☉ Basauri
Ibone Diez: “Gimnasia erritmikoak norbere buruan konfiantza handitzen du”
2021-22 ikasturtean gimnasia erritmikoko Lilura kluba sortu berri da San Migelen. Proiektua duela sei urte hasi zen Sofia Taramona ikastetxeko gimnasioan.

[Geuria #079 alean argitaratutako erreportajea] 2015ean lehen aldiz eskaini zuten San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean gimnasia erritmikoa eskolaz kanpoko ekintza bezala. Lehenengo urte hartan ikasle gutxi animatu ziren parte hartzera, baina bidean lehenengo harria jarri zen. Ibone Diez (Arrigorriaga, 1996) izan zen entrenatzailea eta horrela mantendu da gaurko egunera arte, Lilura gimnasia erritmikoko klubaren sortzaile eta zuzendari bilakatu arte. Sofia Taramonako gimnasioan klaseak ematetik, bost talde ezberdin dituen klub bat sortzerainoko ibilbidea izan da hau. Hala ere, Sofia Taramonarekin harreman estua izaten jarraitzen du klubak.
Zergatik erabaki zenuen taldea sortzea?
Duela sei urte lehenengo mailan zeuden neska talde batekin hasi nintzen lanean, baina, seigarren maila bukatu eta institutura pasa direnean ezin izan dute gimnasia erritmikoarekin talde berean jarraitu. Beraz, arazo hau konpontze aldera erabaki nuen Lilura kluba sortzea, elkarrekin jarraitu nahi genuelako.
Helburu nagusia.
Klubaren helburu nagusia disfrutatuz kirola egitea da. Baina, honi gehitu behar zaio gustuko duzun zerbaitetan ahalegintzea edo arduratsua izatea. Azken hau argi ikusten da etxerako lanak egiteko orduan, haien denbora antolatu behar dutelako, entrenamenduetara etortzeko konpromisoa hartu baitute. Haien denbora era egokian antolatzen ikastea behar-beharrezkoa dute. Hortaz gain, klubaren xedeen artean gimnasia erritmikoa ezagutzera ematea dago. Izan ere, kirol gutxitua denez, haur batek ez du bere aukeren artean izaten kirol batean hasi nahi duela esaten duenean; gehienetan, futbola, dantza eta saskibaloia daude umeen buruetan.
Zer lantzen da gimnasia erritmikoan?
Alde fisikoari dagokionez, erritmoa, malgutasuna, psikomotrizitatea eta koordinazioa lantzen dira. Horretarako, beroketak eta luzaketak egitea oso garrantzitsua da; horregatik, klasearen zati handi bat horretan aritzen gara, arazorik ez izateko eta malgutasuna ondo landu ahal izateko. Koordinazioa funtsezkoa da gimnasia erritmikoan, dantza bat egin behar delako beste zenbait pertsonekin batera eta hainbat tresnekin. Gainera, dantzak taldeka direnez, talde lana eta kontzentrazioa lantzea nahitaezkoa da hanka-sartzerik ez izateko. Alde psikologikoari erreparatuta, konfiantza lantzeak garrantzi handia du. Gimnasia erritmikoak haiengan konfiantza lortzen laguntzen dienez, oso lotsatiak diren haurrei lotsa galtzen laguntzen die, jendearen aurrean egoten ikasi behar baitute. Txikiak direnetik ezinbestekoa da kiroltasunez irabazten zein galtzen irakastea.
Zergatik gimnasia erritmikoa?
Nire kasuan, bost urterekin hasi nintzen kirol honetan jarduten, eskolan. Entrenatzaile izatea nire pasioa da. Lanetik irteten naizenean korrika batean nator entrenatzera, ia aldatzeko denborarik gabe. Hamasei urterekin atera nuen entrenatzaile izateko titulazioa, hiru urtetan ateratzen den goi mailako gradua, eta momentu hartatik entrenatzailea izan naiz. Azken punturaino eramandako zaletasuna da niretzat entrenatzaile izatea.
Kiroltasunez galtzea aipatu duzu.
Lehenik eta behin, eskola-kirola dela barneratu beharra dago. Ikasturte osoan lanean aritu gara txapelketara iritsi eta ondo atera dadin, ikasturtean zehar landu dugun guztia bi minututan erakutsiz. Ondo edo gaizki atera daiteke, baina ahalegina eginda dago jadanik, eta gaizki ateratzen bada ez da ezer gertatzen, akatsetatik ikasi eta aurrera jarraitu beharra dagoela irakatsi behar zaie. Dantza gaizki irteteak ez du esan nahi egiten ez dakitenik, gehienetan presioagatik izaten baita, zortzi urterekin 12 epaileren aurrean egon behar izateak gainditu egiten zaituelako. Batzuetan negar egiten dute haientzat garrantzitsua delako dantza ondo irtetea, baina negar egitea ez da txarra, zure sentimenduak adierazten dituzulako. Mezu hori helarazten jakitea garrantzitsua iruditzen zait baita ere.
Psikologikoki kirol oso zorrotza da. Zergatik?
Eskola mailan ez da horrela. Hala ere, kirol bezala, gimnasia erritmikoa hain zorrotza da eguneroko zortzi orduko entrenamenduetan egin duzuna minutu eta erdian erakutsi behar duzulako. Izan ere, maila profesionalean diharduten gimnastek egunero zortzi edo bederatzi orduz entrenatzen dute minutu eta erdiko lau dantza egiteko. Hortaz, zure burua kontrolatzen jakitea da gakoa; izan ere, maila horretan denek kalitate handiko dantzak egiten dituzte. Presioa maneiatzen dakienak irabazten du.
Nola erabakitzen du norbaitek gimnasta izan nahi duela?
Zaila da. Gimnasia erritmikoa praktikatu nahi dutela erabakitzen duten haurrek haien ahizpek kirol hau praktikatzen dutelako edo telebistan ikusi dutelako izaten da. Gehienetan erabakia oso loturik dago ingurukoekin, oso zaila da inguruko norbaitek praktikatu ezean gimnasta izan nahi duzula erabakitzea, jendeak, orokorrean, ezagutzen ez duen kirola delako. Telebistan gutxitan agertzen den kirola izanda Joko Olinpikoek eragin handia dute parte-hartzean, kirola era masibo batean ikusteko aukera bakarretako bat delako. Hortaz, horri esker aukera dago gimnasia erritmikoa ezagutzen ez duen ume batek gimnasta izan nahi duela erabakitzeko.
Sozialki emakumeari lotzen zaion kirola da.
Gure klubean bi mutil daude. Haien arrebek gimnasia erritmikoa praktikatzen zutenez erabaki zuten haiek ere probatu nahi zutela. Hala ere, sozialki gimnasia erritmikoa emakumeei oso loturik dagoenez, hasierak zailak dira mutilentzat. Mutil batek futbolean ibiltzeko gogoa baldin badu inork ez du bere erabakia zalantzan jartzen. Horrela izan beharko luke kirol guztietan, kirolek ez luketelako generorik izan behar. Hasierak zailak izan daitezkeen arren mutilek asko disfrutatzen dute kirol honekin, hala gertatzen da gure klubean dauden mutilen kasuan. Horregatik, nik beti animatzen ditut familiak estereotipoak alde batera utzi eta haien semeak gimnasia erritmikoan izena ematera, hori baldin bada haurrek nahi dutena, noski. Gizartea aldatu egin da, eta kirolak horren isla izan beharko luke. Izan ere, gimnasia erritmikoaren kasua bitxia da oso. Beste kiroletan berdintasunerako pausoak ematen diren bitartean, batzuetan emakumezkoen taldeak egotea zaila den arren, gimnasia erritmikoa, igeriketa sinkronizatuarekin batera, kirol bakarra da non Joko Olinpikoetan gizonek zein emakumeek parte hartzen ez duten.
Zein onura izan ditzake gimnasia erritmikoak haur txikiengan?
Oso txikiak diren haurrengan koordinazioa lantzeko oso erabilgarria da gimnasia erritmikoa. Ni, esaterako, arritmikoa nintzen txikitan, horregatik, nire amak erabaki zuen ondo etorriko zitzaidala gimnasia erritmikoa egitea, eta begira non bukatu dudan. Malgutasuna, koordinazioa eta mugikortasuna lantzeko oso ondo datorren kirola da hau. Gainera, txikitatik astean bi aldiz entrenatzera joateak ohitura bat sortzea eta zure denbora era egoki batean antolatzea dakar berarekin. Kirol orok alde positibo anitz ditu umeengan.
