Sareak

☉ Etxebarri

[Bideoa] Etxebarrik eta Berriak hitzarmena sinatu dute ostalariek euskarazko prentsa sustatzeko

|

Berria egunkariaren urteko harpidetza egiteagatik, Etxebarriko ostalariek diru-laguntzak jasoko dituzte. Hitzarmen honekin euskarazko hedabideen irakurlezaletasuna sustatu nahi dute

Etxebarriko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du gaur, urtarrilak 22, Berria egunkaria argitaratzen duen Euskal Editorea SL enpresarekin, Berriaren harpidetza sustatzeko Etxebarriko tabernarien artean.

Loren Oliva alkatea, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Iker Lopez Euskara zinegotzia eta Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topaguneko kideak elkartu dira sinadura-ekitaldian, baita orain arte izena eman duten bi tabernen ordezkariak ere: Arkupe eta Ortzi.

Etxebarriko Udalak euskararen normalizazioaren alde aurrera daraman plangintzaren baitan (ESEP Normalizazio Plana) kokatzen da ekimen hau. Herritarren euskarazko hedabideen irakurzaletasuna sustatzeko, Etxebarriko Udalak eta Berria egunkariak Etxebarriko ostalaritza sektoreari egunkariaren harpidetza eskainiko die prezio berezi batean.

HITZARMENAREN NONDIK NORAKOAK

Bi entitateen arteko akordioaren bidez konpromiso hauek zehaztuko dituzte:

  • Etxebarriko Udala herriko ostalaritza sektoreko establezimenduen artean kanpaina egin dadin arduratuko da, Berriaren harpidetza eskainiz.
  • Kanpainaren zabalkunde eta komunikaziorako gutuna elkarlanean idatziko dute bi aldeek.
  • Harpidetzen diren Etxebarriko taberna zein ostatuei, Berriak harpidetza %25 merkeago eskainiko die.
  • Harpidetzen diren Etxebarriko taberna zein ostatu horiei, Berriari ordaintzen dioten diruaren portzentaia bat itzuliko die Etxebarriko Udalak diru-laguntza bidez. Gutxienez %50 eta gehienez %66,67.
  • Tarifak: 2016an, aste osoko harpidetzaren urte osoko harpidetza tarifa, 452 euro da (Berriak beherapena aplikatu aurretik).
  • Harpidetza kuotari, Kontsumorako Prezioen Iindizea (KPI) gehituko zaio hurrengo urteetan.
  • Berriak harpidedun egingo den Etxebarriko tabernari edo ostatuari kobratuko dio harpidetza osoa eta ondoren, behin eskaera aurkeztuta, Etxebarriko Euskara Zerbitzuak araututako diru laguntza bidez jasoko dituzte berauek arestian aipatu diru-laguntzak.
  • Establezimenduren batek harpidetza aldia amaitu aurretik baja emango balu, harpidetza epealdia amaitu arteko kuota zatia itzuliko zaio.
  • Hitzarmen honek lau urteko epea izango du. Indarrean dagoen bitartean, Etxebarriko Udalak ekitaldiko aurrekontu bakoitzean aurrekontu-partida egokia ezartzeko konpromisoa hartzen du. Behin lau urte horiek igarota eta bi aldeek hala nahi izanez gero, hitzarmena berritu eta luzatzeko aukera izango da.

☉ Etxebarri

Euskara biziberritzeko plan berria egiteko herritarren partaidetza bilatzen ari da Etxebarriko Udala

|

Artxiboko irudia, Etxebarriko Udala

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko parte hartze prozesua martxan jarri du Etxebarriko Udalak.

Asmoa da datozen urteetarako planaren ibilbide-orria diseinatzea, “Etxebarrin euskararen komunitatea indartzeko, euskara biziberritzeko eta Etxebarrin euskaldunak ikusgarriago egiteko”, diote udal ordezkariek.

Eta plana diseinatzeko, Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu nahi du Udalak. Horretarako, euskarekiko jarrerei, motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galdetegia prestatu du herritarrek erantzun dezaten.

“Bide hau elkarrekin egitera gonbidatu nahi zaitugu. Lan honetarako zure laguntza, babesa eta parte-hartzea ezinbestekoa da”, esan dute udal arduradunek.

Herritar zein eragile guztiak daude parte hartzera deituta: “Euskaraz bizi zaretenak, euskara ezagutzen duzuenak edota euskarara hurbiltzeko zaudetenak, denok gara beharrezkoak gure herrian euskara sustatzeko”, diote.

Galdetegia Etxebarriko udal webgunean dute eskuragarri herritarrek: “Bost mitutan betetzen den galdetegia da”, esan dute.

Etxebarrin euskararen egoera aztertu ondoren, jasotako emaitzekin diagnostiko bat osatuko dute.

Eta, behin diagnostikoa osatzen dutenean, saio irekiak antolatuko ditu Udalak, prest dauden herritarrek eta taldeek AROA izeneko 2026-2030 Plan estrategikoa eta 2026ko kudeaketa Plana diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du

Danel Marin etxebarritarra Monday Potionseko kide da. Taldeak urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du Bala eta Biznaga taldeekin batera

|

Danel Marin etxebarritarra (belauniko, beltzez) Monday Potions taldeko perkusionista da // Hiriko Soinuak

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. Urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du taldeak Barakaldon, eta eszenatokia partekatuko du Bala, Biznaga Laztana Laztana taldeekin.

Festibala Barakaldoko Herriko plazan izango da, estalitako karpa batean, eta sarrera doakoa da.

Danel Marin etxebarritarra Monday Potions taldeko perkusionista da, eta urtarrilean elkarrizketa egin genion GEURIAn [hemen duzu irakurgai], joan den azaroan Basauriko Rockein lehiaketan Hego Uribeko taldetik onenaren saria lortu zutelako.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri