☉ Basauri
Svetlana Baeva: “Euskal Herrian integratu nahi baduzu, beharrezkoa da euskara ikastea eta berba egitea”
Errusiatik Basaurira iritsi zen duela lau urte Sveta. Tarte horretan euskara ikasteari ekin zion eta aurten ETB1eko ‘Baserria’ saioan parte hartu du.

[Geuria #080 alean argitaratutako erreportajea] Errusiatik Basaurira eta Basauritik Baserrira, tartean euskara bidelagun. Ibilbide hori egin du Svetlana Sveta Baevak (Troitsk, Errusia, 1993). Duela lau urte pasatxo heldu zen Basaurira maitasunak ekarrita eta ordutik hemen bizi da. Euskal Herrian finkatu eta bi urtera euskara ikasteari ekin zion. Ikasturte honetan B2.2 maila hasi du Bolintxu AEK euskaltegian. Itzultzailea, autonomo bezala lan egiten du eta azken asteetan ETB1eko ‘Baserria’ saioan parte hartu du. Errusiatik Basaurira arteko saltoaz, euskara ikasketez eta ‘Baserria’ saioaz hitz egin dugu Svetarekin.
Errusiarra jaiotzez, nolatan Basaurin?
Nire mutil laguna Basaurikoa da. Moskun errusiera ikasten ari zen eta ni, itzultzailea naizen aldetik, gaztelania ikasten ari nintzen momentu horretan. Moskun elkar ezagutu genuen. Bi hizkuntzak (gaztelania eta errusiera) elkarbanatzeko asmoz, elkarrizketetan hasi ginen eta horrela ezagutu nuen Egoitz. Oso mutil interesgarria iruditu zitzaidan, bikote bezala hasi ginen eta horregatik nago Basaurin. Duela lau urte eta erdi heldu nintzen Basaurira.
Gogorra egin zitzaizun zure jaioterria uztea?
Batere ez! Egoitz bisitatzera etorri nintzenean, Euskal Herria oso polita iruditu zitzaidan, baita Basauri ere. Bere familia ere atsegina da, jatorrak dira eta ondo hartu naute. Oso gustura nago Basaurin, egia esan.

Sveta Baeva // Geuria
Zure familia faltan botako duzu.
Noski, nire Errusiako familia faltan botatzen dut. Nire ama eta nire aititeak batez ere. Baina, urtean bitan-edo joan ohi naiz Errusiara haiek ikustera, eta Basaurin nagoenean Whatsapp edo Skype bidez ere harremanetan nago eurekin. Eskerrak teknologia berriei!
Pandemiak ez zizun utziko bidaiatzen eta zure senitartekoak ikusten.
Ez. Pandemiagatik joan gabe geratu naiz urte eta erdi baino gehiagoz. Oso triste egon nintzen hasieran, ez nekielako oso ondo zein zen egoera Troitsken, nire jaioterrian. Hala ere, aurtengo abuztuan aukera izan nuen bidaiatzeko eta nire senitartekoak ikusi nituen. Benetan indarra ematen du horrek!
Desberdintasunik ba al dago Troitsk eta Basauriren artean?
Antzekotasun asko dituzte Troitskek eta Basaurik. Esaterako, biztanle aldetik bertsuak dira: 40.000 biztanle bizi dira bakoitzean. Gero, Basauri Bilbotik oso gertu dago, eta Troistk Moskutik 40 kilometrora. Bizimodu aldetik, ordea, desberdinak dira. Troitsken, adibidez, ez dago tabernarik, eta hemen jendeak kalean egiten du bizitza; Errusian, hotzagatik, normalagoa da etxean egitea bizimodua. Gero, jendea ere desberdina da: askok esaten dute Euskal Herrian jendea hotza dela, baina nire ustez ez da horrela; Errusian bai direla hotzak! Errusian jendea itxiagoa da Euskal Herrian baino. Nire kasuan, ez naiz pertsona itxia, baina dagoeneko ohituta nago hemengo bizimodura! (kar, kar, kar). Lagun kuadrillak hemen oso garrantzitsuak dira; Errusian, ez dago horrelakorik. Eta bizimodua Basaurin baino askoz ere garestiagoa da Errusian.
Familiaz gain, zer botatzen duzu faltan Errusiatik?
Elurra eta hotza, dudarik gabe! (kar, kar, kar) Hemen, Euskal Herrian, hotza egiten du, bai, baina Errusian egiten duen hotzarekin ez dago alderatzerik! Negua luzea da Errusian eta 20 gradu azpiko tenperaturak izan ohi dira. Eta, logikoa denez, elurra ere gehiago botatzen du han hemen baino. Benetan oso irudi politak!
Zer ekarriko zenuke Errusiatik Basaurira edo Euskal Herrira, eta zer eramango zenuke hemendik Errusiara?
Zeinen galdera interesgarria eta zaila aldi berean! Errusiatik Euskal Herrira ekarriko nuke lagunen arteko adiskidetasun “garbia”. Esan nahi dut: Errusian hiruzpalau lagun egiten dituzu txikitatik eta adiskidetasun hori ez da sekula galtzen; Euskal Herrian kuadrillak daude, bai, eta horiek oso garrantzitsuak dira bertako jendearentzako, baina agian txikitako lagunak ez dira asko mantentzen. Eta Euskal Herritik Errusiara, adibidez, bertako herritarren jatortasuna eramango nuke: ezezagun batekin lehen harremana hemen oso atsegina izaten da normalean; Errusian, aldiz, ez da horren atsegina. Eta, Euskal Herriko gastronomia ere eramango nuke Errusiara. Nafarroako piperrak, gildak, txuletoia, sagardoa… eta pintxoak! Zeinen goxoak!
Lau urte baino gehiago daramatzazu Basaurin eta euskara ikasten ari zara.
Bai, hala da. Duela bi urte hasi nintzen euskara ikasten. Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian hasi nintzen eta udan ikastaro trinkoak ere egin ditut. Deustuko Hizkuntza Eskolan ere ikasi nuen pasa den urtean eta aurten Basauriko AEK Bolintxu euskaltegian hasi naiz B2.2 maila ikasten! Euskara ulertzea erraza da; hitz egitea da zailena, baina saiatu egiten naiz ahal dudan guztietan. Urduri jartzen naiz, baina lotsa galdu behar da. Oso pozik eta harro jartzen naiz euskaraz norbaitekin komunikatzen naizenean. Eta nahiz eta akatsak egin, ez da horren beldur izan behar. Intentzioa da garrantzitsuena.

Sveta Baeva // Geuria
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Batez ere euskal gizartean integratzeko. Basaurin ez da euskaraz asko hitz egiten eta horrek pena ematen dit. Euskal Herrian integratu nahi baduzu, beharrezkoa da euskara ikastea. Euskal kultura ere asko gustatzen zait eta euskara kultura horren parte da; euskal musika entzutea asko gustatzen zait, adibidez, Xabier Lete, Mikel Laboa, Zea Mays…
Euskara ikastea zaila edo erraza den galdetuko banizu.
Edozein hizkuntza zerotik ikasten hasten zaren bezala, euskara zerotik ikastea erraza da. Gero datoz zailtasunak. Adibidez, nik gramatikan topatzen ditut zailtasun handienak. Hala ere, ikasiz gero lortu daiteke hori ere ikastea eta hobetzea. Eta, nola ez, hitz eginez praktikatu behar da —orain ni zurekin ari naizen bezala—.
Esan duzu Basaurin ez dela euskaraz asko hitz egiten.
Ez. Euskara ikasten ari garenok ez daukagu aukera askorik Basaurin praktikatzeko. Nik, adibidez, ez dakit Basaurin nork dakien euskaraz eta beldurra ematen dit hasierako hitza euskaraz egiteak. Arraroa banintz bezala sentitzen naiz. Esaterako, Gernikako edo Durangoko Azoketara noanean ez dut beldurrik lehenengo hitza euskaraz egiteko, badakidalako bertan gehiengoak euskara ulertu eta euskaraz erantzungo didalako. Eta horrek ondo sentiarazten nau.
Zein erraztasun beharko zenituzke Basaurin euskaraz lasai hitz egiteko?
Adibidez, saltokietan eta tabernetan pegatinaren bat jarriko balute bertan euskaraz hitz egin daitekeela adierazten duena, erosoago sentituko nintzateke. Taberna batzuetan —adibidez, Bonboi tabernan— Euskaraldiako ariguneen pegatina dago jarrita eta horrela badakit bertan euskaraz eskatu dezakedala.
Euskaraz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasi dituzu.
Bai. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit. Errusiera nire ama hizkuntza da eta horrez gain ingelesa eta gaztelania ikasi ditut, baita modu txikiagoan txinatarra eta italiera ere. Orain euskaran ari naiz zentratzen; C1 maila lortzea da nire helburua. Helburuak jartzea oso garrantzitsua da. Eta etorkizunean beste hizkuntzaren bat ikastea ere gustatuko litzaidake.

Baserria saioko bigarren denboraldian hartu du parte Svetak // EiTB
Euskara maila hobetzeko asmoz ETB1eko ‘Baserria’ saioan hartu duzu parte.
Hala da. ‘Baserria’ saioko lehen denboraldia ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan. Bigarren denboraldia grabatzeko castinga egingo zutela ikusi nuen eta izena ematera animatu ninduen Egoitz nire bikoteak. Lehenengo castingerako bideo bat bidali nuen eta hurrengo casting bat Donostian egiteko deitu zidaten ETBtik. Gero beste casting bat egin nuen telefonoz eta saioan parte hartzeko aukeratu ninduten.
Zelan definituko zenuke zure esperientzia ‘Baserria’n?
Zigor baserritarrarekin hartu dut parte saioan. Azkoitian jaio eta Markinan bizi da. Eta Bermeo, Azkoitia, eta beste herrietako baserritarrak ere izan dira saioan. Hasieran zaila izan zen besteak ulertzea, azkar eta euskara itxian hitz egiten dutelako. Ni ohituta nago euskara batua ikastera eta entzutera eta hasieran zaila izan zen beste euskalkiak ulertzea. Esperientzia oso ona izan da, asko disfrutatu dut. Aurten lehiaketan gehiago zentratu dira eta bakoitzaren esfortzua fisikoki frogatu dugu. Nik baserri batean ez dut inoiz lanik egin, beraz, pentsa!
Eta zer jaso duzu ‘Baserria’ saiotik?
Baserritarrak eta kaletarrak ez garela elkarrekin oso desberdinak ikusi dut. Jende oso jatorra, oso ona eta oso eskuzabala ezagutu dut. Gaur egun ere harremana dut saioan parte hartu duten batzuekin, adibidez, Zigorrekin, Ainhizerekin, Iñigorekin, Telmorekin… Whatsapp talde bat daukagu ‘Baserria’ko bigarren denboraldian parte hartu dugunok.
Baserri batean ala Basaurin ikusten duzu zure burua?
Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina momentuz Basaurin oso gustura nago. Asko gustatzen zait hemen bizitzea; Basauri nire bigarren etxea da. Beraz, momentuz hemen ikusiko dugu elkar!
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.
☉ Basauri
Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak
Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.
Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.
Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.
☉ Basauri
Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan
Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.
Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.
“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.
Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.
Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).
Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.
Izena ematea
Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.
“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.
Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.
“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.
Beste 40 kontratazio
36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).
Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.
Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.