Nor dago Lilura taldearen atzean?
Ni naiz proiektu osoaren burua,baina betidanik entrenatu dudan neska batek, Idoia La Ordenek, laguntzen dit entrenamenduetan. Hamalau urte zituenetik Sofia Taramonan egon da nirekin entrenatzaile bezala laguntzen, eta, egun, bigarren batxilergoko ikasketak eta entrenatzaile lanak aldi berean egiten ditu. Laguntza hau funtsezkoa da niretzat, badakidalako noizbait nire burua proiektua uztera behartuta ikusten badut norbait hemen egongo dela hau aurrera eramaten. Agian bost urteren buruan ezingo dut Lilura taldearekin jarraitu, baina Idoia bezalako pertsona bat edukitzeak lasaitasuna ematen dit.
Hortaz gain, Sofia Taramona ikastetxeko IGEtik laguntza handia jaso dut hasieratik. Izan ere, bost urtez egon naiz gimnasia erritmikoa eskaintzen ikastetxean IGEren bitartez, haiek antolatzen baitzituzten taldeak. Egun, Lilurak Sofia Taramonako IGErekin duen erlazioa handia da, hirugarren mailara arteko haurrek ikastetxeak eskainitako ekintzen pean egiten baitute gimnasia erritmikoa. Ez ditugu gure erlazioak apurtu ikastetxearekin.
Orain arte, Sofia Taramona ikastetxearen izen pean lehiatzen ibili garen bitartean, Basauriko udalak diru-laguntzak eman dizkigu. Honi esker maillotak erosteko aukera izan dugu, ehun bat euro baitira bakoitza eta familia askorentzat zama bat izango litzateke. Maillot hauek eskolarenak dira orain eta Lilurak erabiltzeko aukera izango du.
Zergatik dira beharrezkoak horrelako taldeak?
Normalean, haurrak garenean kirol berdinetara jotzen dugu beti. Horrelako taldeak egonda aukera ematen diegu umeei beste kirol batzuetan ibili ahal izateko. Gimnasia erritmikoan ibiltzen denari, gehienetan, asko gustatzen zaio, baina egia da zaila dela hastea. Nire kasuan, adibidez, bost urterekin hasi nintzen eta hau izango da lehenengo urtea gimnasia erritmikorik gabe, eta egia esanda, oraindik ez dut barneratu. Hogei urtez kirol berdinean egonda harreman oso estua eratzen duzu berarekin. Horregatik, nik hainbeste disfrutatu izan dudalako, gustatuko litzaidake jendeak aukera bat ematea gimnasia erritmikoari, askotan ezezaguna delako.
Gimnasia erritmikoak hainbat modalitate ditu.
Gimnasia erritmikoan, ariketa bakoitzean parte hartzen duen jende kopuruaren arabera bi modalitate daude: indibiduala eta taldekakoa. Taldekakoetan bost edo sei gimnasta daude. Kopururen banaketaz gain, erabiltzen diren tresnen arabera sailkatzen dira ariketak. Pilota, soka, uztaila, mazak eta xingola dira tresna hauek, eta ordena horretan erabiltzen dira adinaren arabera. Txikienak esku libreekin hasten dira eta horren ostean pilotara igarotzen dira, printzipioz errazagoa delako, baina nagusitzerakoan berriz erabiltzen da pilota eta hor ikusten da hain erraza ez dela, ariketak oso ezberdinak direlako. Soka gutxien erabiltzen den tresna da, eta zaila da harekin egindako dantzak ikustea; izan ere, Joko Olinpikoetan ez dago tresna hau erabiltzen duen modalitaterik.
Bakarka edo taldeka.
Kanpotik ikusita askok pentsa dezakete bakarka egiten duten gimnastak direla klubean onenak direnak, baina ez da horrela. Bakarka lehiatzera nor doan erabakitzerako orduan hainbat gauza izan behar dira kontuan, hala nola, arazoetatik irteteko gaitasuna, erraztasuna izatea jendearen aurrean egoteko edo harrotasun puntu bat izatea dantzatzerako orduan. Taldeka dabiltzanei dagokienez, agian lotsatiagoak izan daitezke, baina beste ezaugarri batzuk nahitaezkoak dira, moldatzeko gaitasuna, esaterako.
