan bat, alegia”, diote, eta gaineratu dute: “Onartezina da, kaleratze masiboak iragartzen diren bitartean, inolako alternatibarik ez eskaintzea eta gure lantegietarako etorkizun txarra iragartzea. Gure aldetik, enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uzteko eskatzen jarraitzen dugu”.

Ildo horretan, “borrokan” jarraituko dutela adierazi dute: “Gaur, apirilak 15, Basauriko, Usansoloko eta Puente San Migueleko lantegiek beste greba egun bat biziko dute. Langile guztiei dei egiten diegu sarbideetan kontzentratzeko eta pikete informatiboetan aktiboki parte hartzeko, txanda bakoitzeko langileei eta atsedenean daudenei euren lantegietan mobilizazio horretan parte hartzeko eskatuz”, diote.

Sindikatuetatik adierazi dutenez, apirilaren 24an, ostegunez, izango dute hurrengo bilera zuzendaritza taldekoekin: “Kanpoko birkokatze-plan bat izango du ardatz, etorkizun industrial bideragarri bati buruz hitz egiteko interesik ez dutela agerian utziz”, salatu dute.

Osorik irakurri