Zein da fisikoki modalitate gogorrena?
Xingola izango litzateke modalitaterik gogorrena. Erabiltzen zailena da momentu oro mugimenduan egon behar delako. Halere, nire gustukoena da, eta, nire ustez, ikusle bezala ikusgarriena da. Gainera, pertsonalki nire emaitzarik onenak xingolarekin izan dira; pasaden urtean Euskadiko txapelketan txapeldunorde geratu nintzen tresna honekin. Horregatik, tresna honekin dudan erlazioa oso estua da.
Zer adineko jendea dago taldean?
Bost urtetik hamabost urterainoko gimnastak ditugu klubean. Hauek bost talde ezberdinetan daude banatuak haien adinaren arabera: hastapena, benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak. Gaur egun kadeteak diren gimnastak aurretik nirekin egonak ziren Arrigorriagan entrenatzailea nintzenean.
Herrian kirolarekiko interesik dagoela uste duzu?
Begirada sei urte atzera botaz gero, San Migelen ez zegoen gimnasia erritmikoa eskaintzen zuen talderik. Hortaz, Sofia Taramonan hasi ginenean jendeak ez zekien askorik kirolaren inguruan. Sortu genuen lehenengo taldean adin ezberdineko jendea nahastu behar izan genuen. Hamar ume inguru zeuden momentu horretan. Egun, berrogeita hamar inguru daude, lau talde ezberdinetan. Beraz, esango nuke interesa egon badagoela. Orain daukagun helburua da Ugao bezalako inguruko herrietan, non gimnasia erritmikoko talderik ez dagoen, haurrak klubera erakartzen, kirola praktikatzeko aukera izan dezaten.
Zer egin behar da Lilura taldean sartzeko?
Liluran sartu ahal izateko bi bide daude: e-posta bidez ritmicalilura@gmail.com-era eta bestea telefonoz 630 441 817 zenbakira. Gainera, astelehenetik ostiralera Sofia Taramonako gimnasioan gaude, beraz norbaitek gimnasia erritmikoa frogatu nahi badu guztiz gonbidatuta dago.
☉ Basauri
Argazkiak | Olentzero eta Mari Domingi lagunez inguratuta iritsi dira Basaurira!

Euriak ez du zapuztu Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira Basaurin. Galtzagorriak, dantzariak, Mari eta Sugaar, eta Basajaun lagun izan dituzte bidean, baita kalejirara batu diren herritarrak ere.
☉ Basauri
San Migeleko lanzaderak Basauriko geltokia lekuz aldatuko du 2026an: udaletxetik Kareagara
Urtarrilaren 1etik aurrera izango du aldaketa. Maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da eta autobus berri batek emango du zerbitzua

San Migeleko lanzadera zerbitzuak aldaketak izango ditu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Basauriko Udaletik azaldu dutenez, lanzaderaren Basauriko geltokia lekuz aldatuko dute eta urtarrilaren 1etik aurrera Kareaga Goikoa 83 kalean egongo da geralekua, Kareagan, Kutxabanken ondoan.
“Gaur egun autobusa Basozelaiko metro geltokiaren aurrean gelditzen da, baina sarbide hori ez da irisgarria. Horregatik, urtarrilaren 1etik aurrera Bidasoa kaleko metro geltokiaren aurrean geldituko da; hango sarbidea irisgarria da”, esan dute udal ordezkariek.
Modu horretan, honakoa izango da lanzaderak San Migeletik Basaurira egingo duen ibilbidea: Eleuterio Villaverde 22 (San Migel)-Gernika 5 (Abaroa)-Kareaga Goikoa 83 (Kutxabank).
Ondoren, Boketean norabide aldaketa egin ostean, Basauritik San Migelerako ibilibidea hau izango da: Kareaga Goikoa 26 (Bidasoa metro geltokia)-Gernika 8 (Abaroa)-Eleuterio Villaverde 22 (San Migel).
30 minutuko maiztasuna
Lanzadera astelehenetik igandera bitartean ibiliko da, 06:05etik 23:15era, eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da.
Eta, udal arduradunek zehaztu dutenez, 11:ooetan eta 18:30ean ez da zerbitzurik egongo.
Urtarrilaren 1etik aurrera lanzaderaren maiztasuna txikiagoa izango da (abenduaren 31ra arte 20 minuturik behinekoa da): “Hala ere, San Migeletik igarotzen diren Bizkaibusen lineekin konbinatuz gero, garraio-zerbitzu integrala 15 minuturik behinekoa izango da. Gainera, badaude bizkaitarrontzako zenbait garraio-laguntza publiko”, esan dute.
Autobus berria
Aldaketa horiez gain, ingurumenaren alorreko hobekuntzak ezarriko ditu Basauriko Udalak. Zehazki, autobus berri batek emango du zerbitzua, “katalizatzailea eta ad blue teknologia erabiltzen dituena”.
“Orain arte zerbitzua eman duten autobusak baino efizienteagoa da eta ingurumenaren alorreko hobekuntzak ditu. Gainera, kutsadura akustikoa gutxituko da, lanzadera ez delako Basozelaitik igaroko”, diote udal ordezkariek.
Bestetik, epe laburrera eta ertainera, “eta san migeldarrei metrorainoko garraioa bermatzen jarraitzeko”, Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikortasun jasangarriaren eredu berrian sartuko da Basauriko Udala.
“Aurreikusten da eredu hori bi urteko epean hasiko dela martxan, eta, beraren bidez, zerbitzu publikoak bikoiztea ekidingo da, Bizkaiko garraio osoa arrazionalizatuko da, eta mugikortasun jasangarriranzko urratsak egingo dira”, diote.
Eredu berrian dohainik izango dira garraioen arteko aldaketak, “eta, horri esker, San Migeleko auzotarrek Bizkaibus eta Metroa lotu ahalko dituzte, metroraino heltzeko edo metroa erabili osteko ibilbidean kostu gehigarririk izan gabe”, esan dute.
Eredu berria abiarazi aurretik, Bizkaibusek parte-hartze bidezko prozesua abiaraziko du, bizkaitarrek euren iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izateko.
☉ Basauri
Itziar Ituño basauriarrak parte hartuko du euskaraz bizitzeko ‘Pizkundea’ ekitaldian
Abenduaren 27an, larunbatez, izango da Bilbao Arenan. Ekimenaren helburua da mezu argia helaraztea: euskara guztion ardura dela

Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, indarraldi berri baterako bidea zabaldu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Eta, horretarako ekitaldia antolatu du abenduaren 27an, larunbatez, Bilbao Arenan, Miribillan. ‘Euskaraz bizitzeko Pizkundea’ lelopean, ekitaldia 17:00etatik 19:00etara izango da.
“Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakusteko ekitaldia izango da”, esan dute antolatzaileek.
Besteak beste, ‘Euskararen soinu-banda’ taularatuko dute, hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriz. Amets Aranguren (Ibil bedi taldea), Anari, Beñat Goitia (Benizze), Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena (Flako Fonki-Chill Mafia), Maia Iribarne (Habia taldea) eta Miren Narbaiza (MICE) musikariek hartuko dute parte.
Era berean, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, tartean, Itziar Ituño basauriarra, Edurne Azkarate, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre.
Oholtzara igoko dira ere Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.
Ekitaldia zuzenean ikusteko oraindik ere sarrerak sagai daude 10 euroan webgune honen bitartez.
Sarreraren kostua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzera bideratuko dela adierazi dute Kontseilutik.
☉ Basauri
Bizkaiko tokiko merkataritza omentzeko gala antolatuko dute Basaurin abenduaren 27an
Bizkaiko saltokien Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara sarituko dituzte. Era berean, Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte

Bizkaiko merkatariak eta merkataritza omentzeko Bizkaidendak Gala hartuko du Basaurik abenduaren 27an, larunbatez. Social Antzokian izango da 20:00etan.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Bizkaiko hiru denda sarituko dituzte, hiru kategoriatan banatuta: Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara. Guztira, 2.250 euro banatuko dituzte saritan.
“Sari hauek urteetan zehar merkataritza eraikitzen aritu direnen dedikazioa, berritzen dutenen ikuspegi eraldatzailea eta eguneroko jardunean euskeraz hitz egiten duten enpresen ahalegina nabarmentzen dituzte”, esan du Jose Cebrecos Bizkaidendak Federazioaren lehendakariak.
Horiez gain, Bizkaiko erakusleihoen zazpigarren lehiaketako saridunak ezagutaraziko dituzte galan.
Asier Iragorri Basauriko alkatea “pozik eta harro” agertu da Bizkaidendak Gala herrian antolatuko delako: “Tokiko merkataritzak kalitatezko zerbitzua eta profesionala eskaintzen du eta horri garrantzia eman behar diogu”.
Era berean, merkataritza dagoen lekuan “bizitza” dagoela ere azpimarratu du: “Leloak hori dio, baina horrez gain, lana eta etorkizuna ere eskaintzen dituzte tokiko dendek. Tokiko ekonomia suspertzen laguntzen dute”, esan du Iragorrik, eta Udaletik lan-ildo hori laguntzen jarraituko dutela adierazi du.
Basauriko erakusleihoak
Bestetik, galaren barruan Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Guztira herriko 42 saltokik hartu dute parte lehiaketan.
“Duela urte asko ez genuela Basaurin tokiko erakusleihoen lehiaketarik antolatzen, eta aurten berriro egitea erabaki dugu. Gure herriko denden sormena bultzatu nahi izan dugu, eta gizartean erakutsi oinarri sendoa direla”, adierazi du Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak.
Basauriko erakusleiho onenaren sarian ere hiru sari banatuko dituzte, eta 450, 400 eta 350 euro banatuko dituzte.
Gainera, Basauri Merkatari Elkartearen lankidetzarekin erakusleiho onenaren saria irabaziko duen saltokian bideo bat grabatuko dute, eta herri zozketan parte hartu duten herritarren artean zozketa antolatu dute.
Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak esan du “pribilegioa” dela Bizkaidendaken Gala Basaurin antolatzea: “Eguneroko ahaleginaren aitorpena da”.
☉ Basauri
Bridgestoneko langileek soldatan % 25,3ra arteko igoera izango dute, Basaurin eta Usansolon
2027ra arteko akordioa da: oinarrizko urteko soldata 45.000 eurotik 48.736 eurora igo daiteke. Gainera, kontziliazioan ere aurrerapenak adostu dituzte

Basauriko eta Usansoloko Bridgestoneko langileek % 25,3ra arteko soldata igoera izango dute. Horrela zehaztu dute enpresako zuzendaritzak eta BUB, UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako akordioaren ondoren.
Akordioak Estatuko 2.409 langileri eragingo die, horietatik 700 Basaurin eta 30 Usansolon.
Zehazki, hau da adostu dutena: 45.000 euroko urteko oinarrizko soldata 48.736 eurora arte igo daiteke 2027an, eta guztira 9.831 euroko igoera izango dute sei urtean, 2021etik aurrera.
Gainera, hitzarmen berriari esker 2025ean izandako soldata-atzerapenak ordainduko dizkiete langileei 2026ko lehen hiruhilekoan.
Lanaren antolaketari dagokionez, hitzarmenak aparteko orduen borondatezkotasuna indartzen du, makinak gelditzeko eta abiatzeko denborak blindatzen ditu, eta errendimendu txikiagatiko soldata-kenkariaren aukera kentzen du.
Era berean, kontziliazioan eta eskubide sozialetan aurrerapenak onartu dituzte, ospitaleratzeagatiko edo gaixotasun larriagatiko baimenak eta LGTBI berdintasun-neurri espezifikoak barne.
Akordio berria duela bi urte adostutako hitzarmen kolektiboan oinarritzen da, eta sindikatuen arabera, langileentzako egonkortasun-esparru bat ezartzen du berregituraketek markatutako urte baten ondoren, eta soldatak berreskuratzeko etapa berri bat irekitzen du.
SITB sindikatuak ez du hitzarmena sinatu, euren esanetan bere proposamenak ez dituztelako txertatu.





























